→Galdakao

Ondare katalogoari buruzko zalantzak argitzeko foro bat sortu du Galdakaoko Udalak

Herriko kultur ondarearen katalogoa boskoiztu du Galdakaoko Udalak: 14tik 67ra. Horrek zenbait herritarren kezkak eta zalantzak piztu ditu, besteak beste, Olabarrietako auzotarrenak. Egoera horren aurrean, udal gobernu taldeak foro bat sortu du erabaki.galdakao.eus plataforman: “Interesdun orok proiektuari buruzko informazioa eskuratu, ohiko galderen erantzunak ezagutu, galdera berriak egin edo proiektuarekin lotutako edozein ekimenen berri izan ahalko du, hala nola, informazio bilerak, aurrerapen berriak eta abar”, diote udal ordezkariek. Foro hori dagoeneko eskuragarri dago. Gainera, katalogoari buruzko zalantza eta kontsultei erantzuteko, informazio bide bat ere prestatu du Udalak Whatsapp eta Telegram bidez, 688 830 479 zenbakian.

Ildo horretan, otsailaren 6tik 17ra bitartean, Udalak auzotarren zalantza eta kezka guztiak bilduko ditu: “Zalantza eta galderak erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez jaso ahal izango dira, edo aurrez aurre”, diote. Otsailaren 7an eta 14an Olabarrietako pertsona nagusien lokalean antolatu dituzte saioak (18:00etatik 20:00etara), eta otsailaren 8an eta 15ean udaletxean (18:00etatik 20:00etara). “Saio horietan, herritarrek idatziz eta paperez jasoko dituzte proiektuaren inguruan sortutako zalantza eta kezka nagusien erantzunak. Era berean, behar duenak laguntza teknikoa jasoko du plataforman erregistratzeko eta, horrela, proiektuari buruzko aurrerapenen berri posta elektronikoz jasotzeko”, diote udal ordezkariek.

Otsailaren amaieran informazio saio orokor bat antolatuko dute, “eta bertan, kontsulta aldi horretan sortutako zalantza guztiak azalduko dira, baita erantzunak eman ere”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak