☉ Galdakao
#M28 / Maximo Moreno parkea definitu, aparkalekuak sortu eta bizikleta elektrikoak alokatzeko puntuak ezarri nahi du Auzoakek
Auzoetan igogailu berriak martxan jartzea, biodibertsitaterako lorategien proiektua abiaraztea eta Aperribaiko Anbulatorioko jolastokia estaltzea ageri dira

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen atarian, Galdakaoko Auzoak plataformak bere programa aurkezten ari da astiro-astiro. Proposamen guztien artean, 200 aparkaleku ipini gura ditu Dinamitera plazan, eguzki panelak udal eraikinetan eta bizikleta elektrikoak alokatzeko puntuak instalatzeko bideragarritasun-azterketa abiarazi nahi du, besteak beste.
Auzoetan askotariko proposamenak jaso ditu plataformak: igogailu berriak martxan jartzea, Biodibertsitaterako lorategien proiektua abiaraztea, Aperribaiko Anbulatorioko jolastokia estaltzea… Hementxe jasotako proposamenak, atalka:
Mugikortasuna
– Herriko auzoak bidegorrien lotzea
– Bizikleta elektrikoak alokatzeko puntuak instalatzeko bideragarritasun-azterketa egin
– Kurtzea inguruko eremuetan aparkaleku gehiago eraikitzea
– 200 aparkaleku inguru sortu Dinamitera plazan
Jasangarritasuna
– Eguzki panelak udal eraikinetan
Irisgarritasuna
– Arrapala mekanikoak Zuatzaurre – Urtebietara
– Irisgarritasun mekanikoa Urtebietako goialdeetan
– Olabarrietako igogailua – Txistulanda
– Aperribaiko igogailua
– Zabalganerako igogailua
– Pontzi Zabala 2 eta 3 arrapalak
– Zubiaurretaurreneko igogailua
Udal lokalak
– Lokalen zerrandaren erredakzioa, erabilera arautzeko
Kirola
– Indoor eskalada, boulder eta antzeko kiroletarako INDOOR gunea
– Frontoien eta funtzio anitzeko pisten kudeaketa domotikoa
– Kirol amateurraren sustapena
– Hitzaldiak kirol-pertsona ospetsuekin
– Kirol-elkarteen sustapena
– Aperribain eta Usansolon kirol anitzeko guneak martxan dira
– Urretako kirol-kantxen handitzea
Karabanak eta autokarabanak
– Berariazko aparkaleku baten sorrera ur-hornidurarekin eta hondakinak deskargatzeko aukerarekin
Inklusioa
– Proiektu horren lehen fasean, pertsona, haur, gazte edo pertsona helduen errealitatea zein den jakin nahi da zerbitzu publikoen erabilerari begira
– LGTBIQ+ mugimenduari ikusgarritasun handiagoa eman
Zaintza eta errespetua
– Eskeletarako berariaz prestatutako zonak edo totemak
– Oroitzapenen zuhaitza
Kultura
– Zirko karpa proiektuak, kultura eta jarduerak leku batetik bestera eramateko gune ibiltariak
– Hitzaldiak, tailerrak, zinema edo ikuskizunak
– 18. Kultura Bonua: Hobari berezia 18 urte betetzean kultur eskaintza eskuratzeko
– Jaialdiak eta sozialak
– Igande goizetan aire librean entretenitzeko programa: Dantza, yoga edo interpretazio-tailerrak
– Sukalde tailerrak Bekea, Tximelarre Goikoa eta Olabarrieta auzoetan
Poliziaren segurtasuna
– Polizia oinez sartzea
– Poliziaren jarduera ezagutaraztea, ate irekiko jardunaldien bidez
Maskotak
– Txakur-parkeak birkokatzea eta eremu horiek mantentzeko programa sortzea
– Sentsibilizazio-programa eta ikastaroak hezitzaileekin bizikidetzarako
– Txakurren ordenantza zabaltzeko eta ezagutzeko kanpaina
– Txakurren jabeen kontzientziazio-kanpainen sustapena
– Txakurrak udal-eraikinetako sarreretan (ESAN, liburutegiak edo udaletxea) lotzeko irtenbideen prestaketa
Haurrak
– Galdakao ‘Haurren Hiria’ sarearekin bat egitea sustatu du
– Galdakaoko lehen Haur Kontseiluaren sorrera
– Astialdi Sarea programa:
Haurren eta gazteen osasun mentalari arreta ematen dioten baliabideak sustatu
Gizarte eta hezkuntza baliabideak antolatu
Haurtzaroan eta nerabezaroan inbertsio nahikoa, inklusiboa eta eraginkorra egin
– Jolas parke guztiak egokitzeko lanean jarraitu
– Jolasgune berrien prestaketa: lurreko jolasak
Nerabeak
– Gazteentzako bidaia kultural gehiago diruz laguntzea
– Eragin sozialeko jaialdiak: Berdintasunerako jaialdia: hitzaldiak, musika tailerrak, manga tailerra, herriko taldeen lehiaketa
– Kontzertu askotarikoagoak
– Gazteentzako enplegu-plan espezifikoak sustatu
Adinekoak
– Etxetic programaren ezarpena
– Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eguneko zentro bat sortzea
– Etxez etxeko jarduera okupazionalen programa bat sortzea
– Zugutzuko adinekoen egoitza handitu eta udal bulegoetan eraberritu
Ibaizabal biziberritzea
– Errepide nazionala Plazakoetxe parean lurperatzeari buruzko azterlana osatu
– Kirol-guneak egokitzea ibaiaren bidezidorrean: adel eta Tenis pistak edo pump truck pista bat
– Ibaietako hondartzak edo ibaitik gertu dauden aisialdi-guneak sartzeko aukera aztertu
Hirigintza
– Maximo Moreno parkea definitzeko prozesu parte-hartzailea
– Urreta auzoan espazio estali bat jartzea
Merkataritza
– Merkataritzari zuzeneko laguntzak eman
– Ostalaritzarekin zuzeneko kanal bat sortzea
– Diru-laguntzak kilometro 0ko produktuen nekazari,abeltzain, artisauei
– Udal merkatu bat bultzatzeko aukeraren azterketa
– Hurbileko merkataritza gutxieneko merkataritza ez duten auzoetara eramateko ekintzak aztertu
Auzorik auzo
Aperribai, Jugo, Olabarrieta, Txistulanda eta Azpuru
– Esan bulegoa zabaldu
– Anbulatorioko jolastokia estali
– Herritarren erabilerarako udal lokal erabilgarri guztien egokitzapena
– Ezponden azterketa eta mazeletako lorategien eta zuhaitzen birdiseinua
– Musika eskola Eperlandan
– Biodibertsitaterako lorategien proiektua
– Olabarrieta auzoko zirkulazioaren noranzkoa birbideratzeko azterlana egitea
– Olabarrieta auzoan zirkulazio-murriztaileak jartzea
– Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandarako irisgarritasun orokorraren azterlana egitea
– Olabarrietako goiko aldeari eta txistulandari zerbitzua emateko igogailua jartzeko proiektua abiaraztea
– Txistulandako memoria historikoa lantzea
– Jugojo asfaltatzea eta argiztapena hobetzea
Bengoetxe eta Troka
– 200 lagunentzako aparkalekua sortzea
– Lorategi botanikoa sortzea Bengoetxen
– Trokako presaren ingurua zaindu eta hobetu
– Trokaren saneamendu lanei ekitea
– Bengoetxe auzoaren kutsatutako lursailaren azterketa eta deskontaminazio-lanak
Urtebieta eta Zugatzaurre
– Irisgarritasun orokorreko proiektua, auzoko bizilagunekin batera
– Urtebietan aparkalekuak egokitzea
– Urtebieta auzoko goiko aldeetarako irisgarritasun mekanikoko proiektua
– Zugatzaurreko aparkalekua egokitzea
Tximelarre Goikoa
– Txakurren jabeentzako kontzientziazio-kanpaina
– Urretara jaisten den igogailuaren inguruan irisgarritasuna hobetzea
– Lapurdirako igogailuaren proiektua abiaraztea
– Haur-parkea handitzea eta hobetzea
Urreta
– Sasoiko nekazaritza, artisautza eta eskulangintza azokak
– Umeen aisialdirako jarduerak
– Urretako parkeko arkupeetan grafiti lehiaketa bat martxan jarri
– txakur-parke gisa prestatutako eremua behar bezala egokitu
Kurtzea, Plazakoetxe, Tximelarre Bekoa, Zabalea eta Zabalgane
– Bizkai Kalea eta Lapurdi arteko zatia noranzko bikoitzera bihurtzeko bideragarritasun azterlana
– Pintxazo irteerako bideragarritasun azterlana Donostiarako norabidean
– Dinamitera plazaren azpiko aparkalekuak
– Zabalganeko igogailua eta auzorako sarbidea
Berezikoetxe, Iberluze, Torrezabal eta San Inazio
– Aparkaleku gehiago Iberluze eta San Inazio auzoetan
– Txakur-parkea birkokatzea
– Adinekoentzako parkea hobetu eta zirkuitu bio-osasungarriak berrikusi
– Bizikletak garbitzeko puntu bat jartzeko aukera aztertu
– Lorategien egoera aztertu
Zugutzu
– Bizilagunentzako zaratarako panelak jarri
– Pump truck bat instalatzea
– Argiztapena hobetu
Altamira, Artola, Askarri, Bekea, Egia, Elexalde, Gumuzio eta Olabarri
– Saneamendu lanak Errekalden
– Mina asfaltatzea
– Auzotaxi zerbitzua abiarazi
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.
Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.
Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.
Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak: “euskara, auzolana eta esku pilota”.
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.
Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.
☉ Galdakao
Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.
Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.
Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana bideragarri egiteko asmoz.






