Sareak

☉ Hego Uribe

800 alegazio aurkeztu dituzte Mandoiako Feroskana parke eolikoaren kontra

Feroskana parke eolikoak Mandoia, Lekubaso eta Upoko “birika berdea” kaltetuko lukeela nabarmedu dute talde ekologistek

|

Parke Eolikoak sei aerosorgailu handi izango lituzke // Geuria

Mandoia Bizirik plataformak jakinarazi duenez, 800 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte Bizkaiko Industria Administrazioaren Bilboko Ordezkaritzan, Feroskana makro-industrialde eolikoaren aurka. Alegazioak apirilaren 24ko EHAA buletinean argitaratutako proiektuaren ingurukoak dira, eta kaltetutako herritarren artean zabaldutako informazio-kanpainen bidez bildu dituzte.

Feroskana izeneko proiektuak 27 megawatt ekoitzi nahi ditu, 200 metroko altuera duten sei aerosorgailu erraldoiren bidez.

Eskualdeko biztanleen arabera, tamaina horretako dorreek eragin handia izango lukete ingurune naturalean, herritarren osasunean eta bizi-kalitatean. Gogorarazi dute, esaterako, 165 metroko altuera duen Iberdrolaren Bilboko dorrea baino altuagoak liratekeela sorgailuok.

Alegazioak aurkeztu dituzten herritarrak eta taldeak gehienbat Zeberio, Arantzazu, Igorre, Lemoa, Bedia eta Usansoloko bizilagunak dira.

Haiekin batera, honako taldeek osatzen dute Mandoia Bizirik plataforma: Zeberioko Austarri, Arantzazuko Argiñatx, Lemoako Ganzabal, Usansoloko Burtotza, Arratia Zutunik, Kiñu Gaztetxea eta Makatzak Arratiako Ekologistak.

Plataformak salatu duenez, proiektua ez da behar bezala komunikatu kaltetutako udalerriei: Igorre, Arantzazu, Lemoa, Zeberio, Bedia eta Usansolok ez dute jaso inolako informazio ofizialik.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Berriztagarrien Lurralde Planarekin (LAPE) bateraezina dela azpimarratu dute, kokapena ez baitator bat baliabide eolikodun eremu egokiekin.

Alegazioetan jasotako beste puntu nabarmen batzuk hauek dira:

  • Haize-sorgailuen tamaina handiak kalte larriak eragin ditzake osasunean, batez ere etxebizitzetatik hurbil kokatzen badira.

  • Ingurumen-inpaktuaren azterketa ez da osatua izan: ez ditu kontuan hartu 4.000 biztanletik gorako herriak (Igorre, 1,5 km-ra), ezta inguruko auzo eta landagune ugari ere (Agarre, Elorrin, Arteta, Ordaiñe…).

  • Hegazti-faunarentzat arriskua: sai zuria, sai arrea eta okil beltza bezalako espezie babestuen habitatetan eragina izango luke.

  • Natura 2000 Sareko konektibitatea arriskuan jartzen du, Urkiola, Gorbeia eta Ganekogorta artean dagoen korridore naturalaren bidez.

  • Mandoia, Lekubaso eta Upoko “birika berdean” kalteak sortuko lituzke; espazio horiek mendizale eta naturzale ugarik erabiltzen dituzte.

  • Ikusizko inpaktu handia izango luke Bilbo Metropolitarreko LAPEk hauskortasun bisual handiko gisa sailkatutako eremuetan.

  • Beste parke eoliko batzuekin (Barazar, Legutio Kastillo, Ganekogorta) elkarreraginean sortuko litzatekeen metatutako inpaktua ez da behar bezala aztertu.

Alegazioak aurkeztu dituztenen arabera, horiek guztiak kontuan hartuta, “beharrezkoa da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen negatiboa egitea eta administrazio-baimena ukatzea“.

Mandoia Bizirik plataformak ohartarazi du jarraituko dutela herritarrei informazioa helarazten, eta mobilizazioak antolatzen Feroskana megaproiektuaren aurka.

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrera bikoitza irabazi gura duzu?

|

Zozketarako Geuriak prestatutako karteltxoa / Geuria

Galdakaotik pasa eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala heldu da: Abenduaren 20an, Bilbon, Casillan, 17:00etatik aurrera.

