Ekimenean izena emateko azken eguna 2015eko maiatzaren 15a izango da. 1998. eta 2000. urteen artean jaio direnek parte hartu ahal izango dute.
Galdakaoko gazteek 2015eko udan gazte irlandarrekin kultur-trukea egiteko aukera izango dute, egonaldia partekatuz bai Galdakaon bai Irlandan. Ekimen hau 1998, 1999 eta 2000 urteetako gazteei zuzenduta dago eta ingelesaren ezagutza izan beharko dute. Truke hau Galdakaon uztailaren 2tik 11ra izango da eta Ipar Irlandan abuztuaren 4tik 13ra bitartean.
Guztira 12 plaza esleituko dira. Zozketa egingo da, inskripzioa pertsona gehiagok egin badute. Elkartrukean parte hartuko dutenen zerrenda maiatzaren 18ko astean argitaratuko da.
Argizai Eskaut Taldearen proiektua da eta Galdakaoko Udalak ere laguntza ematen du. “Proiektu honen helburua herrialde desberdinetako gazteek esperientzia bat izatea, kultura desberdinak ezagutzea eta euren intereseko gaiak lantzea da“, diote antolatzaileek. Iaz Txekiako Errepublikara bidaia antolatu zuten.
NOLA PARTE HARTU?
Interesaturik dauden gazte guztiek maiatzaren 15era arte izango dute zabalik izena emateko epea Indarraren lokaletan 09:00etatik 13:00etara edo argizai@gmail.com helbide elektronikora email bat bidaliz izen-abizenekin eta harremanetarako telefono batekin batera. Jardueraren prezioa 200 eurokoa da.
