→Galdakao

Lau mediku galdakoztar proiektu solidarioa betetzen ari dira Angolan

galdakao walale proiektu solidarioa 2017 angola

Walale proiektu solidarioa martxan jarri zuten 2014an Galdakaoko eta Bilboko bost mediku independentek. Ekainaren 8an sentsibilizazio-hitzaldia eskainiko dute Gandasegin.

Walale proiektu solidarioa martxan jarri zuten 2014an Galdakaoko eta Bilboko bost mediku independentek. Ekainaren 8an sentsibilizazio-hitzaldia eskainiko dute Gandasegin

2014az geroztik proiektu solidarioa egiten dute Angolako (Afrika) Vougako ospitalean (Bié probintzian) Galdakaoko lau medikuk eta Gasteizko beste batek (Bilbon bizi da azken hau). Horiek dira: Patricia Perez de Villareal, Amaia Emaldi, Amaia Ormaza, Saioa Ajuriagogeaskoa eta Tania Arriba.

Walale da ekimenaren izena eta helburua da edateko ura eta osasun arreta Angolan eskaintzea. Horretarako, Coopera Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundearen laguntza jasotzen dute. “Vougako herrian edateko ur ezak, saneamendu desegokiak eta oinarrizko higiene-neurriei buruzko kontzientzia faltak urarekin lotutako gaixotasunak -malaria, kasu- mantentzen eta larriagotzen laguntzen dute”, dio Tania Arriba medikuak: “Horrek bertako bizilagunen bizi-kalitate eskasa gainditzeko aukerak eragozten du”.

“Baldintza kaskar horiek hobetu nahian, inguru horretan ur-araztegi bat instalatu eta ospitaleari nahiz gertuko herrixkei edateko ura hornitu egiten diegu”, dio Ana Cardenal Coopera Euskadi erakundeko ordezkariak.

SENTSIBILIZAZIO-HITZALDIA EKAINAREN 8AN

Ekainaren 8an, ostegunez, 19:00etan sentsibilizazio-hitzaldia antolatuko dute Galdakaon, Gandasegiko areto nagusian. Walale proiektuaren berri emango dute eta Afrikako alderik “gizatiarrena, harrigarriena eta liluragarriena” ezagutaraziko dute argazki-erakusketa baten bitartez.

Argazkiak salgai egongo dira egunean bertan edota www.coopera.eus webgunean eta bilduko duten dirua Walale proiektua aurrera eramateko erabiliko dute. Era berean, diru-laguntzak jasotzeko kontu korrontea erraztu dute: ES24 2100 1551 7802 0018 7204 (La Caixa).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak