Sareak

☉ Galdakao

“Dokumentazio faltagatik” ez zegoen Aldundiaren ardurapean Ibaizabalen hilda aurkitu duten gaztea

|

Ibaizabal ibaia Galdakaon / Geuria

Adingabe baten gorpua aurkitu zuten asteazkenean Ibaizabal ibaian, Galdakao parean. Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek adierazi dutenez, gaztea “behin-behineko zaintzan” zegoen Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzenduta dagoen lehen harretako zentrotik igaro ondoren, eta “berehalako arreta” eman ondoren.

Era berean, iturri berek azaldu dute “ez zegoela tutoretzarik” gaztearen gainean, “ez zegoelako dokumentaziorik edo adingabetasun-egiaztagiririk”. Hortaz, gaztea ez zegoela Aldundiaren ardurapean argitu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturrien arabera, gorpua erreskatatu ondoren adingabea nola hil zen ikertzen ari dira.

☉ Galdakao

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an izango da

|

Galdakaoko Herri Krosa iaz // Geuria

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an, igandez, izango da. Federatuta daiden korrikalariek zein federatu gabekoek parte har dezakete.

Herri Krosean izena emateko epea zabalik dago apirilaren 25era arte. Aldez aurretik izena emateagatik parte-hartzaileek 10 euro ordainduko dituzte eta lasterketaren egunean bertan, interesdunek 15 euro ordainduko dituzte.

Proba doakoa da 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaiotakoek) eta kategoria paraolinpikokoentzat baldin eta apirilaren 25a baino lehen izena ematen badute. Lasterketaren egunean bertan 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Galdakaoko Herri Krosa Galdakao Atletismo Taldeak eta Udalak antolatzen dute, eta Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegi ofizialaren barruan dago. Aurten hamabigarren edizioa da, eta urtero ehunka partaide biltzen ditu.

Galdakaoko XII. Herri Krosa 2024 – Apirilak 28

Kategoriak eta distantziak

11:00 Benjaminak (2014-2015 urte bitarteetan jaiotakoak)
600 metro, itzuli bat A zirkuituari

11:15 Kimuak (2012-2013 urte bitarteetan jaiotakoak)
1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari

11:30 Haurrak eta Kadeteak (2009-2011 urte bitarteetan jaiotakoak)
2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

11:45 Kategoria paralinpikoa
– Kategoria egokitua: 1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari
– Kirol trebetasuna: 2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

12:00 Gazteak (2006-2007 urte bitarteetan jaiotakoak), Juniorrak (2004-2005 urte bitarteetan jaiotakoak), Seniorrak (34 urte arte) eta Beteranoak (35 urtetik gorakoak)
– Gazteak-Juniorrak: 3.854 metro, bi itzuli C zirkuituari
– Seniorrak-Beteranoak: 7.708 metro, lau itzuli C zirkuituari

Sariak

Galdakaoko XII. Herri Krosak hainbat sari banatuko ditu: Senior kategoriako irabazleei (lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa) garaikur bat eta txapel bat emango dizkiete, baita gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuko lehen hiru sailkatuentzat 150 euro, 90 euro eta 60 euro emango dizkiete, hurrenez hurren.

Kategoria absolutuan sailkatzen den Galdakaoko lehen gizonezkoarentzat eta lehen emakumezkoarentzat ere saria egongo da, eta baita garaikurrak lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean.

Dortsala jasotzean, parte-hartzaile guztiei probaren oroitzapenezko kamiseta bat oparituko diete, eta poltsa bat emango diote parte-hartzaile bakoitzari helmugara iritsi bezain laster, elikagaiekin eta freskagarriekin. Gainera, sarien zozketa egingo dute proba amaitzean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

#A21 / Emaitzak / Galdakao / EAJ garaile, baina inoizko lehia estuena EH Bildurekin

#A21 / Galdakao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta kiroldegia handitzeko lanak udan hastea aurreikusi du Galdakaoko Udalak

|

Urreta kiroldegiak izango dituen zenbait espazio berri // Galdakaoko Udala

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko obrak egingo ditu Galdakaoko Udalak. Aurreikuspenaren arabera lanak “uda ingururako” hasi nahi ditu Udalak.

Besteak beste, ariketa kardiobaskularrak, indar ariketak edota yoga egiteko erabilera anitzeko aretoak sortuko dituzte eta horretarako eraikin berri bat eraikiko dute kiroldegiaren sarreraren eta igerilekuaren arteko gune hutsean, solariuma deitzen dioten gunean, alegia.

Era berean, solarium horren azpian dagoen sotoa ere egokituko dute, 500 metro karratu ingurukoa.

Guztira, 1.000 metro karratu berri gehiago izango ditu kiroldegiak, eta aireztapen naturala ezarriko dute. Inbertsioa 3 milioi eurokoa izango da.

Hiru fase

Obrak hiru fasetan burutuko dituzte, “erabiltzaileei ahalik eta kaltre txikiena eragiteko”, diote udal ordezkariek.

Hasteko, beheko solairuaren barrualdea konpontzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte: “Igerilekuetarako irisgarritasuna hobetuko da arrapala bitartez, egungo aldagelak berrituko dira eta bina aldagela eta komun egokitu gehituko dira”, diote udal arduradunek. Lehen fase honetako lanak egiteko lau hilabete erabiliko dituzte, gehienez.

Bigarren fasea kiroldegia handitzekoa izango da. “Solarium gisa ezagutzen den gunean bi solairu eraikiko dira, eta horretarako, lur azpian dagoen sotoa egokituko da aurrena. Fitness eta kardio ariketetarako eremu berriak jarriko dira bertan, eta aldagela berriak. Larrialdietarako irteera berri bat ere gehituko da, besteak beste”, diote. Bigarren faseko iraupena, gehienez, zozrtzi hilabetekoa izango da.

Lan horiek amaitu ondoren ekingo diote solarium guneari teilatua jarri eta bi solairu eraikitzeari. “Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, besteak beste, askotariko ekintzetara egokitzeko”, diote. Enpresa esleipendunak 14 hilabete erabili ahalko ditu, gehienez, lan hauetarako. Guztira, 26 hilabete.

Azterketa fasean

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko lizitazio prozesua azken txanpan da. Apirilaren 17an, asteazkenez, epea bukatu zen enpresek euren eskaintzak egiteko epea.

Orain prozesua azterketa fasean dago, udal teknikarien esku. Apirilaren 24an eta 30ean bilduko da kontratazio mahaia eta bertan erabakiko dute zein enpresak gauzatuko dituen obrak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Herritarren parte hartzerako lehen ordenantza onartu du Galdakaoko Udalak

|

Herritarrak Udalak sustatutako parte-hartze prozesu batean lanean // Galdakaoko Udala

Herritarrek Galdakaoko udalgintzan parte hartzeko bideak eta moduak batzen dituen arautegia onartu du lehen aldiz Galdakaoko udalbatzak gobernu taldearen aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin.

Parte-hartze ordenantzaren bitartez erabakiak hartzeko prozesuetan eta udal intereseko gaien kudeaketan herritarren parte hartzea erraztu eta bultzatuko du Udalak. Besteak beste, Udalaren aurrean herritarrek parte hartzeko dituzten eskubideak jaso dituzte arautegian, baita galdakoztarrek parte hartze prozesuak, kontsultak edo osoko bilkurako gai zerrendan gai bat sartzeko aukera ere.

“Eskaera hauek, eta egin daitezkeen beste batzuk ere, sinadura bilketaren bidez babestu behar dira. Sustatu nahi den ekintza motarako beharrezkoa den sinadura kopurua ere jasotzen du ordenantzak, esaterako”, diote udal ordezkariek. Ordenantzak guztira 170 artikulu ditu, bederatzi titulutan eta 28 kapitulutan banatuta.

2022tik lanean

Ordenantza honen edukia lantzeko, hainbat ekintza bildu dituen partaidetza prozesu publiko bat abiatu zuen Udalak 2022an herritarren, elkarteen, kolektiboen, udal teknikarien eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen ekarpenak eta ideiak jasotzeko.

Jasotako proposamenekin eta Donostia, Gasteiz, Oñati, Tolosa, Bartzelona eta beste udal batzuetako araudien azterketa egin ondoren, ordenantzaren lehen zirriborro bat idatzi zuten.

Iazko abenduaren 21eko osoko bilkurak dokumentuaren behin behineko onespena egin ostean, martxoko osoko bilkuran behin betiko onartuko du udalbatzak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Sakeleko telefonoa erabiltzeko doako tailerra antolatu dute Galdakaon jubilatuei zuzenduta

|

Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak telefono mugikorra erabiltzeko tailerra antolatu du apirilaren 22an eta 24an.

Tailerra doakoa da eta Iberluzeko Etxea Anaitasuna Adinekoen Zentroan egingo da 16:30etik 18:30era bitartean.

“Bi saioko tailer horretan telefono mugikorrari etekin handiagoa ateratzeko ikasiko dute parte hartzaileek”, diote udal ordezkariek.

Tailerrean izena emateko epea zabaldik egongo da apirilaren 8tik aurrera. Interesdunak Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulegora bertaratu daitezke astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era, eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.

Irteera Gernikara

Sakeleko telefonoa erabiltzeko tailerraz gain, jarduera gehiago antolatu ditu apirilean Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak: bisita kulturala Gernikako Euskal Herria Museora eta Gernika-Forua-Axpe ibilaldia.

Bisita kulturala apirilaren 18an izango da eta ‘Markos Gimenoren karteletrak’ erakusketa ikusi ahal izango dute herritarrek: 11:00etan euskarazko taldea antolatu dute eta 12:00etan gaztelerazkoa.

“Erakusketa honetan, Markos Gimenok egindako hainbat palindromo aurkituko dira, baina baita Euskal Herriko hainbat artista, lagun eta diseinatzailek, esaldi horientzako, sortu dituzten obrak ere. Guzti hau antolatzen Joseba Sarrionandia eta Esteban Montorio izan dira”, diote udal arduradunek.

Bisita gidaturako izena emateko epea apirilaren 8an ere zabalduko du Udalak (doan), eta gehienez 15 lagun joan ahalko dira talde bakoitzeko.

Gernika-Forua-Axpe ibilaldia

Bestetik, Gernika-Forua-Axpe ibilaldia apirilaren 25ean antolatu dute. “12 kilometroko ibilbide lineal ederraz disfrutatu ahal izango dute herritarrek”, diote Udaletik.

Honako gune hauetatik igarotzen da ibilbidea: Gernika, Urbieta, Oka Ibaia, Forua, Gordiz, Zarragagoikoa, Foruko Bidea, Lakaena, Maitea Baserri, Axbiribil (Atxondo), Karabizurrieta, Goikogana, Irestagorri, Artolena, Birjinarestigoikoa, Altamira, San Bartolome, eta Axpe Ermita (Busturia).

Txangoan izena emateko epea apirilaren 12an zabalduko du Udalak (doan) eta gehienez 30 lagun joan ahalko dira.

Osorik irakurri