Galdakaoko IV. Herri Krosean izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta lasterketa egunera arte irekita mantenduko da
Galdakaoko Udalak eta Atletismo Taldeak elkarlanean antolatzen duten Herri Krosa herrikoia da eta bertan atleta federatuek zein herritarrek partekatu ahal izango dute ibilbidea asfalto gainean. 11:00etan hasita, 8 urtetik beherakoek (nagusi batek lagunduta) eta benjaminek (2005 eta 2006 urteetan jaioak) 600 metroko ibilbidea egingo dute. Kimuen (2003 eta 2004 urteetan jaioak) lasterketak 1.000 metro izango ditu eta 11:15ean hasiko da. Haurren eta kadeteen (2000, 2001 eta 2002an jaioak) txanda 11:30ean helduko da eta 2.000 metroko ibilbidea egingo dute. Kategoria paralinpikoa 12:00etan hasiko da eta 1.000 edo 2.000 metroko ibilbidea markatu zaie. 16 urtetik gorakoek, hau da, gazteek, juniorrek, seniorrek eta beteranoek 12:30ean hasiko dute krosa: Gazteen eta juniorren distantzia 4.120 metrokoa da eta seniorrena eta beteranoena 8.240 metrokoa.
Udal webgunean egin daiteke inskripzioa, baita krosaren egun berean ere goizeko 09:00etatik 10:30etara Antolakuntzako standean, Urreta kiroldegiaren ondoan. Izen ematea 5 eurokoa izango da. Aurreneko 900 inskripzioek oroigarrizko kamiseta jasoko dute.
SARIAK GUZTIENTZAKO
Kategoria seniorrean bai gizonezko bai emakumezko lehenengo sailkatuek garaikurra eta txapela eramango dute. Bestetik, kategoria absolutuan sariak eskudirutan emango zaie emakumezko eta gizonezko lehengo hirurentzat: 100, 60 eta 40 euro hurrenez hurren. Era berean, herriko emakumezko eta gizonezko lehenengoarentzat saria egongo da kategoria absolutuan.
Lasterketa eta sexu bakoitzeko lehenengo hirurentzat ere garaikurrak banatuko zaizkie, eta proba amaitutakoan janari eta edari poltsa bat banatuko zaie parte-hartzaileei eta izena eman duten atleta guztien artean sari-zozketa egingo da.
