☉ Galdakao
2023ko maiatzean ez da hauteskunderik izango Usansoloko Udala osatzeko
Estatuko Abokatutzak helegitea jarri du Usansoloren segregazioaren kontra. Prozesua beste lau urtez luzatuko dela dio Monika Mena UHko bozeramaileak eta hortaz 2023ko maiatzean Usansoloko Udala osatzeko hauteskunderik ez da egongo.
2023ko maiatzean ez da hauteskunderik izango Usansolo Udala eratzeko. Hori baieztatu digu Monika Mena Usansolo Herriako (UH) bozeramaileak, Estatuko Abokatutzak segregazioaren kontra helegitea jarri duela jakin ondoren. “Helegite honek Usansoloren segregazio prozesua beste lau urtez luzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi urtez egongo da mahai gainean, eta beste bi urtez Madrilen”, adierazi dio GEURIAri Monika Mena Usansolo Herriako (UH) bozeramaleak.
Nahiz eta Estatuko Abokatutzak helegitea jarri duen, Usansolon Kudeaketa Batzordea eratuko dela adierazi digu Menak (Udal antzekoa). “Helegite honek gauzak zaildu egingo ditu, baina horrek ez du esan nahi ez dugula osatuko Kudeaketa Batzordea. Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin dute Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea eta hurrengo urratsa Kudeaketa Batzordea eratzea da”, dio Menak. Batzordea 11 pertsonez osatuta egongo da, azkenengo udal hauteskundeen emaitzen araberakoa. Horren arabera, UHko 8 ordezkarik eta EAJko 3 ordezkarik osatuko dute Batzordea. Gabonak eta gero osatuko zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Kudeaketa Batzordea. UHk bere aldetik bilera eskatu du Aldundian, “Kudeaketa Batzordea ahalik eta lasterrek eratzeko”, dio Menak.
Joan den azaroaren 23an Bizkaiko Batzar Nagusiek bozkatu zuten Usansoloren segregazioa (aldeko 39 boto -EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia-, bi abstentzio -PP- eta kontrako zortzi boto -PSE-), eta abenduaren 16an agindua publikatu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Helegiteak lau urtez luzatuko du Usansolo herri independente bihurtzeko prozesua. “Gaur egun Usansolon 4.700 biztanle bizi gara. Hemendik lau urtera, ziur gaude 5.000 biztanle izango dituela Usansolok. Irribarrea ez dugu galdu eta gaurtik aurrera ere ez dugu galduko. Gure borrokak 40 urte iraun ditu dagoeneko, eta oraindik ere prest gaude borrokan jarraitzeko”, dio Menak.
“Espero genuen eszenatoki baten aurrean gaude. Nik pertsonalki ez nuen espero, ez daukalako zentzurik: 2013an onartu zen Espainiako legea eta ordutik desanexio asko eman dira Espainian, baita 2.000 biztanletik beherako udalerrietan ere”, dio Menak: “Konpetentzia Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Usansoloren segregazio prozesua foru arauaren arabera egin dugu eta baldintza guztiak bete ditugu”.
Foru araua bertan behera uztea
Bestetik, Estatuko Abokatutzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari eskatu dio Bizkaiko 9/2012 Foru Arauaren artikulua baliogabetzea. Foru Arau horren arabera, udalerri bat segregatzeko edo desanexionatzeko 2.500 biztanle behar ditu. Estatuko Abokatutzak uste du Bizkaiko 9/2012 Foru Araua udalerrien bereizketaren gaineko foru-eskumena prozedura arautu eta izapidetzeko baino ez dela, baina funtsezko betekizunak Estatuaren eskumenekoak direla.
Horren aurrean zera adierazi digu Menak: “Nahiz eta foru araua desagerrarazi, Usansoloren segregazioa prozesu horrekin eman da. Orain, autonomia eta burujabetza borroka piztu da. Defentsa asko egin beharko dugu auzitegietan”, dio Menak.
☉ Galdakao
Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia
Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.
Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.
Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.
☉ Galdakao
Bideoa / Petankan jolastea Galdakaoko jaietan: hobeto ajearekin ala ajerik gabe?
Petanka adinekoentzat soilik dela gezurtatu dute Galdakaoko jaietan. Atzo kuadrillen arteko Petanka Txapelketa antolatu zuten Zuhatzun eta 36 kuadrillak hartu zuten parte, gehienak gazteez osatutakoak. Santi Vincente Euskadiko Petanka Federazioko lehendakariordearekin eta atzoko irabazleekin berba egin genuen: Dekantzekoz kuadrillako Unairekin (txapeldunak) eta Antzeko kuadrillako Ainararekin eta Endikarekin (bigarrenak).
☉ Galdakao
Argazkiak / Dekantzekoz kuadrillak irabazi du Galdakaoko jaietako Petanka txapelketa
Petanka txapelketa izan da gaur Galdakaoko jaietan. Guztira 36 kuadrillak hartu dute parte eta aurten irabazle izan da Dekantzekoz, bigarren sailkatu da Antzeko eta hirugarren Mussularik Gabe.
☉ Galdakao
Argazkiak / Oheak ajea pasatzeko bakarrik ez, lasterketak egiteko ere erabiltzen dituzte Galdakaon!
Atzo hasi ziren aurtengo Santakurtzak, eta gogotsu ekion zioten jaiari galdakaoztarrek. Gaur, bigarren egun honetan, oheak kalera atera dituzte, errepidera, eta ohe lasterketak irudi dibertagarri bezain ikusgarriak utzi dizkigu.
☉ Galdakao
Bideoa / Nork irabaziko du Limoi Saria Galdakaoko jaietan? Inkesta egin dugu!
Atzo hasi ziren Galdakaoko jaiak eta bertan izan ginen GEURIAko kazetariok. Kuadrillen desfilea bitartean inkesta egin genuen gazteekin: Zein kuadrillak irabaziko du aurtengo santakurtzetarako sortu berri duten Limoi Saria? Eta zeinek kenduko dio txapeldunaren lekua Patxikuri?