Sareak

☉ Galdakao

Bideoa / ‘La Josefina’ lantegiko lau langile ohiek Usansoloko Bridgestone lantegia bisitatu dute fabrikaren 125. urteurrenean

Usansoloko ‘La Josefina’ Bridgestone lantegiak 125 urte bete ditu eta, ospakizun modura, bertan lan egin izandako lau usansolotar gonbidatu dituzte, fabrika bisitatu eta oroitzapenak berpiztera

|

Usansoloko ‘La Josefina’ Bridgestone lantegiak 125 urte bete ditu eta, ospakizun modura, bertan lan egin zuten lau usansolotar gonbidatu dituzte, fabrika bisitatu eta oroitzapenak berpiztera.

Laurentzi Unamunzaga, Martin Artetxe, Maria Luisa Zamakona eta Itziar Sagarminaga 10:00etan agertu dira Usansoloko Bridgestone lantegiko sarreran. Ez lehenago, ez beranduago. Puntual. Bertan urte dexente eman zituzten lanean usansolotarrek, eta 125. urteurrenean instalazioak bisitatzera gonbidatu ditu ehuna eta bladerra ekoizten dituen enpresak.

Harrera bilera gela txikian egin diete adinekoei, hainbat komunikabidekin batera. “Gela honek berdin-berdin jarraitzen du”, azaldu du Martinek. Ongi etorri xume baten ostean enpresaren historia azaltzen duen bideoa proiektatu dute bertan eta segidan, ehunak ekoizten diren nabera joan dira.

Maria Luisa, bere lantokiaren aurrean // Geuria

Maria Luisak 81 urte ditu eta nostalgiaz begiratzen die gaztaroko lan-urteei. 1959tik 1988ra egin zuen lan ‘La Josefinan’ idazkari modura, bilera bulego ondoan dagoen gela batean (goiko argazkian ikusten diren leihoetan, hain zuzen ere). Zamakonak 30 urte eman zituen fabrikan: “10 ezkongabe modura eta 20 ezkonduta”, azpimarratu dio GEURIA komunikabideari.

Usansolotarra Bilbon jaio zen eta aitak tailer bat zabaldu zuen Usansolon. Lantegia etxetik gertu zegoelako hasi zen bertan lanean Zamakona. “Oso arraroa zen garai hartan ezkondutako emakume batek La Josefina bezalako fabrika batean lan egitea”, azaldu du Maria Luisak. “Nik gainera euskaraz berba egiten nuen garai hartan eta behin baino gehiagotan arazoak izan nituen, erdaraz egiten ez nuelako. Itzela izan zen hori!”.

Laurentzik fabrikara “behartuta” gerturatu dela esan digu: “Hasiera batean ez nuen lantegira etorri nahi, eta etortzeko aitzakia bakarra bertako makinak ikustea zen”, azaldu digu. Bisitak zirauen bitartean taldetik banandu da Unamunzaga eta hainbat langilekin berba egiten ikusi dugu makinen artean. “Lantegitik egindako ibilbidea oso orokorra izan da eta makinak aztertzeko denbora oso gutxi izan dut. Pena bat izan da”, aitortu digu irribarre eginez.

Laurentzi Unamunzaga, makinen inguruko galderak egiten Bridgestoneko langile bati // Geuria

Indiano baten alaba

Letonako Zeanuri Santos López enpresari indianoak 1897an sortu zuen ‘La Josefina’, Mexikon dirutza egin ostean. Izena bere alabatik dator. 1938an, Ignacio Telleríak lantegia erosi zuen Firestone Tire and Rubber Company, Harvey Samuel Firestoneren izenean.

Gaur egun 24.000 metro karratuko azalera du lantegiak eta urtean 351 egunetan funtzionatzen du. Bertan 45 langile daude eta 6.180 ehun tona eta 52.650 bladder ekoizten ditu urtero.

☉ Galdakao

Zabaleako jaiak antolatu dituzte lehen aldiz: maiatzaren 25ean izango dira

|

Besteak beste paella txapelketa izango da Zabaleako jaien lehen edizioan // Artxiboa, Geuria

Lehen aldiz Zabaleako jaiak antolatuko dituzte Galdakaon. Eratu berri den Zabalea Elkarteak antolatuko ditu jaiak maiatzaren 25ean.

Besteak beste, paella txapelketa, haurrentzako ekintzak, mus eta igel txapelketak, barbakoa eta dantzaldia izango dira.

Egitaraua / Zabaleako jaiak 2024

Maiatzak 25, larunbata
10:00 Txupinazoa
10:30-14:00 Paella txapelketa
11:30 Zuberoako Maskarada elizako plazan
11:30 Haur jolasak
12:30 Kalejira
17:00 Mus txapelketa
19:00 Igel txapelketa
20:00 Barbakoa
22:00 Dantzaldia

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko institutuek 567 euro lortu dituzte bigarren eskuko merkatu solidarioan

|

GBGE elkarteari emango diote lortutako dirua // Geuria

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten maiatzaren 17an, ostiralez, Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek.

Bertan izan ginen eta Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Ikasleek GEURIAri adierazi diotenez, 567 euro lortu zituzten merkatu solidarioan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

“Guretzat emaitza oso ona da”, adierazi diote GEURIAri ikasleek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora Andra Marik 33 urteren ostean

|

Pagolako gazteek aurten antzeztutako Maskaradak // Argazkiak: Maite Irizar, Amaiur Aristi (dantzan.eus)

Andra Mari Dantza Taldeak Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora, azkenekoz 33 urte izan ostean. Maiatzaren 25ean, larunbatez, izango da eta Pagolatik (Zuberoa) etorriko dira dantzariak eta barrikadak eta ofizioak antzeztuko dituzte.

Maskarada 11:30ean hasiko da Andra Mari elizatik, Ardanza parkean, eta Iturrondotik eta Santi Brouard plazatik ere igaroko dira. Arratsaldean Santi Brouard plazan izango da ekitaldia 17:00etan, eta euria bada, frontoira lekualdatuko dute.

“Duela 33 urte izan genuen azken aldiz Zuberoako Maskarada Galdakaon, Altzairen eskutik. Eta orain, 33 urteren ostean berriro ere Zuberoako Maskarada dakargu gure herrira, aurten Pagolaren eskutik”, diote Andra Mari Dantza Taldetik.

Egitaraua / Zuberoako Maskarada

Maiatzak 25, larunbata

Barrikadak
11:30 Andra Mari eliza (Ardanza parkea)
12:30 Iturrondo plaza
13:30 Santi Brouard plaza

Ofizioak
17:00 Santi Brouard plaza. Euria bada, frontoian

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Varsoviako irakasleek Galdakaoko Elexalde Institutuko metodologia ezagutu dute

|

Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakasle izan dira Elexaldeko metodologia aztertzen // Elexalde BHI

Galdakaoko Elexalde Institutua Erasmus+ proiektuan murgilduta dago. Ikasturte honetan ‘Create and Experience a Better Europe’ proiektuan ari dira parte hartzen Galdakaoko ikasleak, Varsoviako (Polonia), Berlingo (Alemania) eta Casertako (Italia) ikasleekin.

Iazko azaroaren 24tik abenduaren 2ra bitartean Elexaldeko Institutuak harrera egin zien Varsoviako zazpi ikasleri, Berlingo seiri eta Casertako hamaika ikasleri, eta eurekin etorritako zazpi irakasleri. Eta aurtengo martxoan Galdakaoko hamabi ikaslek eta bi irakaslek Caserta (Italia) bisitatu zuten.

Maiatzean, gainera, hilaren 15etik 17ra, Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakaslek Job Shadowing bat egiteko aukera izan dute Elexalde Institutuan: “Job Shadowing-a beste irakasle batzuek emandako eskolak zuzenean behatzean datza, beste herrialde batzuetako hezkuntza nolakoa den, zein metodologia erabiltzen duten eta ikasleek nola ikasten duten lehen pertsonan ezagutzeko. Horri guztiari esker, zer aldatu edo hobetu daitekeen hausnartu eta ondorioak atera daitezke, job shadowing-ean parte hartzen duten ikastetxeekin esperientziak eta baliabideak trukatzeaz gain”, azaldu dute Elexalde Institutuko Erasmus+ programako arduradunek.

“Gure ikastetxetik, joan den ikasturtean, bi irakasle Poloniara joan ziren Szkola Podstawowa eskolara (Varsovia), Poloniako sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta sistema horren kalitatea hobetzeko gure IES Elexalde ikastetxean aplikatu ahal izateko”, diote.

Poloniako eta Euskal Herriko hezkuntza sistemei buruz hausnartu dutela diote Elexalde Institutuko arduradunek: “Era berean, Elexalde BHIk egiten dituen proposamenak erakutsi dizkiegu. DBHko hainbat taldetan ikusi dute, halaber, proiektuen metodologia gaztelania eta ingelesa dela. Halaber, Ahozkotasuna irakasgaian eztabaiden bidez eta modu ludikoan hitz egindako ingelesa nola lantzen den ikusi ahal izan dute”.

“Job Shadowing-a oso aberasgarria izan da eta etorkizunean elkarlanean jarraitu nahi dugu”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek

|

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Osorik irakurri