☉ Galdakao
Ibon Uribe: “Datu batzuen estrapolazioa baino serioagoa da desanexioa”

Usansolo desanexionatuko balitz, 4 milioiko diru-sarrerak eta 3,4 milioiko gastuak izango lituzkeela dio EHUko ikasle batek egindako azterketak.
Herri baten segregazioaren arlo ekonomikoaren garrantzia agerikoa da. Kasu honetan, alderdi guztiek herritarren nahia alde batera utzi eta zenbakiak soilik begiratzen dituzte. Hamaika dira galderak: Udalak galduko lituzkeen diru-sarrerak, sortuko litzatekeen herriko biztanleek izango lituzketen zerbitzuak eta ordaindu beharreko zergak, Udal berri baten sorrera, besteak beste.
Azken 25 urteotan, bideragarritasun ekonomikoa “hitz potoloa” dela dio Monika Menak, Usansolo Herria talde politikoko ordezkariak. Ibon Uribe Galdakaoko alkateak “tentuz aztertu beharrekoa” dela dio, “horregatik proposatu dugu datorren urteko hasieran berme demokratikoak betetzen dituen bozketa egitea usansolotarren artean eta, emaitza baiezkoa balitz, segregazioaren bideragarritasun sozioekonomikoa aztertu eta herrien arteko lurralde mugak zehaztuko dituen batzorde bat eratzea”.
Horiek horrela, Usansolo Herriak aurrera egin du azaroaren 23ko bozketarekin eta usansolotarrek, iritzia eman baino hiru aste lehenago, auzoaren azterketa sozioekonomikoa aurkeztu dute. “Usansoloko bidegararritasun ekonomikoa” du izena Ander Bilbao EHUko ekonomia ikaslearen gradu amaierako proiektuak. Bi urte eman ditu txostena prestatzen. “Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio Usansoloren ekonomia kontrolatzea, desanexio prozesua aurretiaz datorrelako. Hutsune hori zegoela esan zidaten irakasleek eta horri ekin nion”, azaldu zuen Bilbaok bere lanaren aurkezpenean, urriaren 28an Bilboko Bizkaia aretoan.
Orain arte, hiru izan dira Usansoloren segregazioa jorratu duten ikerketak. Guztiak 90eko hamarkada inguruan kaleratu ziren: 1988, 1989 eta 1991. urteetan hain zuzen ere. Horiez gain, Galdakaoko Udalaren azken hiru urteetako aurrekontuak ere izan ditu oinarri Bilbaok lana osatzerakoan. Azterketaren arabera, Galdakaok 2011, 2012 eta 2013 urteetan izan dituen diru sarreren %14a usansolotarrek jarri dute, hau da, urtean lau milioi euro. Gastuei erreparatzeko, Lemoa hartu du eredu. Horrek 4.324 biztanle zituen 2013an eta Usansolok 3.533. Herria handiagoa bada ere, auzoarekin antzekotasunak dituela dio Bilbaok: “Kiroldegia eta osasun zentroa dute biek, baita antzeko kultur etxeak eta garraioak ere”. Hortaz, Lemoako Udalak duen gastu bera aurreikusten du azterketak, hau da, 3,4 milioi euro. Galdakaok, ostera, 29 milioi euro gastatu zituen 2013an. Lemoako datuetan oinarrituz berriz ere, Usansoloko balizko Udalak bederatzi funtzionario izango lituzkeela dio azterketak. Galdakaoko Udalak, berriz, 182 funtzionario ditu egun.
DATOZEN URRATSEI BEGIRA
“Segregazio baten ostean etor daitezkeen egoerak aztertzeko ekonomia, gizarte eta lege adituen iritzia behar-baherrezkoa da”, azaldu du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Azterketa “errespetu osoz” irakurri dute, baina “datu batzuen estrapolazio teoriko eta sinple bat baino askoz serioagoa da desanexio prozesu baten azterketa”, IBI, IRPF eta RGI bezalako aldagaiak aintzat hartu behar direla iritzi diote.
Bestalde, “lan serioa eta zorrotza” dela dio EHUko Yolanda Jubeto irakasleak, azterketaren tutoreak. Are gehiago, Bizkaian izaera administratiboa falta zaion herri bakarra Usansolo dela azpimarratu du Jubetok. Txostenak jasotzen dituen ondorioen arabera, Usansolo Arratia mankomunitatean sartzea litzate egokiena eta “eskualdeko gainontzeko herriek eskaintzen dituzten zerbitzuak bere egitea, baina hori herritarrek erabaki beharko dute”, dio Ander Bilbao ikasleak. Galdakao Hego Uribe eskualdean kokatuta dago, Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri, Zaratamo, Ugao, Arrankudiaga eta Arakaldorekin batera. Arratia eskualdea, ostera, honako herri hauek osatzen dute: Arantzazu, Areatza, Arteaga, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri.
_________________________
‘USANSOLOKO BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOA’REN ONDORIOAK
ANDER BILBAO, EHUko ikaslea
1. Azken mendeetan Usansoloren eta Galdakaoren arteko aldea agerikoa da. Galdakaok lotura handiagoa du Bilbo Handiarekin eta Usansolok Arratiarekin. Usansoloren historiak ez du Galdakaorekiko menpekotasunik erakusten. Are gehiago, Usansoloren nukleo izaera ikus dezakegu bere garrantzi ekonomikoa aztertuz.
2. Ikerketa guztiek agerian uzten dute desanexio prozesua aurrera joatearen beharra eta akordioetara heltzeko Galdakaoko Udalaren borondate falta.
Bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, karga finantzariaren esleipenean ezadostasunak daude. Karga finantzario txikiagoa esleitzen dio Hiri Lurrek Usansolori eta honek Usansolo bideragarria dela esaten du.
Karga finantzario handiagoa esleitzen dioten ikerketek (IKEI eta Ricardo Sanz Cebrián eta Adolfo Saiz Coca abokatuena) bideragarria dela esaten dute, Usansoloren karga finantzaria arintzeko Aldundiaren laguntza beharrezkoa ikusten badute ere.
3. Azken hiru urteetako diru-sarrerak eta gastuak alderatuz, desanexio posible baten ostean Usansolo bideragarria izango litzakeela eta Galdakaok bere kaudimena eta funtzionamendua mantenduko lukeela ondoriozta dezakegu.
4. Desanexio posible baten ostean, beharrezkoa ikusten dugu Usansolo bezalako herri batek inguruko udalekin zerbitzuak mankomunatzea. Horregatik Arratiako mankomunitatearen garrantzia azpimarratzen dugu lanean zehar.
5. Beharrezkoa ikusten dugu 1988tik dirauen desanexio prozesua aurrera joatea eta Usansoloko herritarrei hitza ematea. Bideragarritasun ekonomikoak ematen dien bermeaz aparte, herri batek bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubide osoa dauka.
☉ Galdakao
Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian
Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.
Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.
Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.
Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak
‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.
Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.
“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.
Auzoen garapen integrala eta orekatua
Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.
Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).
Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.
“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.
Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez
“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.
GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.
Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.
“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.
Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.
“Elkarlanerako prest”
Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.
“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.
2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.
“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.
☉ Galdakao
Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan
Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].
Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.
Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zizpainauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi
13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik
18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan
21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com
23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan
☉ Galdakao
Egitaraua | Galdakaoko inauteriak 2026
Aurten prestatutako egitarauan, inauterietan oinarritutako Galdakaoren eta Altsasuren arteko harremanari keinua egin diote

Otsailaren 13tik 18ra bitartean izango da inauteriak Galdakaon. Herriko elkarteek eta Udalak elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte.
Egitaraua | Galdakaoko Inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
09:20 Eguzkibegi Ikastolako desfilea Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Muguru kaleetatik, eta amaierako jaia Agirre Lehendakaria plazan
10:00 Urreta Eskolako desfilea Bizkai kalean zehar, eta amaierako jaia Urreta Eskolan
11:15 Gandasegi Eskolako desfilea Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Muguru kaleetatik, eta amaierako jaia Iturrondo plaza
17:00 Umeentzako tailerrak Kurtzeko plazan
17:30 Jolasak, aurpegi margoketa eta ginkana Aperribaiko frontoian, Ludoteka eta Topaguneek antolatuta
18:00 Andra Mari Dantza Taldea: Koko dantzak Iturrondo plazan
18:30 Mozorro desfilea, zozketak eta sariak Aperribaiko frontoian
19:00 Mozorro desfilea Plazakoetxetik: Ad Libitum Txistu Banda, Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleak, Taupadak Dantza Eskola eta herriko kuadrillak. Ondoren, Mozollokerren aurkezpena
19:00 Talo salmenta Santi Brouard plazan, Patakon Kultur Elkartearen eskutik
19:30 Txokolatada, musika, photocalla eta festa Aperribaiko frontoian, Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartearen eskutik
20:15 Andra Mari Dantza Taldea: Goizuetako zaragi-dantza eta Baztaneko sagar-dantzak Santi Brouard plazatik
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirolak Santi Brouard plazan, Zizpa Gazte Konpartsak eta Gazte Berpiztuk antolatuta
13:30 Perejilek Folklore Taldea Santi Brouard plazatik
17:00 Playback lehiaketa Kurtzeko plazan. Gaia: talde kirolak
19:30 Andra Mari Dantza Taldea: Altsasuko Inauteriak udaletxetik, Bizkai kaletik, Mugurutik, Zamakoatik eta Santi Brouard plazan
20:00 Lekittoko Deabruak: Nafarroa kalea, Juan Bautista Uriarte, Santi Brouard, Ardanza parkea eta Iturrondo plaza
21:00 Herri afaria Kurtzeko plazan, Zizpa Gazte Konpartsak antolatuta
23:00-01:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan, Zizpak antolatuta
Otsailak 15, igandea
12:30 Umeentzako ikuskizuna Kurtzeko plazan: ‘Diskopuntx’
17:00 Umeentzako tailerrak, jolasak, ginkana, tokolatada eta desfilea Urreta Eskolako jolastokian, Argizai Eskaut Taldeak antolatuta
Otsailak 16, astelehena
11:30 + 16:30 Umeentzako tailerrak Kurtzeko plazan, Galdakao TEAyuda Elkartearen eskutik: ‘Sentitzen, sortzen eta ikertzen duten eskuak’
Otsailak 17, asteartea
17:30 Gospel kontzertua Kurtzeko plazan: ‘Blue Velvet Gospel Singers’
19:00 Mozollokerren epaiketa eta Da Capo Musika Banda Kurtzeko plazan. Ondoren, Mozolloker erretze eta inauteri bukaerako sua
Otsailak 18, asteazkena
11:00 Nagusien egoitzetako inauteri desfilea Victor Anaia kalean. Ondoren, hamaiketakoa eta inauteri jolasak Zuhatzu auzoko aparkalekuan









