☉ Galdakao
Zergak eta tasak % 3 igoko dituzte Galdakaon, progresibitatea oinarri hartuta
EH Bilduk eta Usansolo Herria udaltaldeen aldeko botoekin, Auzoaken eta PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin onartu dituzte 2024ko ordenantza fiskalak gaur Galdakaon, ez-ohiko osoko bilkuran
Zergak eta tasak 2024rako eguneratu ditu Galdakaoko Udalak. Zehazki, % 3ko igoera ezarri dute zerga eta tasa gehienetan eta progresibitatea aplikatuko dutela iragarri du gaur udal gobernu taldeak ez-ohiko osoko bilkuran.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ), Ekonomia Jardueren Gainekoa (EJG) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gainekoa % 3 igoko dituzte: “OHZk 6 urte darama eguneratu gabe eta progresibitatea ezarriko da familia ugarientzat errentaren arabera: adibidez, 15.000 euro arteko errenta duen familia ugariak % 90eko hobaria izango du, 25.000 euro arteko errenta duenak % 75eko hobaria, 35.000 euro artekoa duenak % 50ekoa, eta 45.000 euro arteko errenta duenak % 25eko hobaria. Zaurgarritasun egoeran daudenei, % 90eko hobaria emango zaie. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergak ere % 90eko hobaria izango du, esaterako, familia ugarientzat”, diote udal ordezkariek.
Tasei dagokienez ere % 3 handituko dituzte gehienak, eta Udalaren kirol instalazioetako zerbitzuetan progresibitatea ezarriko dute. Abonuek hobari ugari jasoko dituzte: 15.120 euro baino gutxiagoko errenta duten familia guztiek izango dute % 100eko hobaria, eta hortik gorako diru sarrerak dituztenek, errentaren eta seme-alaba kopuruaren arabera jasoko dituzte hobariak, % 90 eta % 10 bitartean. Banakako abonuetan ere ezarriko dira hobariak diru sarreren arabera, eta 25 urtez azpiko erabiltzaileek prezio bereziak izango dituzte.
“Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko igoera baino txikiagoa da Galdakaon ezarriko dugun zergen eta tasen igoera: Euskadin igoera % 3,6koa da eta Bizkaian % 3,7koa”, adierazi du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.
Zerga eta tasa gehienak % 3 igo dituzte Galdakaon, baina salbuespenak daudela adierazi du Ealok: “Udal jabetzako bideen erabilpenean apeak zein materialak erauzten dituzten enpresen kasuetan % 100 igoko da zerga, Udalari eragiten dion gastuagatik. Bestetik, fatxadetan kutxazain automatikoak ipintzeagatiko tasa % 10 igo dugu, 10 urte aldatu barik egon ondoren”, dio Ealok: “Azpimarratzekoa da legealdi honetan gure helburua dela zergen ordainketan progresibitatea aplikatzea, eta hori egingo dugu”.
Ordenantza fiskalak eguneratzearekin, hiru helburu lortu nahi ditu Galdakaoko udal gobernu taldeak: “Alde batetik, azken urteetan hainbat egoerengatik landu ez diren eguneratze fiskalak martxan jartzea; bestetik, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitateari eustea, azken urteetan zerbitzu horiei atxikitako kostuetan izandako igoera kontuan hartuta; eta amaitzeko, karga fiskala herritarren artean birbanatzeko asmoz, familia ugariei hobariak ematea, familia unitatearen errentean arabera”, dio Ealok.
EH Bilduk eta Usansolo Herria udaltaldeen aldeko botoekin, Auzoaken eta PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin onartu dituzte 2024ko ordenantza fiskalak. Zergak eta tasak igotzearen ondorioz, Udalaren diru-sarrerak 300.000 euroan handituko direla adierazi dute ez-ohiko bilkuran.
Eztabaida udaletxean
2024ko ordenantza fiskalak eztabaidatzeko ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon. Eztabaidak 40 minutu iraun ditu eta udalbatzako alderdi politiko guztietako ordezkariek hartu dute hitza.
EAJ oposizioko talde nagusiaren izenean berba egin du Alfredo Oleak: “Igoera ez zaigu koherentea iruditzen. Aurten, Udalkutxak adierazi du 1.100 milioi euroko diru-bilketa errekorra izan duela, eta horietatik 23,6 milioi inguru Galdakaoko Udalari egokituko zaizkiola. Horrekin esan nahi dugu uste dugula ez dela beharrezkoa tasak eta zergak igotzea”, dio Oleak, eta gaineratu du: “Galdakaon, biztanleko diru-bilketaren indizea 371,29 da, eskualdekoa (333,44) baino handiagoa, Bizkaia osoa (330,19) baino handiagoa, eta Euskadiko batez bestekoa (357,11) baino handiagoa ere bai. Horrek argi uzten du galdakoztarrek jasaten duten zerga-karga. Uste dugu Udalak lortuko duen 300.000 euroko diru-sarrera hori zerga-igoera baten ordez gastua arrazionalizatuz eta hobetuz lor zitekeela, adibidez”.
Victor Trimiño PSEko bozeramaileak eztabaida hasieran adierazi du alderdi sozialistaren botoa abstentzioa izango zela: “Gure ustez elementu batzuk positiboak direlako eta kontran, beste batzuk gustatzen ez zaizkigulako”. “Progresibitatearen gaia garrantzitsua iruditzen zaigu; igoera zentzuzkoaren barruan sartzen da; eta gobernu-taldearen gardentasun-ariketa aitortzea ere positibo ikusten dugu. Hala ere, begi onez ikusten ez ditugun gaien artean hauek ditugu: proposamena sakonago aztertzeko denbora gutxi; zalantzak sortzen dizkigute hori ote den testuingururik egokiena herritarrei karga handiagoa ezartzeko; eta faltan botatzen dugu Udal honek egin dituen gastu garrantzitsu batzuen bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena”, dio Trimiñok.
Usansolo Herriako Unai Etxezarretak ere (gobernu taldeko kidea) berba hartu du ez-ohiko osoko bilkuran: “Narbamendu gura dugu modifikazio honek suposatzen duen filosofia aldaketa, progresibitateari atea zabalduz eta zaurgarriak diren familiei babesa emanez. Badakigu gehiengoak ez duela ontzat hartuko zergak, tasak eta prezio publikoak igotzea, baina uste dugu aldaketa hau ezinbestekoa dela herria aurrera ateratzeko. Oro har, gutxien dutenekin solidarioagoak izango garela uste dugu”. Auzoak ere gobernu taldeko kide da, baina abstentziora jo dute bi ordezkariek, “zergen eta tasen igoera hori ikusteko modu desberdinak ditugulako”.
Igoera honek bat egiten du Hego Uribe eskualdeko gainontzeko Udalek egin dutenarekin. Hain zuzen ere, Basaurin, Arrigorriagan eta Etxebarrin ere zergak eta tasak % 2 eta % 4 artean igo dituzte; Zaratamoren kasuan 2024an izoztu egingo dituzte eta Zeberion oraindik erabakitzeke dute zer egin.
☉ Galdakao
Merkataritza euskalduntzeko dirulaguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak
Merkataritza sarea indartzeko “plangintza integrala” egin du Galdakaoko Udalak: lehen aldiz diruz lagunduko dute dendarik ez dagoen guneetan oinarrizko beharrak asetzeko denda txikiak zabaltzea, eta, denda guneetan, bertoko komertzioa erakargarriago bihurtzeko obrak egitea ere
Herria biziberritzeko eta herriko merkataritza sarea indartzeko “plangintza integrala” egin du Galdakaoko Udalak, eta horren barruan neurri berriak hartuko dituzte: lehen aldiz diruz lagunduko du Udalak dendarik ez dagoen guneetan oinarrizko beharrak asetzeko denda txikiak zabaltzea, eta, denda guneetan, bertoko komertzioa erakargarriago bihurtzeko obrak egitea ere.
Era berean, Galdakaoko merkataritza euskalduntzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak. Hiru laguntza lerro hauen bidez 82.000 euro banatu ditu Udalak lehen deialdian.
Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak adierazi duenez, “gure dendetan euskararen erabilera normalizatu nahi dugu eta horregatik errotulazioa eta seinaletika euskaraz ere egon daitezen lagunduko dugu. Euskara gai transbertsala da eta gure arloak bere gain hartzen du euskararekiko erantzukizuna”.
Irudi korporatiboa, errotuluak, publizitatea edo webgunean euskalduntzeko dirulaguntzei dagokienez, euskara hutsezkoetan gastuaren % 50 ordainduko du Udalak, gehienez 350 euro, eta euskaraz eta gaztelaniaz egindakoetan, gastuaren % 30 ordainduko dute, gehienez, 175 euro.
“Neurri hau ez da gaztelaniaren aurka joatea, elebitasuna sustatzea baizik. Galdakaoko saltokiak eta erakusleihoak begiratzearekin ondorio batera heldu gara: gaztelaniaz asko dagoela eta euskaraz oso gutxi. Eta hori ez dator bat Galdakaoko egoera soziolinguistikoarekin. Desoreka horri aurre egin nahi diogu eta beste era batera jokatu”, dio Bailonek.
Orain arte merkataritzan euskara sustatzeko dirulaguntzak Euskara arloak kudeatu izan ditu, baina Galdakaoko udal gobernu taldeak erabaki du Merkataritza arlotik kudeatzea laguntza horiek: “Berdintasuna bezala, guretzat euskara gai transbertsala da, hau da, arlo guztiek landu beharreko gaiak dira bai euskara bai berdintasuna. Horregatik dirulaguntza hauek Euskara arlotik atera eta Merkataritza arlora zabaltzea erabaki dugu, azken batean, arlo horrek duelako merkatariekin harreman zuzena eta arlo hori delako merkatarien beharrei erantzuteko hari zuzena duena”, adierazi du Izaskun Barbarias Euskara arloko zinegotziak, eta gaineratu du “diskriminazio positiboa” egin behar dela euskararen alde, “benetako elebistasunaren abiapuntura heltzeko”.
“Merkatariei zuzenean galdetu diegu dirulaguntzak egonez gero euskaraz jartzeko arazorik izango luketeen, eta batzuen erantzuna izan da pozik egingo luketeela; izan ere, gaur egun gaztelaniaz dutelako errotulazioa. Gainera, merkatari asko eta asko euskal hiztunak dira eta egunerokotasunean euskaraz egiten dute herritarrekin”, zehaztu du Barbariasek.
“Ertorkizuneko begirada”
Herriko merkataritza indartzeko helburuarekin, hiru laguntza lerro aurkeztu ditu udal gobernu taldeak: dendarik ez dagoen auzoetan komertzioak zabaltzeko dirulaguntzak; komertzio guneetan dendak berritzeko, modernizatzeko eta hobetzeko dirulaguntzak; eta, paisaia linguistikoa euskalduntzeko dirulaguntzak.
“Lehenengo laguntza lerroari dagokionez, gertuko saltoki berriak sortzea bultzatzen da, behar handiko produktuak eta zerbitzuak saltzeko, litro bat esne erosteko ere ez dagoen lekuetan”, dio Bailonek. Zehazki, Aperribain, Zuatzaurren, Tximelarren, Bengoetxen, Olabarrietan eta Urtebietan oinarrizko beharrak aseko dituzten auzoko dendak irekitzea da gobernu taldearen asmo nagusia.
Kasu honetan, lokalaren alokairuaren % 50a ordainduko du Udalak bi urtez eta gehienez urtean 3.500 euroraino (hilean 291,67 euro). Gainera, inbertsioafren % 50a ere Udalak ordainduko du, gehienez 3.000 euroraino. “Inbertsio hori 3.300 eurora handitu ahal izango da, baldin eta merkatal elkarte bateko kide badira edo irisgarritasun-obrak edo energia-eraginkortasuna sustatzen duten gastuak egiten badituzte”, adierazi du Bailonek.
“Bigarren laguntza lerroan, denok dakigu azken urteotan merkataritza ez dela erraza izan, eta laguntza horien bidez saltokiak ixtea saihestu eta gure saltokiei lagundu nahi diegu, batez ere erdigunean eta Urretan, beren negozioak modernizatzeko, irisgarritasun-obrak eginez edo erakargarriagoa eginez”, dio Bailonek.
Bigarren laguntza lerro horretan % 50erainoko inbertsioa egingo luke Udalak, gehienez 3.000 euroraino, eta 3.300 eurora handitu ahal izango da, baldin eta merkatal elkarte bateko kide badira edo irisgarritasun-obrak edo energia-eraginkortasuna bultzatzeko gastuak egiten badituzte.
“Plangintza integral” baten barruan kokatu du neurria Iñigo Hernando alkateak, herria biziberritzeko eta herriko merkataritza sarea indartzeko plangintzaren barruan. Azaldu du auzoetan oinarrizko beharrak asetzea dela helburuetako bat, eta datozen aldaketen aurrean herria prestatuta egoteko plangintzaren zati ere badela: “Ohiturak, bizitzeko moduak eta mugikortasun joerak aldatzen ari direla kontuan hartuta eta urte batzuk barru Metroa ere iritsiko zaigula kontuan hartuta, bertoko merkataritza sarea indartu behar dugu, prest izan behar dugu”. Laguntzek “etorkizunerako begirada” dutela adierazi du Hernandok.
Iraileko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zioten oinarriei EH Bilduren, UHren, Auzoaken eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin, eta urte amaiera alderako espero dute laguntza horiek erabilgarri izatea.
☉ Galdakao
Ipar Kanalaren erronkari buruzko hitzaldia eskainiko dute gaur Galdakaon Iskander Sagarminagak eta Eider Eibarrek
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak Zazpi Itsasoen Erronka burutu nahi du. Zazpi itsaso horiek dira: Ipar kanala, Cook itsasartea, Molokaiko kanala, Mantxako kanala, Katalinako kanala, Tsugaruko itsasartea eta Gibraltarko itsasartea.
Iaz Mantxako kanala zeharkatu zuen galdakoztarrak, Erresuma Batutik Frantziaraino, eta aurtengo abuztuaren 31n Ipar Irlandatik Eskoziara bitarteko zeharkaldia egiteari ekin zion, baina ezin izan zuen burutu, “itsasoa oso bortitz jarri zelako”.
Iskanderrek GEURIAri aitortu zion abuztuan bertan “oso zaila” zela egun bat topatzea zeharkaldia egiteko: “Eguraldia oso ezegonkorra da Ipar Kanalean, eta haizea da arazorik handiena; zeharkaldia beri egin behar da marea hiletan, bizietan ezinezkoa da”.
Ipar Kanalaren erronka herritarrek gertutik ezagutzeko, Iskanderrek berak eta Eider Eibar ilustratzaileak —eta Iskanderren bidelagunak— hitzaldia emango dute gaur, urriak 3, Galdakaoko Basoa tabernan, 19:00etan.
☉ Galdakao
Galdakaon zehar mugitzeko moduei buruz hausnarketa egingo dute Ondare Jardunaldietan
Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urrian: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Hego Uribe eskualdean hainbat jarduera antolatu dituzte.
Galdakaon bi hitzaldi antolatu dituzte urriaren 3an eta 17an, hurrenez hurren: ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ eta ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’.
Juanjo Olaizola Elordi historialari gipuzkoarrak eskainiko du ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ hitzaldia urriaren 3an, 19:00etan Torrezabalen: Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz arituko da Olaizola, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte.
“Historia horretan, funtsezkoa izan da 1882an inauguratu zen Bilbotik Durangorako trenbidea, Euskadiko bide estu eta zerbitzu komertzialeko lehena, bai eta Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia ere, 1902an martxan jarri zena. Azken hori duela 60 urte desagertu zen arren, trena Galdakaoko komunikazioen bizkarrezurra izango da”, diote udal ordezkariek.
Bigarren hitzaldia Juan Manuel Etxebarria Ayesta galdakoztarraren eskutik izango da, urriaren 17an, 19:00etan, Torrezabalen: ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’. Euskal erromeriek topaleku legez izandako ibilbidea jorratuko du Etxebarriak, leku-denboretako aldaketak kontutan hartuta.
“Besteak beste, hitzaren etimologia aztertuko du, eta eliza, santutegi eta ermiten inguruko erromerietatik dantza folklorikora izandako bilakaera historian zehar. Horretarako, bibliografía idatziaz gain, Gorbeialdeko berriemaileengandik jasotako testigantzak ere erakutsiko ditu Etxebarriak”, diote.
Hausnartzeko tartea
“Jardunaldietan proposatutako gaia herritarrekin hausnarketa bat partekatzeko ere baliatu nahi dugu”, diote udal arduradunek: “Erabil ditzagun herri barruko bideak oinez mugitzeko. Kotxeak alboratu eta leku batetik bestera oinez mugitzeak ingurumena zaintzen lagunduko digu, osasunez bizitzen eta herritarrekin harremantzen”.
Ildo horretan, Bizi Galdakao Oinez leloa duen mapa sortuko du Galdakaoko Udalak, “herriko auzo eta gune desberdinen arteko distantziak adierazita”: “Batetik bestera oinez behar den denbora ere adieraziko du mapak eta erakutsiko digu herriko leku gehienetara joateko 15 minutu baino gutxiago behar ditugula”, diote.
Metrominutu ekimenaren bidetik sortuko da mapa, Europako Batasunaren 2030 agendaren printzipioetan oinarrituta; hain zuzen ere, herri eta hiri barnean oinez mugitzea sustatzea da helburua. Basaurin 2021eko irailean aurkeztu zuten Metrominutu ekimena.
☉ Galdakao
Programa / Elexaldeko jaiak 2024
Elexaldeko jaiak izango dira Galdakaon, urriaren 5ean eta 6an. Goiko Elizako Batzarra Kultur Elkarteak hamaika jarduera antolatu ditu, hala nola, kultur irteera, artzain txakurren erakustaldia, soka-dantza, herri bazkaria eta erromeria.
Programa / Elexaldeko jaiak 2024
Urriak 5, larunbata
08:30 Kultur irteera Xabier Orue-Etxebarriaren eskutik eta Ganguren Mendi Taldearen laguntzagaz
09:00 Kalejira auzotik
10:00 Artzain txakurren nazioarteko zortzigarren topaketa
11:00 Hamaiketakoa jai esparruan
13:00 Sari banaketa
13:30 Inguruko fruta, barazki eta produktuen enkantea, Eguzkik animatuta
14:30 Soka-dantza Andra Mari dantza taldearekin
15:00 Herri bazkaria herriko txoko eta taldeekin
16:30 Musika girotzea eta bertsolariak
17:00 Umeentzako herri jolasak eta buruhandiak
18:00 Musika emanaldia Andra Mari elizan
19:00 Erromeria jai esparruan
Urriak 6, igandea
13:00 Elexaldeko hildako guztien omenezko meza
☉ Galdakao
Galdakaoko ekintzaileek 1.500 eurora arteko laguntza jasoko dute negozio berriak sortzeko
Galdakaoko ekintzaileak edo herrian bertan negozio bat sortuko dutenak diruz lagunduko ditu Udalak.
Hain zuzen ere, negozio bat abian jartzea pentsatzen ari diren baina oraindik autonomo gisa ari ez diren langabeei 1.500 eurora arteko dirulaguntza emango die Udalak.
Bi laguntza ildo zehaztu ditu Galdakaoko Udalak Lanbiderekin elkarlanean: alde batetik, negozio ideiak garatzera bideratutakoak, eta, bestetik, proiektuak garatzera bideratutakoak, behin ideiak definituta daudenean.
Laguntza hauetan interesa duten pertsonek Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arlora jo dezakete 94 401 05 80 telefonora deituz, janirebehargintza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz edo Zabalea auzoa 35, atzealdea helbidean dagoen Behargintzako bulegora hurbilduz. Dirulaguntza eskatzeko azken eguna urriaren 24a da.
Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza
“Autoenplegu zerbitzuaren bitartez, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza eskainiko diegu laguntza horien eta beste batzuren eskaerak aurrera eramateko beharrezkoak diren izapideak egiteko eta ezinbesteko betekizunei buruzko beharrezko informazioa lortzeko”, diote udal ordezkariek: “Gainera, Behargintzako bulegoak ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die gainerako laguntza eta izapideetan, deialdi berriak ireki ahala eta pertsona bakoitzaren beharren arabera”.
Ildo horretan, aurten dagoeneko 50 herritar baino gehiago artatu ditu Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arloak: “Horietatik, 25 enpresa berri sortu dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, guztira 119.000 euroko laguntzak izapidetuz”.