Sareak

☉ Galdakao

Merkataritzaren lehiakortasuna “handitzeko” Plana berrikusiko dute Galdakaon

Galdakaoko Udalak Merkataritza Idartzeko Plan Berezia (PERCO) berrikusteko ekimena martxan jarriko du uztailaren 1etik aurrera

|

galdakao 2012 herritarrak kalea

Galdakaoko Udalak Merkataritza Idartzeko Plan Berezia (PERCO) berrikusteko ekimena martxan jarriko du uztailaren 1etik aurrera. Izan ere, lehenego plana orain dela 15 urte egin zenetik -Udalak bultzaturik-, edukia eguneratu behar dela ikusi dute udal ordezkariek: “Lan hau sortu da Udalak interesa daukalako Galdakaoko merkataritzaren lehiakortasuna handiagoa izan dadin“, dio Fernando Izagirre Ekonomia Sustapeneko zinegotziak: “Horretarako, bertako merkataritza indartu beharra dago lehiakortasun handiagoa dagoen agertoki berriari aurre egite aldera“.

Horiek horrera, uztailaren 1etik aurrera Udalak inkesta batzuk egingo ditu herritarren eta saltokien artean, hala nola, erosketak egiteko herritarrek daukaten ohiturei buruz eta negozioekin lotutako aspektuei buruz kontsultatzeko. Guztira, herritarrei 450 inkesta eta merkatariei beste 100 inkesta egingo dizkie.

Hiru hilabeteko azterketa

Galdakaoko Udalak aurreikusitako lanak hiru hilabeteko iraupena izango du eta bi zati izango ditu:

• Lehenik, azterketa batzuk egingo dira informazio desberdinak lortu ahal izateko, hainbat gairen inguruan: udalerriko trama, merkataritzaren eskaintza, zein den eskaera eta merkataritzaren inguruko jarduera osagarri batzuk. Ondoren, Galdakaoko merkataritzaren oraingo egoeraren Diagnostikoa egingo da (informazioa, baliagarriak, bisitaldiak Galdakaoko tramara, onlineko presentzia, elkarrizketak enpresariekin, bilerak Galdakao Dendari Elkartearekin eta interesgarriak izan daitezkeen beste elkarte batzuekin, eta inkestak).

• Ondoren, eta aldez aurretik egindako lanaren emaitza gisa, datozen urteetarako Ekintza eta Kudeaketa Plan bat egingo da, helburuak, erronkak eta proiektuak aurkeztuz (urbanoak, eskeintzari lotutakoak, dinamizazio-ekintzak, digitalak, kontrol-mekanismoak…), Galdakaok gaur egun daukan kokapena hobetu ahal izateko eta herriko merkataritzari laguntzeko.

☉ Galdakao

Zabaleako jaiak antolatu dituzte lehen aldiz: maiatzaren 25ean izango dira

|

Besteak beste paella txapelketa izango da Zabaleako jaien lehen edizioan // Artxiboa, Geuria

Lehen aldiz Zabaleako jaiak antolatuko dituzte Galdakaon. Eratu berri den Zabalea Elkarteak antolatuko ditu jaiak maiatzaren 25ean.

Besteak beste, paella txapelketa, haurrentzako ekintzak, mus eta igel txapelketak, barbakoa eta dantzaldia izango dira.

Egitaraua / Zabaleako jaiak 2024

Maiatzak 25, larunbata
10:00 Txupinazoa
10:30-14:00 Paella txapelketa
11:30 Zuberoako Maskarada elizako plazan
11:30 Haur jolasak
12:30 Kalejira
17:00 Mus txapelketa
19:00 Igel txapelketa
20:00 Barbakoa
22:00 Dantzaldia

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko institutuek 567 euro lortu dituzte bigarren eskuko merkatu solidarioan

|

GBGE elkarteari emango diote lortutako dirua // Geuria

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten maiatzaren 17an, ostiralez, Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek.

Bertan izan ginen eta Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Ikasleek GEURIAri adierazi diotenez, 567 euro lortu zituzten merkatu solidarioan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

“Guretzat emaitza oso ona da”, adierazi diote GEURIAri ikasleek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora Andra Marik 33 urteren ostean

|

Pagolako gazteek aurten antzeztutako Maskaradak // Argazkiak: Maite Irizar, Amaiur Aristi (dantzan.eus)

Andra Mari Dantza Taldeak Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora, azkenekoz 33 urte izan ostean. Maiatzaren 25ean, larunbatez, izango da eta Pagolatik (Zuberoa) etorriko dira dantzariak eta barrikadak eta ofizioak antzeztuko dituzte.

Maskarada 11:30ean hasiko da Andra Mari elizatik, Ardanza parkean, eta Iturrondotik eta Santi Brouard plazatik ere igaroko dira. Arratsaldean Santi Brouard plazan izango da ekitaldia 17:00etan, eta euria bada, frontoira lekualdatuko dute.

“Duela 33 urte izan genuen azken aldiz Zuberoako Maskarada Galdakaon, Altzairen eskutik. Eta orain, 33 urteren ostean berriro ere Zuberoako Maskarada dakargu gure herrira, aurten Pagolaren eskutik”, diote Andra Mari Dantza Taldetik.

Egitaraua / Zuberoako Maskarada

Maiatzak 25, larunbata

Barrikadak
11:30 Andra Mari eliza (Ardanza parkea)
12:30 Iturrondo plaza
13:30 Santi Brouard plaza

Ofizioak
17:00 Santi Brouard plaza. Euria bada, frontoian

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Varsoviako irakasleek Galdakaoko Elexalde Institutuko metodologia ezagutu dute

|

Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakasle izan dira Elexaldeko metodologia aztertzen // Elexalde BHI

Galdakaoko Elexalde Institutua Erasmus+ proiektuan murgilduta dago. Ikasturte honetan ‘Create and Experience a Better Europe’ proiektuan ari dira parte hartzen Galdakaoko ikasleak, Varsoviako (Polonia), Berlingo (Alemania) eta Casertako (Italia) ikasleekin.

Iazko azaroaren 24tik abenduaren 2ra bitartean Elexaldeko Institutuak harrera egin zien Varsoviako zazpi ikasleri, Berlingo seiri eta Casertako hamaika ikasleri, eta eurekin etorritako zazpi irakasleri. Eta aurtengo martxoan Galdakaoko hamabi ikaslek eta bi irakaslek Caserta (Italia) bisitatu zuten.

Maiatzean, gainera, hilaren 15etik 17ra, Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakaslek Job Shadowing bat egiteko aukera izan dute Elexalde Institutuan: “Job Shadowing-a beste irakasle batzuek emandako eskolak zuzenean behatzean datza, beste herrialde batzuetako hezkuntza nolakoa den, zein metodologia erabiltzen duten eta ikasleek nola ikasten duten lehen pertsonan ezagutzeko. Horri guztiari esker, zer aldatu edo hobetu daitekeen hausnartu eta ondorioak atera daitezke, job shadowing-ean parte hartzen duten ikastetxeekin esperientziak eta baliabideak trukatzeaz gain”, azaldu dute Elexalde Institutuko Erasmus+ programako arduradunek.

“Gure ikastetxetik, joan den ikasturtean, bi irakasle Poloniara joan ziren Szkola Podstawowa eskolara (Varsovia), Poloniako sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta sistema horren kalitatea hobetzeko gure IES Elexalde ikastetxean aplikatu ahal izateko”, diote.

Poloniako eta Euskal Herriko hezkuntza sistemei buruz hausnartu dutela diote Elexalde Institutuko arduradunek: “Era berean, Elexalde BHIk egiten dituen proposamenak erakutsi dizkiegu. DBHko hainbat taldetan ikusi dute, halaber, proiektuen metodologia gaztelania eta ingelesa dela. Halaber, Ahozkotasuna irakasgaian eztabaiden bidez eta modu ludikoan hitz egindako ingelesa nola lantzen den ikusi ahal izan dute”.

“Job Shadowing-a oso aberasgarria izan da eta etorkizunean elkarlanean jarraitu nahi dugu”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek

|

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Osorik irakurri