Sareak

☉ Basauri

Basauri eta Etxebarri Bilborekin bidegorri bidez konektatzeko obrak “urte amaieran” lizitatuko ditu Aldundiak

|

Basauri, Etxebarri eta Bilbo bidegorri bidez konektatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Eraikuntza proiektua “datozen asteotan” amaituko dutela adierazi zuen Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean, urriaren 24an. Ildo berean, obren lizitazioa “urte honen amaieran” hasi ahal izango dela baieztatu zuen Pradales diputatuak: “Eraikuntza proiektua bukatzen dugunean zehazki jakingo dugu zein izango den inbertsioa, baita epeak zeintzuk izango diren ere. Gure asmoa da hurrengo asteotan gobernu kontseilura eramatea eraikuntza proiektua, eta ondoren lizitazio tramiteak martxan jartzea”, dio Pradalesek.

“Trazadura proiektua egin ondoren, jendaurreko informazioko eta entzunaldiko izapideari ekin zitzaion 2022ko martxoaren 10etik apirilaren 25era bitartean. Epe horretan ez genuen inolako alegaziorik jaso, baina egia da administrazioei egindako entzunaldiaren izapidetik idazki batzuk jaso genituela: Adifena, Etxebarriko Udalarena eta Bilboko Udalarena. 2022ko uztailaren 8ko 135/2022 Foru Dekretuaren bidez, Bolueta-La Basconia (Bilbo-Basauri) tarteko Nerbioi-Ibaizabaleko bizikleta-pistaren trazadura proiektua behin betiko onartu zen. Gaur egun, eraikuntza proiektuaren idazketa amaitzen ari gara”, dio Pradalesek: “Nik uste dut aste batzuetako kontua izango dela eraikuntza proiektua amaituta izatea; lantalde teknikoa horretan ari da lanean. Aldundiaren gobernu kontseiluak eraikuntza proiektua onartu behar du eta ondoren obrak lizitatzeko izapideak urte amaieran has daitezkeela aurreikusten dut”.

Adifek lurzoru batzuk laga behar izan ditu Bilbo Basaurirekin lotzeko bidegorria errealitatea izan dadin. “Adifekin solaskidetza bat egon zen zenbait lurzoru lagatzeko eta hori jada konponduta dago. Horregatik ari gara eraikuntza proiektuarekin aurrera egiten eta horregatik esan dut gobernu kontseilu batean, hurrengo asteotan onartuko dugula. Zentzu horretan ez dago arazorik”, dio Pradalesek.

“Aldarrikapen historikoa”

Hego Uribeko udalerriak elkarren artean eta hiriburuarekin lotzeko bidegorriaren eraikuntza urteetako aldarrikapena da. Alde batetik, talde politikoena. 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusiari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” ematekoElkarrekin Podemosek zenbait eskaera egin izan ditu Basauriko eta Bilboko Udaletan, baita Bizkaiko Foru Aldundian ere, “Arratiako Tranbia” zenaren trazadura txukundu eta bidegorria bertan eraikitzeko. Eta EH Bilduk ere galderak eta eskaerak egin ditu honen inguruan; azkena, urriaren 24an ospatutako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean. Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak -basauriarra- Basauriko eta Etxebarriko udalerriak lotuko lituzkeen bidegorriaren eraikuntzaz galdetu zion Pradales diputatuari: proiektua zein egoeratan dagoen, Adifen lurzoru-lagapenaz, inbertsioaz edota epeez. 

“Ematen du erritmo onean doazela gauzak. Pozten gara administrazio-izapideak bide onetik doazelako, baina jakin nahiko genuke eraikuntza proiektua zehaztu ondoren, 2023an bidegorria egiteko aurrekontu-partida onartzeko asmoa dagoen”, adierazi du Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak: “Nire ustez, argitu beharreko gaiak dira, batez ere Basaurin aldarrikapen historikoa delako bidegorri hori eraikitzea. Gure ustez, kasu honetan Basauri eta Etxebarri Bilborekin konektatzeko aukera bikaina da, eta, ondoren, bidegorri honek Galdakaorekin ere lotura izan dezake. Beraz, trazadura honekin hasi eta 2023an sendotzen bada, albiste ona izango litzateke”, dio Isuskizak.

Beste alde batetik, gizartean ere aldarrikapena da Bilbotik Galdakaora bidegorria eraikitzea. Biziz Bizi plataformak hilero bizikleta martxak antolatzen ditu ‘Bidegorria Galdakaora Orain!’ lemapean. Bilbotik hasita, Etxebarri eta Basauri zeharkatzen dute txirrindulari-zaleek, ondoren Galdakaon bukatzeko. Hurrengo hitzordua, hamaikagarrena, urriaren 29an deitu dute: martxa 11:00etan hasiko dute Bilboko Kale Nagusiko 25. zenbakitik.

☉ Basauri

Asteburu solidarioa antolatuko dute Basaurin, Alex Garcia Galas herrikidearen alde

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak. Besteak beste, haurrentzako parkea, paella solidarioa, bingo solidarioa eta zozketak antolatu dituzte

|

Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak jarri ditu martxan ekimen solidarioak Basauriko Udalaren laguntzarekin // Geuria

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Aurreikuspenen arabera asteburu honetan aberriratuko du Defentsa Ministerioak hegazkin medikalizatu batean.

Aberriratzea emango den arren, ekimen solidarioek ez dute etenik. Basaurin, esaterako, El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko.

Alde batetik, itsulapikoak jarri ditu herriko saltoki eta tabernetan: “Momentuz 84 itsulapiko jarri ditugu herriko saltoki eta tabernatan, baina eskari gehiago jaso ditugu eta beste itsulapiko sorta bat jasotzeko zain gaude”, dio Gorka Del Rio Basozelaiko Auzo Elkarteko kideak.

Eta, beste alde batetik, apirilaren 27an eta 28an asteburu solidarioa antolatu dute Basaurin. Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte.

“Ekimen solidario hauetatik bilduko dugun dirua Alexen familiari emango diogu. Familiak egin behar izan dituen —eta gaur egun egin behar dituen— gastuak ordaintzeko izango da”, dio Gorkak. Datuak datu, egunero Thailandian 3.000 eta 4.000 euro artean gastatzen ditu Alexen familiak, mediku probak egin ahal izateko.

Egitaraua / Asteburu solidarioa Alexen alde

Apirilak 27, larunbata
Haur Parkea: zezen mekanikoa, puzgarriak, goma elastikoa, jostailuak…
16:00-19:00 Solobarriako karpa

Apirilak 28, igandea
Barra solidarioa, musika eta zozketak (herriko saltokiek dohaintzan emandako produktuak) egunean zehar
12:00-19:00 San Jose Ikastetxeko jolastokia

Urdaiazpiko moztailea
12:00 San Jose Ikastetxeko jolastokia

Paella solidarioa
14:30 San Jose Ikastetxeko jolastokia

Bingo solidarioa: Iker Muniain Athelticeko jokalariak dohaintzan emandako Kopako finaleko kamiseta bat
18:00 San Jose Ikastetxeko jolastokia

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik itsulapikoak jarri ditu Thailandian gaixo dagoen herrikidearen senideak laguntzeko

El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko. Herrian zehar momentuz 84 itsulapiko jartzeaz gain, apirilaren 27an eta 28an ekitaldi solidarioak antolatuko dituzte

|

Basauritik zehar 84 itsulapiko jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak, Alexen familiak Thailandian egindako gastuak ordaintzeko // Geuria

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 114.445 euro bildu dituzte.

Diru bilketa Basaurin

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta apirilean zehar ekitaldi solidarioak antolatuko ditugu”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jartzen hasi ginen, baina sare sozialen bitartez ekimenak izan duen oihartzuna ikusita, Basauri osora hedatu dira itsulapikoak”, dio Gorka Del Rio Basozelaiko Auzo Elkarteko kideak.

Guztira, 84 itsulapiko daude herriko saltokietan zehar. “Gainera, beste itsulapiko asko ere jarri ditugu Basauritik kanpo, adibidez, Eibartik idatzi ziguten bertan ere itsulapikoak jartzeko”, dio.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango dio Basozelaiko Auzo Elkarteak: “Bildutako dirua familiak egin behar izan dituen —eta gaur egun egin behar dituen— gastuak ordaintzeko izango da”.

“Egunero Thailandian 3.000 eta 4.000 euro artean gastatzen ari da familia, Alexi probak egin ahal izateko”, zehaztu dute El Maño Auzo Elkartetik.

Asteburu solidarioa

Beste alde batetik, itsulapikoez gain, El maño Basozelaiko Auzo Elkarteak asteburu solidarioa antolatu du apirilaren 27an eta 28an Basaurin.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte.

Aberriratzea, asteburuan

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Eitb-k jakinarazi duenez, asteburu honetan egingo dute basauriarraren aberriratzea. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak baieztatu duenez, hegazkina asteburu honetan abiatuko da eta gaur arratsaldean jakinaraziko dituzte Alexen premiazko aberriratze dispositiboari buruzko xehetasunak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Maialen Ibarra sanmigeldarrak abesti berria eskaini dio Patxi bere aititeri

|

Bideoklipa Social Antzokian grabatu du Maialean Ibarrak // Maialen Ibarra

Maialen Ibarra sanmigeldarrak ‘Aititeri’ abestiaren bideoklipa kaleratu du gaur. Abestia Patxi Ibarra bere aititeren omenez egindakoa da.

‘Sano abesten jarraituko dugu, nonbait gurekin abesten duzulakoan. Lasai asko utzi gaituzu. Zelako zortea zurekin izan dugun’, errepika du abestiak.

Joseba Ibarra Maialenen osabak eta Patxiren semeak txistuarekin laguntzen du abestian. Gainera, bideokliparen amaieran keinu berezia egin dio Maialenek bere aititeri: Patxiren ahotsarekin Erramun Martikorenaren ‘Xorieri mintzo zen’ abestia entzuten da.

Bideoklipa osorik dago grabatuta Basauriko Social Antzokian.

Patxik utzitako arrastoa

Patxi Ibarra Indartsu Clubeko sortzaile eta presidente izan zen, ez soilik futbol taldearena, baizik eta Indartsuk kulturan izan dituen adar ezberdinen sortzaile.

Txistu-irakasle izan zen, Danbolin Txistulari Elkartea 1985ean sortu aurretik, eta behin sortuta, taldearen bultzatzaile izan zen.

Basauri Koral Elkartean ere parte hartu zuen. Tenorea zen Ibarra, Aldana zenaren laguntzaile. 25 urtetik gora eman zituen Basauri Koral Elkartean.

Euskal kulturarekin konpromiso handia erakutsi zuen Patxi Ibarrak. Frankismo garaian, euskara klaseak eman zituen San Migeleko parrokian. Zuztarretatik Ahora, San Migel Kantari eta Basaurin Be Bagara ekimenetan ere parte hartu zuen Ibarrak.

2021eko uztailaren 2an zendu zen Patxi Ibarra.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Leherketa bat gertatu da gaur goizean Basauriko Sidenor enpresan

|

Gaur goizean Basaurtitik ikusi den kea // Geuria

Leherketa gertatu da gaur goizean Basauriko Sidenor enpresan. LAB sindikatutik adierazi dutenez, leherketa labean izan da, baina ez du zauriturik eragin.

Suhiltzaileak bertaratu dira eta enpresa bera ari da egoera kudeatzen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri