Sareak

☉ Galdakao

Xabier Urrutikoetxea: “Gure burbuilatik atera, beste errealitate batzuk ezagutu. Horrek begiak irekitzen dizkigu”

Elexaldeko Kronoeskalada Solidarioa antolatu du aurten Xabier Urrutxikoetxea usansolotarrak. Bildu duten dirua Tanzaniara bidaliko dute, Born To Learn erakundearen bitartez.

|

elexaldeko kronoeskalada antolatu zuen 2020an Xabier Urrutikoetxea usansolotarrak Javi Delgado Palenque galdakoztarraren laguntzarekin // Geuria

[2020ko abenduaren 17an GEURIAren paperezko edizioan argitaratua] 2016an Tanzaniara egin zuen bidaiatik “umiltasun doktoretza” ekarri zuen Usansolora Xabier Urrutikoetxea Apraizek (Usansolo, 1984). Born To Learn erakundearekin eskutik helduta joan zen Xabier Afrika erdialdeko herrialdera. Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek Tanzanian hezkuntza proiektua garatzeko lan egiten du, eta bertan egon izanak “argi eta garbi” erakutsi zion Xabierri “sinpletasunaren handitasuna: gure gizarteak sinpletasunaren balore guztiak galdu dituela konturatu nintzen, puxika sinple batekin 15 umeren irribarre amaigabea sortzeko kapaza nintzela konturatu nintzenean”, dio Urrutikoetxeak. Duela hiruzpalau urtetik Usansoloko Mendi Lasterketa Solidarioa antolatzen du Xabierrek Born To Learn erakundearen alde, baina aurten Covid pandemiak behartu egin du ekimena bertan behera uztea. Hala ere, horren ordez, eta Javi Delgado Palenque galdakoztarrak proposatuta, Elexaldeko Kronoeskalada Solidarioa antolatu dute abenduko lehen egunetan eta 2.0000 euro inguru lortu dituzte Moshira bidaltzeko.

Usansoloko lasterketa solidarioa ezin izan da egin aurten, baina horren ordez, Elexaldeko Kronoeskalada antolatu duzue abenduan.
Javi Delgado “Superpalen” galdakoztarraren deia jaso nuenean sortu zen Elexalden Kronoeskalada solidarioa egiteko ideia. Javi Galdakoko kirola bere kabuz sustatzen duen horietako altruista bat da, eta biok horrelako saltsetan murgilduta ibiltzen garenez, Covid garai honetan herrian zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Neurriak zorrotz betez, baina eboluzionatu behar genuela beharrezko ikusi genuen eta bide batez Born to Learn Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat diru-laguntza iturri bat lortu. U113 Triatloi Taldekook Usansoloko jaietan Artetako Kronoeskalada egiten dugunez, ideia bera hartu genuen: banakako probek koronabirusa prebenitzeko neurriak bermatzen dituztenez, Kronoeskalada egitea erabaki genuen.

Zer dela eta Galdakaon, eta ez Usansolon?
Javik Galdakaon egitera behartu ninduen (kar, kar, kar). Egia esan, berdin zitzaigun non egin: Usansolon edo Galdakaon. Helburua zen garrantzitsuena: Born To Learn erakundearen lana ikustaraztea eta dirua biltzea, alegia. Herria kirolaren bitartez suspertu nahi genuen, Born To Learn lagundu eta Covidak eragin duen bajoi  kolektibo horretatik irten nahi genuen, herria herritik sortzen baita.

Zenbat ditu lortu duzue aurten Born To Learn erakundea laguntzeko?
Aurten 2.0000 euro inguru lortu ditugu. Nork esango zigun herri mugakideen itxiera honekin 200 pertsonek izena emango zutela proban? Bada inork ez! Oso balorazio ona egiten dugu. Oso pozik gaude ekimenak izan duen harreragatik.

Noiztik antolatzen duzu helburu solidarioa duen lasterketa?
Usansolon hiruzpalau urte daramat Mendi Lasterketa Solidarioa antolatzen, mendia nire ingurugiro naturala delako, eta Pepe Mujicak esaten duen bezala, “besteei laguntzeko baliabideak ditugunok, aitzakia on bat behar dugu ahal izateko eta ez egiteko”. Saltsero hutsa naizela esaten didate eta benetan oso gustuko dut auzolanean aritzea, erakunde handirik gabeko proiektuek sortzen duten herri identitatea sustatzea, denok batera norabide berean arraunean egitea! Gaur egun arlo gutxitan ikusten den jokaera bat da gizarte honetan.

Zer da Born To Learn?
Born To Learn erakundea Asier Urrutikoetxea galdakoztarrak —nire izter-lehengusua da— sortu zuen 2011n. Afrikan motxilero bezala zibilenean sortutako proiektu batetik hasi zen, Madrileko Samantha Peñalver ezagutu eta Tanzaniako Moshi herrialde txiroan zer nolako beharra zeukaten ikusi zutenean sortu zuten erakundea. Gosea zen nagusi eta ehunka ume egunero hara eta hona ibiltzen ziren ezer egin gabe eskolara joateko aukerarik ez zeukatelako. Herriko pregoilariari jakinarazi zioten hurrengo egunetan nahi zuenari herriko plazan eskolak emango zizkiotela, eta lehenengo astean ehun ume baino gehiago gerturatu zen eskola antzeko horiek aditzera! Izugarria izan omen zen.

Eta harrez geroztik errotu egin da.
Hala da. Laguntzak handik eta hemendik bilatuz eta baliabideak topatuz apurka-apurka gaur egun ezagutzen dugun erakundea eraikitzea lortu dute. 300 bat umerentzako primerako hezkuntza elebiduna irakasten dute beraien sustrai eta kultura beti ere errespetatuz. Gainera, umeen elikaduran ere lagundu egiten dute, ume askok egunean duten janari bakarra ematen baitiete eskolan.

Bertatik bertara ezagutzen duzu Born To Learn erakundea, baita Tanzania ere.
Bai. Erakundeko kide izan naiz eta bertako proiektuan irmoki sinetsi izan dut beti. 2016an izan nintzen Tanzanian, eta bertan egon izanak argi eta garbi erakutsi zidan sinpletasunaren handitasuna. Gutxirekin asko egin daiteekela beharrezko ezagutzak eta tresnak izanda.

Zein oroitzapen dituzu bidaia hartatik?
Tanzaniako bidaiak beti gordeta izango ditudan bizipenak ekarri zizkidan. Beste herrialde batzuetan egondakoa naiz, beharrez betetako herrialdeetan, hala nola, Indian edota Madagascarren, baina Tanzaniako herritarrak hain ondo ezagutzea eta euren artean beste bat gehiago izanaren sentsazioarekin itzuli nintzen Usansolora.

Esperientzia hartatik zer ikasi zenuen?
Umiltasun doktoretza bat jaso nuen, ni neu izan bainintzen asko ikasi zuena. Gure gizarteak sinpletasunaren balore guztiak galdu dituela konturatu nintzen, puxika sinple batekin 15 umeren irribarre amaigabea sortzeko kapaza nintzela konturatu nintzenean. A zer nolako gizartea daukagun herrialde “aurreratu” honetan! Dena edukita gehiagoren beharra izaten dugu gure mundu honetan.

Nolakoak dira Tanzaniako umeak?
Bertako umeak beste pasta batekoak dira, euren bizitza oraina bakarrik da. Irribarre egiteko beti daukate motiboren bat, nahiz eta bizitza gordina pairatzen ari diren. Askok eskolako eguna amaitzen denean ez dute euren etxera itzuli nahi, bertan dauzkaten arazoekin topo egin behar izaten dutelako. Inoiz ez dut ahaztuko nola jolas orduan umeak mzunguen (azal zuria dugunok) bila etorri eta liburu bat irakurtzeko eskatzen ziguten. Ume asko konpainia eta arreta edukita bakarrik zoriontsuak dira.

Tanzaniara itzultzeko gogorik baduzu?
Mundua handi xamarra da eta milaka leku ikusteko ditudala badakit, baina Tanzaniara itzultzeko ideia beti daukat gogoan. Kronoeskalada dela eta Samantharekin hizketan egon nintzen behin eta barruko erraiak mugiarazi zizkidan. Beti bueltaka daukadan zerbait da. Nork daki geroak zer ekarriko didan. Agian hurrengo bidaia Tanzaniara izango da.

Born To Learn erakundeak Tanzanian darabilen hezkuntza proiektuak bilakaera handia izango zuen.
Tanzania oso herrialde zigortua da umeen hezkuntzari dagokionez. Afrikako erdialdean dagoen herrialdea izanik, oso urrun ditu beste kontinente edo herrialde aurreratuak haiekin harremanak edukitzeko. Gure gobernuetan ustelkeria dagoela esaten badugu, Tanzaniakoan zer esanik ez. Ikasketak 15 urtera arte doakoak izan behar diren arren, ez da beti horrela, ume guztiek ez baitaukate eskolarako bidea egiteko aukerarik. Horrez gain, erdi-mailako ikasketak ingelesez egiten dira, eta noski, hor dago gobernuak herria kontrolatzeko jartzen duen lehenengo tranpa: inork gutxik dauka bere seme alabei ingelesez hezkuntza pribatu bat emateko aukera. Beraz, dirudunen familietako seme-alabek soilik egiten dute aurrera ikasketetan. Asko dago egiteko oraindik, baina ez soilik Tanzanian.

Etorkizun laburrean, eta luzarora begira, zein ekimen burutu nahi du Born To Learnek Tanzanian?
Born To Learn erakundeak bere sorreratik argi eduki du jarraitu beharreko bidea zein den. Moshi herrialdeko behar handienak dituzten familietako umeei bazkaria eta merienda bat ematetik harago, hezkuntza oinarri on bat ematea da helburu nagusia. Argi ikusten da beharrizan egoeran dauden herrialde horietan hezkuntza on bat edukitzeak bertako biztanleen etorkizunean indarra izan dezakeela. Zentzu horretan, Born To Learn erakundeak hor markatu du bere iparrorratza.

Munduko mailako pandemia batean murgilduta gaudela, koronabirusak eraginik izango zuen Tanzanian ere.
Hala da: Munduko pandemia dela diote. Edo hori sinestarazi gura digute. Nire ustez, osasunaren eta elikaduraren arazoa konponduta dugunok normaltzat hartzen dugun herrialdeetan dago pandemia. Milaka gaitzekin bizitzera ohituta daudenentzat, ordea, oso larria ez den beste bat baino ez da pandemia hau. Tanzaniako presidenteak asteburu batean otoitz egiteko agindua eman zuen, eta asteburu hori amaitu zenean galarazi zuen Covid-19 pandemiari buruz berba egitea.

Benetan uste dugu 18 eta 20 urte bitarteko batez besteko adina duen herrialde batean, non kolera, hiesa, sukar horia, tifusa, tuberkulosia, meningitisa, dengea eta horrelako gaixotasun abar luze bat dagoen eta bertako herritarrak gosez eta egarriz hiltzen diren, koronabirus batengatik larritu beharra daukatela? Baten bat ospitalean edo bere etxean usaimena galduta eta arnasestuka hil egingo da. Hori argi dago. Euren bizitzan ikustera ohituta dauden egoera bat baino ez da koronabirusa Tanzanian.

Mundu hobe bat eraikitzeko horrelako esperientziak gertutik bizitzea ezinbestekoa da zure iritziz?
Munduak ez dauka erremediorik. Hori argi eta garbi ikusten ari gara pandemia garai honetan. Modernizatuta bizi garen herrialdeetan bideak markatuta ditugu, baita gure egunerokotasuna ere. Ezinezkoa da, edo ia ezinezkoa da, sistematik irtetea. Lehenengo munduan bizitzeko, hirugarren mundu bat arpilatu, ustiatu eta zabortegi bezala erabili behar dugu. Gure kristalezko burbuila honetan, birus bat sartu dela eta dena hankaz gora nola jarri duen ikusi besterik ez dugu egin behar. Burbuilatik irteterakoan, aldiz, beste errealitate batzuk daudela konturatzeak begiak zabalarazten dizkigu supituki! Baina burbuilara bueltatzean, scalextric kotxe bat izatera itzultzen gara, errailetik aurrera egitera behartuak.

Zer esango zenioke beharrizan egoeran dagoen herrialde batean boluntario lana egin nahi duen herritar horri?
Ez dut neure burua inori aholkurik emateko gai ikusten. Ni naizen modukoa izanda boluntariotza edo behar handiak dituzten herrialdeetara joatea komenigarria dela uste dut, benetan ere! Gure burbuila kanpotik ikusteak onura baino ez dakarrela uste dut. Baina, sistema honek bere bideetatik ez irteteko pertsonak sortu ditu, eta beldurraren eta ziurtasunaren aitzakiarekin beldurtu dituen pertsonek burbuilan bakarrik bizi gura dute, konfort zona delakoan. Zaila da oporretan hegoaldeko hondartzetara edo Ibizara joatea bakarrik amesten duenari burbuila kanpotik ikustaraztea.

Eta, kontran, beste errealitaterik ezagutu nahi ez duen horri?
Ulertu nezake gogorrak izan ahal diren egoerak eta irudiak jasan ezin dituzten pertsonak egotea. Horrelako esperientzia batek betirako markatu dezakeelako pertsona. Indian, adibidez, betirako gordeta edukiko ditudan irudiak ikusi nituen. Baina, ez al dira izango irudi eta marka horiek gure nortasuna markatu eta behartsuenei laguntza txikiak emateko lasterketak burutzera behartzen gaituztenak? Auskalo!

☉ Galdakao

Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu

Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

|

Adiskideko pilotari gazteak, 2022an // Geuria

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.

Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.

“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.

Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.

Atzoko eta gaurko pilotariak

“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.

Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.

Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.

“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

|

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Udalak // Galdakaoko Udala

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.

Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.

Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.

Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.

Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.

Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.

Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

|

Bakarkako proiektua hasi du Jonkass abeslariak // Argazkia: Elkar Musika

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.

Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.

Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

|

Aurtengo Bertso Derbian parte hartu dute Onintza Enbeitak eta Igor Elortzak // Argazkia: Bertsoa.eus

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.

Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.

Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.

Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Poloniarekin egingo dute aurten Gazte Trukea galdakoztarrek

Uztailean izango da Gazte Trukea, eta izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute. Martxoaren 11n informazio bilera egingo dute

|

Iaz Frantziarekin egin zuten trukea Galdakaoko gazteek // Geuria

Uztailean Gazte Trukea programa gauzatuko da beste urte batez Galdakaon.

Programa horren bitartez, Galdakaoko gazteek (2009tik 2011era bitartean jaiotakoek) aukera izango dute nazioartean ingelesa praktikatzeko, “eta abentura berriak bizitzeko”, diote Argizai Proiektuakeko ordezkariek.

Aurten Poloniarekin izango da trukea uztailaren 8tik 20ra bitartean. Denbora tarte horretan Poloniara bidaiatu eta bertako gazteekin ekimen desberdinak egingo dituzte, eta era berean, Poloniako gazteak Galdakaora etorriko dira gauza bera egitera.

Gazte Trukean parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabaldu du Argizai Proiektuakek, martxoaren 17ra arte. Interesa dutenek esteka honen bitartez eman dezakete izena.

Guztira 13 plaza eskainiko dituzte, eta baldintza ere izango da martxoa eta ekaina bitartean Youth4change saioetan parte hartzea.

Aurretik, ordea, informazio bilera bat antolatu dute martxoaren 11n, asteazkenez, Indarrako lokalean (Urreta, 16): 17:30ean gurasoei zuzendutako bilera izango da eta 18:30ean gazteei zuzendutakoa.

Informazio gehiagorako proiektuak@argizai.org helbide elektronikoa eta 688 842 899 telefono zenbakia daude herritarren eskura.

Iaz Frantziarekin egin zuten Gazte Trukea galdakoztarrek:

Osorik irakurri