→Galdakao

Galdakaoko bederatzi herritar edota erakunde, Santakurtzak jaietako pregoilari izateko finalistak

Pregoilaria bozkatzeko epea zabalik dago uztailaren 30era arte // Geuria (Artxiboa)

Gero eta gertuago ditugu Galdakaoko Santakurtze jaiak. Irailaren 9an hasiera emango diete jaiei, eta horren ardura pregoilariak eta txupineroak izango dute. Pregoilaria aukeratzeko prozesua herritarren esku dago, eta galdakoztarrek proposamenak egin ondoren, hauek dira finalistak: Eduardo Madina (Galdakao Gogora), Asier Martin (AEK Barandiaran), Josemi Olazabalaga (sukaldaria), Ander Aperribai (historialaria), Vidal Salcedo (familia mediku ohia), Zizpa, Igor Anton (txirrindulari profesional ohia eta Txirrindulari Gelako arduraduna), Alvaro Saiz (GBGE) eta Udaletxeko etxez etxeko zerbitzua (SAD). Horien artean aterako da pregoilaria, eta hori erabakitzeko bozketa fasea martxan jarri du Galdakaoko Udalak.

Bozketa zabalik egongo da uztailaren 30era arte, erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez. Herritar bakoitzak boto bat eman ahal izango du. Bozketa ematerakoan arazoren bat dutenek partaidetza@galdakao.net helbidea erabilgarri izango dute zalantzak argitzeko. Bozketa prozesu hori amaitzean jakingo da zeinek irakurriko duen jaietako pregoia.

Txupineroa

Bestetik, txupina nork botako duen erabakitzea Jai Batzordearen eta batzordea osatzen duten taldeen esku utzi du Udalak, “haiei jaietan dagokien lekua emateko helburuz”, diote udal ordezkariek. Jai Batzordeak kuadrilla bat aukeratuko du, eta, behin pregoilaria ezagutzen denean, kuadrillak berak erabaki beharko du bere taldeko zein pertsonak botako duen txupina. Jai Batzordea eta batzordea osatzen duten taldeak indartzea eta jaietan merezi duten protagonismoa ematea da erabakia haien esku utzi izanaren arrazoia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak