Sareak

☉ Galdakao

Zuhatzu eta N-634 errepidea lotzeko zubi berria eraikitzen hasi da Galdakaoko Udala

Zubia eraikitzearen helburua da Plazakoetxetik kamioien trafikoa ateratzea. Gainera, Txomin Egileor ingurua berriztuko du Udalak bigarren fase honetan

|

Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea Zuhautzuko obretan // Geuria

Zuhatzu ingurua berritzen ari da pixkanaka Galdakaoko Udala. Pandemia ostean Eusko Jaurlaritzak eta URAk Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko obrak hasi eta iazko azaroan bukatu ostean, Galdakaoko Udalak Ibaizabal ibaiertza “herritarren gozamenerako eta ongizaterako eremu” bilakatu du.

Hain zuzen ere, Mercadillo zubitik Torrezabal zubiraino doan ibilbidea berritu du Udalak: “Galdakaok berreskuratu du espazio natural bat, Ibaizabal herriarekin konektatzen duena. Galdakaok behar zuen horrelako espazio bat eta hori ikusten da egunerokoan: herriatarrak paseoan edo kirola egiten ikusten ditugu ibilbide berri honetan; mugikortasuna sustatu dugu”, adierazi du prentsaurrekoan Iñigo Hernando alkateak.

Ibilbidea berrituta, obrak bigarren fase batean sartu dira orain: zubi berri bat eraikiko dute aurten N-634 eta Zuhatzu lotzeko.

Zubia eraikitzeko lanak hasi dituzte eta Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak adierazi duenez, obrak urtea amaitu aurretik bukatuko dituzte: “Hilabete honetan hasi dituzte lanak eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte”, dio Egiraunek.

Ibilbidean zehar sortutako espazio berriak hornituko ditu Galdakaoko Udalak // Geuria

Zubi berria ibilgailuentzat zein oinezkoentzat izango da eta Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du. “Zubi berriari esker trafiko gehiena Galdakaoko sarreratik ateratzea lortuko dugu. Kamioiek, esaterako, ez dute Plazakoetxeko biribilgunera joan beharko, eta horrek esan nahi du Txomin Egileor kaletik ere ez direla igaroko”, dio Egiraunek, eta gaineratu du: “Txomin Egileor kaleko bizilagunak lasaiago biziko dira”.

Ildo horretan, Txomin Egileor kalea guztiz berrituko dutela gogorarazi du Egiraunek: “Urtea amaitu aurretik hasiko gara Txomin Egileor kalean esku hartzen”.

Zehazki, norabide bakarrekoa izango da kalea (oraindik Udalak ez daki zein norabidekoa izango den), eta bidegorri bat ere eraikiko dute. Aurtengo aurrekontuan dago zehaztuta obra hori eta guztira 1,4 milioi euro bideratuko dituzte: erdia Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko du.

Espazio berriak Zuhatzun

Beste alde batetik, Zuhatzu inguruan “beste esku hartze txiki batzuk” egingo ditu Galdakaoko Udalak: “Ibaiaren inguruan sortu diren espazioak hornitu egingo ditugu: Mercadillo zubiaren ondoko parkea, zaharren egoitzaren ondoko lursaila, Santa barbara futbol zelaiaren ondokoa, Maximo Moreno parkea eta skateparkaren atzekaldea”, dio Egiraunek.

Proiektuak eskatu ditu Udalak eta ondoren lizitaziora aterako dituzte obra horiek. “Proiektu integrala izango da”, dio Hernandok.

☉ Galdakao

Argazkiak / Oheak ajea pasatzeko bakarrik ez, lasterketak egiteko ere erabiltzen dituzte Galdakaon!

|

Partaideetako batzuk, ziztu bizian // Geuria

Atzo hasi ziren aurtengo Santakurtzak, eta gogotsu ekion zioten jaiari galdakaoztarrek. Gaur, bigarren egun honetan, oheak kalera atera dituzte, errepidera, eta ohe lasterketak irudi dibertagarri bezain ikusgarriak utzi dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Nork irabaziko du Limoi Saria Galdakaoko jaietan? Inkesta egin dugu!

|

Atzo hasi ziren Galdakaoko jaiak eta bertan izan ginen GEURIAko kazetariok. Kuadrillen desfilea bitartean inkesta egin genuen gazteekin: Zein kuadrillak irabaziko du aurtengo santakurtzetarako sortu berri duten Limoi Saria? Eta zeinek kenduko dio txapeldunaren lekua Patxikuri?

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Gora Galdakaoko jaiak! Eta gora Oier pregoilaria eta Ainhoa txupinera!

|

Lehertu da jaia Galdakaon! Santakurtzei hasiera eman diote galdakoztarrek! Oier Ibarretxe boxeolariak pregoia irakurri du udaletxeko balkoitik eta Ainhoa Artetxe Zaukena Zauk kuadrillako kideak bota du txupina. Bertan izan gara herritarrek artean!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Itzel hasi dira Galdakaoko santakurtzak!

|

Jendea, txupinazoan // Geuria

Hasi dira Galdakaoko jaiak! Kuadrillen desfilean 64 kuadrillak hartu dute parte aurtengo Galdakaoko jai hasierako kalejira erraldoian. Momentu berezienak harrapatu ditugu kamerarekin.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdabusak gaueko zerbitzu berezia eskainiko du Galdakaoko jaietan, 01:00etatik 07:00etara

Galdakao erdialdetik, Urretara, Bengoetxera, Olabarrietara, Aperribaira, Arkotxara eta Zuhatzura iritsiko da gaueko autobus zerbitzua, eta ibilbidean zehar, eskatzen den lekuetan geldituko da, baldin eta gidariak egokitzat jotzen badu

|

Orain arte Gautxoriak ematen zuen zerbitzua Galdabusak emango du aurtengo jaietan // Geuria

Santakurtzei hasiera emango dion txupina ordu batzuk barru botako du Ainhoa Artetxe Zaukena Zauk kuadrillako kideak, Oier Ibarretxe boxeolariak pregoia irakurri ostean.

Jaiaz egunez zein gauez disfrutatu ahalko da, eta zentzu horretan, gauetan etxera lasai heltzeko helburuarekin gaueko autobus zerbitzu berezia jarriko du martxan Udalak Galdabusaren bitartez, irailaren 13an, 14an, 20an eta 21ean.

Juan Bautista Uriarte kaleko 30. zenbakitik irtengo da 01:00etatik 07:00etara bitartean, orduro, eta hau da egingo duen ohiko ibilbidea: Urreta – Bengoetxe – Olabarrieta – Aperribai – Arkotxa – Zuhatzu.

Ibilbidean zehar, eskatzen den lekuetan geldituko da Galdabusa —ezarritako ibilbidetik irten gabe—, baldin eta gidariak egokitzat jotzen badu.

Bestetik, Arratiarantz joateko beste autobus zerbitzu bat ezarriko du Galdakaoko Udalak irailaren 14an eta 21ean. Plazakoetxetik irtengo da 02:30ean eta 05:00etan.

Osorik irakurri