→Galdakao

Galdakaok Euskal Herriko garagardo ekoizleak hartuko ditu urriaren 23tik 25era

galdakao basque beer fest donostiako argazkia 2015

Bizkaiko “Basque Beer Fest” lehenengo edizioa ospatuko da asteburu honetan Iturriondo plazan. Garagardo dastaketak eta ikastaroak, musika zuzenean, kale animazioak eta nekazaritza-azoka izango dira.

“Basque Beer Fest” Bizkaiara iritsiko da aurreneko aldiz eta zentzu horretan Galdakaok hartuko du lehenengo edizioa. Euskal Garagardo Elkartea da ekintza honen arduraduna, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, eta jarduera programa zabala eskainiko dute Iturriondo plazan.

Jaialdi honetan garagardoa dastatu ahal izango dute bertaratutakoek, baita musika zuzenean entzuteko aukera ere: Txertubi taldea ostiralean 21:30ean eta Deiedra taldea larunbatean 21:30ean. Era berean, kale animazioa egongo da asteburu guztian zehar.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “ekintzak adin desberdinetako jendearentzat diseinatu dira eta benetako euskal garagardoaren zaporea ezagutu ahal izango dute hurbilduko direnek“. Horiek horrela, gazteentzat talo-tailerra antolatu dute urriaren 24an 17:00etan.

Urriaren 25ean, igandez, nekazaritza-azoka egongo da eta bertan etxean garagardoa egiteko ikastaroa egongo da. Horretarako aldez aurretik izena eman behar dute interesatuek Iturriondo plazako karpan bertan eta 5 euro ordaindu behar dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak