→Galdakao

Itxaso Atutxa (EAJ): “Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea nahi dugu, baina legez kanpo egiteak herritarren fustrazioa ekar dezake”

Itxaso Atutxa gaur goizean Euskadi Irratian eta Fernando Izagirre artxiboko irudian // Geuria

Usansoloren segregazioari buruzko prozesuaren inguruan hitz egin du gaur Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Euskadi Irratian. Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izateko “ahal den guztia” egin behar dela adierazi du Atutxak: “EAJk horrela nahi du. Usansolotarrek horrela adierazi dute behin baino gehiagotan, herriak indarra duela erakutsi du, memoria onartu da eta hor ez dago inolako arazorik”. Baina, Galdakaoko Udala eta EH Bildu “ez direla egia osoa esaten ari” salatu du Atutxak: “Bizkaiko foru legeak esaten du 2.500 biztanletik gorako herriek aukera daukatela segregaziorako. Usansolotarrek erakutsi dute Bizkaiko 113. udalerria izan nahi dutela eta hori bideratu behar dugu eta ahalbideratu behar dugu guztiok, baina gauza bat dago eta argi esan behar zaie herritarrei: Espainiako legeak 5.000 biztanle eskatzen ditu. Hori ez esatea usansolotarrei gezurra esatea da”. Ez dago Usansoloren populazioari buruzko datu zehatzik, baina 4.700 inguru direla aurreikusi dute.

“Ez dezagun inor engainatu. Denok nahi dugu benetan Usansolok daukan gurari hori posible egitea, baina legez kanpo egiten badugu, berriro ere fustraziora eramango dugu jendea”, adierazi du Atutxak, eta gaineratu du: “Egin behar dugun ahalegina da ikustea zelan bideratu Usansolok benetan aukera hori erakusteko baliabide juridiko eta batez ere babes politiko eta juridikoa izan dezan. Momentu honetan Espainiako legeak ez du onartzen”.

Galdakaoko EAJtik ere Udalari eskatu diote “herritarrak ez nahasteko” eta “itxaropen faltsurik ez sortzeko”. Fernando Izagirre Galdakaoko EAJko bozeramaleak salatu duenez, “Usansoloren bereizketari buruzko herri-kontsulta bat deitzeak itxaropen faltsuak eta beharrezkoak ez diren gastuak dakartza, gaur egun legezko baldintzak betetzen ez direnean”. Hain zuzen ere, Usansolok Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legeak ezartzen duen 5.000 biztanle ez dituela diote alderdi jeltzaletik: “Bereizketa hori onartuz gero ere, epaitegiek baliogabetu dezakete, Usansoloko populazioa ez baita iristen Espainiako legeak ezartzen duen 5.000 biztanlera. Eta hori udal gobernu taldeak (EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos) badaki. Izan ere, bai udal-idazkariak, bai zenbait teknikarik, bai alkateak berak ere, Batzorde Mistoaren bozketan, onartu dute ez direla betetzen TEOLek ezarritako gutxieneko baldintzak”.

Segregazioaren inguruan EAJk “beharrezko pauso guztiak” eman dituela aipatu du Izagirrek: “Batzar Nagusietako jeltzale taldeak Lurralde Mugaketei buruzko foru-arauaren aldaketa butzatu zuen, 2.500 biztanlera murriztuz biztanleria-eskakizuna, irizpidea malgutzeko. Hala ere, Gipuzkoako Ezkio-Itsaso udalerria banatzeari buruz Auzitegi Gorenak 2020ko uztailaren 16an emandako epaiak ezarri zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak, ‘beste edozein foru-arau edo -xedapen interpretatzea baino nagusitasun handiagoa duela’. Ahalegin guztiak egin ditugu prozesu hori errazteko, baina une honetan argi dago ez direla betetzen legez eskatzen diren baldintzak”, dio Izagirrek.

Prebarikazio-delitu posiblea

Galdakaoko Udaleko oposizioak, EAJ barne, zalantzak azaldu zituen urtarrileko osoko bilkuran eta prebarikazio-delitu posible batez ohartarazi zuen. “Lanean jarraitzea eta legezko baldintza guztiekin, legezkotasunarekin bat datorren ebazpena hartzea posible den unera arte itxarotea eskatzen dugu”, dio Izagirrek: “Zertarako jarraitu ziurgabetasun juridikora bideratutako bide batetik, une honetan eskatutako gutxieneko biztanleria betetzen ez dela dakigunean?”. Eta ohartarazi dute, “erantzukizun penal erantsia ekar diezaiekeela legearen aurkakoa dela jakinda aurrerantz jarraitzen dutenei”.

Euskadi Irratian Itxaso Atutxari egin dioten elkarrizketan galdetu diote Usansoloren segregazioari buruzko eskakizuna Batzar Nagusietara heltzen denean, zein izango den EAJren jarrera eta bozka. Galderari ez dio argi eta garbi erantzun Atutxak, baina zera adierazi du: “Politikari batek, edo, are gehiago, funtzionario batek, jakinda badagoela lege bat Euskadiko legearen gainetik dagoena —Espainiako legea—, onartzen ari diren horren kontra egitean, prebarikazioa da”. Eta horrek onartzen duenarentzat “kalte handiak” ekar ditzakeela adierazi du Atutxak: funtzionarioarentzat inhabilitazioa, alegia.

“Uste dut moduren bat bilatu behar dela Usansoloko nahi horri irtenbide bat emateko, baina bidea ez da Galdakaoko Udalak orain egin duena usansolotarrekin. Honek ez du biderik, Espainiako legeak argi eta garbi esaten duelako ez duela onartzen 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrien segregaziorik”, dio Atutxak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak