☉ Galdakao
[Sakonean] 853 eguneko bilaketa

28 hilabete iraun du Hodei Egiluz galdakoztarraren bilaketak. Martxoaren 10ean omenduko dute azkenekoz Galdakaon, 20:00etan, udaletxe aurrean
2013ko urriaren 19a zen Hodei Egiluz gaztea azkenekoz ikusi zuten eguna. Ordutik hona, 853 egun igaro dira, 28 hilabetetik gora. Denbora tarte horretan galdakoztarraren bilaketek ez dute etenik izan, otsailaren 19an bere gorpua identi katu zuten arte. Bi urte luzeotan, senideek eta lagunek Egiluzen bilaketa lau haizeetara zabaldu dute: Galdakaon hasi, Euskal Herrian zabaldu eta Europan ere izan du oihartzuna. Familiak Hodeiren heriotzaren azalpen baten bila jarraituko duela esan du. Honako hau da Hodei Egiluzen desagerpenaren kronologia:
Lan-kontratua Belgikan
2013ko apirilean Hodei Egiluzek Belgika hartu zuen bizileku, Anberes hiriko Createlli enpresan ingeniari informatiko gisa praktikak egiteko. Urte bereko ekainean enpresa belgikarrak lan-kontratua eskaini zion eta bertan jarraitzea erabaki zuen gazte galdakoztarrak.
Desagerpena
2013ko urriaren 19ko goizaldean Hodeiren arrastoa galdu zen. Lagunekin Anberesera joan zen larunbat gauean eta 03:00etan agurtu zituen etxera itzultzeko. Alabaina, hiriko kaleetako bideokameretako irudiek berretsi zutenez, etxera abiatu beharrean, kontrako norabidea hartu zuen nonbait.
Hainbat komunikabidek argitaratu zutenaren arabera, Hodei azkenekoz ikusi zuten gau berean hainbat ezezagunek dirua atera zuten gaztearen kreditu txartela erabilita eta lapurreta jasan zuelako hipotesia zabaldu zuten urriaren 24an. Bost egun geroago, bi pertsona atxilotu zituen Belgikako Poliziak desagerpenarekin lotuta, eta azaroaren 4an beste bat. Azken hau adingabea eta Hodeiren sakeleko telefonoa eta kreditu txartela aurretik atxilotutako pertsonei eman zizkiena omen zela jakinarazi zuten Gazet Van Antwerpen eta Het Laatse Nieuws hedabideek.
Atxilotutako hiru lagunetatik aske utzi zuten susmagarrietako bat 2014ko maiatzaren 14an bermea ordaindu ostean eta gainontzeko biek zaintzapean jarraitu zuten 2014ko irailaren 2ra arte.
Lekukoak
2014ko maiatzaren 28an hiru lekukoren testigantzak azaleratu zituzten. Desagertu zen goizaldean, 04:30ak aldera, Hodeirekin egon zirela adierazi zuten eta “oso beldurtuta” zegoela antzeman zuten. Laguntza eskatu ziela esan zuten, antza, eraso egingo ziotela uste zuelako.
Ikerketaren norabidea
Belgikako Poliziak eta Anbereseko fiskaltzak gazte galdakoztarra bilatzeko eta kasua ikertzeko erantzukizuna hartu zuten. Alabaina, 2015eko urriaren 13an Anbereseko fiskaltzak itxi egin zuen Hodei Egiluzen desagerpenari buruzko ikerketa, eta ustezko erasotzaileak lapurreta egitea eta iruzur saiakera edo delituak estaltzea egotzita auzipetzea eskatu zion skaltzak epaileari. Hala ere, bilaketak jarraituko zuela adierazi zuen fiskaltzak.
Otsailaren 11n denbora luzez urpean zeraman gorpu bat aurkitu zuten Anbereseko errekan eta hilaren 19an autopsiak jakinarazi zuen Hodei Egiluzena zela gorpu hori.
Oihartzuna gizartean
2014ko otsailaren 28an Hodei Egiluz bilatzeko nazioarteko agindua igorri zuen Polizia Kriminalaren Nazioarteko Erakundeak, Interpolek, alegia.
Era berean, Hodei Bila Elkartea eratu zuten eta lehendabiziko manifestazioa deitu zuen Bruselan 2014ko martxoaren 16an, gazte galdakoztarraren bila jarrai zezatela eskatzeko. Ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte gurean, baita atzerrian ere. Esate baterako, 2014ko apirilaren 27an Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak irteera antolatu zuen Bizkaiko bost deiadar-mendietara (Kolitza, Ganekogor- ta, Gorbeia, Sollube eta Oiz) eta bertatik jo zuten adarra. Euskal Herriko 50 idazlek eta bertsolarik eskutitzak eta bertsoak bidali zizkieten Belgikako agintariei maiatzaren 29an, Hodeiren bila jarrai zezatela eskatzeko. Bestalde, Belgikako telebistak Hodei Egiluzi buruzko erreportajea emititu zuten.
Ekainaren 9an Deustuko Unibertsitateak Hodeiri buruzko webgunea sortu zuen, kasuaren inguruko informazio eta zabalkunde gune bihurtzeko asmoarekin. Egiluzek bertan egin zituen ikasketak eta horren harira, ikasle oiharen omenezko elkarretaratzeak deitu izan dituzte.
Kultura arloan ere ‘Zerura begira’ abestia grabatu zuten ekainaren 17an hainbat euskal musikarik: Jon (WAS), Txomin (The Fake Band), Cris (Belako), Josu (Hertzainak), Ager (Audience), Oier Artola, Miguel Moyano eta Gari musikariek parte hartu zuten, Hodeiren bilaketari babesa emateko.
Gazte galdakoztarraren desagerpenari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin, 2014ko abuztuan bizikleta martxa batek Belgika eta Herbehereak zeharkatu zituen hainbat egunez. Eta azaroan ‘Hodei Missing’ autokarabana solidarioa jarri zuten martxan. Frantzia, Alemania, Herbehereak eta Belgika zeharkatu zituen eta abenduaren 16an elkartasun karabana Galdakaora itzuli zen.
Urriaren 28an Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak Hodeiren gurasoak hartu zituen Madrilen eta hura bilatzeko “bitarteko guztiak” eskaini zizkien. Halaber, familiari elkartasuna adierazteko adierazpen instituzionala onartu zuen Senatuak. Hodeiren desagerpenaren bigarren urteurrenaren bezperatan, Hodei Bila Elkarteak bidaia antolatu zuen Belgikara,
Anbereseko Udalaren aurrean elkarretaratzea egiteko, baita Koolkai izeneko tokian ere, Hodei azkenekoz ikusi zuten gunean. 2015eko urriaren 18an, gazte galdakoztarraren senideak eta lagunak Belgikara joan ziren kartelak jartzera eta haren desagerpenari buruzko informazioa zabaltzera. Halaber, desagertutako pertsonei buruzko Europako protokoloa izenburupean Europako Parlamentuan egin zen jardunaldian parte hartu zuten urriaren 19an.
Udaletxe aurrekoak
2013ko azarotik 2014ko urrira bitartean hilero-hilero hamaika elkarretaratze antolatu dituzte Galdakaon. Lehendabizikoa 2013ko azaroaren 19an egin zuten, gaztea desagertu eta hilabetera. 2014ko urriaren 20an, Hodei desagertu zenetik urtebetera elkarretaratzea deitu zuten Galdakaoko udaletxe plazan. 1.000 herritarrek parte hartu zuten deialdian. Familiak eta Hodei Bila plataformak hala erabakita, azkenengo kontzentrazioa izan zen hura.
Galdakaoko Udalak Desagertutako Pertsonen Aldeko Martxoak 9 Saria jaso du, Hodei Egiluzen senideei emandako babesagatik. Desagertutako pertsonen QSDglobal fundazio europarrak entregatu dio saria. Ibon Uribe alkateak adierazi duenez, Udalaren, herri osoaren eta Hodei Bila taldearen lana aitortzen du sariak.
☉ Galdakao
Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean
Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.
Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.
Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:
☉ Galdakao
Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian
Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.
Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.
Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.
Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak
‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.
Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.
“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.
Auzoen garapen integrala eta orekatua
Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.
Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).
Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.
“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.
Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.
☉ Galdakao
Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez
“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.
GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.
Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.
“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.
Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.
“Elkarlanerako prest”
Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.
“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.
2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.
“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.
☉ Galdakao
Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan
Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].
Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.
Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zizpainauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi
13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik
18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan
21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com
23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan











