☉ Hego Uribe
Belardi Records: “Euskal Herriko artisten arteko lankidetzan jarri nahi dugu gure indarra”
Urtetan zehar egindako lana loratzen ari da. Arrigorriaga, Etxebarri eta Gernikaren arteko konexioa da Belardi Rockers kolektiboa. ‘Hell Boy’ bideoklipa kaleratu berri dute eta baduet prest ‘Esperanza’ lehen diska
Gazteak, sorkuntza, hizkuntza, tik tok, elkarlana… Horiek guztiak batzen ditu Belardi Records kolektiboak: sorkuntzaren ekoizpenean murgiltzen den mugimendu kulturala sustatzen duen lagun taldea. 2017an eratzen hasi ziren martxan, orduan ‘Logica del Norte izenpean, Asier Romanen ‘Jasier’ (Arrigorriaga, 1997) eta Markel Gonzalezen ‘Mark-L’ (Arrigorrriaga, 1998) eskutik. Arrigorriagako institutuan ezagutu zuten elkar eta rap abestiak idazten hasi ziren.
Hurrengo urtean, eta Asierren lehengusu nagusiaren laguntzarekin, Bergoi Sevillaren ‘Berso’ (Etxebarri, 1992) eta Gorka Munitisen ‘Surk.O’ (Gernika, 1992) laguntzaz, laukote gisa jarraitu zuten. Azken bikote honen ekoizle eta DJ lanari esker, musika eskaintza zabalagoa eta zuzeneko txukunak lantzeari ekin zioten. 2019an hasieran, Cristian Jofré “Krijo” (Buenos Aires, 1972) musikagile eta ekoizlea kolektibora batu zen. Orduan hasi ziren helburu trinkoak finkatzen eta era koordinatuagoan lan egiten.
Musikan ibilbide zeharo desberdinak dituzten taldekideek, Belardi Records izeneko zigilu independente eta autogestionatu bat sortzea erabaki zuten, eta horren inguruan hitz egin digute.
Zergatik ‘Belardi’ hitza unibertso oso bat eraikitzeko?
Asier Roman: Belardi aukeratu genuen euskal paisaian dagoen ezaugarri oso nabarmena delako; belardi berde handiak, hain zuzen ere. Hortaz, kontzeptu hori hartu eta Rockers hitza erantsi genion esanahia borrokarekin lotura zuzena duelako, eta bi hitz horien baturarekin gure taldearen izena sortu genuen.
Markel Gonzalez: Talde gisa lotu gaituena musika da. Txikitatik gustatu izan zaigu, eta gure erara hurbildu gara musikara bide ezberdinetatik. Sentimendu bat sorrarazi digu eta elkar ezagutu genuenean pixkanaka-pixkanaka talde berri baten ideia sortu egin zen.
Zer egin duzue Belardi Recordsetik?
Bergoi Sevilla: Hibridazio musikaletik abiatuta, 360 gradutara begira materiala sortzen dugun kolektibo bat garela esan genezake, bai artistikoa, bai sortzailea. Gutxi gara oraindik baina gure intentzioa arlo guztiez arduratzea da, musikaren adar guztiak bultzatuz.
Gorka Munitis: Belardi Rockers abeslarien taldea da eta Belardi Records beste alde batetik planteatu dugu, esparru zabalagoak barnean hartuz. Besteak beste, grabaketa saioak, ikus-entzunezko muntaiak eta ekoizpen pertsonalizatuak eskaintzen ditugu.
Zer ekarpen egiten diozue bost kideetako bakoitzak taldeari?
G.M.: Gure rolak borobiltzen saiatzearen, Markel eta Asier abeslari gisa aritzen dira gehienbat, eta Bergoi, Cristian eta hirurok teknikari modura lan egiten dugu. Baina bakoitzak esparru guztietako alderdi gutxi batzuk hartzen ditu; orduan, denon artean besteek egiten dutenetik ikasten ari gara, eta modu batera edo bestera elkarren osagarri gara.
B.S.: Gu ez gara profesionalak, baina denetarik egiten dugu. Gustatzen zaiguna ahal dugun hobekien egiten saiatzen gara, ikuspuntu ezberdinak partekatuz.
Musika talde gisa, zein gai jorratzen dituzue, oro har, zuen abestietan?
A.R.: Alderdi hori oso subjektiboa dela esango nuke. Nire kasuan, letretan kritika soziala egiten ahalegintzen naiz batik bat. Bestalde, sentimenduen inguruko hausnarketa ere egiten dut batzuetan.
M.G.: Niretzat musika sentimenduak adierazteko modu bat da, eta pentsatzen dudana edota bizi dudana abestietan islatzea gustatzen zait. Bergoik ere bere abestiak egiten ditu eta Gorka pixkanaka gerturatzen hasi da.
2019ko urrian atera zenuten zuen lehen EP-a edo erreprodukzio hedatua.
M.G.: Aurkezpen moduko bat izan zen, entzuleek zer-nolako musika egingo genuen jakin ahal izateko. Hiru abestiz osatuta dago, bata Bersorena, bestea Jasierrena eta azkena nirea. Bertan, bakoitzaren estiloak batu genituen; reggaea, rapa eta trapa bereziki.
A.R.: Uneoro eraldatzen ari gara, bai musikalki, bai talde bezala. Gure burua birplanteatzen eta estilo berriak bilatzen ditugu; hau da, ez gara estilo bakar batera ixten, gauza gehiago probatu behar ditugula uste dugulako. Musika jakin batean oinarritu izan gara beti, baina denborak aurrera egin ahala modernoagoak diren soinuak hartzen joan garela esan dezakegu.
Pasa den hilean “Hell Boy” izeneko kanta berria aurkeztu zenuten.
M.G.: “Hell Boy” abestia duela gutxi grabatu genuen eta publikoaren harrera oso ona izan da nire ikuspuntutik. Ez ditugu milaka erreprodukzio, baina gure lagunei eta ingurukoei gustatu egin zaie. Gaur egun publikoak entzun nahi duen letra bat da, egunerokoari buruzkoa. Emozio guztietatik pasatu behar dugula uste dut, eta letra hori idatzi nuenean nire punturik gorenean nengoen.
B.S.: Bat-batean sortu zen ideia. Estudiora iritsi eta Mark-L eta Krijo grabatzen ikusi nituen. Egiten ari zirena probatzera gonbidatu ninduten, gustatu egin zitzaigun eta aurrera ateratzea erabaki genuen. Nahiko ondo funtzionatzen duen kanta dela uste dut, milaka aldiz egin dena, eta orain hortik aurrera egin behar dugula. Ondo dago horrelakoak egitea eta geltoki horretatik igarotzea, baina nire ustez ez dugu horretan bakarrik geratu behar.
Jai herrikoietan eta hainbat ekitalditan parte hartu duzue. Zein da orain arte gehien gozatu duzuen esperientzia?
M.G.: Dudarik gabe, iazko 40 Minutu Rockean egin genuen kontzertua paregabea izan zen. Nire bizitzako egunik onena. Azken finean, gure ibilbidea ez da hain luzea, eta oraindik jaiotzen ari garela esango nuke. Profesional izatetik hurbilen egon garen unea bezala bizi izan genuen.
G.M.: Aiala Dot artistak gonbidatu gintuen eta musika arloan eduki dugun esperientziarik onena izan da. Gainera, gurekin lan egin duen pertsona batek gonbidatzeak garrantzi berezia ematen dio eta pilo bat eskertzen diogu. Ni DJa naizenez, gogoratzen dut lehena izan nintzela eszenatokira igotzen, eta lehenengo instrumentala sartu nuenean belaunak gora eta behera dardarka hasi zitzaizkidan. Gero, Markel igo egin zen abesten hasteko, eta hain gogotsu ikusi nuen, non nerbio guztiak kendu zitzaizkidan eta kontzertua super ondo joan zen.
Kolektibotik kanpoko zein artistekin lan egin duzue dagoeneko?
G.M.: Nahikotxorekin, batez ere Euskal Herriko rap eszenan. Aiala Dot, P de Raperu, Ziztada eta R-Lantz, Beñaranks… Reggae eszenako hainbat selektoreekin ere baditugu elkarlanak. Bestalde, kolektibo ezberdinei elkarrizketak egin dizkiegu; adibidez, Brutality Sound System, Yare Collective, Bihurri Dub edo Herriko Kings.
A.R.: Artista askorekin hitz egitea eta zerbait prestatzea falta zaigu, baina aurrera egiteko gogoa dugu. Oso esperientzia positiboak izan dira guztiak. Euskal Herrian artisten arteko lankidetza falta dela uste dugu, eta horretan inbertitu nahi dugu gure denbora eta esfortzua, Euskal Herri mailan musika bultzatzeko gakoa izan daitekeelako. Musika urbanoa industrian sartu nahi baldin badugu guztion arteko elkarlana funtsezkoa izango da.
Hasi zarete etorkizuneko proiekturen bat lantzen?
B.S.: Album bat daukagu grabatuta jada, 10-11 abestiz osatuta dagoena. Hainbat gai jorratu ditugu, hala nola barne-borroka edo amodioa, eta “Esperanza” izena jarri diogu, une honetan denok behar duguna. Aurten pentsatzeko denbora asko izan dugu, paperean ideia pilo bat jarri ditugu eta oso dibertigarria izan daitekeela uste dugu. Estilo aldetik, rap klasikotik, trap kañeroa eta reggae kutsu batzuk izango ditu, eta uda baino lehen atera ahal izatea espero dugu.
A.R.: Hala ere, aurreko etapa baten modura ikusten dugu, aspaldi egin genuelako. Gure materiala kaleratzeko ahalmena oso urria denez, argitaratzerako denbora luzea joan da. Ez da profesionalek egiten duten bezala: grabatu eta segituan kaleratu. Prozesu bat darama eta lan handia egiten dugu gauzak ondo atera daitezen.
Proiektu mordoa egin dituzue ahalegin eta dedikazio handiz, inolako laguntza barik.
M.G.: Guk ere ez dakigu nola egiten dugun. Lana eta pazientzia. Denbora ematen dugu gustuko dugun honetan. Euskarri digital askotan eskuragarri daude gure lanak: YouTube, Instagam, Spotify, Bandcamp, SoundCloud… Erraztasunak jartzen ditugu jendeak gure musika edozein lekutatik deskargatu eta entzun ahal izateko, baina egia da YouTuberi eta Instagrami pisu handiagoa ematen diogula. Gaur egun, musika ikus-entzunezko produktua bihurtu da, begietatik belarrietatik baino lehenago sartzen delako.
B.S.: Premia bat da guretzat, musikaren yonkiak gara eta ezin dugu (ezta nahi ere) utzi. Zabalkundea da guretzat zailena, ez baitakigu marketin-estrategiei buruz. Baina egiten dugun guztia %100 organikoa da.
G.M.: Guk kudeatu dugu dena hasieratik, eta urteetan zehar bildutako dirua ekipoan inbertitu dugu. Kontzertuetan egia da diru askorik ez dugula irabazten, orduan bakoitzaren ekarpenaren arabera doa ekipoaren hazkundea. Pixkanaka ikasten joan garenarekin eta erosten joan garenarekin produkzio ezberdinak kaleratu ditugu.
Musikaren industria eta negozio-eredua asko aldatu da egungo egoera sozial, ekonomiko eta teknologikoaren eraginez. Zein da zuen iritzia ekoizle eta erabiltzaile gisa?
B.S.: Egun, Spotify eta YouTuberen inpaktua izugarria da. Plataforma handi asko daude denon eskura, baina ez dakigu nora doazen. Bandcamp, adibidez, plataforma libre bat da, artista bakoitzari bere musikaren prezioa jartzeko aukera ematen diona. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu, musika entzutea asko ahalbidetzen duelako, baina, bestetik, ez dauka iragazkirik. Ez dago inolako kontrolik.
G.M.: Nik nabari dudan aldaketarik sakonena musika kontsumitzeko era da. Lehen musika MP3 txikietan edo diskoetan entzuten zen eta ez zenuen bisualki inolako estimulurik. Baina gaur egun abesti batek askoz ikustaldi gehiago jasotzen ditu bideo batekin, eta horrek eragina du erabiltzaileengan ere bai. Azkenean, abesti horren funtsa ez da abeslariak transmititu nahi duen mezuan geratzen, bideo horrek duen inpaktu bisualean baizik. Hortaz, alde batetik egia da merkatua gero eta handiagoa dela, baina musikaren balioa jaitsi egin da.
Teknologiarekin batera, Autotunea. Egun danok izan gaitezke abeslari?
M.G.: Ez gara ezertara itxi behar eta beste musika-tresna bat bezala ikusten dugu. Azken finean, nik abestu nahi baldin badut baina ez badut ondo abesten, zergatik ez erabili? Gustatu ahal zaizu edo ez, oso subjektiboa da. Guk askotan erabili dugu eta erabiltzen jarraituko dugu, nahiz eta gaiari buruzko eztabaida egon. Musikaren munduan sartu den elementu berri bat da, kontrolatzen ikasi behar den beste baliabide bat.
Orain dela hilabete, Chill Mafia talde nafarra ezagutu genuen. Zuen filosofia Chill Mafia eta Chill Mafia Recordsen antzekoa dela ikusi dugu. Bat-bateko arrakasta txikia lortu dutela esan daiteke.
B.S.: Chill Mafia Nafarroako gazte batzuk dira, jende askorengana heldu direnak tradizionalismo batekin apurtu dutelako. Kontzeptuari buelta eman diote. Xabier Leteren kantak eta mezu kostunbristak XXI. mendeko egunerokotasunarekin nahastu dute. Niri pertsonalki asko gustatu zait jarrera punki hori. Publikoak flipatu egin du eta hori egin behar dela uste dut: kontzeptua aldatu, modernizatu, baina sustrai politak mantendu. Esango nuke talde gisa dugun filosofia haien antzekoa dela ekoizpenari begira. Era guztietako estiloak egiten dituzte, eta uste dut hori dela arrakastarako sekretua. Gainera, Niko ezagutzen dut eta ziur nago kolaborazioren bat landuko dugula haiekin.
Beraz, gaur egungo gazteak musikaren sorkuntzara inguratzen ari dira?
G.M.: Gero eta gehiago. Izan ere, Interneti esker erraztasun gehiago ditugu ikasteko eta ekoitzen hasteko. Gainera, Tik Tok eta horrelako plataformak eragin handia izan dutela uste dugu. Enpresa handi bihurtu dira, biralak egin eta boterea hartu dutenak, eta zein abestiri garrantzi handiagoa eman aukeratzeko gaitasuna dute. Zer abestiri ez ezik, zein formatutan eta zer estilo motak ikusgai bihurtuko diren ere erabakitzen dute, eta oso arriskutsua iruditzen zait. Orain jendeak 15 segundoko piluletan nahi du musika. Eta Tik Token formatua horixe bera da: irabiagailuan sartutako abesti bat, zeinetik 15 segundoko zati bat ateratzen den eta arrakasta lortzen duen.
Trap-rap-musika urbanoaren protesta eta kriminalizazioa… Gauza asko nahasten dira
kontzeptu hauetan, eta erdian, gazteak.
A.R.: Estiloak alde batera utzita, oso garrantzitsua da jorratzen diren gaiak. Musika gizartea eraldatzeko tresna izan daiteke, herritarren kontzientzia eta interesa pizteko. Beraz, abesti batean lantzen diren mezuak horretan eragina izateko egin behar direla uste dut, erantzukizun bat badagoela. Historikoki beti lotu izan da gazteria errebeldia eta delinkuentziarekin. Gazteek sortu dituzten estilo berriak kritika soziala egiteko eta haien hira kanporatzeko izan dira, eta orain rap, hip hop eta traparen txanda heldu da. Eta 40 urte barru beste estilo batzuk helduko dira.
B.S.: Arazoa gizartea da. Bakoitzaren erantzukizuna da nola interpretatzen duen artista baten mezua. Artista askok dioten bezala, ez dute inor bere musikarekin hezi behar. Hori batzuetan nahastu egiten dugu, figura publiko batek hezi behar gaituela espero dugulako. Badira, halaber, Anuel AA bezalako izar handiak gizartera mezu toxikoak eramaten dituztenak, emakumeei buruzkoak adibidez, eta hori normalizatzea oso arriskutsua da.
M.G.: Garrantzitsua da nabarmentzea alde batetik artista dagoela eta bestetik pertsona. Batzuetan eraikitako pertsonaiak dira, C.Tangana esaterako. Askotan ahaztu egiten da hori, artista baten atzean beste pertsona bat dagoela. Artea da eta interpretazio mota asko daude, inolaz ere kritikatu behar ez direnak.
Izan ere, azken urteetan, adierazpen askatasuna zalantzan jarritako gaia izan da.
A.R.: Guk argi dugu, gure adierazpen-askatasuna zeurea hasten den unean amaitzen da. Hau da, beste pertsona bati kalte egiten diozunean. Adierazpen askatasunak hori izan behar du: nahi duzun horretan, nahi duzun bezala, baina beti errespetuz. Muga hori ezin da inoiz zeharkatu. Mundu guztiak ditu eskubide eta askatasun berberak.
Kolaborazio batzuk euskaraz egin badituzue ere, zuen sorkuntzan euskara ez dago hain presente. Zer da zuentzat hizkuntza batean aritzea?
A.R.: Euskal Herrian bizitzeagatik pentsatzen dugu gaztelaniaz gain euskarak ere pisu handia izan behar duela. Abesti batzuk euskaraz egiten saiatzen gara, nahiz eta trebetasun bera ez izan. Ez da gauza bera rap abestiak gaztelaniaz edo euskaraz egitea, eta gaztelaniaz hobeto moldatzen gara. Hizkuntza ere talde baten identitatea izan daiteke.
G.M.: Kantak gaztelaniaz egiten ditugunean ez dugu kontzienteki egiten, erraztasunagatik baizik. Ez dago inolako asmorik. Euskaraz egin ditugunak, aldiz, euskaraz izatea nahi izan dugulako izan dira. Eta euskaraz egiten jarraituko ditugu, hizkuntza bultzatu nahi dugulako. Are gehiago, oraindik ez ditugu kaleratu, baina dagoeneko prest eta labean daude, garrantzitsua iruditzen zaigulako euskarazko materiala egitea.
Zeintzuk dira epe luzerako aurreikusi dituzuen helburuak?
M.G.: “Hell Boy” abestian esaten dugun bezala: badakigu nondik gatozen, baina ez nora goazen. Zalantzarik gabe, gure asmoa musika egiten jarraitzea da. Baita elkarlana bultzatzea eta jende askorekin lan egitea ere.
B.S.: Eta etorkizunean profesionalizatzeko aukera baldin badugu, primeran. Estudioa handitzea eta hobetzea gustatuko litzaiguke, eta ekoiztetxe txiki gisa lan egitea. Gure lana pausu bat aurrerago eramatea.
☉ Hego Uribe
Renfek eskualdeko trenen maiztasuna handitzeko asmoa iragarri du
Zerbitzuaren maiztasuna handitzeko asmoa iragarri dute Renfetik eta egungo trenak irisgarritasun irizpideak betetzen dituztenekin ordeztuko dituztela aurreratu dute
Arrigorriagako udal ordezkariek bilera berri bat izan dute Renfeko arduradunekin, udan zehar herritar batzuek helarazi zituzten kezka batzuen haritik. Herritarren arabera, “Renfeko aldiriakeko trenen zerbitzuak hutsuneak dituzte” eta kezkatuta agertu dira Arrigorriagako udal ordezkarien aurrean.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe zinegotzia Renfeko arduradunekin bildu ziren uztailean herritarren kezkak helarazteko, antzemandako hutsuneak konpontzen eta egoera hobetzen laguntzeko”, azaldu dute Udaletik. “Renfeko arduradunek kezka guztiak jaso zituzten eta zerbitzua hobetzeko hainbat neurri hartuko zituztela adierazi zuten”.
Bilera berri honetan egoeraren eta hartutako neurrien jarraipena eta balorazioa egitea izan da helburua. Erantzun modura, Renfeko ordezkariek zerbitzuaren puntualtasuna hobetu dela azaldu dute eta gaur egun % 95ekoa dela azpimarratu dute.
Gainera, trenen maiztasuna handitzeko asmoa duela iragarri du garraio enpresak, ordutegietan aldaketak eginez. Bestalde, irisgarritasunaren alorrean aldaketak egongo direla iragarri dute eta egungo trenak “irizpideak betetzen dituzten trenekin” ordeztuko dituztela aurreratu dute.
Maite Ibarra: “Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”
“Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”, azaldu du Maite Ibarrak. Hori dela eta, Udaletik herritarrek kalitatezko garraio-zerbitzua jasotzea garrantzitsua dela azaldu diote Renfeko ordezkariei eta “elkarlanean jarraitzeko zein ahal den guztian laguntzeko prestasuna eta borondatea” adierazi dizkie Renferi.
☉ Hego Uribe
Txulalai Hego Uribeko haur musika talde berriak lehen bideoklipa grabatu du San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean
Kantu Kolore taldea osatzen zuten kide batzuek, Galdakaokoak eta Usansolokoak, eratu dute Txulalai. Urriaren 25ean kaleratuko dute lehen diskoa
Galdakaoko eta Usansoloko hiru lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu dute. Lehendik Kantu Kolore taldean ibilitakoak dira eta oraingoan “gogotsu eta ilusioz” aurkeztu dute euren proiektu berria.
“Musikaren bitartez, ondo pasatuz eta gozatuz, hezkuntza munduari haize freskoa eta proposamen didaktiko ederrak eskeintzeko asmoz eratu dugu Txulalai”, diote Miel, Alai eta Xaba taldekideek.
Taldearen lehen bideoklipa gaur bertan, irailak 27, publikatu dute: ‘Makinista’. San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean grabatu dute, bertako ehunka ikaslerekin.
Urriaren 25ean kaleratuko du Txulalaik bere lehen diskoa.
☉ Hego Uribe
Loraldia Plazak 50 sortzaile baino gehiagoren lanak ekarriko ditu Zaratamo eta Arrigorriagara
Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu dute Loraldia Plazan aurten eta Zaratamo eta Arrigorriagarako bereziki prestatutako proposamenak ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek
Gaur goizean aurkeztu dute datorren urriaren 18 eta 19an eta 23tik 27ra Zaratamon eta Arrigorriagan antolatu duten Loraldia Plazaren hirugarren edizioaren programa. “Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat”, azaldu du Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak.
Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu da eta “herri bi hauentzako bereziki prestatutako proposamenak” direla ziurtatu du Loraldiako komunikazio arduradunak gaurko aurkezpenean.
Urriaren 18an eta 19an Zaratamo izango da Loraldia Plazaren erdigunea: aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori eta aurten erakuslehio bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko Kultur Etxean eta 19koa, Arkotxako elizan.
Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek “Krak” lana aurkeztuko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. “Emanaldi honetan gobidatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza“, azaldu du Ocerinek. “Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatz honek Maite Larbururen “Loti (herrena)” kanta moldatuko du”.
Hilaren 19an Jon Maia bertsolaria egongo da Arkotxako elizan: “Orain arte egindako ibilbidea ikusita argi ikusi genuen Arkotxa auzora ere zabaldu behar genuela Loraldia”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, Estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”.
Horiek horrela, Jon Maiak proposamen propio bat ekarriko du Arkotxara eta Federico García Lorcaren lana Lauaxetarenakin lotuko du ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’ izeneko hitzaldi performatibo eta musikatuaren bidez: “Auzoarekin lotura bat izango du Maiaren ekarpenak”, aurreratu du Zaratamoko alkateak.
Urriaren 23tik 27ra Arrigorriagaren txanda izango da, eta Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’en Izarrak eta Haitzak liburuaren haritik Izar eta haitz artean diziplina anitzeko ekitaldia eskainiko dute, duela egun batzuk GEURIAn aurreratu lez. Txapelekin batera eskualdeko gonbidatu bereziak egongo dira: Irati Anda Villanueva, Estropozu bertso-eskola, Iraia Urraca, Ioritz Benito, Lehian Erromeriako Maitane Etxegarai eta Padura Mendi Taldeko kideak.
Urtez urte, lorak jasoz
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Alberto Ugarriza bat datoz urteek aurrera egin ahala harrera hobeagoa duela Loraldia Plazak Hego Uribe eskualdean: “Ausardiaz jokatu dugu Loraldia Plaza bezalako ekimen hau Arrigorriagara ekartzen”, azaldu du Ibarrak. “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan eta oso modu positiboan baloratzen dugu diziplina ugari lantzen direlako, besteak beste. Espero dugu urteek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago hurbiltzea herriko areto eta plazetara”.
Maite Ibarra: “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan”
“Gure aldetik egiten dugun balorazioa oso positiboa da ere”, gehitu du Zaratamoko alkateak. “Bai herrian izandako harreragatik, bai Euskal Herrian egonkortuta dagoen Loraldia kultura proiektuan parte-hartzegatik. Euskal kultura garaikidea zabaltzeko proposamen handienetakoa da, ezbairik gabe”. Lehen edizioan Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga izan ziren Zaratamon eta “proposamen zoragarria” izan zela nabarmendu du Ugarrizak. “2023an lortutakoa ere zoragarria izan zen eta Olatz Salvador, La Basu, Osterabe eta Lide Hernando izan ziren Kultur etxeko oholtzan. Loraldia gabe ezinezkoa izango litzateke”, aitortu du.
Egitaraua | Loraldia Plaza 2024
Urriak 18, ostirala
19:30 Maite Larburu + Artizarra abesbatza, Zaratamoko Kultur Etxea
Urriak 19, larunbata
19:30 Jon Maia ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’, Arkotxako eliza
Urriak 23, asteazkena
19:00 Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’: ‘Izar eta haitzen artean’, Edurne Garitazelaia
Urriak 24, osteguna
19:00 Haatik Dantza Konpainia: ‘Lau Eme’, Abusuko Zentro Soziokulturala
Urriak 25, ostirala
20:00 ‘Xiberoa Kantuz Loraturik’, Lonbo aretoa
Urriak 26, larunbata
19:30 Andoni Mutiloa: ‘Nire Fantasia Kabareta’, Arrigorriagako udaletxeko Erakusketa gela
Urriak 27, igandea
12:00 Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea: ‘Euskal kantugintzaren tregepedia’, Edurne Garitazelaia
13:30 Ardo dastaketa: Biba Ardoak, Edurne Garitazelaia
☉ Hego Uribe
Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gela bat antolatu dituzte Hego Uriben, Ondarearen Europako Jardunaldietan
Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatu dituzte jarduerak urrian zehar, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan.
Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.
Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, “aurten ere urria da Bizkaiko ondarearen hilabetea. Urri kultural honek, aurten ere, gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die herritarrei, ikuspuntu eta ikusmolde desberdinetatik eta jarduera askotariko eta didaktikoen bidez, ehun bat eragile kulturalen jardueren antolaketari esker. Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko kultura-ondareak herritarrei ateak irekitzeko egunak dira”.
Arrigorriaga
Hitzaldi zikloa: ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez.
Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez
Non: Edurne Garitazelaia Kultur Etxea
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)
Etxebarri
Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea. Bideen bidea’
María López de Haro andreak 1348an berretsi zuen Bilboko Hiribilduaren fundaziorako (1300) herri-gutuna. Bertan, “Echevarritik Ganguren mendilerroraino doan bidea” aipatzen da, baina ba al dakigu zer bide zen? Ba al dago Bilbo eta Etxebarriren arteko muga zehazteko balio izan zuen elementu horren beste konstanterik, orduan Galdakaoko elizateak? Eta zergatik agindu zuen María López de Haro andreak ez erabiltzeko? Urduña eta Bermeo arteko lotura-bidearen zati bat ezagutaraziko dute.
Noiz: urriak 18, urriak 20
Non: Lezama Legizamoneko Irin Fabrika
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: kultura@etxebarri.eus / 944 267 005
Galdakao
Hitzaldiak: ‘Gure erromeriak’
Jai-giroko elkargune gisa, erromeriak parada egokia ziren gizarte-harremanetarako. Oinez, bizikletaz, tranbiaz, trenez, autobusez edo autoz joaten ziren gazteak erromerietara lagun berrien bila, eta harreman hertsiak sortzen ziren komunitateen artean, eta tratuak ere egiten ziren, esaterako, Urkiolan, San Antonio egunean. Arratiako tranbia, Durangorako trena, autobusa eta autoa garraiobideek ohiturak aldatu zituzten eta denborak eraldatu, haiei esker, errazagoa eta azkarragoa baitzen Bizkaitik mugitzea; hala bada, jai handiek, pixkanaka, adiera tradizionalagoa eta folklorikoagoa hartu zuten: “geure erromeriak” .
Urriak 3, 19:00: Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa. Juanjo Olaizola
Urriak 17, 19:00: Erromeria topaleku Gorbeialdean. Juan Manuel Etxebarria
Non: Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: euskaraz
Ugao
Kanpoaldeko ihes gela: ‘Errege Bidearen misterioa’
Jarduera horretan, hainbat garai historikotako pertsonaiei lagundu beharko diegu Ugaotik igarotzearekin lotutako arazoa konpontzen. Arazo hori misterio handiago baten parte da, eta konpondu egin beharko dute. Lau proben irtenbideen bidez, Ugaoko lurreko komunikazioekin lotutako azken enigmaren lau zatietako bat lortuko da.
Urriak 18, 18:00-20:00
Non: Jane Jauregia
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: 946 480 704 / kultura.ugao@ortzadar.es
Zeberio
Hitzaldia eta bisita gidatua Juanjo Hidalgoren eskutik: ‘Errege Bidea’
Zeberioko errege-bidearen goiko tartearen gaineko esku-hartze bati esker –Etxebarri eta Undurraga auzoen artetik igarotzen den tokian–, XVIII. mendeko bidarriaren jatorrizko harzolaren zati bat aurkitu da. Bidarri hartatik, Miraballes hiribildutik Arratia haranera joaten zen. Bide haren oroimena gogora ekarriko dute.
Urriak 12, 10:30
Non: Ermitabarri
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: 946 122 695 / turismo@gorbeialdea.com
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.