Sareak

☉ Galdakao

Janire Egaña: «Opari bat da Itziarrekin batera hau egitea; gu bion artean daukagun maitasunaren adierazle artistikoa da»

‘Bidaia-Die Reise’ ikuskizunean hartu dute parte Janire Egaña galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak, euskaraz, alemanez eta gaztelaniaz. Eurekin izan dugu solasaldia

|

[2023ko azaroaren 30ean argitaratutako elkarrizketa – Geuria 102] Lagun minak aspalditik, hainbat proiektu dituzte elkarrekin Janire Egaña galdakoztarrak (Galdakao, 1968) eta Itziar Ituño basauriarrak (Basauri, 1974). Azkena, ‘Bidaia-Die Reise’ ikuskizun multidisziplinarra. Beste hamar musikari eta dantzarirekin batera uztailean Alemanian estreinatu zuten obra eta azaroaren hasieran ekarri zuten Euskal Herrira, Gasteizera. Euskara, alemana eta gaztelania uztartzen dituen proiektu “bakar” honi buruz, elkarrekin bizi duten esperientziaz eta musikarekin duten harremanaz hitz egin dugu biokin, oso gustura.

‘Bidaia-Die Reise’ ikuskizuna. Zer da?
Itziar Ituño: Gai asko jorratzen dira. Bidaia kontzeptu moduan, metafora moduan, barnean duen guztia lantzen da. Bizitza den bidaia, herri batetik bestera egindako bidaiak, etorkinen bidaiak, norberaren barneko bidaiak… Kontzeptu bezala, zentzurik zabalenean hitz egiten da bidaiez. Eta gero jorratzen da musika, kantak, dantza eta interpretazioa.

Marcus Englert, Alos Quartet, Hika Teatroa eta Dangiliskeren arteko elkarlana da ikuskizuna.
I.I.: Istorio nahiko bitxia dago atzean. Marcus nirekin harremanetan jarri zen nire agentearen bitartez. ‘La casa de papel’ ikusi zuen semeek esanda, eta gero sareetan kuxkuxean ikusi zuen Dangiliske eta Ingot taldearekin musika egiten genuela. Nire agentearen bitartez berak konposatutako kanta heldu zitzaidan eta elkarrekin kanta hura kantatzeko proposamena luzatu zidan. Kanta alemanez zen: ‘Die Reise’.

Alemanez ba al dakizu, Itziar?
I.I.: Ez, nik ez dakit alemanez, eta hasieran pentsatu nuen: ‘Zelan kantatuko dut nik kanta alemanez?’. Baina gero, kanta entzunda, oso ederra iruditu zitzaidan eta erronka bezala hartu nuen. Belarriz ikasi nuen abestia, banekien gutxi gorabehera zer esaten zuen eta grabatu egin genuen. Eta hortik aurrera, Marcus ezagutu nuen, baita bere emaztea Ursula ere. Ursula pieza klabea izan da elkarlan honetan, bera izan baita ‘bidaia’ honetan motorra eta energia positiboa.

Argazkia: Ursula Maier

Eta forma eman zenioten ikuskizunari.
I.I.: Alos Quartet taldearekin ere kontaktatu zuen Marcusek, eta Xabi Zeberio taldeko kideak deitu zidan: “Aizu, zoro batek deitu dit alemanez eta galdetu gura nizuke nor den, zer den”. Batu ginen duela bi urte, Gabonetan, Basauriko Musika Eskolan eta proiektuaz berba egin genuen.

Ikuskizuna alemanez, euskaraz eta gaztelaniaz da.
I.I:: Hasierako ikuspegia zen kanta batzuk alemanez eta beste batzuk gaztelaniaz egitea, baina guk esan genion ez genuela gure burua ikusten horrelako formatu batean. Gu euskaldunak gara eta euskararen presentzia bermatu nahi genuela esan genion, eta prest agertu zen.

Eta zuk, Janire, zelan hartu zenuen proposamena?
Janire Egaña: Itziarrek aldez aurretik aipatu zidan, baina beste alde batetik, Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak deitu zidan 2021eko udan. Garai hartan eskumako eskua igeltsatuta neukan, erradioa eta kubitua apurtu bainituen. Niretzat erronka bat izan zen pentsatzea baietz esaten banuen are erronka handiagoa nuela sendatzeko.

Baina onartu egin zenuen azkenean erronka.
J.E.: Bai. Agurtzanek esan zidan oraindik urtebete neukala aurretik guztiz osatzeko, eta lasaiago geratu nintzen. Eta baietz esan nuen, baina ez erronkagatik bakarrik: hau guztia Itziarrekin egin ahal izatea eta aurrez aurre ezagutzen ez nituen musikariekin esperientzia bizitzea niretzat musika munduan heldutasun handiagoa lortzea zen.

Argazkia: Ursula Maier

Lehen abestia alemanez zela komentatu duzue. Baina musikak ez du hizkuntzez ulertzen, ezta?
J.E.: Gaztelaniaz eta alemanez grabatu zutenean entzun nuen nik abestia, eta lehenengoan esan nuen: alemanez ere askoz ere gehiago sentitzen dut. Politagoa eta ederragoa iruditzen zitzaidan, alemanez ezer ulertu barik! Gainera, aleman batek sortutakoa izanda, nire ustez, errespetua horri zor diogu. Are gehiago, hemen zenbat musika entzuten dugu alemanez? Ingelesez asko, baina alemanez ezer ez.
I.I.: Alemana oso hizkuntza ederra da musikarako. ‘Bidaia-Die Reise’ ikuskizunean hiru kanta daude alemanez, beste hiru euskaraz eta pare bat gaztelaniaz. Marcusen proposamena izan zen hori.

Aurtengo uztailean estreinatu zenuten ikuskizuna Alemanian, baina aurretik entsegurik egingo zenuten.
J.E.: Marcus etorri izan da hona. Izan ere, Bilboko Aleman eskolara etorri da lanera hiru urterako. Eta entseguak Aleman eskolan bertan egin genituen, auditoriumean.
I.I.: Hiru entsegu egin genituen. Estreinaldia Kapfenburg gazteluan izan zen (Alemania), bertan ospatzen den jaialdi batean, eta emanaldia baino sei egun lehenago joan ginen bertara entseguak bertan egitera. Egunero, denok batera, entseatzen genuen, egunero elkarrekin gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen genuen. Oso ederra izan zen hori. Udalekuetan egotea modukoa.
J.E.: Musika barnetegi baten antzekoa zen. Energia izugarria zegoen.

Eta, uztailaren 21a iritsi zen: estreinaldi eguna Kapfenburg gazteluko jaialdian.
J.E.: 1.200 pertsona etorri ziren jaialdira. Guk ez genekien, baina bertako musika festibala izen handikoa da. Urtero egiten da. Esperientzia ikaragarria izan zen.
I.I.: Guk zabaldu genuen jaialdia. Lehenengo kolpea guk eman genuen. Zoragarria izan zen. Sekulako muntaia egin zuten.
J.E.: Bigarren emanaldi bat ere egin genuen Alemanian, Schwäbisch Gmünd herrian. Hori antzoki itxi batean izan zen, baina mila lagun inguru bertaratu zen.
I.I.: Urduri egon beharrean, babestuta sentitzen ginen. Familia giroan. Eta horrek lasaitasuna ematen zigun.

Estreinaldia Alemanian izango zela eta ez Euskal Herrian, erabakita zegoen?
I.I.: Ez zegoen erabakita. Marcusen helburua obra Euskal Herrian estreinatzea zen. Victoria Eugenia edo Arriaga antzokietan atea jo zuen, baina Agurtzanek esan zion estreinatzeko lekua Alemania izan behar zela, eta gero ekarriko genuela Euskal Herrira. Horrela izan da eta, egia esan, oso ideia ona da.

Euskal Herrian azaroaren 4an estreinatu zenuten, Gasteizen.
J.E.: Hika Teatroak bideratu zuen Gasteizko estreinaldia. Principal antzokian izan zen. Antzerki Asteko lehen emanaldia egin genuen.
I.I.: Ikuskizun bezala garestia da: 12 pertsona gaude taula gainean. Baina Marta Monfort Principal antzokiko zuzendariak apustua egin zuen Gasteizen aurkezteko eta oso ondo joan zen: bete egin zen.

Baduzue beste emanaldirik programatuta?
J.E.: Hainbat antzoki begiratu dituzte, baina oraindik ez dago ezer itxita. Gasteizen estreinatu eta gero, nik uste dut emanaldi gehiago aterako direla; denbora kontua da. Horrelako ikuskizunik ez dago: multidisziplinarra eta modu horretakoa eta, gainera, Alemania eta Euskal Herria lotzen dituena.
I.I.: Niri gustatuko litzaidake Basaurin, Social Antzokian, aurkeztu ahal izatea. Kritika onak jaso ditu eta ziur beste emanaldi batzuk aterako direla.

Hego Uribeko bi lagun min zarete. Zer suposatu du zuentzat bidaia hau batera egiteak?
I.I.: Ederra izan da! Gainera, kanta bat sortu genuen Janirek eta biok beren-beregi obra honetarako. Janirek bazeukan melodia konposatuta, ‘Emari’ film laburrerako egindakoa, eta horri letra gehitu genion. Gure bidaia da, biona. Bizitza bera eta zelan goazen heriotzara, eta zer gelditzen den horren ostean, hori kontatzen dugu. Eszenatokira ateratzen garenean gu biok, berdin zaigu nor dagoen aurrean. Hori momentu magikoa da, ederra! Gero gurekin datoz dantzariak eta Alos Quartetekoak, eta eztanda sortzen da!
J.E.: (Hunkituta) Ez dakit deskribatzen, egia esan. Opari bat da Itziarrekin batera hau egitea. Gu bion artean daukagun maitasunaren adierazle artistikoa da, eta igarri egiten da. Konexio berezi bat sortzen da, ez dugu ezer berezirik egiten horretarako: bihotzetik ateratzen den zerbait da.

Ez dugu Dangiliske taldeaz berba egin. Duela 20 urte inguru sortutako proiektua da.
J.E.: Aspaldi Santurtziko lagun batekin hasi nintzen jotzen, Efrenekin. Eta behin, Basaurin egin zuten manifestazio batean (ez dakit zein manifestazio zen) musikariak nahi zituzten eta Efren eta biok animatu ginen. Eta Efrenek Itziarri galdetu zion ea animatuko zen panderoa gurekin jotzera. Eta hortik aurrera kontzertu txikiak egiten hasi ginen, batez ere, guk ondo pasatzeko. Adibidez, triki-poteoak egiten genituen. Gero, Kilker dantzaria ezagutu genuen eta plaza-dantza egiten hasi ginen. Horrela urte asko eman ditugu. Ondoren pandemia etorri zen eta momentu honetan proiektua geldirik dago.

Ingot taldean ere aritu zarete. Dangiliskerekin harremanik ba al du?
I.I.: Bai, erabateko harremana! Dangiliskeko baxu-jotzailearen, Juanperen, ideia izan zen. Hasieran bertsioak egiten hasi ginen, eta gero guk geuk konposatutako musika eta letrak sortzen hasi ginen. Joko bat bezala hasi genuen, baina hor gabiz.

