Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri bihurtzeko prozesurako ‘ibilbide-orria’ aurkeztu berri du. Bozeramaileen batzarrak onartu du dokumentua, Alderdi Jeltzalearen, EH Bilduren, Usansolo Herriaren, Alderdi Sozialistaren eta Irabaziren aldeko botoekin. Alderdi Popularrak kontrako botoa eman du eta Galdakao Orain taldeak abstentziora jo du.
Orain dela bi urte hasi zen desanexioari buruzko prozesua lau haizeetara zabaltzen: 2014ko azaroan galdeketa herrikoia egin zuten Usansolon, iaz Gernikako Batzar Nagusiek Lurralde Mugapeen foru arauaren aldaketa eztabaidatu zuten eta bitartean Usansolo Herria taldeak eta udal-gobernu taldeak negoziazio-bilerak izan dituzte (azken bilera maiatzaren 23an egin zuten).
“Ordutik gaur arte dokumentu hau egiteko lanean aritu gara. Ez da inolako blokeorik izan, horrelako prozesu konplexuetan ohikoak diren desadostasunak baino ez“, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak: “Dokumentuak prozesu honek izango dituen mugarriak jasotzen ditu gutxieneko akordio batean. Horrek ez du esan nahi udal-gobernuak eta Usansolo Herria taldeak, prozesuari gehituko zaizkion proposamenak egin ez ditzaketenik“.
Batzorde parekidea irailean
Uribek adierazi duenez, “bide-orri honekin argi geratzen da prozesu honi erabateko babesa ematen diogula, hasiera batetik esan izan dugun bezala“. Udal ordezkariek aurreikusi dutenaren arabera, batzorde parekidearen lana irailean hasiko da.
Lurraldeari eta alor juridiko-administratiboari dagokienez, Usansolok zer izan beharko lukeen zehaztu eta gero, udalerri berria sortzeko legezko baldintzak aztertuko dira. Lan hori batzorde misto baten ardura izango da.
Prozesuaren hirugarren mugarria bi urrats horiek bete eta gero egingo da, Usansoloko herritarrek era librean udalerri independente bat osatu nahi duten esan dezaten antolatuko den berme legalak beteko lituzkeen herri galdeketaren bidez.
