Sareak

☉ Galdakao

Zuzeneko sukaldaritza, lehiaketa gastronomikoak eta mendi irteera, Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoetan

Urriaren 23tik azaroaren 5era bitartean ospatuko dira Jardunaldi Mikologikoak Galdakaon. Aurten, 50. urteurrena bete dute jardunaldiek.

|

galdakao jardunaldi mikologikoak 2016 lehiaketa
Gastronomia lehiaketa iaz, Jardunaldi Mikologikoen egitarauaren barruan // Galdakaoko Udala

Galdakao udalerri mikologikoa da egunotan. Usansolon Umore Onak antolatutako jardunaldi mikologikoak eta tabernetako Pintxo Lanperna txapelketa ospatzeaz gain, Peña Santa Cruz elkarteak bultzatutako Jardunaldi Mikologikoak izango dira azaroaren 5era arte. Aurten gainera, 50. urteurrena bete dute jardunaldiek.

Era berean, jardunaldiei laguntzeko, azaroaren 4an (10:00etatik 15:00etara) eta 5ean (11:30etik 15:00etara), Nekazaritza eta Artisautza Azoka izango da Kurtzeko plazan.

Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoak 2017 – Egitaraua

Urriak 23-Azaroak 4
Argazki erakusketa. Argazki-ibilbidea jardunaldien historian zehar. Urreta kiroldegia

Urriak 26, osteguna
19:00-21:00 Show-cooking (zuzeneko sukaldaritza) Torrezabal Kultur Etxean. Sukaldari entzutetsuek perretxikoekin egindako plater batzuk landuko dituzte, prozesua eta ezaugarriak azalduz

Urriak 28, larunbata
12:30 Oroimen eguna. Meza nagusia Santa Maria elizan, hildako bazkide eta laguntzaileen omenez. Ohorezko aurreskua Andra Mari Dantza Taldearen eskutik. Ostean luntxa

Urriak 29, igandea
10:00-13:30 Lehiaketa gastronomikoa Iturriondo plazan ostalaritza eskola, txoko/elkarte eta partikularrei zuzendua. Lehiakideek jendeaurrean perretxiko platerrak egingo dituzte, eta ostean sukaldari ospetsuz osatutako epaimahaiak baloratuko ditu

Urriak 31, asteartea
19:00-21:00 Solasaldi eta mahai-inguru mikologikoa Santa Cruz elkarteko egoitzan. Eztabaida: Amanita Rubescens – Galdakao lanperna

Azaroak 4, larunbata
08:30-13:30 Perretxikotan Sarriako parketxera (Gorbeia), Galdakaoko ikastetxeetako ikasleekin batera. Kurtzeko plaza

Azaroak 5, igandea
10:00 Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 50. urteurrena Kurtzeko plazan: perretxiko-erakusketa, eskolarteko perretxiko-lehiaketa, pintxo solidarioa (Fekoor erakundearen alde) eta esku pilota partiduak

☉ Galdakao

Familia migratzaileak integratzeko kulturarteko loturak sortu ditu Aperribaik

Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua abiarazi zuten 2019an Aperribai auzoan, herritar migranteak integratzeko asmoz. Orain sarea herri osora hedatu nahi dute

|

Proiektuaren parte-hartzaileak, aurkezpenean / Geuria

Galdakaoko Aperribai auzoan jatorri desberdinetako hainbat kultura batzen dira, eta horrek erakusten du bertan dagoen kultura-aniztasuna aberatsa dela, “herriko handiena”, herritarren eta Udalaren arabera.

Ildo horretan, ikuspegi komunitarioa errotzeko helburuarekin eratu zuten 2019an Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua Aperribaiko elkarteek eta norbanakoek, atzerriko jatorria duten auzokideek eta Galdakaoko Udalaren gizarte hezitzaileak.

“2019an Udaleko gizarte hezitzaileok ikusi genuen etorri berriak ziren familiek ez zutela sarerik egunerokoan aurrera egiteko. Eta Aperribain, berta dagoen kultura aniztasuna ikusita, bilerak egiten hasi ginen Basandere Emakume Taldearekin, Auzo Elkartearekin eta Argizai Eskaut Taldearekin. Auzoko elkarteekin hasi nahi genuen proiektua bertako errealitatea ezagutzeko eta herritar migranteak laguntzeko. Oinarrizko behar baten falta somatu genuen: arropak; eta horrela zabaldu genuen Armairu Solidarioa”, dio Naiara Ramos gizarte hezitzaileak.

Armairu Solidarioan herritarrek dohaintzan ematen dituzte arropak eta horien beharra duten auzotarrek hartzen dituzte. Eperlandako eskola zaharren lokalean dago Armairu Solidarioa eta asteazkenero zabaltzen dute 16:30etik 19:30era bitartean. Era berean, arropaz gain, umeentzako jostailuak eta bestelakoak ere jaso eta dohaintzan uzten dituzte.

Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen dituzte Eperlandan: “Komunitate osoa ezagutzeko tailerrak, besteak beste”, dio Belen Relea Aperribaiko Auzo Elkarteko kideak. Pilates astean bitan izaten dute; dantza sevillanak, zunba, eta josteko eta kakorratz lanetarako tailerrak astean behin eskaintzen dituzte; irakurketa tailerra hamabost egunean behin; eta haurrentzako arabiar eskolak eta nagusientzako gaztelaniazkoak ere antolatzen dituzte. Usansolon ere migranteentzako gaztelaniazko eskolak eskaintzen dituzte asteazkenetan 10:30etik 11:30era UHren lokalean.

Halaber, urtean behin irteera bat antolatzen dute Aperribaiko umeek ere euren artean batu daitezen: “Aurten Donostiako Aquariumera joango gara. Bi autobus bete ditugu, benetan arrakastatsua!”, dio Releak. Era berean, urtean behin ere auzo bazkaria antolatzen dute: aurten maiatzaren 25ean izan da Aperribaiko frontoian. Hala nola, marokoar bazkaria dastatzeko aukera izan zuten: oilasko halala, arroza eta postre desberdinak, “auzotarrek eurek egindakoak”. Musika eta hennazko tatuajeen tailerrak ere antolatu zituzten.

“Familia bat gara”

Naiara Ramos gizarte hezitzaileak azaldu duenez, Eperlandako eskola zaharren lokala “elkargunea” da: “Harrera eta laguntza emateko gunea, beharrak eta zalantzak partekatzeko gunea. Auzoak eskatzen duenera eta behar duenera moldatzen gara”, dio Ramosek, eta migranteen harrera gero eta “positiboagoa, ahalduntzaileagoa eta politagoa” dela zehaztu du.

Naoual Hajoubi jatorri arabiarra du eta Aperribain bizi da duela urtebete: “Oso pozik bizi gara Aperribain. Integratuta gaude eta familia bat sortu dugu: edozein laguntza behar izatekotan Sareko taldean topatzen dut, eta lagun harremana errotu dugu”.

“Plazera izan da Aperribaira etortzea. Alde handia nabaritu dut bizi izan garen beste herriekiko. Adibidez, gure seme-alabek arabiera ikasi ahal dute Aperribain. Aukera hori ez dago leku askotan eta guretzat garrantzitsua da gure seme-alabek arabiera ikasten jarraitzea. Euskara eta arabiera ikas dezatela nahi dut”, dio Naoualek: “Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua Galdakaoko herri osora zabaltzeak gehiago aberastuko du herria”.

Irene Romero Aperribaiko bizilaguna da eta Basandere elkarteko kidea, eta Laguntza Sareak Ehuntzen proiektuan parte hartzen du: “Beste herri batzuetatik etorritako auzokideak eta Aperribai bertakoak naturaltasunez batzen gara. Egunerokoan lan egiten dugu auzo hobea eta solidarioa eraikitzeko. Migratzaileek guk ematen dieguna baino gehiago ematen digute. Auzokoak dira, lagunak”.

“Gure errealitatea elikatzea”

“Aniztasun asko dago Aperribain eta horrek pertsona bezala aberasten gaitu eta gure errealitatea elikatzen du”, dio Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak: “Errealitate desberdinen inklusioa gizartean errotzen ari gara, eta ezinbestekoa da bide horretatik jarraitzea: ekintza txikietatik handietara”.

Edurne Espilla Migrazio zinegotziak Aperribaiko esperientzia zoriondu du: “Bertan ari direnek egiten duten lana eskertzekoa da, eta eredu da. Asko dugu ikasteko”, dio Espillak. Hain zuzen ere, esperientzia beste eremu batzuetara eramateko nahia adierazi du.

2022an Galdakaoko Udalak Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin jatorri atzerritarra daukaten herritarren egoera aztertu zuen, eta Aperribaiko proiektuak azterketak agerian utzitako eginbeharrekin bat datorrela zehaztu du Espillak: “Azterketaren emaitza oso argia izan zen: ez dago gizarte gatazkarik, baina atzerritik etorritakoak eta bertan jaiotakook ez dugula elkarbizitzen ondorioztatu genuen. Aperribin sortu diren harreman hauek, elkarrekintza hauek, onurak baino ez dituzte, aberastasuna dira herriarentzat, ezberdintasunei aurre egiteko baliabide egokia”.

Norabide horri eusteko asmoa azaldu du, beraz, Jon Gayarre Udaleko Migrazio teknikariak. “Indar eta ahalmen handia du proiektu honek eta Udaletik sustatu behar dugu”, azaldu du. Bide horretan lanean ari dela zehaztu, Udala Galdakaon Aniztasunaren Mahaia sortzeko lanean ari dela jakinarazi, eta egiten ari den lanaren emaitza zehatzak aurrerago ikusiko direla adierazi du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskararen normalizazioa “agenda politikoaren erdigunera” eramateko erronka hartu du Galdakaok

|

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria eta Iñigo Hernando alkatea lankidetza hitzarmena sinatzen // Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2034. urtera arte, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko asmoz.

Zehazki, Udala Euskararen Plana diseinatzen ari da, eta marko estrategiko horren barruan sinatu dute akordioa Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Lankidetza hitzarmenak hiru erronka nagusi ditu: euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatea; berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politika garatzea, gainerako hizkuntzekin zein kulturekin bizikidetzan; eta euskararen aldeko jarrera areagotzea eta hiztunen ahalduntzean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan eragitea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko jaiak iragartzeko kartel lehiaketak 2.100 euro banatuko ditu saritan

|

Galdakaoko jaietako txupinazoa, iaz // Geuria

Irailaren 13tik 22ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak. Kontzertuak zeintzuk izango diren esperoan, kartel lehiaketa martxan jarri du Udalak.

Interesdunek uztailaren 5era arte dute euren lanak aurkezteko epea zabalik, eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Entrega Torrezabal Kultur Etxeko Kultura, Gazteria eta Kirol sailean egingo da 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dituzte parte-hartzaileek, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean lelo berbera eta egilearen adina. Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak (egilearen izena, helbidea eta telefonoa) eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.

Guztira 2.100 euro banatuko dituzte saritan: kartel irabazlearen egileak 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 400 euro eta Galdakaoko lehenengo irabazleak beste 400 euro.

Haur eta gazteen kategorian, Galdakaoko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2014 eta 2016 urteen artean jaiotakoak, 2010 eta 2013 artean jaiotakoak eta 2007 eta 2009 artean jaiotakoak.

Iaz Jon Ortega galdakoztarrak irabazi zuen lehiaketa, eta berarekin berba egin genuen GEURIAn (hemen bideoa).

Teknika librea

Aurkeztutako lanak berriak izan behar dira, bestelako lehiaketa batean aurretik saririk jaso ez dutenak eta aldi berean beste leku batean aurkeztu ez direnak, eta 50x70ko neurria izan behar dute, euskarri zurrun baten gainean muntatuta.

Kolorea eta teknika librea izango da eta nahitaez “Galdakaoko Santakurtzak 2024. Irailak 13-22” leloa eraman beharko dute lanek.

“Lanak ezingo dira diskriminatzaileak izan, sexu, genero identitate edo sexu orientazioa dela eta. Helburu horrekin, testuetan hizkera ez sexista erabili beharko da eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatu beharko da. Era berean, ez dira inola ere onartuko mota hauetako lanak: pertsonak beren sexu, genero identitate edo sexu joeraren arabera giza duintasunari dagokionez maila altuagoetan edo baxuagoetan aurkezten dituztenak edo sexu objektu soil gisa aurkezten dituztenak; genero estereotipoak sustatzen dituztenak; eta emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edo bultzatzen dutenak”, diote udal ordezkariek.

Lehiaketaren oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinako sarraskia gelditzea eskatzeko kanpaldia antolatu dute Galdakaoko hainbat eragilek

Maiatzaren 30ean izango da kanpaldia. Egun berean, hitzaldi bat, elkarretaratzea, afari kolektiboa eta dokumental baten proiekzioa antolatu dituzte

|

Kanpaldiaz gain, hitzaldi bat, elkarretaratzea, afari kolektiboa eta dokumental baten proiekzioa antolatu dituzte maiatzaren 30ean Galdakaon // Argazkia: Omer Yildiz, Unsplash

Palestinako sarraskia salatzeko Galdakaoko hainbat eragilek kanpaldia antolatu dute maiatzaren 30ean, ostegunez.

“Gatazka hau ez da gaurko arazoa soilik, baizik eta orain dela urte dezente hasitako zapalkuntza. Hori dela eta, maiatzaren 30ean Palestinalen aldeko kanpaldia burutuko dugu”, diote.

Ernaik, Herriko Bentak, Sortuk, Elkarlaguntza Sareak, Zizpak, Ganguren Mendi Taldeko batzordeak, Ikamak, Momoakek, TEAk, Guzur Aretzak, GBGEk eta Berdez Bizik antolatu dute kanpaldia.

Gainera, kanpaldiaz gain, hitzaldi bat, elkarretaratzea, afari kolektiboa eta dokumental baten proiekzioa antolatu dituzte maiatzaren 30ean bertan.

Maiatzak 30, osteguna
18:30 Hitzaldia: ‘Palestinako sarraskia’ (Iratzar Fundazioa)
20:30 Elkarretaratzea Eroskiko bidegurutzean
21:00 Afari kolektiboa
21:30 Dokumentala: ‘Nacidos en Gaza’
22:00 Kanpaldia

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Olabarrietako jaiak 2024

|

Maiatzaren 24tik 26ra bitartean izango dira Olabarrietako jaiak // Geuria

Maiatzaren 24tik 26ra bitartean Olabarrietako jaiak izango dira. Mus eta igel-toka lehiaketak, tortilla txapelketa, txokolatada, sardina-jan herrikoia eta dantzaldiak antolatu dituzte.

Egitaraua / Olabarrietako jaiak 2024

Maiatzak 24, ostirala
17:00 Jaien hasiera, txistularien kalejira
18:00 Mus txapelketa
18:30 Txokolatada, Olabarrietako Jubilatuen Elkartearen eskutik
20:00 Dantzaldia eta gaupasa: Baste & Naste bikotea eta DJa

Maiatzak 25, larunbata
11:00 Kalejira txistulariekin
12:00 Igel-toka txapelketa
13:00 Hamaiketakoa pintxo ugarirekin auzoko nagusientzat, jubilatuen egoitzan
18:45 Tortilla txapelketa
20:15 Tortilen aurkezpena
20:30 Sardina-jan herrikoia
20:45 Dantzaldia Lowe bikotearekin
21:00 Tortilla txapelketako sario banaketa
23:45 Gaupasa DJ Cresporen eskutik

Maiatzak 26, igandea
11:00 Kalejira txistulariekin
12:00 Musika eta dantzak
18:00 Jaien amaiera

Osorik irakurri