→Galdakao

Argazkiak | Tour Egunak pumptrack pista, ginkana eta bizikleta martxak izan ditu Galdakaon

Txirrindularitza sustatu eta 2023ko uztailean Galdakaotik igaroko den Frantziako Tourraz kontzientziatzeko Ongi ETOURri ekitaldia prestatu dute gaur bertan Tour Egunean, Galdakaoko Iturrondo plazan.

“Datorren urtean Galdakaon bertan izango dugun Frantziako Tourreko lehen etapa berotzeko aitzakiarekin sortu dugu gaurko Ongi Etourra”, azaldu digu Igor Anton txirrindulari galdakoztarrak ekitaldiaren hasieran. “Gaurkoan jarduera berezia prestatu diegu gaztetxoei txirrindularitzara hurbiltzeko: pump track pista, gynkana, martxa txiki bi”. Datorren urteko uztailaren 1a bero-bero dator, baina baita hilabete osoa ere, txirrindulari galdakoztarraren hitzetan: “Uztailean jendea oporretan dago normalean eta jende asko etorriko da gurera: ekonomikoki bultzada izugarria jasoko du herriak, ostalaritzaren esparuan besteak beste, egun horietan. Gaurkoa beraz, egun horietan biziko dugun aurrerapen txiki bat baino ez da izan”, iragarri du Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelako kideak.

Hasiera batean eguraldi kaxkarra izan badugu ere, 4 eta 15 urte bitarteko 50 umek hartu dute parte bizikleta martxetan: 12:00ak aldera gazteentzako bizikleta-martxak abiatu dira Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelako monitoreekin lagunduta, Igor Anton buru: Lehena, 20 minutukoa, herritik egindakoa izan da, “bizikletan ibiltzen zekien edonori” zuzendutakoa. Ibilbidetik bueltan, nagusiagoei zuzendutakoa egin dute, 40 minutukoa eta Aperribairaino joan dira, xirimiriaz lagunduta.

Igor Anton, txikien bizikleta martxan // Geuria

Txirrindularitzaz ikasiz

Baina Ongi Etourri jarduera ez da bertan amaitu; martxatik itzuli direnean jarduera mordoa topatu dituzte gazteek Iturrondon: alde batetik pump track ikusgarri bat eta gymkana pista bat eraiki dituzte plazako alde batean eta bertan, txirrindulari gazteek euren abileziaz baliatu behar izan dira oreka eta indarra erabiliz.

Bestalde, karpa horiak ikusi ahal izan ditugu plazan ere. Bertan, mekanika tailerrak, haurrentzako bide segurtasunaren inguruko karpa, Tourraren museoa, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren karpa eta denda ofizialak izan ditugu. Horrez gain, Euskaltelen autobusa gerturatu da plaza ondoko aparkalekura ere.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak