Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Usansoloko ondasunen banaketa ebazteko Arbitraje Batzordeko kideak izendatu ditu Galdakaoko Udalak

Usansoloko Arbitraje Batzorean arituko diren Galdakaoko Udalaren ordezkariek izendatu dituzte, EH Bildu eta Auzoakeko ordezkariak. Usansoloko Udalaren izenean UHko hiru ordezkarik hartuko dute parte batzorde horretan

|

Arbitraje Batzordea osatuko dute Galdakaoko eta Usansolo Udaletako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek // Galdakaoko Udala

2022ko azaroan Batzar Nagusien onartu zuten Usansolo herri berria izendatzea, eta iazko abenduaren 28an juridikoki bermatu zen Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea.

Ildo horretan, Usansolo udalerri bihurtzearen ondorioz arlo bakoitzeko lan eta ardurak banatzeko bidean, Arbitraje Batzordea eratu behar dute Galdakaoko, Usansoloko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin.

Arbitraje Batzordean ondasunen banaketa, eskubideak, akzioak, erabilera publikoak eta aprobetxamenduak, betebeharrak, zorrak eta kargak, tokiko zerbitzu publikoak ematea eta eragindako langileen araubidea, eta sor daitezkeen auziak ebatziko dituzte.

Eta Galdakaoko Udalaren ordezkariak dagoeneko izendatu dituzte: Iñigo Hernando alkatea, Alberto Ealo Ogasun zinegotzia eta Edurne Espilla alkateordea. Era berean, lau ordezko izendatu dituzte: Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia, Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Eguzkiñe Gezuraga Giza Baliabideetako zinegotzia eta Monika Bailon Enplegu zinegotzia.

“Arbitraje Batzordearen kideak horiek izateak zentzu bat dauka: gai zehatzak tratatu behar badira, dagokion arloko zinegotzia joatea, alegia”, dio Iñigo Hernando alkateak. Usansoloko Udalaren izenean beste hiru ordezkari egongo dira Arbitraje Batzorde horretan, hirurak UHkoak.

EAJ eta PSE kontran

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dira Galdakaoko Udaleko izendapenak Arbitraje Batzorderako. Alderdi sozialistako eta alderdi jeltzaleako ordezkariek erabakia kritikatu egin dute: “Batzordeko kideak alderdi politiko bakar batekoak izatea ez zaigu oso gardena iruditzen”, adierazi zuen otsaileko osoko bilkuran Nerea Teruelo PSEko ordezkariak.

Ainhoa Agirregoikoa EAJko bozeramaileak “sektario” definitu zuen batzordearen eraketa: “Alkatetzaren proposamenez, batzordea osatu da, eta, gure ustez, erabat sektarioa da. Osaketa erabat polarizatua da, indar politiko bakarrekoa. Zentzu horretan, beste jarduteko modu bat espero genuen, kolaboratiboagoa edo EH Bilduk oposizioarekiko keinu bat, prozesu honetan zenbat eta ekarpen gehiago egiten badira, orduan eta logikoena delako”.

Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak azpimarratu zuen Galdakaoren izenean gobernu taldea dagoela izendatuta, “eta ez alderdi politiko bat”: “Norbait gogoratzen da Batzorde Parekidea nortzuek osatzen zuten?”, galdegin zuen Urgoitik. Hain zuzen ere, orduko Batzorde Parekidean gobernu taldeko kideak zeuden tarteko: Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea, EAJ), Fernando Izagirre (EAJ), Begoña Ormaetxea (EAJ), Monika Mena (Usansolo Herria), Iñaki Urgoiti (Usansolo Herria) eta Mikel Urigoiti (Usansoloko EAJ).

“Indar politiko bakarra dagoela esaten duzuenean, lan egiteko esparru bat da, eta horregatik titularrak gara alkatea, Ogasun zinegotzia eta alkateordea, eta ordezko bezala, landu behar den gaiaren arabera, eztabaidatuko den arloko zinegotziak izendatu ditugu. Gobernuen arteko mahaiak sortzen dira, eta Bizkaiko Foru Aldunditik Imanol Landa jeltzalearekin egongo gara mahai horretan”, bukatu zuen eztabaida Iñigo Hernando alkateak.

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkarteak 6 tona ur eramango ditu Paiportara, Valentzian

|

GBGEko Alvaro Saiz, boluntariotza lan batean // Artxiboa, GBGE

Galdakaoko GBGE elkarteko boluntario talde batek Valentziara joko du azaroaren 6an, asteazkenez. Zehazki, Paiportara joango da boluntario taldea eta 6 tona ur eramango dituzte.

“Paiportako Udalarekin harremanetan gaude boluntariotzako lankidetza-hitzarmen antolatu eta koordinatu bat ezartzeko”, adierazi dute sare sozialetan GBGEtik.

Era berean, elkartetik adierazi dute momentuz ez dutela material bilketarik egingo Galdakaon, “zer eta non behar den argi izan arte”, diote. “Oraingoz ura, palak, kuboak eta garbiketa-elementuak eskatu dizkigute”.

Galdakaoko elkartetik kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura dohaintzak egiteko: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA). Eta bizum bat ere errazte dute: 05028 kodea (Zero Hondakinak).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Etxebizitzetan igogailuak jartzeko edo isolamendua hobetzeko 200.000 euro bideratuko ditu Galdakaok

Era berean, etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko dirulaguntza ere eskainiko du Galdakaoko Udalak

|

Oztopo arkitektonikoak ezabatzea edota eraikinen isolamendua hobetzea dira laguntza horien oinarria // Galdakaoko Udala

Galdakaoko etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko lanetarako 200.000 euroko laguntza lerroa onartu du aho batez Galdakaoko udalbatzak.

Alde batetik, etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak.

“Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lerroan igogailuak jartzeko erabili ahalko dira, adibidez, komunitatean, eta etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko, esaterako”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.

Bestetik, energia eraginkortasuna hobetzeko laguntza lerroari dagokionez, besteak beste, eraikinen isolamendua hobetzera bideratuko ditu Udalak dirulaguntzak. Eta, hirugarren lerroa, autokontsumorako energia berriztagarri iturriak jartzeko laguntzak izango dira.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zabor tasa hilean 3,86 euro gehiago ordainduko dute bataz beste galdakoztarrek

|

galdakao bilketa pneumatikoa 2018 edukiontziak
Zabor bilketari dagokion tasa % 69 igoko da Galdakaon 2025ean // Galdakaoko Udala

Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan.

Galdakaoren kasuan, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa, hau da, hilean bataz beste 3,86 euro gehiago ordaindiko dute galdakoztarrek.

“Orain arte, kostuaren % 40 inguru ordaintzen zuten galdakoztarrek zuzenean tasekin, eta beraz, % 100 hala ordaindu behar dutenez, nabarmen igo behar da tasa hori. Zehazki, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa: hilean 5,59 euro ordaintzen da batez beste etxebizitzako eta aurrerantzean 9,45 euro ordaindu beharko da batez beste”, azaldu zuen Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.

Zabor tasa igotzeko erabakia urriko osoko bilkuran onartu zuten, EH Bilduren, UHren eta Auzoaken aldeko botoekin, EAJren kontrako botoekin eta PSEren abstentzioarekin.

Hobariak

Bestelako zerga, tasa edo prezio publikoetan gertatu bezala, Galdakaoko Udalak hobariak ezarriko ditu herritarren diru sarreren arabera.

“Gaur egun zaborrak biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalean hobari batzuk jasotzen ditugula. Zehazki, % 50ekoak, familia unitate bakoitzeko pertsona kopuruari eta eskura dituzten baliabide ekonomikoei erreparatuta”, adierazi zuen Ealok.

Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin zuten aurrerantzean beste hobari batzuk ezarri beharko liratekeela, “gutxien kutsatzen dutenak saritzeari begira”.

Ildo horretan, alderdi jeltzaleak % 69ko igoera salatu eta, “etxeetara, merkataritzara edo industriara egokitzen den eredu bat” aurkeztu zuen: hiri-hondakinen bilketarako tasa justua, alegia. Besteak beste, etxeetan bilketa bereizia sustatzea eta konpostajea egiten dutenei tasa murriztea; hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatze aldera bilketa bereizietan parte hartzen dutenek ere hobariak jasotzea; eta merkatariei begira, hondakinen gaikako bilketan aktiboki parte hartzen duten negozioei ere hobariak aplikatzea proposatu zuten.

Hala ere, gobernu taldeak ez zuen EAJren emendakina onartu: “Azterketa sakona egin dugu eta aspalditik ari gara hau lantzen. Alderdi jeltzaletik hobariak proposatu dituzue, baina planteamendu seriorik gabe”, adierazi zuen Ealok.

“Hondakinen sorreran guztion jarduerak bereiztea eta kontuan hartzea posible egingo duten konponbideetan aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, jokabide jakin batzuei murrizketak edo pizgarriak aplikatu ahal izateko. Baina, era berean, badakigu egokitzapen horiek guztiak ezin direla egun batetik bestera egin. Zeregin konplexua izango da, baina horretan ahaleginduko gara planteatu daitezkeen aukerak ebaluatzeko. Dagoeneko urratsak eman dira ildo horretan: bilketa pneumatiko postontziak gehitzea, industrialdeetan atez ateko zerbitzua edota Smart Galdakao. Gure herrian hondakinak kudeatzeko gura dugun ereduagaz ados jarri beharko genuke, eta atseginez hartuko dugu egin dezakezuen edozein ekarpen, betiere kontrastatutako informazioetan oinarrituta badago”, izan ziren Ealoren azken hitzak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik

|

Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren Galdakaon Segurtasun Sailak adierazi duenez // Geuria

Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Atxilotuek 28 eta 40 urte dituzte eta lapurretekin lotutako delitu-aurrekariak dituzte.

Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren: Ertzaintzak lapurretaren berri izan zuen eta Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzarekin bi gizonak harrapatu zituzten aipatutako etxebizitzaren atarian, ihes egiten saiatuz.

Harrapatu zituztenean lapurretak egiteko erabili ohi diren tresnak eta erremintak antzeman zizkieten, hala nola, bi gakorde eta bi xafla metaliko (xafla horiek etxeetan sartzeko erabiltzen dira, “inpresioning” delako teknikaren bidez).

Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak egiteko eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gazteei zuzendutako Petanka Txapelketa antolatu dute asteburuan Galdakaon

|

Txapelketa 12 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta // Geuria

Mozoilo Petanka Klubak eta Topaguneek gazteen Petanka Txapelketa antolatu dute azaroaren 2an, larunbatez, Galdakaoko Zuhatzuko pistetan, Skateparkaren ondoan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Txapelketa 12 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta sariak egongo direla adierazi dute antolatzaileek. “Gainera, egunaeren amaieran txokolate goxoa dastatuko dugu!”, diote.

Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Topaguneetan edo txapelketaren egunean bertan.

Osorik irakurri