Galdakaoko Labea, Uraska, Trokarro, Puentelatorre eta Bekea auzoetako herritarrek N240 errepidea “modu seguruan gurutzatu ahal izateko” eskaria egin dute beste behin. Hain zuzen, zebrabidea eta semaforoa aldarriatzen dute bertako auzotarrek.
Era berean, tarte horretako abiadura 30 kilometro orduko mugatzea proposatu dute: “Pasa den udazkenean, Bizkaiko Foru Aldundia N240 errepidean burutzen ari den lanaz jakin genuenean, berriro ere, errepidea gurutzatzeko konponbide duina eskatu genuen“, diote. Izan ere, Labea auzoa zatituta geratuko dela salatu dute: “Zebrabidea jarri ezean, adibidez, Labea auzoa zeharkatzen duen errepidearen beste aldera gurutzatzeko Ospitaleraino igo behar dugu eta gero jaitsi“, diote.
Zebrabidearen aldeko eskaria Galdakaoko Udaleko osoko bilkurara eraman zuten eta alderdi guztiek aho batez berau onartu zuten: “Ibon Uribe alkateak Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin bildu da eskari zehatz hau egiten eta pasa den martxoan Bizkaiko Errepideen Zuzendaritzako arduradunekin auzotar ordezkaritza bat bildu ginen“, diote auzotarrek. Hala ere, eskaria bere horretan gelditu zen: “Hainbat sasi-argudio erabiliz, zebrabidea ez zutela egingo adierazi ziguten. Noski, ibilgailuen zirkulazioaren mesederako“.
