Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Bideoa / “Torrezabal eder eta sasoi onean dago, bizi-bizirik ekitaldi pilo bategaz bere 30. urteurrenean”

|

Azaroan 30 urte beteko ditu Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak: 1994ko azaroan ireki zuten lehenengoz. Baina, badakizu nork jarri zion Torrezabal izena eraikinari? Bada Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak! Lehiaketa bidez erabaki zen izena.

“Dorre itxurako eraikina zen, eta nire desioa zen herritarrak elkartzeko leku irekia eta zabala izatea. Horregatik Torrezabal”, adierazi zuen atzo prentsaurrekoan Estiballesek berak: “Duela 30 urteko Galdakaon eraikuntza zen nagusi, baina elkartzeko leku gutxi zegoen. Gaur egun, bizitasun handia du eraikinak: liburutegia, plaza, antzokia, langileak… Leku askotan itxita egoten dira kultur etxeak eta ekitaldi bat dagoenean zabaltzen dira espresuki; hemen, kultur etxeak bizia ematen dio plazari, eguneroko joan-etorri eta bizitasuna du”.

Eta, 30 urteren ostean, Torrezabalen urteurrena omentzeko asmoz, lelo bat proposatu zien Estiballesek Galdakaoko udal ordezkariei: ‘Egun batean bilakatu zen bizigai’. “Bizirik dagoen eraikina da, eta euskal kulturak ere bizirik jarraitzen duela eta Torrezabalen lekua duela aldarrikatzeko omenaldi modukoa da leloa, Mikel Laboak kantatuta ezagun egin ziren Xabier Leteren hitzekin osatua”, dio Estiballesek.

Hain zuzen ere, ‘Izarren hautsa’ abestiko pasarte bati egiten dio erreferentzia leloak, eta atzoko prentsaurrekoan Itziar Ituñok, Janire Egañak, Ane Legarretak eta Marcus Englertek (Torrezabaleko programazio berrian eszenatokira igoko diren artistetako batzuk) abestu zuten [Bideoa osorik hemen!]

Bideoa / ‘Bidaia’ eta ‘musika elektrosinfonikoa’ kontzeptuak ekarriko dituzte eskualdeko artistek Torrezabalera

Edurne Espilla Udaleko Kultura arloko zinegotzia “harro” dago Torrezabal Kultur Etxeaz: “Eder dago eta sasoi onean. Berritu berri, erosoagoa da eta irisgarriagoa. Bizi-bizirik dago!”.

Irailetik abendura bitarteko programazioa aurkeztu zuten atzo, baina 30. urteurreneko ospakizunak ekainera arte luzatuko direla zehaztu du Espillak: “Sorpresaren bat edo beste egongo da datozen hilabeteetan”, dio.

☉ Galdakao

Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan

|

Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Oilasko ala haragizko hanburgesa? Edo beganoa akaso? Inkesta egin dugu Galdakaoko jaietan!

|

Hanburgesa txapelketa izan zen atzo, irailak 17, Galdakaoko jaietan. Patakonek antolatzen du lehiaketa eta aurten 60 kuadrilla aurkeztu direla zehaztu digute: “Partaidetza handia izan dugu aurten ere!”, dio Beñat Elias Patakoneko kideak. Epaileek “100 hanburgesa baino gehiago” dastatu dituztela esan digu Maite Uribarri Patakoneko kideak.

Atzokoan ere GEURIA mikroa eskuan atera zen Santakurtzetara! Hanburgesa haragizkoa ala oilaskokoa? Akaso beganoa? Eta hanburgesa laguntzeko zein da aukerarik onena: patatak ala natxoak?

Beñat eta Maite (Patakon), Gorka (Elkarlaguntza Sarea), Asier eta Kristian (Antrotarrak), Eñaut (Bost Axola) eta Oier (Sukherrak Zauk) galdakoztarrek erantzun dute gure galdetegia!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Gusak da Galdakaoko jaietan talentu gehien duen kuadrilla

|

Talentu Txapelketa antolatzen du Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaoko jaietan. Aurten txapeldun izan da Gusak kuadrilla magia ikuskizun batekin, bigarren Bertan Kaldo kuadrilla sailkatu da eta hirugarren Dekantzekoz. Laugarren Sukuzu izan da eta bosgarren Piperrak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Mari Carmen Alvarez: “Gorantza Futbol Taldeak nire garapen pertsonalean lagundu zidan”

|

Atzo, irailak 16, omenaldia jaso zuten Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakumeek: duela 57 urte, 1967ko irailean, Galdakaoko emakumeen lehen futbol taldea eratu zuten.

1967tik 1972ra bitartean Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindari hauek omendu zituzten: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.

Omenaldia jaso aurretik Mari Carmen Alvarez jokalari ohiarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn: “Oso pozik gogoratzen ditut Gorantza Futbol Taldeko garaiak. Nire garapen pertsonalean asko lagundu zidan taldeko parte izateak”, adierazi digu Mari Carmenek. 1968tik 1972ra bitartean jokatu zuen Mari Carmenek Gorantzan.

Omenaldiko argazkiak ere publikatu ditugu geuria.eus webgunean. Hemen argazki galeria.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia

|

Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.

Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.

Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.

Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.

Osorik irakurri