Sareak

☉ Galdakao

Gorka Krutzaga (Txandapa): “Galdakaoko jaietan kuadrillen artean giro oso osasuntsua sortzen da, tartean pikeren bat egon arren”

Txandapa kuadrillako Gorka Krutzaga izango da 2023ko santakurtzetako txupineroa, Ane Legarreta pregoilariarekin batera

|

Txandapa kuadrillako Gorka Krutzaga izango da 2023ko santakurtzetako txupineroa // Geuria

Tik-tak, tik-tak. Bi egun baino ez dira falta Galdakaoko jaiak hasteko. Eta 2023ko santakurtzei hasiera emateko ardura izango dute Ane Legarreta pregoilariak eta Gorka Krutzaga txupineroak. Pregoilaria herritarrek aukeratzen dute urtero bozketa bidez, eta txupineroa Jai Batzordeak hautatzen du aurreko jaietan parte hartu duten kuadrillen artean. Aurten Txandapa kuadrillari egokitu zaio txupinazoa botatzea eta kuadrillan Gorka (Galdakao, 1990) hautatu dute arduradun nagusi. Eurekin batu eta elkarrizketa egin diogu Gorkari.

Txupineroa izendatzeko hautaketa modu hori iaz jarri zuen martxan Jai Batzordeak. “Kuadrillei jaietan dagokien lekua emateko egin dugu horrela eta asmoa da luzaroan mantentzea”, adierazi zuen iaz Angel Ezkurra Jai Batzordeko kideak (eta Txandapa kuadrillako kidea ere). Jai Batzordea eta batzordea osatzen duten taldeak indartzea eta jaietan merezi duten protagonismoa ematea da erabakia haien esku utzi izanaren arrazoia. Hemendik aurrera horrela izango da txupinero edo txupineraren hautaketa.

Santakurtzetako txupineroa zaitugu, Gorka. Zelan hartu zenuen berria?
Sorpresa handiarekin. Ez nuen espero kuadrillako lagunen artean ni ateratzea.

Jai Batzordeak aukeratzen du iaztik txupinazoa botako duen kuadrilla.
Bai. Bozketa baten bitartez aukeratzen du Jai Batzordeak txupinazoa botako duen kuadrilla. Kuadrillak proposatzen dira (aurreko urteko jaietan parte hartu zutenen artean) eta horien artean bat aukeratzern da.

Zuen kasuan, Txandapan zein prozesu eraman duzue aurrera zu izateko txupineroa?
Gure kuadrillan komunera joateko baimena eskatzeko ere bozketa bat egiten dugu! (kar, kar, kar) Agian esajeratzen ari naiz pixka bat, baina egia da, edozein gauzetarako bozketa bat egiten dugula. Eta kasu honetarako ere, noski, bozketa egin dugu eta ni aukeratu naute.

Txandapa kuadrillako zenbait kide // Geuria

Erantzunkizunik sentituko duzu. 
Bai, noski. Zure lagunek ez zaituzte egunero aukeratzen herriko txupina botatzeko. Beraz, bai, beraiengatik espero dut jaietan nire papera ona izatea (kar, kar, kar)

Txupina botatzearen momentu horrek lorik kentzen dizu?
Ez dut txupinarekin amesten, baina oso pertsona isila naiz. Txupinazoa botatzearen momentua lantzen ari naiz (kar, kar, kar), batez ere, urduritasuna kontrolatzeko.

Ane Legarreta izango da pregoilaria. Nola da berarekin elkarbanatzea jaien hasiera?
Niretzat ohore bat da maila horretako musikari batekin jaiei hasiera ematea. Ane bistaz ezagutzen nuen soilik, Galdakaokoak gara biak. Espero dut bere mailara egotea jaien hasieran.

Txandapa kuadrillaz hitz egin dezagun. Urte asko daramazue jaietan parte hartzen.
Bai. Lagun kuadrilla bezala ez dut gogoratzen noiz sortu zen, baina aspaldi! Eta Galdakaoko jaietako kuadrilla bezala 2008an izan zen gure lehen agerraldia. Orduan beste izen batekin parte hartzen genuen, baina gure gona mitiko berdinarekin! Txandapa izenarekin 2011ko jaietan irten ginen. Hasiera horretan, gaur egun gauden lagun berdinak jarraitzen dugu, beharbada bikoteren bat gehiago kontuan hartu beharko genuke, eta noski, gure Txandapin berriak, kuadrilako umetxoak, gure belaunaldi berria! (kar, kar, kar)

Gaur egun zenbat lagun zaudete Txandapan?
Guztira 22 lagun gara kuadrillan. Gure arteko harremana edozein kuadrilla bezalakoa da. Gaur egun beharbada erantzukizun edo ardura gehiago ditu bakoitzak eta denbora gutxiago daukagu gure aisialdirako eta denok batera egoteko, baina “eguneroko lagunen kuadrilla” bat gara.