Musikarekin harreman estua duzue. Noiz izan zenuten lehen harremana musikarekin?
J.E.: Nik, oso txikitatik. Aitak eta amak solfeoa ikasi nahi nuen galdetu zidaten. Nik ez nekien solfeoa zer zen ere, baina baietz esan nuen. Pianoa edo akordeoia jotzeko aukera izan nuen, eta ez dakit zergatik akordeoia aukeratu nuen. Barrutik poza ematen didan zerbait da. Basaurin hasi nintzen ikasten, Bentako plazako pisu batean Maite izeneko irakaslearekin. Beragandik asko ikasi nuen, eta nigan eragin handia izan zuen: balio dudala esan zidan.
I.I.: Hamar urterekin izena eman nuen solfeoa ikasteko akademia partikular batean, Astotxoetatik gertu etxe batean. Metodologia aspergarria zen niretzat, Bilboko kontserbatoriora eraman gintuzten azterketa egitera. Utzi egin nuen, oso oroitzapen latza daukat. Gero balletean izena eman nuen eta hortik datorkit erritmoarena; musika presente egon da horretan nire bizitzan. Ondoren, Gotzon Barandiaranek pandero bat oparitu zidan eta jotzen ikasi nuen. Hainbat perkusio tailer ere egin dut. Dangiliskerekin abesten lotsa handia sentitzen nuen, baina mugak gainditzen joan naiz eta erosoago sentitzen. Hala ere, musika ez da nire konfort lurraldea; interpretazioan askoz hobeto moldatzen naiz.

Duela gutxi Madonnak berriro euskarari keinu egin dio. Ez da munduan artista bakarra euskara modu batean edo bestean plazaratzen duena: Rozalén, Silvio Rodriguez edo Julieta Venegas ere entzun ditugu euskaraz abesten. Zergatik da euskara horren erakargarria hemendik kanpo?
J.E.: Ba, egia esan, ez dakit. Beharbada ate batzuk zabaldu dira euskara nazioarteratzeko. Ezagutzen hasi da. Madonnak, adibidez, kasualitatez ezagutu zituen Kalakanekoak eta ate bat zabaldu zitzaion. Kasualitate batzuk sortu dira azken urteetan: esaterako, ‘La casa de papel’ telesailak sare sozialetan izan duen oihartzunak ekarri du Itziarren bidez euskara hemendik kanpo ere ezagutzea.
I.I.: Nik uste dut badagoela zer edo zer. Gogoratzen dut ‘Loreak’ filma Estatu Batuetan estreinatu zela eta hurrengo egunean Washington Postek zutabe bat publikatu zuen esanez hizkuntza exotiko bat entzun nahi duenak, historiaurretik datorrena, zahar-zaharra, hortxe dauzkala euskara eta ‘Loreak’. Daukagun altxorrik handiena da: hain hizkuntza txiki batek, herri txiki batekoa, zelan iraun duen bizirik gaur arte. Uste dut jendea hasi dela horretaz jabetzen. Rozalének esan zidan ‘Xalbadorren heriotzean’ abestu, Youtuben eta Spotifyn eskegi eta bisita gehien eduki duen kanta hori izan dela. Jende askok ez duela ulertzen euskara, baina zerbait pizten duela kantak edo hizkuntzak. Abestiak Rozalén ere hunkitu zuen, jakin barik esanahia zein zen.
J.E.: Hor indar bat dago. Askotan pentsatzen dugu euskara oso txikia dela, eta beharbada oso handia da.

☉ Galdakao

#A21 / Emaitzak / Galdakao / EAJ garaile, baina inoizko lehia estuena EH Bildurekin

#A21 / Galdakao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta kiroldegia handitzeko lanak udan hastea aurreikusi du Galdakaoko Udalak

|

Urreta kiroldegiak izango dituen zenbait espazio berri // Galdakaoko Udala

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko obrak egingo ditu Galdakaoko Udalak. Aurreikuspenaren arabera lanak “uda ingururako” hasi nahi ditu Udalak.

Besteak beste, ariketa kardiobaskularrak, indar ariketak edota yoga egiteko erabilera anitzeko aretoak sortuko dituzte eta horretarako eraikin berri bat eraikiko dute kiroldegiaren sarreraren eta igerilekuaren arteko gune hutsean, solariuma deitzen dioten gunean, alegia.

Era berean, solarium horren azpian dagoen sotoa ere egokituko dute, 500 metro karratu ingurukoa.

Guztira, 1.000 metro karratu berri gehiago izango ditu kiroldegiak, eta aireztapen naturala ezarriko dute. Inbertsioa 3 milioi eurokoa izango da.

Hiru fase

Obrak hiru fasetan burutuko dituzte, “erabiltzaileei ahalik eta kaltre txikiena eragiteko”, diote udal ordezkariek.

Hasteko, beheko solairuaren barrualdea konpontzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte: “Igerilekuetarako irisgarritasuna hobetuko da arrapala bitartez, egungo aldagelak berrituko dira eta bina aldagela eta komun egokitu gehituko dira”, diote udal arduradunek. Lehen fase honetako lanak egiteko lau hilabete erabiliko dituzte, gehienez.

Bigarren fasea kiroldegia handitzekoa izango da. “Solarium gisa ezagutzen den gunean bi solairu eraikiko dira, eta horretarako, lur azpian dagoen sotoa egokituko da aurrena. Fitness eta kardio ariketetarako eremu berriak jarriko dira bertan, eta aldagela berriak. Larrialdietarako irteera berri bat ere gehituko da, besteak beste”, diote. Bigarren faseko iraupena, gehienez, zozrtzi hilabetekoa izango da.

Lan horiek amaitu ondoren ekingo diote solarium guneari teilatua jarri eta bi solairu eraikitzeari. “Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, besteak beste, askotariko ekintzetara egokitzeko”, diote. Enpresa esleipendunak 14 hilabete erabili ahalko ditu, gehienez, lan hauetarako. Guztira, 26 hilabete.

Azterketa fasean

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko lizitazio prozesua azken txanpan da. Apirilaren 17an, asteazkenez, epea bukatu zen enpresek euren eskaintzak egiteko epea.

Orain prozesua azterketa fasean dago, udal teknikarien esku. Apirilaren 24an eta 30ean bilduko da kontratazio mahaia eta bertan erabakiko dute zein enpresak gauzatuko dituen obrak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Herritarren parte hartzerako lehen ordenantza onartu du Galdakaoko Udalak

|

Herritarrak Udalak sustatutako parte-hartze prozesu batean lanean // Galdakaoko Udala

Herritarrek Galdakaoko udalgintzan parte hartzeko bideak eta moduak batzen dituen arautegia onartu du lehen aldiz Galdakaoko udalbatzak gobernu taldearen aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin.

Parte-hartze ordenantzaren bitartez erabakiak hartzeko prozesuetan eta udal intereseko gaien kudeaketan herritarren parte hartzea erraztu eta bultzatuko du Udalak. Besteak beste, Udalaren aurrean herritarrek parte hartzeko dituzten eskubideak jaso dituzte arautegian, baita galdakoztarrek parte hartze prozesuak, kontsultak edo osoko bilkurako gai zerrendan gai bat sartzeko aukera ere.

“Eskaera hauek, eta egin daitezkeen beste batzuk ere, sinadura bilketaren bidez babestu behar dira. Sustatu nahi den ekintza motarako beharrezkoa den sinadura kopurua ere jasotzen du ordenantzak, esaterako”, diote udal ordezkariek. Ordenantzak guztira 170 artikulu ditu, bederatzi titulutan eta 28 kapitulutan banatuta.

2022tik lanean

Ordenantza honen edukia lantzeko, hainbat ekintza bildu dituen partaidetza prozesu publiko bat abiatu zuen Udalak 2022an herritarren, elkarteen, kolektiboen, udal teknikarien eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen ekarpenak eta ideiak jasotzeko.

Jasotako proposamenekin eta Donostia, Gasteiz, Oñati, Tolosa, Bartzelona eta beste udal batzuetako araudien azterketa egin ondoren, ordenantzaren lehen zirriborro bat idatzi zuten.

Iazko abenduaren 21eko osoko bilkurak dokumentuaren behin behineko onespena egin ostean, martxoko osoko bilkuran behin betiko onartuko du udalbatzak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Sakeleko telefonoa erabiltzeko doako tailerra antolatu dute Galdakaon jubilatuei zuzenduta

|

Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak telefono mugikorra erabiltzeko tailerra antolatu du apirilaren 22an eta 24an.

Tailerra doakoa da eta Iberluzeko Etxea Anaitasuna Adinekoen Zentroan egingo da 16:30etik 18:30era bitartean.

“Bi saioko tailer horretan telefono mugikorrari etekin handiagoa ateratzeko ikasiko dute parte hartzaileek”, diote udal ordezkariek.

Tailerrean izena emateko epea zabaldik egongo da apirilaren 8tik aurrera. Interesdunak Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulegora bertaratu daitezke astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era, eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.

Irteera Gernikara

Sakeleko telefonoa erabiltzeko tailerraz gain, jarduera gehiago antolatu ditu apirilean Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak: bisita kulturala Gernikako Euskal Herria Museora eta Gernika-Forua-Axpe ibilaldia.

Bisita kulturala apirilaren 18an izango da eta ‘Markos Gimenoren karteletrak’ erakusketa ikusi ahal izango dute herritarrek: 11:00etan euskarazko taldea antolatu dute eta 12:00etan gaztelerazkoa.

“Erakusketa honetan, Markos Gimenok egindako hainbat palindromo aurkituko dira, baina baita Euskal Herriko hainbat artista, lagun eta diseinatzailek, esaldi horientzako, sortu dituzten obrak ere. Guzti hau antolatzen Joseba Sarrionandia eta Esteban Montorio izan dira”, diote udal arduradunek.

Bisita gidaturako izena emateko epea apirilaren 8an ere zabalduko du Udalak (doan), eta gehienez 15 lagun joan ahalko dira talde bakoitzeko.

Gernika-Forua-Axpe ibilaldia

Bestetik, Gernika-Forua-Axpe ibilaldia apirilaren 25ean antolatu dute. “12 kilometroko ibilbide lineal ederraz disfrutatu ahal izango dute herritarrek”, diote Udaletik.

Honako gune hauetatik igarotzen da ibilbidea: Gernika, Urbieta, Oka Ibaia, Forua, Gordiz, Zarragagoikoa, Foruko Bidea, Lakaena, Maitea Baserri, Axbiribil (Atxondo), Karabizurrieta, Goikogana, Irestagorri, Artolena, Birjinarestigoikoa, Altamira, San Bartolome, eta Axpe Ermita (Busturia).

Txangoan izena emateko epea apirilaren 12an zabalduko du Udalak (doan) eta gehienez 30 lagun joan ahalko dira.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Jai Batzordeak logoa izango du eta hori aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute

|

Galdakaoko jaien hasiera iaz // Geuria

Galdakaoko Jai Batzordeak logo propioa izango du. Hala erabaki dute Jai Batzordeko kideek, eta logoa zehazteko lehiaketa zabaldu dute.

Lehiaketan 16 urtetik gorako lagunek parte hartu ahal izango dute. Diseinuak bidaltzeko epea zabalik dago ekainaren 1era arte.

Parte hartzaileek galdakaokojaibatzordea2020@gmail.com helbidera elektrikora bidali behar dituzte euren diseinuak, Logo gakoa idatzita. Pertsona bakoitzak logo bat baino gehiago bidali ahal izango ditu.

Jai Batzordeko kideek zehaztu dutenez, logoa “kolore bakar batekoa” izango da eta bi modutan aurketu behar da: batean ‘Galdakaoko Jai Batzordea’ argi ikusi beharko da, eta bestean, irudia baino ez da agertuko, testurik gabe.

“Tipografia ere librea da”, diote, eta gaineratu dute debekatuta dagoela Inteligentzia Artifizialaren bitartez logoa egitea.

Ekainaren 15ean egingo dute publiko logo irabazlea eta egilearen izena. Epaimahaia Jai Batzordearen lantalde batek osatuko du, “eta komenigarriak izan daitezkeen egokitzapenak eskatu ahal izango dizkio diseinu irabazlearen egileari, halaxe baloratzen baldin badu”, diote.

Irabazleak bi pertsonentzako bi afari irabaziko ditu Galdakaoko bi jatetxetan, “2024an zehar disfrutatzeko”, diote. Gainera, “plaka oroigarri bat ere” jasoko du irabazleak.

Irabazlerik egon ezean, lehiaketa datorren urtean errepikatuko dutela adierazi dute Galdakaoko Jai Batzordetik.

Osorik irakurri