☉ Galdakao
Plaza gorriko eta Usansoloko jolas-parkeak estalita egongo dira azarorako
Aste honetan hasiko dituzte Lehendakari Agirre plazako jolas-parkea estaltzeko obrak. Usansolokoa uztaileko bigarren hamabostaldian abiaraziko dute.

Aste honetan hasiko dituzte Galdakaon Lehendakari Agirre plazako jolas-parkea estaltzeko obrak. Era berean, uztaileko bigarren hamabostaldian Usansoloko liburutegi ondoko parkean aterpea jartzeko lanak abiaraziko dituzte.
Galdakaoko Udalak 315.000 euroko inbertsioa egingo du obra hauetan eta lau hilabeteko epean lanak bukatzea aurreikusi dute udal ordezkariak. Hortaz, negurako prest egongo liratezke bi estalkiak.
Bi aterpe berri hauekin Galdakaok guztira lau plaza edo parke izango ditu estalita. Aurretik, Udalak estali ditu Urreta ikastetxeko jolastokia eta Romualda Zuloaga plaza.
☉ Galdakao
Galdakaoko 55. San Silbestre lasterketan izena emateko epea zabaldu dute
Parte hartzeko interesa dutenek abenduaren 27ra arte dute izena emateko epea. Lehen 600 pertsonek kamiseta berezia jasoko dute

Urtea sasoitsu bukatzeko abenduaren 31n San Silbestre lasterketa antolatu egiten dute hainbat herritan.
Hego Uribe eskualdean Galdakaon egingo dute eta dagoeneko izena emateko epea zabaldu dute.
Interesdunek izena eman dezakete probaren webgune ofizialean. Abenduaren 27ra arte 10 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek.
Izena ematen duten lehen 600 pertsonek kamiseta berezia jasoko dute. Dortsalak eta txipak abenduaren 30ean jaso ahal izango dira frontoian, 18:00etatik 20:00etara, ordainagiria aurkeztuta.
Haur lasterketan parte hartzeko izen ematea abenduaren 30ean, asteartez, egin beharko dute frontoian, ordutegi berean. Kasu honetan, parte hartzaile guztiek izango dute saria.
Aurretiaz kategoria nagusietan izena eman ez dutenek aukera izango dute abenduaren 31n bertan, baina 15 euro ordaindu beharko dituzte korrikalariek.
Galdakaoko San Silbestre lasterketa antolatzen diren guztien artean zaharrena da: 1961ean izan zen lehen edizioa. Proba Galdakao Atletismo Taldeak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.
Galdakao | San Silbestre lasterketa 2025
Abenduak 31, asteazkena
16:25 Haur kategoria
16:35 Paralinpiko egokitua
16:45 Kadeteak, gazteak eta gizonezkoen paralinpikoak
16:55 Kadeteak, gazteak eta emakumezkoen paralinpikoak
17:10 Juniorrak eta beteranoak
17:35 Herrikoia
18:10 Emakumezkoen absolutua
18:35 Gizonezkoen absolutua
☉ Galdakao
Bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Fernando Izagirreri, DYAren 2,9 milioi euro desbideratzegatik
Gainera, 10.800 euroko isuna ordaindu beharko du galdakoztarrak. Bizkaiko Auzitegiak ebatzi du egindako transferentziek “ez zutela inolako azalpen logiko eta enpresarialik”

Bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Fernando Izagirre galdakoztarrari, DYAren presidente izan zen garaian (2016-2021) bidegabeko jabetzeagatik eta kontuak faltsutzeagatik.
Era berean, 10.800 euroko isuna ordaindu behar duela erabaki du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak.
Izagirreren bazkideari, Juan Diego Gallardori, lau urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 8.100 euroko isuna ezarri dio Auzitegiak.
Epaiaren arabera, biek ala biek, “ados jarrita eta zilegi ez den onura lortzeko asmoz”, 2,9 milioi euroko zenbatekoarekin hainbat zenbateko transferitu edo transferitzeko agindu zuten DYA Bizkaiaren titulartasuneko kontu korronteetatik Emergentzia Plusera eta Ambulancias Barcelona SAren kontu korronteetara.
Bizkaiko Auzitegiak gaineratu duenez, diru-kopuru horren transferentziak “ez zuen inolako azalpen logiko eta enpresarialik”, eta dirua “itzultzeko asmorik gabe” transferitu zuten.
“Akusatuek ez dute azalpean bateraturik eman funts horiek transferitzeari dagokionez”, zehaztu du epaiak, eta azalpenak “erabat sinesgaitzak” direla esan du: “Ez dute inolako logikarik edo euskarririk, edo beste frogabide batzuen bidez ezeztatu ere egiten dira”.
Gainera, Auzitegiak erabaki du bi akusatuek batera eta solidarioki 2,9 milioi euroko kalte-ordaina ematea Bizkaiko DYAri.
Epaia ez da irmoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian helegitea aurkez dezakete akusatuek.
☉ Galdakao
Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk
“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.
Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.
Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.
Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.
Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.
Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.
Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.
“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.
☉ Galdakao
Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!
☉ Galdakao
2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin
Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.
Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.
Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.
Oposizioa kontran
EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.
Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.
Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.
EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.
Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.
“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.
“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.
Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.
“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.
Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.
Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.