Txandapa kuadrillakook jaietako ekintza gehienetan parte hartzen duzue.
Beti saiatu gara ekintza guztietara joaten eta parte hartzen. Beharbada ez gara inoiz “kuadrilla super pro” bat izan, baina horrek ez digu problemarik sortu bi urte ezberdinetan Galdakaoko kuadrillen arteko txapelketa irabazteko! (kar, kar, kar) 2011n eta 2016an irabazi genuen txapelketa. Urteak igaro dira, baina normala da adinarekin eta hainbat urte ondoren, energia eta intentsitatea lehenengo eguneko berdinak ez izatea. Hala eta guztiz ere, bertan jarraitzen dugu gure ehuneko ehuna ematen eta jaietaz gozatzen.

Usansoloko lagunak ere badaude Txandapan. Galdakaoko santakurtzetaz gozatzeaz gain, Usansoloko jaietan ere parte hartzen duzue.
Bai, beti egoten gara Usansoloko jaietan paella, indaba edota tortilla txapelketetan parte hartzen, eta egia esan, pasa den urteko Usansoloko kuadrillen txapelketa irabazi egin genuen “Txandapasak” izenarekin, bertako beste lagun batzuekin batera!

Segregazioak zerbait aldatuko du zuen jardunean? (kar, kar, kar)
Noski! Usansolo guztiz independientea egiten den momentutik, Txandapa banandu egingo da! Ez dago atzera bueltarik! (kar, kar, kar) Bai zera! Txandapatik beti egon gara U113 proiektuaren alde eta oso pozik gaude izan duen emaitzarekin. Batzuk Galdakaon bizitzen jarraituko dute, beste batzuk Usansolon, eta beti bezala, bi herrietan egingo ditugu planak eta bi herrietako jaietaz gozatzen jarraituko dugu!

Galdakaoko jaietan zein ekintzetan hartzen duzue parte?
Ahal dugun ekintza guztietanhartzen dugu parte. Beti ehuneko ehunean parte hartzen saitzen gara, baina beti ez da beti posible izaten. Lehen komentatu dizudan bakoitzaren erantzukizun eta ardurengatik.

Eta antolatzaile bezala, txapelketarik antolatzen duzue Galdakaoko jaietan.
Bai, orain dela urte asko Ginkana antolatu genuen. Ez dut ondo gogoratzen, baina 2009an eta 2010ean izango zen. Eta 2019tik Kuadrillen arteko Herri Kirolak antolatzen ditugu. Aurten irailaren 16an, larunbatez, izango da proba, galdakoztarren egunean, 17:30ean Ganekogorta kalean, herri bazkariaren ostean.

Aurten txapelketa berri bat antolatuko duzue.
Hala da. Aurten Herri Kirolaz aparte, Zaku lasterketa antolatuko dugu lehen aldiz. Irailaren 9an, larunbatez, izango da 22:30ean Santi Brouard plazan. Ea erantzun ona duen Galdakaoko kuadrillen artean! Ziur kuadrillek ondo erantzungo dutela eta parte hartuko dutela.

Zein da gehien disfrutatzen duzuen lehiaketa Galdakaoko santakurtzetan?
Zaila izango litzateke kuadrillaren izenean erantzutea, baina ziur nago, beraiek ere proba “mitikoak” dituztela gustukoak. Hala nola, triziklo lasterketa, ohe lasterketa, rol jokoak, galtzontzilo eta kulero lasterketa, oprienting proba, playback txapelketa… Eta nola ez, gure Herri Kirolak edo zaku lasterketa proba berria!

