→Galdakao

Galdakao-Usansolo ospitaleko larrialdietako 65 medikuetatik erdia baino gehiago behin-behinekotasunean daudela salatu du ELAk

Galdakao-Usansolo ospitaleko larrialdi zerbitzuaren "prekarizazioa" salatu dute bertako medikuek // ELA Sindikatua

Galdakao-Usansolo ospitaleko larrialdi zerbitzuaren “prekarizazioa” salatu dute bertako medikuek, ELA sindikatuaren babesean. Atzo GEURIAn iragarri bezala, ospitale-larrialdietako sei medikuren kontratuak etengo ditu Osakidetzak, eta horren aurreran agerraldia egin zuten Galdakao-Usansolo ospitaleko medikuek, “bizi dugun egoera kontatzeko”. Maitane Gallarreta Galdakao-Usansolo ospitaleko larrialdi zerbitzuetako medikuak salatu duenez, “urrian, gure zerbitzuko asistentzia eskaria % 20 hazi da pandemiaren aurreko urtearekin alderatuta, horretarako langile efektiboak argitu gabe”.

“Osasun eskaria handitzen bada, guztiz beharrezkoa ikusten dugu gure langileak ere gehitzea”, dio Gallarretak. Gaur egun 65 mediku Galdakao-Usansoloko larrialdietan, eta horietik “erdia baino gehiago” behin-behinekotasun egoeran daudela ere salatu du Gallarretak: “Eta bide batez, sei kontratu ez dituzte orain berrituko”.

Era berean, Galdakao-Usansolo ospitaleak Gernikako larrialdietako arreta bere gain hartzen “urteak” daramatzala ere salatu du Gallarretak: “Eta patologia traumatologikoa eta pediatria artatzeko egoeran gaude, horrek dakarren prestakuntza ahaleginarekin”. Galdakao-Usansolo ospitalean zein Osakidetzan egitura-arazoak daudela azpimarratu du Gallarretak: “Asistentzia maila guztietako langilerik eza eta osasun eskaria handitzeak arazoaren parte bihurtzen gaitu bete-betean”.

Larrialdiak, “komodin”

Bestetik, Osakidetzako larrialdi zerbitzuak lehen arretako edo etengabeko arreta guneetako kontsultak bere gain hartzen dituztela ere adierazi du Gallarretak: “Denbora luzean ospitaleko larrialdiak izan dira komodin bat gure sistemako beste osasun asistentziako maila batzuetan langileak ez zeudenean. Ospitaleko larrialdietako osasun eskaera handitu egiten da lehen mailako arretako edo etengabeko arreta guneetako kontsuktak ixten direnean, eta itxaron-zerrendak luzatu egiten direnean”.

“Paziente kronikoak lehen arretan beharrezko denboretan artatu ezin direnean, gaixoek larrialdietara jotzen dute. Beste asistentzia maila batzuetan grebak daudenean eta jaiegunetan, ospitaleko larrialdiek gutxieneko zerbitzuak izaten jarraitzen dute, baina langile berberekin”, salatu du Gallarretak.

Publikotik pribatura

Galdakao-Usansolo ospitaleko larrialdi zerbitzuko sei medikuri kontratua eteteak gainontzeko osasun langileen “lan-baldintzetan eragin zuzena” izango duela salatu du ELA sindikatuak: “Alde batetik, lan-kargak, logikoa denez, igo egingo dira; eta beste alde batetik, dituzten lan-txantxak ere gehiago izango dira plantilla urrituko baita. Eta ondorio bezala, atsedenerako dauzkaten tarteak ere gutxiago izango dira. Hortaz, lan-baldintzengan eragin zuzena izango du”, dio Arkaitz Herreros ELA sindikatuko ordezkariak.

“Lan-baldintza horien ondorioz, mediku asko atzerrira doaz lan egitera mediku bezala —Medikuen Elkagoak iaz adierazi zuen 4.100 ziurtagiri eman zituen medikuak atzerrian lan egiteko—, beste kasutan izaten da Osakidetzatik kanpo beste aukera batzuk bilatzea edota osasungintza pribatura joatea, eta askotan ere erabakia izaten da medikuntza uztea”, dio Herrerosek.

2012tik gaur egunera Osakidetzan medikuen plantilla % 10 hazi dela adierazi du Herrerosek: “Baina osasungintza pribatuan 2012tik hona medikuen plantilla % 69 hazi da. Horrek zer esan nahi du? Geroz eta mediku gehiago pasatzen direla osasungintza pribatura. Eta zergatik? Bada, Osakidetzak ez dituelako lan-baldintza duinak eskaintzen. Hori da bizi dugun errealitatea”, dio Herrerosek. Bestetik, Osakidetzan behin-behinekotasuna % 50etik gora kokatzen dela salatu du ELAk: “Osakidetzan 24.600 langile behin-behineko daude”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak