→Galdakao

Euskotren sarea Galdakora eta Ospitalera luzatzeko obrak 2021ean hasiko dituzte

Galdakao eta Usansoloko Ospitalea metro sarearekin eta Euskotrenen sarearekin lotuko dituen proposamen berria aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Bizkaiko Foru Aldundia

Galdakao eta Usansoloko Ospitalea metro sarearekin eta Euskotrenen sarearekin lotuko dituen proposamen berria aurkeztu dute gaur Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Alde batetik, Metroaren 3. linearen jarraipena eraikitzea Kukullagako geltokitik Galdakaorantz, eta bestetik, Durango-Bilbo-Txorierri linearen jarraipena egitea Usansoloko ingurunean, Galdakao-Usansolo Ospitalea Euskotreneko lineekin lotzeko da bi administrazioek proposatu dutena. 

Obrak 2021ean hasiko direla aurreikusi dute eta bi fase izango ditu. Lehenengo tartea Euskotren sarearen eta Galdakao-Usansolo Ospitalearen arteko konexioaren eraikuntza izango da, Galdakao erdialderaino, lur-azpitik. Aurreikuspenen arabera hiru edo lau urteko epean burutuko dute lehenengo tarte hori. Zerbitzua martxan dagoenean, metropoli-trenaren maiztasuna bermatuko duela diote Galdakaoko Udaleko ordezkariek, hau da, 7-10 minutukoa, “etengabeko joan-etorriak bermatuz”.

Bigarren tartea, bere aldetik, Galdakao erdialdeko konexioaren eta Sarratuko (Basauri) geltoki intermodal berriaren arteko konexioaren eraikuntza izango da, bertan Metroaren 1., 2. eta 3. lineekin bat egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenaren infografia // Bizkaiko Foru Aldundia

“Galdakao, Bilborekin eta Arratiarekin lotzeko, gaur aurkeztu den tren-konexio honek argitzen dizkigu, lehenik, baliabide honen bitartez izango dugun mugikortasun mota, ziurgabetasunezko urte batzuen ondoren eta, kasu batzuetan, kontraesaneko berriak entzun direla. Orain badakigu, zehaztasunez eta epeekin, Galdakaoko udalerriari eskaintzen zaion konponbidea”, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak: “Proposamenari dagokionez, esan behar dut proiektu hau ez dela amesten genuena, baina bai, posiblea dena. Konexio azkarra izango dugu eta maiztasun handikoa ospitalearekin zein Bilborekin. Fasetan izateak, gainera, bermatzen digu konexioa auzoetara hedatzeko konpromisoa ere badagoela“.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, helburua da, “dagoeneko existitzen diren azpiegiturak ahalik eta gehien baliatzea eta inbertsioen kostua arrazionalizatzea”. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak proiektua gauzatzeko “konpromiso bateratua” hartu dute. Ildo horretan, Galdakaoko proiektu honetan hitza betetzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri. Izan ere, urtetako aldarrikapena da Galdakaora Metroa ekartzearena.

2020ko udaberrian proiektua lizitatzea

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua gauzatzeko egutegia adostu dute. Zentzu horretan, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Galdakao eta Usansoloko Ospitalea tren sarearekin lotuko dituen konexio berria aztertu eta garatuko duen informazio azterlan berria lizitatu du. Jarduketaren aurrekontua 650.000 eurokoa izango da, eta egikaritze epea 12 hilabetekoa.

Azterlan horretan, trenbide linea berriaren trazatua, funtzionaltasuna eta ustiapen azterketa dimentsionatu, definitu eta garatu beharko dira, eta hiri eta ingurumen intsertzioa aztertu beharko da, une honetan dagoen bide sarea berregituratuz eta eraginak jasoko dituzten garraio publikoak berrantolatuz.

Alde biek, eraikuntza proiektua 2020ko udaberrian lizitatzea aurreikusten dute. Gainera, 2021eko aurrekontuetan proiektu horretara aurrekontu partidak bideratzeko konpromisoa hartu dute, urte horretan bertan lehen tartea eraikitzen hasi ahal izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak