Sareak

☉ Galdakao

‘Pintxo Dendari’ ekimenean Galdakaoko 14 tabernek hartuko dute parte

Maiatzaren 21ean, 22an, 28an eta 29an Galdakaok ‘Pintxo Dendari’ ekimena hartuko du. Bertan 14 establezimenduk parte hartuko dute eta pintxo berezi bat eta ardo ondua dastatzeko aukera egongo da

|

basauri pintxoak arume taberna

Maiatzaren 21ean, 22an, 28an eta 29an Galdakaok ‘Pintxo Dendari’ ekimena hartuko du. Bertan 14 establezimenduk parte hartuko dute eta pintxo berezi bat eta ardo ondua dastatzeko aukera egongo da, bi euroren truke.

Pintxo aukeraketan parte hartuko duten bezeroak asteburu bateko bidai baten zozketan sartuko dira. Horretarako, taberna parte-hartzaileetan egongo diren txartelak bete beharko ditu eta Dendari Elkartearen bulegora eraman behar ditu (Mugaburu plaza) ekainaren 14a baino lehen. Zozketa ekainaren 15ean izango da 14:00etan Dendari Elkartearen bulegoan.

Egitasmo hau Dendari Elkarteak antolatzen du Galdakaoko Udalaren laguntzarekin eta ondoko tabernek parte hartuko dute: Sorgiñe, Batzokia, Alai, Urki, Gambrinus, Ganguren, Jazz Giroa, Abegi Gane, La Putxera, Kerren, Station Wagon eta Izaskun.

☉ Galdakao

Juan Bautista Uriarte 47ko autobus geltokia 27. zenbakira lekualdatuko dute bi astez Galdakaon

Ur-hornidura sarea berritzeko lanengatik bateratuko dituzte bi autobus geltokiak. Galdabusari, Bizkaibusari eta ikastetxeetako autobusei eragingo die

|

Plazakoetxerako noranzkoan doan eskuineko erraila aldizka itxi egingo dute zorua altxatu behar dutelako // Galdakaoko Udala

Ur-hornidura sarea berritzen ari da Galdakaoko Udala Udaltzaingoaren komisaria paretik Maximo Moreno Musika Eskolaraino.

Obraren helburua da zerbitzu fidagarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea, eta horregatik trafikoan eragina ari da izaten.

Udaletxe ondoko txandakako aparkalekuan 17 leku erabiltzen ari dira obrako materialak biltzeko. Eta, udaletxe ondoan esku hartu ondoren, Plazakoetxerako noranzkoan doan eskuineko erraila aldizka itxi egingo dute zorua altxatu behar dutelako.

Ildo horretan, Juan Bautista Uriarte kaleko 47. zenbakiko autobus geltokia (Iturrondo plazaren ondoan) 27. zenbakiko geltokira (supermerkatuaren aurrean dagoena) lekualdatuko du Udalak otsailaren 19tik eta hurrengo bi asteetan.

Neurriak Galdabusaren 1. lineari, Bizkaibusen A3631, A3642, A3932, A3930, A3911, A2610 eta A3641 lineei eragingo die, bai eta herriko zein inguruko beste toki batzuetako ikastetxeetara doazen autobusei ere.

Udalak herritarren ulermena eskertzen du aldi baterako den eragozpen honen aurrean, eta obra hau udal azpiegituren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa dela gogorarazi du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aitana Rodrigo atleta galdakoztarrak Euskadiko errekorra hautsi du 60 metrotan

Errekor historikoa da, izan ere, 40 urte ostean hautsi du atleta galdakoztarrak Blanca Lacambra gasteiztarrak egin zuen marka

|

Aitana Rodrigo, ezkerrean, Atletico San Sebastian klubeko taldekide batekin // Argazkia: Atletico San Sebastian, Facebook

Aitana Rodrigo Rodriguez galdakoztarrak Bizkaiko errekorra hautsi du 60 metroko lasterketan.

Galdakaoko atletak 7.29ko denbora egin zuen otsailaren 14an Valentzian jokatu zen pista estaliko Espainiako kluben arteko txapelketan.

Aurreko Euskadiko errekor-marka 1986koa da, duela 40 urte. Hain zuzen ere, Blanca Lacambra gasteiztarraren zen errekorra (7.30).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean

Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

|

Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreek antzezten dute obra // Argazkia: Metrokoadroka Kolektiboa

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).

Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.

Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.

Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian

Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

|

Guztira 16 borrokaldi egongo dira: amateur mailako 10 eta profesional mailako 6 // Argazkia: BYB BYB, Pexels

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.

Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.

Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.

Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak

‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

|

Otsaila eta martxoa bitartean izango dira bilerak // Galdakaoko Udala

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.

Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.

“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.

Auzoen garapen integrala eta orekatua

Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.

Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).

Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.

“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.

Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.

Osorik irakurri