Galdakaok bigarren hozkailu solidarioa jarri berri du DYAk Urretan duen lokalaren ondoan, Udalaren eta Boluntarioen Gizarte Elkartearen ekimenez.
Estatuan eta nazioartean aitzindaria da Galdakao. Izan ere, apirilaren 30ean lehendabiziko hozkailu solidarioa abiarazi zuten. Ekimen honek arrakasta eta ospe handia lortu ditu eta hainbat hiritan ere zabaldu da. Orain, Galdakaok bigarren hozkailu solidarioa kokatu du Urreta auzoan, DYAren lokalen ondoan. “Euskadin erreferente den ekimen honek Galdakaoren alderdi solidarioan sakontzen du, eta gure ezaugarririk onenak erakusten ditu“, diote arduradunek.
Helburua egoera onean dauden elikagaiak alferrik ez galtzea eta behar dituzten pertsonen eskura jartzea da. Hainbat herrialdetatik informazio-eskaerak bidali dituzte, Estatu Batuetatik eta Ingalaterratik, adibidez.
200-300 KILO ELIKAGAI
Alvaro Saiz Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko (GBGE) koordinatzaile arduradunak azaldu duenez, “lehen hozkailuan hilean 200-300 kilo elikagai artean bildu ditugu, kopuru zehatz bat ematea zaila den arren“.
Hala ere, esan dute herritarren kontzientziazioari esker, gero eta elikagai gehiego biltzen dituztela. Horiek horrela, gero eta gehiago dira laguntzen duten partikularrak.
GALDAKAOTIK MUNDURA
Hozkailu solidarioa Galdakaotik kanpo ere zabaldu da. Murtzian dagoeneko lehendabizikoa jarri dute eta beste udalerri askok parte hartzeko interesa azaldu dute. Ildo horretatik, Alvaro Saizek azaldu du EHUk hozkailu bat jarriko duela Ostalaritza Eskolaren ondoan, Deustuko elkarte batek beste hainbat ipini nahi dituela eta informazioa eskatu dietela Zornotzatik, Durangotik, Toledoko Quero herritik, Pintotik, Cartagenatik, Bartzelonatik, Madriletik, Alacantetik, Malagatik, baita AEBtatik, Ingalaterratik, Frantziatik eta Italiatik ere.
