Pertxin bidean dagoen trenbide-pasabidea kentzeko 206.000 euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak. Bide berria Torreondo kaleko pasagunearekin lotuko dute
Gaur egun Usansolok maila bereko bi trenbide-pasabide ditu: Euskotren geltokikoa eta Pertxin auzora joatekoa. Hala ere, epe laburrean egoera bestelakoa izango da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, 206.000 euro inbertituko ditu Lasarmintegiko trenbide-pasagunea kentzeko (Pertxin auzokoa, alegia). Horren ordez, pasabide berria eraikiko dute Torreondo kalean dagoen gaineko pasabidearekin lotuta.
Obrak aurten hasiko direla jakinarazi du gobernu autonomoak eta bi hilabete eta erdiko epean prest egongo direla adierazi du.
NOLAKOA IZANGO DA ALDAKETA?
Bide berriak 158 metroko luzera izango du eta Torreondo kaletik Lasarmintegiko trenbide-pasagune ingururaino helduko da, Torreondo eta Pertxin bideak lotuz. Modu horretan, Pertxin auzora joateko Torreondoko kaleko gaineko pasabidea erabili beharko dute herritarrek eta ondoren eraikiko duten pasabide berritik igaro.
Lasarmintegiko trenbide-pasagunean itxitura jarriko dute eta bide batez, seinalizazioa kenduko dute.
