Azaroaren 23an “Usansolo udalerria izatea nahi duzu?” galderari erantzuteko aukera izango dute auzotarrek. Udala ados dago galdeketa egitearekin, baina bere ibilbide orriari eutsiko dio.
Galdeketak bor-bor daude gaur egun. Eskoziatik Igeldora, eta oraingoan, Usansolo. Hilaren 23an egitekoa da desanexioari buruzko galdeketa, Usansolo Herriak (UH) antolatuta eta Erreferendumaren Aldeko Talde Eragilearen babesarekin. “Usansolo udalerria izatea nahi duzu?” galderari bai ala ez erantzuteko aukera izango dute usansolotarrek. Herri galdeketa ez da loteslea, “auzotarren iritzia” jaso nahi du taldeak. Bestetik, Galdakaoko Udalak dio auzotarren iritzia entzun ostean, martxan jarriko duela segregazioan aurrera egiteko ibilbide orria.
“Usansoloko desanexio proesuak 25 urte daroa bizirik; askotan egin dugu eskaera berbera eta oraindik ere horretan dihardugu, horren alde borrokan”, adierazi du Monika Mena Usansolo Herriako ordezkariak. Hala ere, “oraingoan itxaropentsu” daude, “azkenean jarrera aldaketa bat nabari dugulako, eta borondate politikoa antzematen dugulako Batzar Nagusietako gehiengo zabal baten aldetik”.
“Usansolotarrek argi eta garbi adieraz dezatela galdeketan zer nahi duten”. Laburrean, hau da Usansolo Herriak nahi duena. “Guk oso argi dugu Usansolo garela, bertan jarraitzen dugula, eta garenaren, behar eta nahi dugunaren alde lanean dihardugula eta segituko dugula, gure hitza errespeta dezaten”. Bizkaiko 113. udalerria izan nahi dutela aldarrikatzen dute: “Inoiz baino hurbilago dugu helmuga hori eta gure erabakia argi uzteko gure momentua da”. Galdeketa egitea beharrezkotzat jotzen dute, “erabakiak hartu behar dituztenek argi izan dezaten usansolotarren nahia zein den”. Loteslea izan ez arren, kontsulta “guztiz legala” dela azaldu dute: “Galdeketa pribatua da, ez publikoa, herritarrek eurentzako antolatu dutelako. Udalaren ibilbide orria parte hartze prozesu bat bezala ikusten dugu, baina ez du gure galdeketarekin zerikusirik”.
BERME DEMOKRATIKOAK BETETZEA
Ibon Uribe Galdakaoko alkateak galdeketaren aldeko jarrera erakutsi du. Bere esanetan, “kontsulta honetan ez da erabakiko Usansoloren segregazioa, baizik eta ondoren Udaletik desanexazio prozesua planteatu behar dugun ala ez“. Izan ere, “herritarren iritzia ezagutzeko” parte hartzea bultzatu nahi duela dio Uribek, “ondoren, berme demokratiakoak betetzen dituen herri galdeketa baten bidez Usansoloren segregazioa erabakitzeko. Prozesu konplexua da eta alde guztiek elkarlanean aritu behar dugu, kontsultaren legaltasuna, gardentasuna eta sinesgarritasuna bermatzeko”. Horregatik, UHk azaroaren 23rako deitu duen galdeketak “kontsulta formal batek beharko lituzkeen berme demokratikoak” betetzea “zaila” dela dio. “Ez dugu oztoporik jarriko kontsulta hau egin dadin, jakina, baina Udalari gastu ekonomikoa dakarkion materialik -hala nola, hautestontziak- eta funtzionario eta udaltzaingorik ez dugu jarriko, UHk eskatu digun bezala”.
Horiek horrela, Uribek 2015eko urtarrilean edo otsailean, kontsulta egiteko konpromisoa hartu du. “Galdeketa horren emaitza baiezkoa izatekotan, udal bilkurara eramango genuke Usansolo Galdakaotik ateratzeko prozesua. Aintzat hartu behar dugu, 2012ko foru araua aldatu beharko luketela Batzar Nagusiek, organo legegile eta aginpidedunak”.
2011. urtean herritarrek Usansolo Herria plataforma sortzea erabaki zuten eta Udalean bi zinegotzi lortu zituzten desanexio prozesua berriro martxan jartzeko helburuarekin. Jarrera ulerkorra agertu du Uribek UHaken proposamenen aurrean: “Hainbat aldarrikapenekin etorri ziren, seguruenik hirigunetik urrun daudelako. Gainera, auzi identitarioa nabarmena da eta hori ezin dugu ukatu”. Hala ere, “borondate politiko falta” egotzi dio UHek Udalari.
FORU ARAUAREN ALDAKETA
Bestetik, uda honetan sortu da Usansoloko Erreferendumaren Aldeko Talde Eragilea. Horren barruan, auzoaren desanexioaren aldeko orain hainbat urte sortutako gestoretako kideak daude. Euren esanetan, “kolore politiko guztietako ordezkariak” zeuden talde horietan, “nahiz eta oraingoan ez duten guztiek parte hartu”. Udal hauteskundeen emaitzen ondorioz, hiru gestora sortu dira Galdakaon: lehendabizikoa 1988an, bigarrena 1992an eta hirugarrena 1996an. Izan ere, orduko foru araudi batek zehazten zuenez, gestora baten bitartez hainbat urrats eman zitezkeen desanexioaren aldeko prozesura heltzeko. “Azterketa sozioekonomikoak egin ziren 1988an, gehiengoak Foru Aldundiaren babesarekin, eta zera adierazten zuten: Galdakao eta Usansolo ekonomikoki bideragarriak direla, bakoitza bere aldetik. Gainera, Usansoloko mugak ezarri eta Foru Aldundiaren oniritzia lortu genuen”.
Baina 1988an posible zena, gaur egun ezinezkoa da. Izan ere, 2012ko foru araudi batek debekatu egiten du gestora baten bitartez segregazio prozesua burutzea. Hori dela eta, Talde Eragileak bi helburu nagusi ditu: batetik, araudi hori aldatzea eta, bestetik, azaroaren 23ko galdeketa babestea. “Bizkaiko Batzar Nagusiak, Foru Aldundia eta Galdakaoko Udala osatzen duten talde politiko guztiei dokumentuak bidali dizkiegu araua alda eta galdeketaren prozesua babes dezaten”, dio Javi Aurrekoetxeak, Talde Eragileko kideak. “José Luis Bilbao eta Unai Rementeria, oraingo ahaldunak eta hurrengo hauteskundeetarako haustesleak, euren babes osoa aitortu digute foru araua aldatzeko”, nahiz eta erantzun formalik oraindik ez duten jaso.
Aurrekoetxearen ustetan, garrantzitsua da galdeketa azaroaren 23an egitea, “desanexioaren prozesua bizkortu edo bertan behera geratzeko. Instituzio bat herritarrengandik ahalik eta gertuen egotea beharrezkoa da, herriaren errealitatea zein den jakin dezan. Agian, usansolotarrek gertuago dagoen Udal baten beharra sentitzen dute, modu zuzenagoan sor daitezkeen arazoei irtenbidea bilatzeko”, adierazi du Javi Aurrekoetxeak. Gainera, “Galdakaorekiko distantzia nabarmena da, eta ez geografikoa bakarrik. Anbulategia, eskola, parrokia eta kiroldegia baditugu. Beraz, Udal propioa besterik ez zaigu falta, gure erabakiak hartu ahal izateko”.
___________________________
GALDAKAOKO IBILBIDE ORRIA
Ibilbide orria udal bilkuran bideratuko luke Galdakaoko Udalak. Bertan, herritarren parte hartzea bermatuko duen Batzorde Informatiboa sortuko luke. Batzordean talde politiko guztiek lekua izango lukete eta segregazio prozesuaren xehetasun teknikoak zehaztuko lituzkete.
Azaroa: Beharrezko elementu tekniko eta legalen prestaketa, segregazioaren prozesua martxan jartzeko
2015eko otsaila/martxoa: Bozketa. Emaitza baiezkoa izatekotan, segregazioaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala, baita Galdakao eta Usansoloko lurralde mugak aztertuko duen batzorde bat eratzea
2015eko maiatza: Udal hauteskundeak
Hurrengo hilabeteetan: Batzordearen ondorioak eta behin betiko txostena. Herritarrei aurkezpena egin eta alde bakoitzaren behin betiko jarrera finkatzea
2016a baino lehen: Behin betiko bozketa. Galdakaorekiko segregazioari bai ala ez