Onintza Enbeita, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga eta Txaber Altube izango dira finalean arituko diren bertsolariak.

Geuriak sarrera bikoitz bat zozketatzen ari da Instagram sare sozialean.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Gurpildun aulkiak edo taka-takak dohaintzan emateko kanpaina martxan jarri dute Hego Uriben

Herritar guztiei dei egin diete material horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabiltzeko

|

Materiala egoera onean emateko deia egin diete herritarrei, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten // Argazkia: Steven HWG, Unsplash

Mugitzeko zailtasunak edo mendekotasuna duten pertsonei behar dituzten baliabideak errazteko helburuz Laguntza Teknikoen Bankuak (BAT) egiten duen material bilketarekin bat egin dute Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko udalek, Galdakako Erabide Emakume Elkarteak eta Domus VI adinekoen egoitzek (Aperribai eta Arrigorriaga).

Modu horretan, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak, makuluak, mugimendu sentsoredun alarmak edo antzeko gailuak erabilerarik gabe dituzten herritarrei dohaintzan emateko deia egin dute, horien beharra dutenek berrerabil ditzaten.

Kanpaina honen helburua da herritarren zahartze-testuinguruan laguntza-baliabide horiek gero eta gehiago behar izateari erantzutea, herritar guztiei dei eginez produktu horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten.

Dohaintza egiteko, 944 409 116 telefono zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbide elektronikora idatzi behar dute herritarrek. Ondoren, materiala entregatzeko edo jasotzeko modurik egokiena zein den zehaztuko dute.

“Puntu bat hurbil badago, non entregatu behar den adieraziko da, bestela, edo produktua handia bada, etxez etxeko bilketa antolatuko da kanpaina amaitzean”, diote antolatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Araban gertatutako lurrikara Hego Uriben ere sentitu da

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean, Espainiako Intitutu Geografikoak zehaztu duenez

|

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara // Espainiako Institutu Geografikoa

Abenduaren 7tik 8ra bitarteko gauean, 00:10ean, lurrikara gertatu zen Iruña Okan, Araban.

Dardara Richter eskalako lau gradukoa izan zen, eta Espainiako Institutu Geografikoak adierazi duenez, Bizkaiko 15 puntutan ere sentitu zen. Tartean, Hego Uribe eskualdean.

Iturri berak publikatutako maparen arabera, Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean.

Hain zuzen ere, Hego Uribe eskualdean sentitutako dardara bigarren mailakoa izan zen Richter eskalan.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko 2025eko gabon gutuna!

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn! Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

|

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn, Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratazaile galdakoztarraren eskutik!

Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

Paperezko edizioan argitaratu dugu gutuna, baina ezin baduzu paperezkoa hartu, hemen dituzu digitalean: orrialde bat bi aldeetatik inprimatu, marretatik moztu eta hortxe gabon-gutuna. Eta gogoratu, oparirik ederrenak, ondoan ditugunak!

👉 Jaitsi! 👈

 

Hona hemen beste aukera batzuk:

👉 Jaitsi! 👈

👉 Jaitsi! 👈

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Txulalai haur musika taldeak disko berria aurkeztuko du Durangoko Azokan

‘Boom Boom’ du izena diskoak eta abenduaren 5ean kaleratuko dute Durangoko Azokarekin bat eginez

|

Txulalai taldeko kideak // Txulalai

Mikel Leibar, Argiñe Belakortu eta Iñigo Agirrezabala Galdakaoko eta Usansoloko lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu zuten iaz, Kantu Kolore taldea desegin ostean.

Eta iaz euren lehen diskoa argitaratu eta gero (‘Zure ametsak’), abenduaren 5ean bigarren lana kaleratuko dute: ‘Boom Boom’.

Disko berriak 11 abesti ditu eta 2 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat dago zuzenduta. Lehenengo singlearen izena da ‘Txiza eta kaka’.

“Oraingo honetan txikienek adibidez komunera joateko kanta edukiko dute, eta lateralitatea eta pentsamendua lantzeko ere bai. Nagusiagoek, ordea, enpatia, bullying-a eta maitasuna lantzeko kantak izango dituzte besteak beste”, diote.

Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa eta Gabonetan ikuskizun berria plazaratuko dute.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna