Udaltzaingoaren arabera, etxebizitzetan eta enpresetan lapurretak murriztu diren bitartean, kaleko ostuak handitu egin dira 2014. urtearekin alderatuta
Galdakaoko Udaltzaingoak adierazi duenez, alde batetik ebasketak eta larderia erabiliz egindako lapurretak handitu egin dira 2015 urtean zehar. Beste alde batetik, etxebizitza eta enpresetan izandako lapurreta kopurua jaitsi egin dela adierazi dute argitaratu berri duten txostenean.
Datuak datu, iaz etxebizitzetan hiru lapurreta izan ziren eta 2014an, berriz, 25. Enpresetan edo establezimenduetan bi lapurreta antzeman zituen Udaltzaingoak eta 2014an zazpi. Kaleko ostuak direla eta, 2014an 47 izatetik, 2015ean 58 izatera heldu dira, hau da, %23 gehiago igo dira ebasketak. Era berean, bide-segurtasuneko delituak (zazpitik bostera) eta argietako kable lapurretak (zortzitik bostera) murriztu egin direla jakinarazi dute.
8.343 interbentzio
Guztira 8.343 interbentzio egin zituen iaz Galdakaoko Udaltzaingoak. Datu horiez baliatuta, lantaldea biderkatu behar izan dela adierazi du Udalak: “Ertzaintzarekin koordinatuta, kasu oso bestelakoei aurre egin behar izan die Udaltzaingoak. Hala nola, alerta metereologikoak (11), suteak establezimenduetan (4) eta trafikoa zaintzea (336)”.
