Usansolo Galdakaotik bereizteko eta udalerri bihurtzeko Batzorde Parekidea dagoeneko martxan jarri da. Abenduaren 22an, ostegunez, lehendabiziko bilera izan dute Galdakaoko Udaleko eta Usansolo Herria taldeko ordezkariek. Hauek dira batzordea osatzen dutenak: Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea), Fernando Izagirre (EAJ), Begoña Ormaetxea (EAJ), Monika Mena (Usansolo Herria), Iñaki Urgoiti (Usansolo Herria) eta Mikel Urigoiti (Usansoloko EAJ).
Lehenengo batzarrean Usansoloren mugaketa geografikoa izan dute hizpide. Izan ere, Usansolo Galdakaoko auzo izan da beti eta ez dauka historikoki muga ezagunik.
Herritarrei kontsulta
Ibon Uribe alkateak mugaketa geografikoari buruzko lan-orria aurkeztu du eta horren arabera honakoa proposatu du: Usansolo ondoko auzotarrei kontsulta egitea eta eurek erabaki dezatela zein udalerrikoa izan nahi duten zehaztea: Galdakao edo Usansolo.
Datorren bilera urtarrilean egitea adostu dute Batzorde Parekideko kideek.
