→Galdakao

Galdakaoko Haurreskola berria prest egongo da datorren ikasturterako

galdakao haurreskola berria 2016 proiektua

Galdakaon Haurreskola berria eraikitzeko obren adjudikazioa lizitatu berri du Udalak, gehienez 620.000 euroko inbertsioa eginez.

Agirre Lehendakariaren plazan Haurreskola berria eraikitzeko obren adjudikazioa lizitatu berri du Galdakaoko Udalak, gehienez 620.000 euroko inbertsioa eginez. Obrak behin adjudikatuta, zortzi hilabeteko epean prest egongo dela aurreikusi dute udal ordezkariek.

Zentro berriak Bizkai kaleko gaur egungo Haurreskola ordezkatuko du eta Haurreskolen Patzuergoak egindako hainbat ekarpen sartuko dituzte proiektuan. Era berean, aldaketa hauek ezarriko dituzte:

  • Egitura 50 zentimetro igotzea, bere erdi-lurperatzea soilik 70 zentimetrokoa izan dadin eta goikaldean oztopo arkitektonikorik sortu barik (hasieran 1,20 metroko erdi-lurperatzea jasotzen zen).
  • Gelak banatzeko korridorea zabaltzea eta ebakuzio-neurriei buruzko araudia hobetzea.
  • Eskailerak kentzea eta sarrera nagusia arrapala izatea.

Haurreskola berriak sei eremu izango ditu 0-1 urte bitarteko haurrentzat, bost eremu 1-2 urteko haurrentzat, sukaldea, jantokia, bileretarako gelak, administrazioa, zerbitzuak eta 100 metro koadroko jolasgunea kanpoaldean, beste gela batzuen artean.

Gurasoen kezkak argituta

Haurreskola berriaren kokapenaren egokitasuna hizpide, haurren gurasoak kezkaturik agertu ziren. Izan ere, Agirre Lehendakariaren plaza jendez beteta egoteak eta batetik bestera herritar asko ibiltzeak kezkaturik utzi zituen gurasoak.

Egoera horren aurrean, Galdakaoko Udalak Haurreskolen Patzuergoari kezka horiek helarazi dizkio eta honako erantzuna jaso du: “Planteatzen den kezkaren aurrean jakinarazten dugu Haurreskolen Partzuergoaren aldetik ez dagoela inolako arazorik haurreskola berriaren kokapenaren aldetik. Gainera, Haur Hezkuntzako curriculuma zehazten duen abenduaren 22ko 237/2015 Dekretuan, besteak beste, haurraren eskolak ingurunera zabaldu behar direla eta adin horretan familiako, eskolako eta komunitateko partaide direla ikasten dutela zehazten da, horretarako egokia izanik haurreskola inguru hauetatik hurbil kokatuta egotea”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak