→Galdakao

Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas preso galdakoztarrak Euskal Herriratuko dituzte

Estremeratik eta Dueñastik (Palentzia) Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetara lekualdatuko dituzte bi presoak // Barne Ministerioa

Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, administrazio bakoitzaren eskumenen esparruan, hamahiru preso lekualdatzea erabaki dute. Horien artean daude Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas Arretxe preso galdakoztarrak. Estremeratik eta Dueñastik (Palentzia) Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetara lekualdatuko dituzte, oraindik zehaztu barik zeinetara eta noiz.

Xabier Garcia Gaztelu 2005eko abenduaren 15ean espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten hilketak, bahiketak, atentatu-delituak, legez kanpo elkartzea, arma-gordailua, lapurreta, faltsifikazioak, suteak eta kalteak egitea leporatuta. 2023ko abuztuan zigorraren hiru laurdenak beteko ditu eta Estremerako espetxeko Tratamendu Batzordeak bigarren graduan utzi du. Zigorra EAEko espetxe batean betetzen jarraitzea ebatzi du Idazkaritza Nagusiak.

Jon Bienzobas Arretxe 1999an atxilotu zuten Pauen (Okzitania) eta 2006an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, 216 urteko espetxe zigorra ezarrita. Frantzian, Saint Maur espetxean, bete zuen zigorraren zati bat —13 urte—, eta 2018an Frantziar estatuak Espainiaratu zuen. Urte hartako urtarrilaren 3an kartzelaratu zuten eta 266 urteko zigorra betetzen ari da (ez dago jasota metaketa juridikorik). Hilketak, terrorismo-delituak eta armak eta lehergaiak gordetzea egotzita atxilotu zuten. Palentziako espetxeko Tratamendu Batzordearen gehiengoaren proposamenaren ondoren, EAEko espetxeetako batera lekualdatuko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak