→Galdakao

Justizia Auzitegi Nagusiak otsailean ebatziko du Usansolok Kudeaketa Batzordea izango duen edo ez

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki behar du Estatuko Abokatutzak eskatzen dituen kautelazko neurriak onartzen dituen ala ez, eta debekatu egin behar du prozedura berria abian jartzea epai irmo bat ez dagoen bitartean

Usansolotarrak Gernikako juntetxean, 2022ko azaroaren 23an // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloren segregazio prozesua “eten duela” iragarri dute komunikabide batzuek, baina etenaldia beharrean “denbora luzapena” dela azaldu dute Usansolo Herria alderditik (UH). Administrazioko abokatuen ustez, Bizkaiko 113. herria sortzeko prozesuak urratu egiten du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean ezarritako biztanleria-betekizuna. Udalerri berriak, ez ditu ordenamendu nazionalak eskatzen dituen 5.000 biztanleak jasotzen (gutxigatik), baina Lurralde Mugapeei buruzko Foru Arauak ezartzen dituen 2.500 biztanle baino gehiago ditu aldi berean.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki behar du Estatuko Abokatutzak eskatzen dituen kautelazko neurriak onartzen dituen ala ez, eta debekatu egin behar du prozedura berria abian jartzea epai irmo bat ez dagoen bitartean. Foru Aldundiko eta Usansolo Herriako ordezkarien arabera, “otsailera arte ez dute Usansoloren gaiaren inguruko urratsik emango”. Foru Aldundiaren arabera, Usansolo sortzeak “prebarikazio-delitua ekar lezake”.

Monika Mena, iazko azaroaren 23an, Gernikako Batzar Nagusietatik irten ostean // Geuria

Neurri kautelarrak onartuz gero ez litzateke Kudeaketa Batzordea sortuko Usansolon eta Udal hauteskundeak gaur egun arte bezala egingo lituzkete ondorioz. Baina onartuko ez balira, Udala eratuko lukete Usansolon, udaletxe fisiko bat izan ez arren. Norabide hori jarraituz, Kudeaketa Batzordearekin hurrengo hauteskundeak arte funtzionatuko luke 113. udalerriak.

“Foru Aldundiak dio neurri kautelarrak bertan daudenez horien erantzunari itxarongo diola Kudeaketa Batzorde eratu ahal izateko”, azaldu digu Monika Mena Usansolo Herria alderdiko (UH) bozeramaileak. “Ez genuen hau espero; Foru Araua betetzea espero genuen. Bozkaketa egunean argi utzi zuten prozedura honetan agintzen duena bertako Foru Araua bera dela eta Foru Arauak berak aipatzen du Kudeaketa Batzordea sortu behar dela eta ez da horrela izan. Eta eraikitzeko aukera izanda ere neurri kautelarren erantzunari itxarotea erabaki du”, azaldu du Menak.

Batzar Nagusietako bozkaketa eguna, Gernikan, 2022ko azaroaren 23an // Geuria

Hauteskundeak, neurrien atzean

Monika Menak dio euren eskubidea “ahalik eta lasterren Kudeaketa Batzordea eratzea” dela: “Iazko azaroaren 23tik udalerri bilakatu ginenetik sortuta egon beharko litzateke batzordea eta oraindik itxaroten ari gara. Ez dugu Foru Aldundiaren konpromiso falta hau aurreikusi”.

Maiatzean Udal hauteskundeak ospatuko dituzte eta horrek Estatuko Abokatutza kezkatzen du. Horregatik eskatu dituzte aipatutako kautelazko neurriak. Usansoloko Udala martxan jartzen bada eta Lurralde Politikako Ministerioaren Toki Erakundeen Erregistroan izena ematea lortzen badu, usansolotarrek botoa eman ahalko dute udalerri berrian maiatzaren 28ko hautestontzietan, baina Monika Menak bestelako pentsamendua du: “2023ko Udal hauteskundeetan ez gara Usansolo bezala aurkeztuko”, azaldu du Menak.

Neurri kautelarrak orain heldu dira baina demanda aurrerago etorriko dela Iragarri du UHko bozeramaileak. “Alegazio fasean gaude orain eta horren ebazpena otsailaren erdian iragarriko dute. Ostean demanda helduko da. Prozedura juridiko lodia datorkigu”.

Joan den abenduaren 30ean helegitea jarri zuen Estatuko Abokatutzak Usansoloko segregazioaren aurka: “Helegite hori ezarrita daukagunez, erregistroan geldituta gaude”, dio Monikak. “Ez daukagu erroldarik eta ondorioz ezin gara hauteskundeetara Usansolo lez aurkeztu”.

Usansolo | Segregazioaren prozesua

Desanexioa helburu, 40 urteko lanaren ostean Usansaloko segregazio prozesuak lehen emaitzak jasotzen ari da, eta hauek izan dira kronologikoki urrats aipagarrienak:

– 2022ko azaroak 23: Usansolo Usansolo herri bilakatzen da. Hala ebatzi zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek hurrengo emaitzekin: aldeko 39 boto (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia), bi abstentzio (PP) eta kontrako zortzi boto (PSE)

– 2022ko abenduak 30: Estatuko Abokatutzak helegitea jartzen du Usansoloren segregazioaren kontra. Usansolo udalerri independente izateko prozesua 4 urtez luzatuko du helegite horrek Usansolo Herria (UH) alderdiaren arabera

– 2023ko urtarrilak 22: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki behar du Estatuko Abokatutzak eskatzen dituen kautelazko neurriak onartzen dituen ala ez

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak