→Galdakao

Usansoloko etorkizuneko tren geltokiaren kokapenari Aldundiaren Garraio sailak ez dio alegaziorik aurkeztuko

Kontrolerako osoko bilkula atzo, Gernikako Batzar Etxean // BBNN

Kontrolerako osoko bilkura egin zuten atzo Gernikako Batzar Etxean. Besteak beste, Metroaren 5. Linearen eta Usansoloko geltokiaren inguruan hitz egin zuten foru diputatuek. Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko batzarkideak azpiegituraren informazio-azterlanari buruz galdetu zion Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuari.

Metroa luzatzeari dagokionez, koalizio abertzaleak, Usansoloko erdigunea “geltoki barik” utziko duen eta Galdakao-Usansolo ospitalearekin konektatzeko autobus-lanzaderaren alternatiba erakusten duen ibilbidearen proposamenaren inguruan Aldundiak duen iritzia jakin gura izan du Mendezek: “Bi aukera aukera aurkeztu dira proiektuan ospitala, Usansoloko erdigunea eta Euskotrenen 5. Linea orokorra lotzeko, eta bietan geltoki bakarra aurreikusten da, ospitalaren ondoan, gaur egun Usansolon dagoen geltokia ezabatuz, eta herrigunetik nahiko urrun”, dio Mendezek: “Era berean, autobus-lanzadera zerbitzu bat sortzen da, geltokia “galtzearen” konpentsazio gisa. Hau da Arriola sailburuaren sailak argitaratu duen proiektua, eta Usansoloko bizilagunak badirudi ez daudela oso ados horrekin: ez dute onartzen, logikoki, beren udalerriko erdigunean geltokirik gabe geratzea, garraio kalitatea galtzea, irisgarritasuna galtzea, mugikortasuna galtzea”. Ildo berean, zera adierazi du Mendezek: “Ezin da alde batera utzi Hego Uribeko biztanle-gune garrantzitsu hori, Usansolo. Uste dut Aldundiak neurriak hartu behar dituela zentzugabekeria hori gerta ez dadin”.

Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuaren arabera, Usansoloko tren geltoki berria herrigunetik 500 metrora egongo da, “gaur egungo geltokia erdigunetik dagoen distantzia berera, eta ez kilometro batera EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez”. Eta, lanzadera zerbitzuari dagokionez, zerbitzua emateko baimena “Udalaren eskumenekoa” izango dela gogorarazi du Gomezek: “Izan ere, % 100ean hiri-zerbitzua izango baita, eta Euskotrenen eta dagokion Udalaren artean definitu beharko dute. Trazadura aztertu behar da, eta ez zaigu aukera desegokia iruditzen”.

“Mahai gainean zeuden bi aukeretatik, lehentsi den proposamenak urtean 5,5 milioi bidaiari izatea ahalbidetuko du, Sarratu eta Galdakao artean dagoen biztanleriaren % 85ari zerbitzua emanez. Hau da, Metroaren 5. lineak 5 eta 10 minutu arteko zerbitzua emango lieke 32.000 biztanle ingururi, eta lana eman 7.200 langile baino gehiagori”, dio Gomez diputatuak: “Informazio-azterlana guztiz bat dator azpiegitura horren garapenaren historiarekin, sinatutako hitzarmenarekin eta auzoaren benetako beharrizanei egokitutako mugikortasunaren prestazioarekin, bai eta azterlanak adierazten dituen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuneko irizpideekin ere”.

Usansolotarren kezkak

Azken hilabeteetan usansolotarrek euren kezka adierazi dute egungo tren geltokia kendu eta berria eraikiko dutelako Labean, ospitaletik gertuago. Kezka horien berri ere izan du Raul Mendezek: “Usansoloko herritarrek bi ideia nagusi helarazi dizkigute. Alde batetik, Usansolok eta bertako biztanleek ezin dute garraio-kalitatea galdu, ezin da egungo geltokia per se desagertu. Eta berri bat egingo bada, eta hori ematen du, hiri-eremuan kokatuta egotea, gutxienez erdigunetik egungoa dagoen distantzia berera. Eta bestetik, ospitaleraino autobus-lanzaderarik ez dutela onartuko adierazi digute herritarrek”. Mendezentzat “txapuza” bat da, 300 milioi euro baino gehiago inbertiduko direla kontuan hartuta. Planteautako trazadurak aurrera egiten badu Usansolok “garraio txarragoa” izango duela dio Mendezek.

“Pentsatzen dut Aldundia jabetuko zela PSEk eta, zehazki, Arriolak ospitaleko geltokiko proiektua 2010eko eraikuntza-proiektuan aurreikusita zegoenaren copy-paste bat dela. Ez dute ezta koma bat bera ere aldatu. Baina ahaztu egin zaie 2010eko proiektu horretan Euskotrenen egungo geltokiaren azpian lurpeko geltoki bat egitea aurreikusten zela, eta proiektu berrian desagertu egin dela”, dio Mendezek: “Ondorioa zein da? Bada Usansolok ez duela hobera egingo mugikortasun aldetik. Usansolok okerrera egingo du. Zuek proposatzen duzue etorkizunean Usansolok gaur egun dutena baino garraio txarragoa izatea, eta hori metro linea berri batean 300 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ondoren”.

Alegazioak: epea zabalik

Metroaren 5. Linearen informazio-azterlanari eta hortaz Usansoloko geltoki berriari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago urtarrilaren 31ra arte. Erakundeek, elkarteek edota norbanakoek alegazioak aurkez ditzakete, eta Mendezek Gernikako Batzar Etxean adierazi duenez, usansolotarrek “hainbat alegazio” aurkeztu dituzte: “Alderdi politikoek, gizarte eragileek edota norbanakoek”. Besteak beste, Usansolon sinadura bilketa hasi zuten abenduan, herrigunean lur azpiko tren geltokia jarri eta 5. linearekin bat egiteko. Guztira, 2.000 sinadura inguru jaso zituzten. “Gainera, UHko bulegotik hainbat izan dira pasa diren herritarrak. Ezin dugu zenbatu jarri diren alegazio kopurua, baina oso pozik gaude usansolotarrek izan duten erantzunarekin”, adierazi dio GEURIAri Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak.

Usansoloko EAJk berak ere alegazioak aurkeztu dituela adierazi du EH Bilduko batzarkideak: “Alderdi jeltzaleak honako alegazio hauek aurkeztu ditu: Metroaren 5. linea berriak eta Euskotrenen sarearekiko konexio berriak Usansolok gaur egun duen zerbitzua ez okertzea eskatzen dugu. Hau da, geltokira arteko denborari, distantziari, segurtasunari eta mugikortasunari dagokienez, antzeko zerbitzua bermatzea eskatzen du EAJk; bestetik, Usansolok lurpeko sarbidea duen geltoki bat izatea herrigunearen barruan, eta Metroaren maiztasunarekin; eta azkenik, Usansoloko geltoki berri baterako lurpeko sarbidea egotea herrigunearen barruan, Ibaizabal ibaiaren hegoaldean”. EH Bilduk ere alegazioak aurkeztu ditu, alderdi jeltzalearen zentzu berean. Gai horri dagokionez, Miguel Angel Gomez Viar foru diputatuak adierazi du bere sailak “ez duela alegazinorik aurkeztuko”, Aldundiko beste sail batzuek hori egitea baztertu barik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak