☉ Galdakao
Miriam Miranda: “Interesgarria da jantzien bitartez pertsonaiak sortzen laguntzea”
Zinema eta telebista jantzien arduraduna da Miriam Miranda galdakoztarra. Hilabeteak daramatza gelditu gabe lanean Madrilen.

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan
Hilabeteak daramatza gelditu gabe lanean, eta gorputza atseden pixka bat eskatzen hasi zaiola dio. Baina badaki bata bestearen atzetik sortzen ari zaizkion lan horietako bati ezezkoa esango balio, posible dela gero beste hainbeste hilabete geldirik egon behar izatea, egonkortasun oso gutxiko ofizioa baita berea. Zinema eta telebista jantzien arduraduna da Miriam Miranda (Galdakao, 1992), eta Madrildik erantzun die GEURIAren galderei.
Presunto culpable telesailean (Antena 3) aritu berri zara lanean, jantzitegiko laguntzaile gisa. Zein izan da zehazki burutu duzun lana?
Jantzitegiko laguntzaile gisa, honako zereginak nituen: nire nagusiak esaten zizkidan jantzi guztiak erostea, filmazio ordena jarraitu eta aktoreei euren kamerinoetara jantziak eramatea, behar zen kasuetan aktoreei eurei zein filmazioko jostunei laguntzea, jostundegia antolatzea edota figurazioko kideak janztea, beste hainbat zereginen artean.
Nola sartu zinen telesail horretan? Askotan esaten da sektore honetan lana lortzeko ahoz ahokoak garrantzi handia duela.
Halaxe da, ahoz ahokoaren bidez funtzionatzen du lanbide honek. Beste departamentu bateko kide batek jakin zuen jantzitegian norbait behar zutela, eta hari esker deitu zidaten.
Lan honek jaioterritik kanpora eraman zaitu: Madrilera, kasu honetan. Zer moduz daramazu hori?
Tira, esfortzu txiki bat egitea eskatu dit, azken finean zure familiarengandik eta lagunengandik urrun baitzaude. Baina ohitu egiten zara azkenerako.
Euskal Herrian ba al dago ogibide honetan lan egiteko aukerarik? Behar adina proiektu jartzen al da martxan? Edo beharrezkoa da kanpora irtetea?
Beharrezkoa da kanpora joatea, bai. Egia da azkenaldian proiektu dezente grabatzen ari direla Euskal Herrian, baina behin-behineko kontua da. Oso zaila iruditzen zait Euskal Herrian ofizio honetan lan egitea, %100ean behintzat.
Lanbide honek jende asko ezagutzeko aukera emango zizun, horietatik asko, ezagunak. Zer moduzko esperientzia izaten da hori? Askotan pantailan ikusten dugun jendearen inguruko ideia bat egina izaten dugu eta gero sorpresak hartuko dira.
Halaxe da, bai. Orokorrean, orain arte lanean ezagutu ditudan aktoreak oso atseginak izan dira, baina beste aldeko kasuren bat edo beste ere tokatu zait, lana zailtzen duen jendea, alegia.
Zer diozu lan egonkortasunari buruz?
Bada, ez dagoela halakorik. Esango nizuke aste batetik bestera zein ordutegi izango dudan ere ez dudala jakiten askotan. Ez da oso lan egonkorra. Martxan jartzera doazen proiektuei adi egon behar duzu etengabe, une jakin batean lanean diharduzun pelikula, telesaila edo dena delakoa amaitzen denean lan barik geratzen baitzara. Hilabeteak igaro ditzakezu geratu ere egin gabe, eta gero beste horrenbeste denbora egon zaitezke lanik gabe, ez zaizulako ezer sortzen. Ez da batere erraza.
Zer asmo dituzu datozen hilabeteetarako?
Oraintxe bertan TVE1 katerako telesail batean ari naiz lanean, uztailera arte, eta gero ikusi egin beharko dugu. Ez dizkiot kontuari buelta asko ematen, zorionez hilabete asko daramatzat geratu gabe telesail bat bestearen atzetik eginez, eta gorputzak atseden pixka bat ere eskatzen du tarteka…
Patroigintzako eta Modako Goi Mailako Teknikaria eta Irudi Pertsonalaren Aholkularitzako Goi Mailako Teknikaria zara. Betidanik izan al duzu garbi mundu hau zela zurea?
Betidanik gustatu izan zait moda. Txikitan lagun batek eta biok konjuntoak egitera jolasten genuen zapiekin, arropa zaharrekin edo harrapatzen genuenarekin. Batxilergoa amaitu nuenean Moda Diseinuko karrera egiteko aukera begiratzen aritu nintzen, baina azkenean Patroigintzako eta Modako Goi Mailako Gradua egitea erabaki nuen. Asko gustatu zitzaidan, jantziak egiten ikasi nuen, baina batez ere balio izan zidan konturatzeko nik ez nuela diseinatzaile izan nahi, estilista baizik. Zinemaren eta telebistaren mundua beti izan dut buruan. Oso zinemazalea izan naiz betidanik, eta beti pentsatu izan dut oso interesgarria behar zuela izan jantzien bitartez pertsonaiak sortzen laguntzeak. Horregatik, Irudi Aholkularitzako ikasketetako praktikak telesail batean egin nahi izan nituen, mundu hori bertatik bertara ezagutzeko. Eta hortxe jarraitzen dut.
Zein proiektutan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Gose-jokoak pelikulan edo Tim Burtonen filmetan erabiltzen dituzten jantziak bezalakoak dituen film batean lan egitea izugarri gustatuko litzaidake: fantasia hutsa da hori, sormena izugarria da.
Di-Da
Egun libre bat duzunean zer egiten duzu? Atseden hartu eta nire lagunekin egon
Bertute bat. Badakidala besteei entzuten
Akats bat. Nire buruarekin zorrotzegia naizela
Zein da egin duzun azken bidaia? Sevillara
Eta egin nahi zenukeena? Lehenago amaituko nuke nora ez dudan joan nahi esango banizu
Ikusten ari zaren telesaila. Peaky Blinders
Pelikula bat. Cisne negro
☉ Galdakao
Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean
Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.
Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.
Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:
☉ Galdakao
Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian
Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.
Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.
Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.
Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak
‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.
Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.
“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.
Auzoen garapen integrala eta orekatua
Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.
Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).
Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.
“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.
Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez
“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.
GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.
Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.
“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.
Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.
“Elkarlanerako prest”
Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.
“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.
2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.
“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.
☉ Galdakao
Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan
Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].
Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.
Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zizpainauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi
13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik
18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan
21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com
23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan










