Sareak

☉ Galdakao

Bizitegi-merkatu tenkatua eremu gehiagora zabaltzea aztertuko dute Galdakaon

Tentsio handiko eremuan Galdakao eta Usansolo sartzea onartu du udalbatzak. Gainera, etxebizitzari buruzko azterketa eguneratu bat egingo du Udalak datozen lau hilabeteetan

|

Galdakao erdigunea, Aperribai eta Usansolo daude sartuta Eusko Jaurlaritzaren Tentsio Handiko Eremuen txostenean // Geuria

Galdakao erdigunea, Aperribai eta Usansolo “tentsio handiko eremu” izendatu zuen abenduan Etxebizitzaren Euskal Behatokiak. Horrek esan nahi du alokairuen prezioa mugatu ahalko dutela gune horietan, irizpide jakin batzuk bete eta Eusko Jaurlaritzari eskaria eginez gero.

Eusko Jaurlaritzak dekretu hori argitaratu ostean, Udalaren lehen balorazioak jaso genituen GEURIAn, eta orduan eskaria egitea aurreikusi zuten. Bada, Galdakaoko udalbatzak onartu egin zuen urtarrileko osoko bilkuran eskaera hori egitea gobernu taldearen (EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria) eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Galdakao tentsio handiko eremuan sartzeko eskaera egiteko mozioa aurkeztu zuen PSEk urteko lehen osoko bilkuran, eta PSEk berak EH Bildurekin, Auzoakekin eta Usansolo Herriarekin batera aurkeztutako emendakina onartu zuten.

Galdakaon, ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerriko eremuak, tentsio-handiko bizitegi-merkatua duen eremu izendatzeko eskatuko diote formalki Eusko Jaurlaritzari, “Estatuko Etxebizitzaren Legeak eremu horietarako jasotzen dituen neurriak lehenbailehen ezartzeko helburuarekin”, adierazi zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak urtarrileko osoko bilkuran.

Gainera, etxebizitza arloan bi herrietako egoeraren azterketa eguneratu bat egitea onartu du Udalak, “Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bizitegi-merkatu tenkatuaren eremuei buruzko txostenak zehaztutakoez haratago, datu eguneratuagoak biltzeko asmoz”, adierazi zuen Egiraunek.

Azterketa horren bidez, datozen hiru urteetan egin beharreko plangintza bat ezarriko dute, eta ezarritako irizpideetakoren bat eta udalerriaren egoera bera oinarri hartuta, tenkatutako eremuak izendatzeko eskaera Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean jasota ez dauden udalerriko beste eremu batzuetara zabal daitekeen aztertuko dute. Diagnostiko eguneratu hori lau hilabeteko epean helarazi nahi dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.

Akordioa PSErekin…

“Honekin ez da etxebizitzaren arazoa bukatzen, baina bai lagungarria den pauso bat ematen dugula. Gu pozik gaude alderdi sozialistaren mozioa osatu ahal izan dugulako. Galdakaoko zein Usansoloko barrutiak 2021ean eta 2022an egoera konkretu batean zeuden, eta orain, agian, beste egoera batean egon daitezke. Beraz, diagnosi eguneratu bat egin behar dugula argi daukagu udalbatza osatzen dugun guztiok”, adierazi zuen Egiraunek: “Gaur egungo egoera zein den aztertzea eskatuko diegu udal teknikariei Eusko Jaurlaritzari eskaera egin baino lehen. Asmoa da eskaera zehatzago bat egitea”.

Iñaki Urgoiti Usansolo Herriako bozeramailea eta gobernu taldeko kideak labur egin zuen bere mintzaldia: “Akordio batera iritsi gara gobernu taldekook PSErekin eta akordio guztiak onak dira, batez ere honen modukoa, eduki soziala dutenak. Udalak egingo duen azterketa eguneratua Usansolon ere zabaltzea espero dugu”.

Victor Trimiño PSEko bozeramaileak esan zuenez, “denok dakigu etxebizitza eskuratzea arazo sozial bat dela eta garrantzitsua dela, bai gazteentzat, bai bereziki kalteberak iruditzen zaizkigun zenbait kolektiborentzat. Alderdi sozialistaren helburua, eta ulertzen dugu gainerako talde politikoena ere, etxebizitza duin bat lortzea errazteko neurriak jartzea da. Galdakao tentsiopean dagoen eremuan sartzeko eskaeraz gain, neurri horrekin batera estrategia integral eta zabala ezarri behar da etxebizitza-politikei dagokienez”.

“Galdakao tentsio handiko eremuan sartzearekin lehenbailehen ezar litezke Estatuko Etxebizitzaren Legeak gune horietarako jasotzen dituen neurriak. Neurri horien arabera, kontratua amaitzen zaien errentariek kontratua urtero luzatzeko aukera izango lukete, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan (gehienez hiru urte), alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren errentara mugatzeko errentari berrientzat (doikuntza batzuk eginda), edo aurreko bost urteetan alokatu ez den etxebizitza baten alokairu-prezioa mugatzeko (erreferentziazko prezioen indize-sistema baten arabera)”, adierazi zuen Trimiñok.

… eta EAJ akordiotik kanpo

Alderdi jeltzaleak abstentziora jo zuen udal gobernu taldeak PSErekin hitzartutako mozioan, nahiz eta azterketa eguneratua egitearekin ados egon: “EAJren ustez, lehentasunezkoa da aldez aurreko azterlan bat egitea eta lehenbailehen egitea etxebizitzak udalerri osoan duen egoerari buruzko azterketa sakon bat. Gure ustez, azterketa hori ezinbestekoa da egoeraren ezaugarriak eta dimentsioa ezagutzeko, eta udalerri osoan egitea komeni da”, adierazi zuen Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

“Gure ustez, alderdi sozialistaren mozioari EAJk aurkeztutako emendakinak askoz ere osotuagoak eta zehatzagoak ziren, adibidez, gobernu taldeak aurkeztutakoa baino. Gure jarrera askoz zabalagoa zela uste dugu, aztertu beharreko elementuetan espezifikoki zehaztuz. Hala ere, ez gara adostasun batera heldu”, adierazi zuen Agirregoikoak. Besteak beste, alderdi jeltzaleak honako alderdi hauek aurreikusten zituen azterlan horretan: udalerrian dauden etxebizitzen kopurua; etxebizitza hutsen kopurua; ‘etxebizitza huts’ aitortzetik kanpo daudenak zehaztea; dauden etxebizitza turistikoen kopurua; alokairuko etxebizitzen kopurua; zehaztu badaiteke, zenbateraino ari den zabaltzen etxeetan gelak alokatzeko joera; alokairuko etxebizitzaren batez besteko prezioaren bilakaera; salmenta-prezioaren bilakaera; eta etxebizitza bihurtzeko aukera duten lokalen kopurua eta birmoldatu direnen kopurua, baita lokal hutsen kopurua eta haien ezaugarriak.

☉ Galdakao

Txomin Bustinza hil da, Galdakaoko baserrien erreplika errealen sortzailea

Hileta gaur, otsailak 26, izango da Galdakaoko Santa Maria elizan

|

Txomin Bustinza, Galdakaoko baserrien erreplika errealen aurrean // Galdakaoko Udala

Txomin Bustinza Ibarrondo hil zen otsailaren 24an, larunbatez, 86 urte zituela. Galdakaoko etxeen eta baserrien erreplika errealak sortu izan ditu urteetan zehar eta Gabonetan bere tailerreko ateak irekitzen zituen berak egindako Jaiotza ikusarazteko.

Ekintza horrekin bere eskuzabaltasuna erakusten zuen Bustinzak. Izan ere, ekimen horrekin dirua biltzen zuen Bustinzak; ez zuen sarrera kobratzen, baina borondatea jasotzen zuen ondoren Bizkaiko minbiziaren aurkako ekarteari dohaintzan emateko. Iaz 3.900 euro bildu zituen, minbiziaren kontrako lanera eta ikerketara bideratu daitezen.

“Udaletik gure doluminak adierazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta eskerrak eman nahi diogu kausa solidarioekiko erakutsi zuen eskuzabaltasunagatik. Galdakaok faltan botako du urtero atsegin genuen Jaiotza, baina askoz gehiago bera”, adierazi dute udal ordezkariek sare sozialen bidez.

Iazko urrian, esaterako, Galdakaoko Udalak aitortza egin zion Bustinzari, “gure herriaren ondarea beste modu batez ezagutzera emateagatik”, adierazi zuen Iñigo Hernando alkateak.

Hileta otsailaren 26an, astelehenez, izango da Zabaleako Santa Maria elizan 19:00etan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

‘Auzotik Galdakao’ dinamika herri osora zabalduko du Udalak martxotik aurrera

Iaz herriko bi eremutan martxan jarritako proiektu pilotuko estrategia ekainean bukatu du Galdakaoko Udalak, eta konpromisoak 2025etik aurrera beteko dituzte

|

Maite Arandia, Unai Amezaga eta Iñigo Hernando gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Auzoetako beharrak identifikatu eta estrategia bat lantzeko asmoz ‘Auzotik Galdakao‘ dinamika jarri du martxan Udalak legealdi berrian.

Proiektuak bi helburu nagusi ditu: auzoen behar nagusiak identifikatzea eta datozen urteetan zehar horiei erantzungo dien estrategia bat lantzea.

Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu dituzte udal ordezkariek, “proiektu pilotu bezala”. Horiek dira alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo, eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta.

Azken hilabeteetan, eremu bakoitzean diagnostiko bat egin du Udalak auzotarrekin batera sortutako bi talde eragileetan. “Irailean hasi ginen eremu bakoitzeko auzotarrekin eta eragileekin biltzen eta dagoeneko lehen emaitzak ikusten ari gara”, dio Unai Amezaga Parte-hartze teknikariak.

Orain bi zonalde horietan estrategia bana lantzen ari da Udala, eta aurreikuspenen arabera ekainean bukatuko dituzte bi planak. “Hainbat proiektu eta proposamen landuko dira bi eremu horietan, denak diagnostikotik ateratakoak”, dio Amezagak. Ondoren, Udalak konpromisoak 2025etik aurrera beteko dituela zehaztu du.

Herri osora zabaltzea

Proiektu pilotuaren “emaitza onak” ikusita, dinamika herri osora zabalduko du Galdakaoko Udalak. Horretarako beste lau eremu zehaztu dituzte: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti eta Olabarri (3. eremua); Bengoetxe, Troka, Ergoien, Zuhatzu eta Upomendi (4. eremua); Kurtzea, Tximelarre Bekoa eta Zabalgane (5. eremua); eta Berezikoetxe, Zabalea (6. eremua)

“Udalerri anitza da Galdakao: auzo asko daude —handiak, txikiak eta ertainak—, eta denen artean desberdinak. Horregatik ikusi genuen errealitate hori orekatu behar genuela”, dio Amezagak: “Bi eremutan hasi ginen dinamikarekin eta orain herri osora hedatuko dugu: txikitik handira egin nahi genuen”.

Eremu bakoitzak bere aurrekontu propioa izango du, “beharrak, ezaugarriak eta biztanle kopurua kontutan hartuta”, dio Maite Arandia Parte-hartze arloko zinegotziak.

Lehen bi eremuekin egin bezala, talde eragileak eratu nahi ditu Udalak gainerako lau eremuetan, eta horretarako bilera irekiak deituko dituzte martxoan: martxoaren 19an hirugarren eremuan, martxoaren 20an laugarren eremuan, martxoaren 25ean bosgarren eremuan eta martxoaren 26an seigarren eremuan. “Bilera horiek arratsaldez izango dira, baina oraindik ez ditugu zehaztu ezta lekuak ezta orduak ere”, dio Arandiak. Aurrerago bilera horien inguruko informazioa helaraziko du Udalak.

Bilera horietan parte hartzeko izena eman beharko dute herritarrek. Udal ordezkariek arabera, bilera izan baino astebete lehenago eman ahalko da izena partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatzita, 688 830 479 telefonoaren bidez (Whatsapp eta Telegram) edo erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez.

“Hasieratik argi geneukan herritarren parte-hartzeak gure gobernu planaren zutabe nagusienetakoa izan behar zuela, eta aurreko legealditik ari gara horretan lanean. Hain zuzen ere, parte-hartzerako teknikari bat kontratatu genuen lehen aldiz Galdakaon aurreko legealdian, eta emaitzak agerikoak dira”, dio Iñigo Hernando alkateak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Emantzipazio bulegoa zabaldu dute Galdakaon, herriko gazteei zuzenduta

Bulegoa zabalik egongo da asteazkenetan (otsailaren 21etik aurrera) eta ostiraletan Torrezabal Kultur Etxean. Gazteei emantzipazio prozesuetarako aholkularitza ematea da helburua

|

Emantzipazio bulegoa zabaldu du Galdakaoko Udalak, gazteei emantzipazio prozesuetarako aholkularitza emateko asmoz.

Emantzipazio bulegoak modu indibidualean eta zuzenean emango die informazioa gazteei, eta aholkularitza ere emango die administrazioaren maila guztietan (tokikoa, eskualdekoa, erkidegokoa, Europakoa…) dauden zerbitzu, programa eta proiektuei buruz, baita emantzipazio prozesua aurrera eramaten laguntzeko Galdakaoko Udalak berak dituen zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa ere.

Bulegoa zabalik egongo da asteazkenetan (gaurtik, otsailaren 21etik aurrera) eta ostiraletan Torrezabal Kultur Etxeko lehen solairuan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Era berean, emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan, 675 700 089 telefono bidez eta sare sozialetan ere eskainiko dute zerbitzua.

“Gazteen emantzipazioa gazteak osotasunez eta aukera berdintasunez gizarteratzea lortzea da, beren bizi proiektua autonomiaz eraikitzeko eta eskubide guztiak egikaritzeko aukera izan dezaten, ahultasun gehien dituzten gazteei arreta handiagoa eskainiz. Prozesu horretarako, etxebizitzari, enpleguari edo prestakuntzari buruzko informazioa ezinbestekoa da. Hain zuzen, informazio hori guztia herriko gazteek eskura izatea da Udalak zerbitzu berriarekin lortu nahi duena”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Edu Madina omentzeko ekitaldia antolatu dute bere lagunek Gorbeian

|

Otsailaren 5ean hil zen Edu Madina galdakoztarra // Argazkia: Inocencio Goikuria

Edu Madina Etxebarria galdakoztarra hil zen otsailaren 5ean 69 urterekin. Galdakaoko memoria historikoa berreskuratzeko lan egin zuen; are gehiago, Galdakao Gogora elkarteko sortzaileetako bat izan zen.

Galdakaoko bere lagunek bere aldeko omenaldia antolatu dute otsailaren 25ean, igandez. Gorbeia mendiko gurutzean izango da 12:00etan.

Eguraldi txarra egiten badu omenaldia 12:15ean izango da Egiriñaoko Elurretako Andre Mariaren ermitan.

Informazio gehiagorako udiarraga@hotmail.com eta 634 672 811 telefono zenbakia jarri dituzte.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Dozenaka herritarrek irmoki salatu dituzte Galdakaoko sei adingabek jasandako sexu-erasoak

|

Herriko sei adingaberen kontra Galdakaon eman diren sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin zuten otsailaren 17an, larunbatez, Santi Brouard plazan. Mugumendu feministak eta herriko eragileek deituta, herritar askok bat egin zuten elkarretaratzearekin.

GEURIA bertan izan zen eta Amets Iturbe Berdintasun arloko zinegotziaren eta Naroa Urkijo Momoak talde feministako kidearen hitzak jaso ahal izan genituen.

Osorik irakurri