Etnobotanikan doktoretza bukatu berri du Gorka Menendez galdakoztarrak eta Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak liburua argitaratu du.
Ingurumen Zientzietan lizentziatua da Gorka Menendez (Galdakao, 1986) Euskal Herriko Unibertsitatean eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioan Masterra egin zuen 2009. urtean. Gainera, Etnobotanikaren inguruko tesia 2015ean bukatu eta doktoretza jaso du, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Horrez gain, ‘Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak’ (Beta edizioa, 2014) liburua argitaratu du eta landareen erabilera tradizionalaren inguruan hainbat ikastaro eta hitzaldi eman ditu Euskal Herrian zehar.
Agian, gauza gehiegi denbora laburrean?
Eta ez dituzu gauza denak aipatu! Betidanik gustatu zait gauza asko egitea. Nire izaera da hori. Lizentziatura amaitu eta Masterra egin behar nuela argi izan nuen. Ondoren Etnobotanikaren inguruko tesia egin dut eta liburua tesiaren parte izan da. Lotura izan du denak.
Azaldu liburua idaztearen ideia nola sortu zen.
Berez, ikerketa zientifiko-akademiko batetik abiatzen den lana da. Azterketa oso akademikoa da eta tesia egiteko herri-jakituria jaso dut. Horren harira, erantzukizuna hartu nuen herriari tonu dibulgatzailean eta herritarren ulertzeko moduan liburu bat argitaratzeko. Hortik dator ideia, eta helburua hori da: nik jaso nituen jakituriak herriari zabaltzea.
‘Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak’ idazteko berariazko laguntzarik jaso duzu?
Publikazioa egin ahal izateko, Ilintia Ikerketarako Elkarteak dirua jarri zuen. Bestetik, zuzenketa lanak Josu Larrañagak, Angel Larreak eta Idoia Biurrunek egin zizkidaten. Biurrun botanikaren inguruan oso aditua da.
Zein da liburuaren funtsa?
Izenburuak dena dio: Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak dira liburuaren oinarria. Herri-medikuntza eta jakituria etnobotanikoan zentratzen da, hau da, lan etnografiko-antropologikoa da eta gure baserritar munduan osasuna nola ulertzen den islatu dut, batik bat, zein landare erabiltzen diren eguneroko gaixotasunak sendatzeko.
Eguneroko gaixotasunak sendatzeko baserritarrek erabiltzen dituzten landareak dira liburuaren funtsa. Baserritarren bizimodua aztertzeak motibatzen nau. Autogestioa da euren munduaren oinarria, nirekin bat datorren ikuspegia da”
Bide batez, azaldu zergatik aukeratu zenuen Etnobotanika tesia egiteko.
Jende gutxik aukeratzen du Etnobonatika. Nire kasuan, Ingurumen Zientzietan lizentziatu eta gero, Etnobotanikaren inguruan egin nahi nuen tesi doktorala, batez ere, baserritarren bizimodua aztertzeak motibatzen nau, gaur egungo gizartearekin alderatuz oso ezberdina delako, baina bizirik dagoen bizimodua delako.
Eta, zertan da ezberdina?
Autogestioa da baserritarren munduan oinarrizkoena eta nik ere, pertsonalki, beti izan dut planteamendu hori. Baserritarrak, adibidez, oso kapazak dira, ez bakarrik osasunari dagokionez, baizik eta elikaduran ere bakoitzak berea gestionatzean. Gainera, diru gutxirekin. Horrek interesa sortu zuen nigan eta horretan oinarritu nintzen tesia egiteko.
Hortaz, kontsultatu dituzun iturri nagusiak dira baserritarrak.
Hala da. Elkarrizketa etnografikoen bitartez joan nintzen osatzen tesia. Guztira, gutxi gorabehera, 280 pertsona elkarrizketatu nituen. Arratia ingurukoak izan dira elkarrizketatu gehienak, Gorbeialdekoak, Karrantzakoak eta Aramaiokoak.
280 elkarrizketa egin ditu Gorka Menendezek Etnobotanikaren inguruko tesia egiteko
Zaila izan al da iturri horiek aurkitzea?
Ez. Arratian familia daukat eta horien bidez beste baserritar batzuk ezagutu ditut. Horiek beste batzuengana eraman ninduten, eta horrela sortu nuen elkarrizketa sare hori.
Elkarrizketa horietan zerbaitek harritu al zintuen? Agian, sendabelar bereziren bat…
Arratia inguruan belar berezi asko daude. Esate baterako, eleboroa (helleborus). Europako kultura guztietan belar oso pozoitsu bezala ezagutzen zen eta ez zuen inork hartzen, baina hemen umeei ematen zieten, tripetako bisiguak kentzeko.
Zure ustez, sendabelar tradizionalek aurre egin behar al diete sendagai kimikoei?
Eztabaidagai dagoen kontua da hori. Nire ikerketa-liburuan herri-jakituria besterik ez dut landu eta ez dut estudio farmakologikorik egin. Lehen osasuna modu integralago batean ulertzen zutela esango nuke eta erremedio tradizionalagoak erabiltzen zituzten. Gaur egungo medikuntzan aurrerapen asko egin dira eta hori ukaezina da. Nire ustez, argi dago bietan ikusi ahal direla akatsak, baita onurak ere.
