Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Izaskun Rekalde Abasolo zendu da

45 urteko usansolotarrak euskararen aldeko lan esanguratsuak burutu zituen Euskal Herrian, besteak beste Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenen sormen lanetan izan zen.

|

Izaskun Rekalde // Pantailak Euskaraz

Izaskun Rekalde Abasolo hil da, buruko gaitz baten ondorioz. 45 urteko usansolotarrak euskararen aldeko lan esanguratsuak burutu zituen Euskal Herrian, besteak beste Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenen sormen lanetan izan zen. Hego Uribe eskualdean, aldiz, Binke aldizkariaren sorkuntzan izan zen. GEURIA komunikabidearekin ere maiz harremanetan izan zen eskualdeko euskararen nondik norakoen gainean aritzeko.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua zen Izaskun. 2019an Doktorego Sari Berezia jaso zuen eta ICF Coach Exekutiboa izan zen. Azken urteak Lanbide Heziketan eta EHUn eman zituen, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakasle lanetan.

☉ Galdakao

Galdakaoko Berbalagun jaiak 60 herritar batu ditu euskaraz jolasean

|

60 lagun bertaratu ziren atzo Berbalagun Jaira, Ganguren tabernara // Galdakaoko Berbalagun

Berbalagun taldeak martxan daude Hego Uriben, baina ikasturteari hasiera emateko atzo Berbalagun jaia antolatu zuten Galdakaoko Ganguren tabernan eta 60 lagun bertaratu ziren.

“Arratsalde zoragarria pasatu genuen Galdakaoko berbalagunok. Urtero bezala, taldeetako kideei euskaltegi bietako ikasleak gehitu zaizkie, proiektua bertatik bertara ezagutzeko eta, bide batez, jendea ezagutu, ondo pasatu eta euskaraz hitz egiteko”, diote Galdakaoko Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileek.

Hainbat jolasetan hartu zuten parte berbalagunek: “Su ta Gar taldearen abestiak, euskal idazleak, joko olinpikoak eta Euskal Herriko herriak identifikatzen ibili ziren lehen proban. Ondoren, mezu sekretu bat asmatzen jarri genituen: egindako galderaren erantzunera gehien hurbiltzen zenak zuen letrak askatzeko aukera. Azkenik, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek 2013an botatako bertso baten oinak kokatzen aritu ziren txukun-txukun”.

“Jo ta ke lanean egon ziren guztiak, eta, konturatu orduko, etxera joateko ordua heldu zen. Jendeak ederto pasatu zuen eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak egin zituen; beraz, ezin zitzaion besterik eskatu egunari. Gero eta lagun gehiago gara, eta ikasturtea hasi baino ez da egin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkarteak 6 tona ur eramango ditu Paiportara, Valentzian

|

GBGEko Alvaro Saiz, boluntariotza lan batean // Artxiboa, GBGE

Galdakaoko GBGE elkarteko boluntario talde batek Valentziara joko du azaroaren 6an, asteazkenez. Zehazki, Paiportara joango da boluntario taldea eta 6 tona ur eramango dituzte.

“Paiportako Udalarekin harremanetan gaude boluntariotzako lankidetza-hitzarmen antolatu eta koordinatu bat ezartzeko”, adierazi dute sare sozialetan GBGEtik.

Era berean, elkartetik adierazi dute momentuz ez dutela material bilketarik egingo Galdakaon, “zer eta non behar den argi izan arte”, diote. “Oraingoz ura, palak, kuboak eta garbiketa-elementuak eskatu dizkigute”.

Galdakaoko elkartetik kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura dohaintzak egiteko: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA). Eta bizum bat ere errazte dute: 05028 kodea (Zero Hondakinak).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Etxebizitzetan igogailuak jartzeko edo isolamendua hobetzeko 200.000 euro bideratuko ditu Galdakaok

Era berean, etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko dirulaguntza ere eskainiko du Galdakaoko Udalak

|

Oztopo arkitektonikoak ezabatzea edota eraikinen isolamendua hobetzea dira laguntza horien oinarria // Galdakaoko Udala

Galdakaoko etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko lanetarako 200.000 euroko laguntza lerroa onartu du aho batez Galdakaoko udalbatzak.

Alde batetik, etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak.

“Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lerroan igogailuak jartzeko erabili ahalko dira, adibidez, komunitatean, eta etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko, esaterako”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.

Bestetik, energia eraginkortasuna hobetzeko laguntza lerroari dagokionez, besteak beste, eraikinen isolamendua hobetzera bideratuko ditu Udalak dirulaguntzak. Eta, hirugarren lerroa, autokontsumorako energia berriztagarri iturriak jartzeko laguntzak izango dira.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zabor tasa hilean 3,86 euro gehiago ordainduko dute bataz beste galdakoztarrek

|

galdakao bilketa pneumatikoa 2018 edukiontziak
Zabor bilketari dagokion tasa % 69 igoko da Galdakaon 2025ean // Galdakaoko Udala

Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan.

Galdakaoren kasuan, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa, hau da, hilean bataz beste 3,86 euro gehiago ordaindiko dute galdakoztarrek.

“Orain arte, kostuaren % 40 inguru ordaintzen zuten galdakoztarrek zuzenean tasekin, eta beraz, % 100 hala ordaindu behar dutenez, nabarmen igo behar da tasa hori. Zehazki, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa: hilean 5,59 euro ordaintzen da batez beste etxebizitzako eta aurrerantzean 9,45 euro ordaindu beharko da batez beste”, azaldu zuen Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.

Zabor tasa igotzeko erabakia urriko osoko bilkuran onartu zuten, EH Bilduren, UHren eta Auzoaken aldeko botoekin, EAJren kontrako botoekin eta PSEren abstentzioarekin.

Hobariak

Bestelako zerga, tasa edo prezio publikoetan gertatu bezala, Galdakaoko Udalak hobariak ezarriko ditu herritarren diru sarreren arabera.

“Gaur egun zaborrak biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalean hobari batzuk jasotzen ditugula. Zehazki, % 50ekoak, familia unitate bakoitzeko pertsona kopuruari eta eskura dituzten baliabide ekonomikoei erreparatuta”, adierazi zuen Ealok.

Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin zuten aurrerantzean beste hobari batzuk ezarri beharko liratekeela, “gutxien kutsatzen dutenak saritzeari begira”.

Ildo horretan, alderdi jeltzaleak % 69ko igoera salatu eta, “etxeetara, merkataritzara edo industriara egokitzen den eredu bat” aurkeztu zuen: hiri-hondakinen bilketarako tasa justua, alegia. Besteak beste, etxeetan bilketa bereizia sustatzea eta konpostajea egiten dutenei tasa murriztea; hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatze aldera bilketa bereizietan parte hartzen dutenek ere hobariak jasotzea; eta merkatariei begira, hondakinen gaikako bilketan aktiboki parte hartzen duten negozioei ere hobariak aplikatzea proposatu zuten.

Hala ere, gobernu taldeak ez zuen EAJren emendakina onartu: “Azterketa sakona egin dugu eta aspalditik ari gara hau lantzen. Alderdi jeltzaletik hobariak proposatu dituzue, baina planteamendu seriorik gabe”, adierazi zuen Ealok.

“Hondakinen sorreran guztion jarduerak bereiztea eta kontuan hartzea posible egingo duten konponbideetan aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, jokabide jakin batzuei murrizketak edo pizgarriak aplikatu ahal izateko. Baina, era berean, badakigu egokitzapen horiek guztiak ezin direla egun batetik bestera egin. Zeregin konplexua izango da, baina horretan ahaleginduko gara planteatu daitezkeen aukerak ebaluatzeko. Dagoeneko urratsak eman dira ildo horretan: bilketa pneumatiko postontziak gehitzea, industrialdeetan atez ateko zerbitzua edota Smart Galdakao. Gure herrian hondakinak kudeatzeko gura dugun ereduagaz ados jarri beharko genuke, eta atseginez hartuko dugu egin dezakezuen edozein ekarpen, betiere kontrastatutako informazioetan oinarrituta badago”, izan ziren Ealoren azken hitzak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik

|

Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren Galdakaon Segurtasun Sailak adierazi duenez // Geuria

Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Atxilotuek 28 eta 40 urte dituzte eta lapurretekin lotutako delitu-aurrekariak dituzte.

Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren: Ertzaintzak lapurretaren berri izan zuen eta Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzarekin bi gizonak harrapatu zituzten aipatutako etxebizitzaren atarian, ihes egiten saiatuz.

Harrapatu zituztenean lapurretak egiteko erabili ohi diren tresnak eta erremintak antzeman zizkieten, hala nola, bi gakorde eta bi xafla metaliko (xafla horiek etxeetan sartzeko erabiltzen dira, “inpresioning” delako teknikaren bidez).

Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak egiteko eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.

Osorik irakurri