Sareak

☉ Galdakao

Uxue Ibañez: «Urak babesten nauela sentitzen dut; igeriketa sinkronizatuaren bidez nire burua adierazten dut»

Igeriketa artistikoko Euskal Herriko txapelketan garaile irten ondoren, Sinkro Urbarri klubeko galdakoztar beteranoak bosgarren eta seigarren postuak lortu ditu estatu mailan binakako eta banakako modalitateetan.

|

Etxebarriko Sinkro Urbarri klubeko sirena dantzarien ahaleginak fruituak eman ditu azken txapelketetan. Uxue Ibáñez Rubio (Galdakao, 2002) da eskualdeko igeriketa artistikoko talde bakarrean denbora gehien daraman kirolaria, eta Euskal Herriko txapelduna da banakako ariketa teknikoan eta binakako modalitatean, azken hau María Abrisqueta igerilariarekin batera. Iaz bikoteak Espainiako lehiaketako finalera iristea lortu zuen, eta aurten, etxeko garaipenaren ondoren, bosgarren postua lortu dute Valladoliden. Galdakoztarrak kluba ezerezetik eraikitzen ikusi du, eta zaletasun hori bere bizimodua bihurtu dela dio. Izan ere, ezin du kirol mundutik deskonektatu. Kirol Hezkuntza Fisikoko goi mailako gradua ikasten eta Basauriko kiroldegi batzuetan praktikak egiten ari da. Orain trebatzen jarraitu nahi du, eta zoriontsu egiten duen horrekin uztartu: igerilekuarekin.

Etxean bueltan zara, Valladoliden asteburu gogorra igaro ondoren.
Ohituta gaude Espainiako lehiaketetara, baina aurten sentsazio gazi-gozoa utzi digu absolutuko kategoriakoei. Guretzat denboraldi honetako Espainiako txapelketa lehena eta bakarra izan da, beste kategorietan hiru izaten diren bitartean. Beraz, batean hain ondo egin ez arren beste batean hobetzeko aukera izaten dugu. Udan talde modalitatean bakarrik lehiatu ahal izango gara, nik egiten ditudan gainerakoak ez direlako txapelketaren plangintzan sartzen. Klubean ez dugu postu jakin batetik gora geratzea bilatzen, baizik eta gure puntuazioa gero eta altuagoa izatea, eta normalean lehen postuetatik gertu egoten gara. Emaitzei begira Portugaleteko igerilariak izaten ditugu hurbilen, eta elkar ezagutzen dugunez, animatu egiten gara. Ez dago lehiakortasun toxikorik.

Bidaia honetan baja pare bat izan ditugu. Valladolidera joan aurretik Ane Murielek, juniorretako taldekide batek, orkatila bihurritu zuen eta azken momentuko aldaketak egin behar izan genituen; txapelketan bertan Ariadnek kolpe bat hartu zuen eta amaitzean uretatik ateratzen lagundu behar izan genion, ezin zuelako hanka lurrean ondo pausatu. Azkenean gurpil-aulkia behar izan zuen mugitzeko. Hala eta guztiz ere, pozik gaude lortutako emaitzekin. Banakako modalitatetik oso sentsazio txarrarekin atera nintzen eta puntuazioak harritu egin ninduen, teknikoan seigarren postua lortuz. Binakako modalitatean, Maria Abrisquetak eta biok bosgarren postua eskuratu genuen, eta uste dut taldeak konfiantza osoa duela gugan. Iaz lehen aldiz kluba estatu mailako final baterako sailkatzea lortu genuen. Une hori itzela izan zen guretzat! Nire ustez, igerilari guztiok gehiago gozatu dugu errutina libreekin teknikoekin baino, baina gutxiago entrenatu genituen, ez genuelako espero heldu ginen lekura iristea.

Uxue Ibañez // Argazkia: Utzitakoa

Aurten ere Euskal Herrian nabarmendu zara. Zorionak!
Txapelketa Portugaleten ospatu zen martxoko lehen asteburuan eta oso talde gutxik parte hartzen dugunez, tentsio handiagoa sentitzen dut. Presio gehiago ezartzen diot neure buruari. Uste dut lehen postu horiek lortzeko gakoa, gogor entrenatzeaz gain, nire bikotekidea ondo ezagutzea eta uretan elkar ulertzea izan dela. Gainera, gertutasun handia sentitzen dugu gure bi entrenatzaileekiko, eta asko laguntzen digute lasaitzen, nahiz eta gu bezain urduri egon. Banakako modalitatean lehiaketa hau irabazten dudan lehen aldia izan da eta bultzada handia izan da niretzat. Azkenean, ahalegin guztiaren isla izan da, eta merezi izan du. Beti hobetu daiteke, baina bide onetik noan seinale da.

Nola hurbildu zinen kirol honetara?
Nik beti gorrotatu izan dut igeriketa. Usansolon ikasi nuen igeri egiten eta nire izeko Etxebarrin bizi denez, San Antonioko jaietan igeriketa sinkronizatuko erakustaldi batera eraman ninduten. Ikusi nuen lehen momentutik argi izan nuen: nik hori egin nahi nuen. Zirrara handia eragin zidan, eta hurrengo denboraldian, zortzi urte nituela, izena ematea erabaki nuen. Oso kirol minoritarioa da, eta uste dut zorte handia izan dudala hain txikitatik erreparatzeagatik eta hain gertu edukitzeagatik. Hau nire hamabigarren urtea da klubean, eta erdia baino gehiago lehiaketa zirkuituan eman dut. Azkar esaten da! Betidanik izan naiz pertsona barnerakoia, eta alderdi artistikorako grina izan arren, inoiz ez dut uretatik kanpo dantzatzeko kemenik izan. Urak babesten nauela sentitzen dut, eta igeriketa sinkronizatua naizen bezala adierazteko bidea bihurtu da. Ingurune honetara ohitu naiz eta eroso sentitzen naiz uretan nagoenean. Kirol hau gabe nire zati bat falta dela sentituko nuke. Txikitatik ibili gara bidaiatzen. Huesca, Zaragoza, Alacant, Benidorm, Madril… Beste kirol batek ematen ez dizkizun esperientzia bereziak dira, eta horrek guztiak honetan jarraitzera bultzatzen nau.

Kirolaren eta artearen artean kokatzen dela esan daiteke.
Guztiz artea da niretzat. Azken finean, adierazteko modu bat da, bai gorputzarekin bai aurpegiarekin, eta zerbait transmititzea bilatzen da. Abesti bat irakurtzeko gure modua erakusten dugu, uraren barruan interpretatuz. Igerilari bezala ere gure ukitu pertsonala ematen diogu eta sortze-prozesuan parte hartzen dugu. Hala ere, kirola izaten jarraitzen du eskatzen duen ahalegin fisiko zein mentalagatik. Beti entzuten da dantza ez dela kirola, eta ez naiz inoiz horrekin ados egon.

Izan ere, igeriketa artistikoa izena hartu du.
Errutina batzuetan onartzen da mugimendu guztiak berdinak ez izatea, eta banakako modalitatean inor ez da inorekin sinkronizatzen, zu bakarrik zaudelako. Nire ustez xehetasun horiengatik erabaki zuten izena aldatzea, egokiagoa izan zedin. Eta aipatu dugun bezala, arte mota bat denez, aukera ona da. Hala ere, zer kirol egiten dugun galdetzen digutenean “sinkro” deitzen jarraitzen dugu. Gizartean zabalduta dagoen terminoa da.

Nola lortzen da sinkronizazio-maila hori igeriketa artistikoan?
Denok dakigu abesti bat nola irakurri, eta normalean, musika entzuten dugun arren, denborak zenbatzen ditugu. Espainia mailan katalanez egiten dugu, zenbakiak laburragoak direlako euskaraz edo gaztelaniaz baino. Entrenatzaileak metalezko makila bat erabiltzen du uraren barruan denborak markatzeko eta kanpotik mugimenduak bere osotasunean nola geratzen diren ikusteko. Igerilarien artean ere konplizitate handia behar da, eta taldekideez aparte, beste hainbat gauza hartu behar ditugu kontuan, hala nola elementu teknikoak, inpresio artistikoa eta zailtasun-maila. Gakoa epaileak liluratzea da. Oso kirol zorrotza da eta erresistentzia asko landu behar da, ez bakarrik fisikoa, baita uretakoa ere. Txikitan nahiko gaizki pasatu dugu apnearekin baina denborarekin kontrolatzen ikasten dugu.

Uxue Ibañez, erdian, Urbarriko taldekideekin batera Bizkaiko txapelketan // Utzitakoa

Etxebarriko kiroldegian baliabide gutxirekin entrenatzea lortzen duzue.
Erabilgarri dugun espazioa nahiko murriztua da, Ganguren igeriketa taldearekin, haurren ikastaroekin eta gainerako bezeroekin partekatu behar dugulako. Entrenatzeko igerileku oso bat edukitzea izaten da normalena, eta guk kale eta erdi hartu ohi dugu. Batzuetan bi kale. Eta baldintza horiekin ere, klubak kategoria guztiak modu ikusgarrian koordinatzea lortzen du, kirol hau praktikatzea posible izan dadin. Denbora baliatzen dugu talde batzuek koreografiak egiten dituzten bitartean beste batzuk kanpoan fisikoa edo malgutasuna lantzen egoteko. Igeriketa sinkronizatuan ere, igerileku osoan zehar mugitzeak puntuatzen du, eta hori entseatzen dugun une bakarra lehiaketa egunean da, entrenamendurako uzten duten ordu erdian. Ahal duguna egiten dugu, eta, hala ere, maila ona mantentzen dugu. Dedikazio handia eskatzen du; astero 15 ordu inguru entrenatzen dugu ordutegia egokituz, eta horren ondorioz, nire denbora hobeto kudeatzen ikasi dut.

Asko hitz egin da Ona Carbonell igerilariak nola uztartu behar izan dituen bere semearen edoskitzea eta lehia olinpikoa. Nola egiten du talka igeriketa artistikoak kirolarien bizitzako beste alderdi batzuekin?
Bakoitzaren borondatearen arabera izaten da. Gogoa eta gaitasuna izan behar dira. Pentsatzen den lehenengo gauza da norbait haurdun geratzen bada ezinezkoa dela igeriketa sinkronizatuan jarraitzea, eta gero ikusten duzu zer egiteko gai izan den Ona Carbonell eta eskema guztiak hausten ditu. 2020an, erditu eta hilabete gutxira, Tokyoko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Azkenean, bere indar guztiak atera ditu maite duen horretan jarraitzeko, eta eredu bihurtu da emakume askorentzat. Mundu osoan jakin da, dokumental bat ere egin dute, eta oso positiboa izan da, berari esker ez baita bakarra izango. Izan ere, igerilari errusiar batek berdin egin du. Amatasuna kirolean tabu bat da eta izaten jarraituko du denbora luzez, ez delako ikusi nahi. Baina egoera hauek gertatzen dira, eta agerian utziz ziur nago panoramak hobera egingo duela.

Oso zaila da kirol mota hau bizimodu normal batekin uztartzea. Askotan esan didate ez dudala bizitza sozialik, eta egia da. Jende askok entrenatzeko, ikasteko eta lagunekin irteteko gaitasuna du. Nire kasuan, denbora badut, baina sekulako higadura fisiko eta mentalarekin amaitzen dut, eta etxetik ia irteten ez nintzen denboraldi bat izan nuen. Ez nuen gogorik eta uste dut hori dela alderdirik txarrena. Pare bat aldiz pentsatu izan dut igeriketa sinkronizatua uztea, baina ez dut nire bizitza hori gabe imajinatzen. Pisu handiegia du niretzat, ikasketek baino gehiago, eta ez luke horrela izan behar. Hala ere, ez naiz damutzen. Nire amaren arabera, batxilergoko ikasturtean irribarrea galdu nuen, eta igeriketa sinkronizatua zen itzultzen zidan bakarra. Nire ihesbidea da, eta beharrezkoa dut. Entrenatzen ez dudan egunak ez dira hain emankorrak. Bizitza erritmo honetara ohitu naiz, eta ezin dut utzi. Ezta nahi ere. Errutina bat bihurtu da, baina nire gustuko errutina.

Zer da Sinkro Urbarri Kluba zuretzat gaur egun?
Bigarren familia bat. Adiskidetasun erlazio oso sendoak eraiki ditugu, eta ahizpatasun sentimendua eragin du gugan. Denbora honetan guztian jende asko ikusi dut klubetik pasatzen eta nola mantendu den harreman osasuntsu bat. Eta hori talde gehienetan ez da gertatzen. Hunkitu ere egin naiz hainbat alditan lagunak igerilekuan dirdira egiten ikustean. Harrotasun handia sentitzen dut eta luzaroan jarraitu nahi dut honen parte izaten, igeri egiten edo entrenatzaile gisa. Nire buruaren zati batek hemen egoteko eskatzen dit. Egungo entrenatzailearekin, Yaizarekin, nabari da kluba gehiago batzea lortu duela. Maila handiko talde bat entrenatzetik dator, eta gure esentzia mantentzen eta gauza asko hoberako aldatzen jakin du.

Urbarri klubeko kideak lehiatzen // Utzitakoa

Zuen taldea emakumeek bakarrik osatzen duzue. Zergatik uste duzu ez direla mutilak parte hartzera animatzen?
Horrek asko tristatzen gaitu. Aspaldian baziren mutilak gure klubean. Duela urte asko Ibon izeneko mutil bat egon zen, eta Kanarietara bizitzera joan zelako utzi zuen. Han igeriketa sinkronizatuarekin jarraitu du beste klub batean, eta Espainiako txapelketetan ikusi dugu. Bera hemen hezi zen, eta berarekin batera beste mutil bat bakarrik lehiatzen denez, podiuma lortzen du beti. Etxebarriko Beltran izeneko beste mutil bat ere gurekin egon zen pare bat urtez, baina azkenean utzi egin zuen, ziurrenik kirol honek eskatzen dituen orduengatik. Mutilen baldintzak ez dira guztiz berdinak. Uste dut bakarrik talde-modalitate bakarra, bikote mistoa eta banako maskulinoa egin dezaketela. Gainerako kiroletan bezala, generoen arteko bereizketa dago oraindik. Hala ere, pixkanaka aldatzen ari dela uste dut, lehiaketetan gehiago nahasten eta banaketa horiek lausotzen saiatzen ari direlako. Igeriketa sinkronizatuak hain ikusgarritasun gutxi duenez, pena da neska-mutil gehiago ez animatzea. Oharkabean pasatzen da. Garrantzi gutxiago duela dirudi, eta horregatik gazteek ez diote erreparatzen, begi-bistan erakargarria bada ere. Egun hauetan master class batzuk egiten aritu dira klubean, jendeak zer den ikus dezan eta haur gehiago anima daitezen kirol hau praktikatzera.

Eliteko kirolaria izatearekin amesten duzu?
Kirol honetan asko nabarmendu behar duzu urrutira iristeko, oso zaila da. Baina ez nuen uste estatu mailan bosgarren eta seigarren postuetan geratzeko gai izango nintzenik, eta lortu egin dut. Etengabe gure burua gainditzean datza. Inoiz ez dugu pentsatu beste inor baino hobeak izan behar dugunik. Beti izan ditugu oinak lurrean. Momentuaz gozatzea da garrantzitsuena. Izan ere, ondo ateratzen zaizu gozatzen duzun moduagatik. Gure klubeko ama epaile batek beti gauza bera esaten dit: “Eskerrak ematen ditut zu igerian ikusteagatik”. Eta nik gauza bera sentitzen dut nire kideekin. Gozamenetik dator magia. Ez ditut helburu zehatz batzuk finkatu nahi, lortzen ez baditut zapuztu egingo naizelako. Nahiago dut orainean pentsatu, ikasketekin jarraitu eta etorkizunean nire lanaren bidez jendeari kirolarekiko sentitzen dudan pasioa kutsatu. Eta ahal den neurrian igeriketa sinkronizatuarekin uztartzen jarraitu, nola ez.

☉ Galdakao

Garbiñe Martin bigarren sailkatu da ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketan

Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikaslea bigarren izan da Estatu mailako ‘Talentos by Abril’ lehiaketan

|

Gabriñe Martin bigarren sariarekin // Argazkia: Galdakaoko Ostalaritza Eskola

Garbiñe Martin, Galdakao Ostalaritza Eskolako ikaslea, ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketaren laugarren edizioaren finalean parte hartu zuen atzo, GEURIAn kontatu genizuen bezala.

Galdakao Ostalaritza Eskolako ikasleak ‘Itsas Begitelle’ sukaldaritza-proposamena aurkeztu zuen Santiago de Compostelan jokatutako finalean, eta bigarren saria irabazi zuen.

‘Abril’ markako olio-produktuen sorta esklusibo bat eman zioten Garbiñeri, eta markak parte hartuko duen Estatu mailako ekitaldietan parte hartzeko aukera izango du.

“Talentua, ahalegina eta ikasleek eta irakasleek batera egindako lanaren islada da Garbiñek jaso duen saria. Zorionak txapelduna!”, esan dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu

Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

|

Adiskideko pilotari gazteak, 2022an // Geuria

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.

Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.

“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.

Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.

Atzoko eta gaurko pilotariak

“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.

Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.

Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.

“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

|

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Udalak // Galdakaoko Udala

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.

Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.

Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.

Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.

Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.

Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.

Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

|

Bakarkako proiektua hasi du Jonkass abeslariak // Argazkia: Elkar Musika

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.

Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.

Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

|

Aurtengo Bertso Derbian parte hartu dute Onintza Enbeitak eta Igor Elortzak // Argazkia: Bertsoa.eus

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.

Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.

Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.

Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).

Osorik irakurri