Eta zein litzateke lehiaketarik zailena zuentzat?
Ez dago lehiaketa zailik Txandaparentzat! (“Thug Life”)

Urtetik urtera errepikatu egin ohi dira lehiaketa batzuk. Horietarako entrenatzen duzue urtean zehar?
Galdera honi ezin diot baietz esan, baina ezta ezetz ere! (kar, kar, kar) Txantxak alde batera utzita, kuadrillan hainbat kirolari ditugu eta noski urtean zehar entrenatzen dute. Baina, hain justu, ez ditugu Galdakaoko jaietako probak prestatzen. Txandaparen estiloa beti da bost minutu lehenago gai-zerrenda guztia errepasatzea! (kar, kar, kar)

Lehen aipatu duzun bezala, 20211n eta 2016an irabazi zenuten Txandapakoek txapelketa nagusia. Normalean zein izaten da zuen sailkapena edo palmaresa?
Bada, normalean top 5 inguru egiten dugu. Azken urteetakoren baten top 10-edo egin genuen. Oso maila handia dago Galdakaoko kuadriletan eta herriko jaietan beti izan dugu kuadrilla “super top” bat urte guztietan. Adoibidez, Itxiarte, Emon Egurre, Jai & Jy, gaur egun Patxiku… eta gainontzeko beste kuadrillak ez dira oso urrun geratzen ere! Guretzat inportanteena da ondo pasatzea eta giro bikaina egotea, batzuetan zorte ona daukagu eta probaren bat irabazten dugu; eta beste batzuetan parte hartze soilagatik 5 puntu jasotzen ditugu… eta pozik etxera! (kar, kar, kar)

Prest zaudete aurten Patxiku kuadrilla txapelketaren lehenego postutik kentzeko? 2018ko, 2019ko eta 2022ko txapeldunak. 
Gainontzeko kuadrillak ez ditugu erreparatzen. Txandapa ondo badago ez dauka aurkakorik! (“Thug Life” berriro hemen. Kar, kar, kar). Txantak txantxa, birritan irabazi dugu txapelketa eta inoiz ez dugu sinistu azkeneko momentura arte. Patxiku kuadrillakoek energia berdinarekin jarraitzen badute, aurten ere txapelketa erraz irabaziko dute. Pertsonalki, gustatuko litzaidake lehen postua lortzeko lehian egotea, baina errealistak izan behar gara. Iazko top bosta niretzat primerakoa izango zen aurten ere!

Nolakoa da Galdakaoko jaietan sortzen den giroa?
Primerakoa, benetan… Niretzat Galdakaoko jaiak urteko momentu onenetarikoak dira. Kuadrillen artean giro oso osasuntsua sortzen da eta espero dut horrela jarraitzea urte askotan.

Lehiakortasuna badago kuadrillen artean ala jolas bat baino ez da denontzat?
Bai. “Pikeren” bat noizean behin egotea normala da, baina orokorrean oso giro ona dago. Horrek ez du esan nahi ehuneko ehuna ez ematea proba guztietan! (kar, kar, kar)

Kuadrillaren batekin “pikerik” edo “tentsiorik” baduzue?
Bada ez daukagu arazorik inorekin. Tentsio puntualen bat sortuz gero, gauean txosnetan trago batzuekin erraz konpontzen da!

Zer espero duzue aurtengo jaiez? Zelan pasatuko duzue?
Bada eguraldiari begiradatxo bat bota ondoren, euria egingo duela diote metereologoek… baina espero dugu klima ona izatea, giroa aurreko urteetako bera izatea eta jaien amaieran pena handia sentitzea, hori oso ondo pasatu dugunaren sinonimoa izango baita.

Mezuren bat galdakoztarrei eta herrira jaietaz gozatzera etorriko direnei.
Bi hitz besterik ez: “Errespetua, mesedez”. Horrez gain, ondo jan, ondo edan eta kalean elkar ikusiko dugu! Gora santakurtzak!

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaoko Udalaren aurkako “eraso euskarofoboa” salatu dute ehunka herritarrek

Hizkuntza politiketan jauzi bat emateko garaia dela aldarrikatu dute gaur Kontseiluak eta Bagabiz Euskara Elkarteak

|

Euskararen kontrako “beste oldarraldi judizial bat” salatu dute gaur Galdakaon ehunka herritarrek. Zehazki, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetzearen Bilboko epaitegiaren epaia salatu dute.

Epai horren arabera, “diskriminatzailea” da euskara hizkuntza eskakizuna eskatzea: “Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia, gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dizkizuegu”, adierazi dute gaur Galdakaon egin duten elkarretaratzean. Guztira 200 lagun bertaratu dira Kontseiluak eta Bagabiz Elkarteak deitu duten euskararen oldarraldiaren kontrako kontzentraziora.

“Edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu “zailegia” delako, ezin da euskara eskatu “inposizioa” delako, ezin da euskara eskatu “gehiegizkoa” delako, ezin da euskara eskatu “diskriminatzailea” delako… Eta horrela, Galdakaoko Udalean gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanposturako euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, Udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan”, diote Kontseiluko eta Bagabiz Euskara Elkarteko ordezkariek.

Bai Kontseiluak bai Bagabiz Euskara Elkarteak “gogor” salatu dute “botere judizialaren injerentzia hau”, eta, era berean, “euskararen ekosistema berri bat” aldarrikatu dute, “gure eskubideak egiazki bermatuko dituena eta euskaraz bizitzea posible egingo duena”, diote.

“Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egitetik, aurrera egiteko”, diote, eta gaineratu dute: “Gure herriko edozein herritarrari ere dei egiten diogu, eremu publiko zein pribatuan, bere hizkuntza-eskubideak urratu direla sentitzen badu, Hauspotu zerbitzuaren bidez horren berri eman dezan”.

350 atxikimendu

Atzo, Galdakaoko Udaleko langileek kontzentrazioa egin zuten udaletxe aurrean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Eta gaur, Kontseiluak eta Bagabiz Elkarteak deitutako herri elkarretaratzera ehunka lagun batu dira.

Era berean, Galdakaoko Udalaren aurkako eraso euskarofoboa salatzeko atxikimendua eman dute 300dik gora norbanakok eta herriko 35 elkartek eta taldek.

“Argi utzi nahi dugu euskaraz bizi nahi dugula eta ez dugula eskubide murrizketarik onartuko!”, bukatu dute elkarretaratzea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Lanpostu guztietan “euskararen gutxieneko ezagutza bermatzea” aldarrikatu dute Galdakaoko udal langileek

Euskararen aurkako “beste eraso bat” salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Galdakaoko Udaleko langileek

|

Galdakaoko Udaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian udaletxe aurrean // Argazkia: LAB Sindikatua

Euskararen aurkako “beste eraso bat” salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Galdakaoko Udaleko langileek. Zehazki, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetzearen epaia salatu dute.

Epai horren arabera, diskriminatzailea da euskara hizkuntza eskakizuna eskatzea, “eta, beraz, euskararen ezagutza kentzen du Galdakaoko Udalaren lanpostu batetik”, salatu dute ELAko ordezkariek. ELArekin batera LABeko ordezkariek egin dute elkarretaratzea.

Gaineratu dutenez, sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek “gaztelaniaren erabateko nagusitasuna inposatu nahi dute, eta, azkenaldian ikusten dugun bezala, euskararen aurka egiten dute etengabe”.

Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteko epean administrazioa euskalduntzea helburu duen akordioa azpimarratu dute. “Eta horrela, lanpostu guztietan euskararen gutxieneko ezagutza bermatzea, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egin ahal izatea, gaztelaniazkoek bezala”, diote.

Bihar, ekainak 20, Kontseiluak eta Bagabiz Euskara Elkarteak elkarretaratzea deitu dute Ardanza parkean 19:30ean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Santi Brouard plazan eta Mugurun San Juan suak piztuko dituzte

|

Andra Mari Dantza Taldeak eta Zizpak San Juan suak piztuko dituzte Santi Brouard plazan eta Mugurun // Geuria

Udari ongi etorria emateko San Juan bezperan, ekainaren 23ko gauean, suak pizten dira Euskal Herrian. Galdakaon, Urretako jaietan sua pizteaz gain, beste bi su piztuko dituzte: Santi Brouard plazan eta Mugurun.

Galdakaoko Udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, hainbat ekintza antolatu ditu:

Egitarauak / San Juan suak Galdakao

Ekainak 23, igandea

Santi Brouard plazan
22:00 San Juan suaren bueltan, erritualak eta konjuruak, ume jokoak, sanjuanetako kantuak, eta erromeria. Andra Mari Dantza Taldeak antolatuta

Muguru
22:30 Dantza ikuskizuna: ‘San Juanetako taupadak’, Taupadak Dantza Eskolak eta Zizpa Gazte Asanbladak antolatuta
22:45 San Juan sua, txokolatada eta San Juan ura. Zizpa Gazte Asanbladak antolatuta
23:00 Erromeria: Gautegun

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskararen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute Galdakaoko Udaleko langileek

Galdakaoko Udaleko Langile Batzordeak kontzentrazioa deitu du bihar, ekainak 19. Gainera, ekainaren 20an elkarretaratze handia deitu dute Kontseiluak eta Bagabiz elkarteak

|

Iazko uztailean EAEKo alkateek Konstituzionalak euskararen kontra emandako epaia salatu zuten, tartean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Kontseilua

Euskararen aurkako sententzia jaso du Galdakaoko Udalak. Zehazki, Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak.

Hori salatu zuten ostiralean Euskalgintzaren Kontseiluak eta Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkarteak, eta elkarretaratzea deitu dute ekainaren 20an 19:30ean Ardanza parkean.

Era berean, Galdakaoko Udaleko Langile Batzordeak (LAB eta ELA sindikatuak) ere kontzentrazioa deitu du bihar, ekainak 19, 13:30ean udaletxeko plazan, “administrazioaren euskalduntzearen eta langileen eskubideen aurkako azken sententzia salatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Urretako jaiak 2024

Ekainaren 21etik 23ra bitartean izango dira Urretako jaiak, Galdakaon. Urretaldeak 50 ekintza antolatu ditu:

|

Herri bazkaria izango da ekainaren 23an Urretako jaietan // Geuria

Ekainaren 21etik 23ra bitartean izango dira Urretako jaiak, Galdakaon. Urretaldeak 50 ekintza antolatu ditu:

Egitaraua / Urretako jaiak 2024

Ekainak 20, osteguna
Barrakak irekitzea, Romualda plazan

Ekainak 21, ostirala
16:30 Aurpegiak margotzea eta eskulanen tailerra, Ludotekak antolatuta
17:30 Guarrindongada Jokoak eta ur-borroka, Topaguneak antolatuta
19:00 Pregoia: Erabide Emakume Elkartea eta Femme
19:00 Txosnak irekitzea eta Rally Poteorako txartelak eta Bingorako kartoiak ematea
19:00 Soka Batukada
19:30 Sardina-jan herrikoia
20:00 Mozoilo Irratia
20:00 Musika: Femme
20:00 Musika: Femme-Adur
21:00 Musika: Femme-Lena Makana
22:00 Musika: Viktor Kordoba DJ + Tracy DJ + Divinoa DJ
04:00 Txosnak ixtea

Ekainak 22, larunbata
11:00 Artisau Azoka Urreta parkean
11:00 Patinaje artistikoko erakustaldia eta tailerra Skating 4 Gurpilen eskutik Urreta eskolan
12:00 Txosnak irekitzea
12:00 IA & Robotics Txokoa Izarra Topagunean
12:00 Puzgarriak, ur-puzgarriak… Urreta parkean
12:30 Putxeren III. Lehiaketan izena ematea
13:00 Rally Poteoa
13:00 Kalejira: Da Capo Musika Banda
13:30 Soka Batukada
14:00 Putxeren aurkezpena eta sari banaketa
14:00 Putxera zozketa Urreta zelaian
16:00 Apar festa Urreta parkean
16:00 Mus txapelketa Gure Bastartxue tabernan
17:00 Patata tortillen X. Lehiaketan izena ematea
17:00 I. Futbolin Txapelketa, Iluntze tabernak eta Solabarriak Dardosek antolatuta
18:30 Tortillen aurkezpena eta sari banaketa
19:00 Kalejira eta animazioa tabernetatik
19:30 Txokolatada
20:00 Kontzertuak Musika Eskolako etxartean: Koiu + Tinta + Garaje-drama
00:00 Dantzaldia: Princesa taldea
01:30 Bingoa eta ezusteko emanaldi berezia
02:00 Dantzaldia: Princesa taldea

Ekainak 23, igandea
12:00 Txosnak irekitzea
12:00 Kalejira eta animazioa tabernetatik
12:00 Familiako I. Futbolin Txapelketa, Iluntze tabernak eta Solabarriak Dardosek antolatuta
12:30 Txupiponpa tailerra Urreta parkean
13:00 Rally Poteoa
13:00 Galdakaoko Ad Libitum Txistu Banda
13:00 Meza
13:00 Paella lehiaketaren X. edizioan izena ematea
14:30 Paellen aurkezpena eta sari banaketa
15:00 Herri bazkaria
16:00 Aurpegiak margotzea, tailerrak eta jolasak Argizai Eskaut Taldeak antolatuta
17:00 Stunt Rider motorren erakustaldia
17:00 Txupiponpak Urreta parkean
19:00 Kontzertua Patxi tabernan: Tequilas
21:00 Zozketa Urreta zelaian: Rally Poteoko saria
22:00 Tributu kontzertua: El Barrio
22:30 Sua piztea
00:00 Jaien amaiera

Osorik irakurri