Sarratu eta Galdakao-Usansolo Ospitalea konektatuko dituen Metroaren 5. linea berriaren hasierako planteamenduak kezkak eta zalantzak piztu ditu usansolotarrengan. Euskal Trenbide Sareak (ETS) operatuko duen linea berri honek Usansoloko gaur egungo Euskotren geltokia kendu eta ospitale ondoko Labe auzora eramango du, horrek dakarren ondorio guztiekin.
Horregatik, Usansolo Herriak alderdiak hiru zuzenketa egin dizkio 5. linearen hasierako planteamenduari: linea berriak gaur egungo zerbitzuaren konexio denborak, distantziak, segurtasuna eta mugikortasuna bermatzea, herrigunean metroko maiztasuneko lurpeko tren geltokia jartzea eta ospitaleko zein erdiguneko geltokietan lur azpiko sarrera ipintzea. Horretarako ia 1.500 herritarren sinadurak bildu dituzte momentuz eta 2.000ra heltzeko itxaropena dute. “Gure helburu nagusia 5. lineako lur azpiko tren geltokia Usansoloko herrigunean jartzea da, metroaren maiztasunarekin”, azaldu digute Usansolo Herria (UH) alderditik. “Bigarren helburu modura herrigunea Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko duen lur azpiko konexioa sortzea litzateke”.
“Gaur egun primerako konexioa dauka Usansolok Bilbo-Bermeo-Bilbo tren zerbitzuarekin”, azaldu dute UHtik. Usansoloko gaur egungo tren geltokia herrigunean kokatuta dago eta geltokitik 400 metroko gehienezko radioa dago herriarekin. Geltokia eta erdigunearen artean 200 metro daude.
“Metroko 5. lineak gaur egungo tren geltokia erdigunetik kentzea ez ezik Labea auzoan berria jartzea dakar, Usansoloko herrigunetik kanpo”, kexatu dira UHtik. Geltoki berritik herrigunerako gehienezko radioa 850 metrokoa izango da alderdi politikoaren ordezkarien arabera eta distantzia gaur egungoa baino bi aldiz handiagoa izango dela azaldu dute: “Ondorioz, zerbitzua txarragoa izango da eta geltokira heltzeko denbora gaur egungoa baino hiru aldiz handiagoa izango da kasurik onenean”, azaldu dute.
Mugikortasuna eta segurtasuna, aztergai
Arazo horiez gainera, mugikortasun-arazoak gehitu dizkio UHk 5. lineako ospitaleko geltokiari: “Metro geltoki berria zonalde garai batean kokatuko dute Usansoloko zentroarekin alderatuta eta arazoak ekarriko dizkie mugikortasun arazoak dituzten herritarrei”.
Bestalde, geltoki berria “zonalde beltzean” egongo dela gehitu dute alderditik: “Jende gutxiko gunea zabala eta argi gutxikoa da, eraikin gutxikoa, zerbitzu arriskutsuaren seinale”.

Metroaren Foroa hitzaldia, abenduaren hasieran // Geuria
Abenduaren hasieran, 5. linea berriaren heldueraen inguruko hitzaldia eskaini zuten Loly de Juan de Miguel Garraio Azpiegituren zuzendariak eta Julian Ferraz Sumillera Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari ondokoak Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean eta Usansoloren inguruan berba egitean, geltoki berria herriarekin konektatzeko “edukiera handiko lanzadera” jarriko zutela iragarri zuen Ferrazek. “Autobus zerbitzuak ez du Usansolo eta ospitalea lotzeko konexio denbora hobetuko eta gainera eragina izango du errepide trafikoan”, kexatu dira UHtik.
Alegazioak egiteko azken eguna urtarrilaren 10a izango da eta Usansoloko EH Bilduk, “Txapelenean egindako azken bileran usansolotarren eskakizunei so eginez”, alegazioak aurkezteko epea zabaltzeko eskaera egin du.
