☉ Arrigorriaga
Indarkeria sexista gaitzesteko Beldur Barik lehiaketa martxan da
Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa martxan da azaroaren 13ra arte. Hego Uribe eskualdean lehiaketa lokalak ere egingo dituzte.

Indarkeria sexistaren aurkako Beldur Barik lehiaketa abiarazi dute zortzigarren urtez. Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat dago zuzenduta. "Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin", diote antolakuntzatik. Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 13ra arte (24:00ak arte).
Aurten Beldur Barik topaketa Eibarren izango da abenduaren 2an. Bertan, lehiaketa orokorraren irabazleak emango dira jakitera. Lehiaketa orokorraren oinarriak hemen daude irakurgai.
Guztira, 2.200 euro banatuko dituzte saritan: lehenengo eta bigarren kategoriako sari nagusiak (500 euro bakoitzeko), lehenengo zein bigarren kategoriako aipamen bereziak (300 euro bakoitzeko), ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria (300 euro) eta parte hartzeari saria (300 euro).
Hego Uribeko lehiaketa lokalak
Aurreko urteetan bezala, aurten ere lehiaketa lokalak izango dira Hego Uribe eskualdean. Iaz 25 lan aurkeztu zituzten Arrigorriagatik (6), Basauritik (7), Etxebarritik (3), Galdakaotik (8) eta Ugaotik (1).
Basaurin, tokiko lehiaketaren sari-banaketa abenduaren 4an izango da, Marienean. Kategoria bakoitzeko 500 euroko sariak banatuko dituzte.
Arrigorriagako tokiko lehiaketaren sari-banaketa azaroaren 25ean izango da, Emakumeen indarkeriaren aurkako kanpainaren barruan. Sariei dagokienez, lehengo kategorian 300 euro banatuko dituzte (bi irabazle baleude 150 euro bakoitzarentzat eta hiru baleude 100 euro bakoitzarentzat) eta bigarren kategian 200 euro (sari bakarra).
Beldur Barik programa Berdinsarea izeneko sarearen barruan sortu zen 2009an. Gaur egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta EITBren laguntza dauka.
☉ Arrigorriaga
"Familia gehiagoren parte-hartzea" nabarmendu dute Arrigorriagako Lamiaenaren lehen urteurrenean
Jarduera guztien artean, Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak Emakume Sortzaileen II. Azoka nabarmendu du

Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak lehen urteurrena ospatu du eta joan den irailaren 30ean ezin hobeto ekin zieten jaiari herriko emakumeek, jardueraz betetako zapatuan: familia anitzen mendi ibilbidea, Emakume Sortzaileen II. Azoka, Zumbatoia, serigrafia tailerra, bazkari feminista eta Klownklusioak izan ziren eguneko jarduerak. Gaualdean Alarma Morea eta Bada Giroa erromeriaren kontzertuak egin zituzten.
"Zorionez, herriko emakumeak auzolana barneratu dute eta zoragarria izan zen atzoko eguna"
"Lan itzela egin behar izan dugu Lamiaenaren urteurrena prestatzeko", azaldu du Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika Feministako zinegotziak. "Zorionez, herriko emakumeak auzolana barneratu dute eta zoragarria izan zen atzoko eguna". Etxeberriak Emakume Sortzaileen azoka nabarmendu nahi izan du eta egoiliarren parte-hartzea nabarmendu du: "Erresidentziako adinekoak ere hurbildu ziren ospakizunera eta euren eskulanak saldu zituzten azokan. Egoitzatik irteteko eta ekitaldiaz gozatzeko aukera eman zien", izan dira Etxeberriaren berbak. Bestalde, familien eta gizonezkoen parte-hartzeak gora egin duela gehitu du: "Hori aldaketaren seinalea da".
☉ Arrigorriaga
Emakumeen ahalduntzerako lau tailer antolatu dituzte Arrigorriagan
Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak herrigunean eta Abusun antolatu ditu saio guztiak

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak Emakume Ahalduntzea izeneko programa abiaraziko du herrigunean eta Abusun. Programa horrek lau tailer hartuko ditu barne: lehen tailerra Arte feministari buruzkoa izango da eta emakumeen ahalduntzea izango du helburu; bigarrenak 'Hango eta hemengo emakumeak: esperientziak partekatzen' du izena; hirugarrena estimulazio kognitiboaren ingurukoa izango da; laugarrena, amaitzeko, ahalduntzeko autoezagutza tailerra izango da.
Izen emateak Herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke (HAZ) eta informazioa handitzeko 944 020 200 telefono zenbakia eta berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.
Herrigunean eta Abusun
Herriguneko saioetarako talde bi osatuko dituzte astearte eta ostegunetan, udaletxeko prentsa aretoan: lehena 16:00etatik 17:30ak arte eta bigarrena, 17:30etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean eta lehen saioa urriaren 17an egingo dute.
Abusuko saioetarako talde bakarra osatuko dute Zentro Soziokulturalean, 16:00etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 4an antolatu dute, 17:00etan, Zentro Soziokulturalean bertan, eta lehen saioa urriaren 18an prestatu dute.
☉ Arrigorriaga
Programa | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga
Aurtengo edizioan hiru lurraldetako emakume sortzaileen lanak plazaratuko dituzte, besteak beste

Uztaila hasieran GEURIAn aurreratu ostean, gaur bertan Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna.
Aurtengo Loraldia asteburu bitan antolatu dute: lehenik eta behin irailaren 29an prestatu dute Zaratamoko Elexaldeko Kultur Etxean, eta gainontzeko saioak Arrigorriagan egingo dituzte, urriaren 6tik 8ra. Guztira sei ekitaldi prestatu dituzte bost egunetan, bi herrietan.
Aurtengoan kontzertuak, antzerki saioak, arte bisualak eta bestelako jarduerak jasoko ditu Zaratamok eta Arrigorriagak 'Bozak' kontzertuarekin, Aukeran Dantzan Konpainiarekin, Igor Elortza eta Rafa Ruedaren 'Anonyme Popular' lanarekin, besteak beste.

Amaia Ocerin, Maite Ibarra eta Ainhoa Muerza // Geuria
Egitaraua | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga
Irailak 29, ostirala
19:30 Bozak, Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean: Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere, Osterabe
5 euro / Lorezainak: 3 euro
Urriak 6, ostirala
18:00 Aiurri antzerki saioa, Abusu Zentro Soziokulturalean: Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaren zuzendaritzapean. Doan
11:00 (ikasleak) + 20:00 'Mira hadi. Eulalia Abaitua Andre-begietan', Lonbo aretoan: Lide Hernando, Maria Urcelay, Getari Etxegarai, Alpha. 5 euro / Lorezainak: 3 euro
Urriak 7, larunbata
20:00 Anonyme Popular, Lonbo aretoan: Igor Elortza eta Rafa Rueda
8 euro / Lorezainak: 6 euro
Urriak 8, igandea
12:30 Frankenstein Agurgarria, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Petti eta Ana Galarraga. Doan
13:30 Txin Txin Txakolin Dastaketa, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Mikel Garaizabel. 8 euro / Lorezainak: 6 euro
"Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Talde argazkia, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria
Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du: "Aurreko urtean adierazi genuen bezala, plazer bat da era honetako ekimena Zaratamon kokatzea eta espero dugu jarraitzea", nabarmendu du eta emakumeek aurtengo edizioan izango duten garrantzia goraipatu du Muerzak: "Oraingo honetan, gainera, gure euskal musikaren bozgoragailu diren emakumeak oholtzara ekarriko ditu Loraldiak Bozak kontzertuarekin. Hiru lurralde ezberdinetako emakume sortzaile elkartuko dira Zaratamoko plazan euskal kultura emakumeok ere egiten dugula lau haizetara zabaltzeko", azpimarratu du.
☉ Arrigorriaga
Azaro amaieran aurkeztuko dute Arrigorriagako gobernu plan "aberatsa"
Gobernu plan berriak hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Bertan antolatuko dituzte proiektu guztiak

Arrigorriagako udal gobernua eratu zenetik 100 egun pasa dira eta gaur bertan prentsaurrekoa deitu dute taldea osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdiek. "Gobernu taldea sortu zenetik lan egiten egon gara burubelarri datozen lau urteetarako Gobernu Plan berria diseinatzen", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.
Plan honen helburua arrigorriagarren bizi-kalitatea eta ongizate maila hobetzea da, "arlo eta sektore ezberdinetatik begiratuz, lupa jarriz, entzuten eta erabakiak hartzen", gehitu du Ibarrak. "Oso aberatsa da sortzen ari garen plana, aniztasun eta elkarlanetik eratu dugu bere enborra esfortzu eta lan handiarekin, baina baita ilusioarekin ere, herritarrek horixe merezi dute eta".
Hiru atal
Maiteren hitzetan, planak "parte-hartze handia" izaten ari du sail eta eremu ezberdinetako langileen eta udalerriko hainbat eragilen ekarpenak jasoz. Dagoeneko, Udala herriko elkarte eta klubekin batu da, zinegotzi berrien aurkezpenetan, besteak beste, eta beste elkarte batzuekin bilerak egin behar dituztela gehitu du.
Gobernu plan berri honek hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. "Proiektuak eta neurri zehatzak hiru bloke nagusi horietan antolatuko dira. Ulertzearen arrazoia irizpide tekniko eta politikoak uztartu eta proiektu bakoitza arlo ezberdinetatik modu kolektiboan eta zeharkakoan garatzea da".
"Gobernuaren lanaren iparrorratza izateaz gain gardentasun ariketa lez ulertzen dugu plan honen sorrera". Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, azaro erdialdean edo bukaera aldean, aurkeztuko dio gobernu taldeak plana herritarrei. Legegintzaldi osoan zehar planaren betetze mailari jarraipen publikoa egingo diotela azaldu dute gobernu taldetik. "Udaletxeko horma zurrunak apurtu nahi ditugu, herritarrek eskubidea dutelako Udala zertan dabilen jakiteko, hori gure betebeharra da".

Maite Ibarra, gaurko prentsaurrekoan // Geuria
"Sintonia ona"
"Gobernu plan hau eratzeko EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA ekarpenak eta iradokizunak jaso ditugu. Bertatik jaioko da gobernu plan berria", azaldu du Maitek eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien "sintonia ona" azpimarratu du. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubiok gehitu du bere alderdiak hauteskunde programa aurkeztu duela plana osatzeko: "Gainera, kulturaren esparrutik 2024ko programa osatu dugu, aurreko legegintzaldian gauzatu ezin izan ziren proposamenekin, besteak beste. Elkarlanak gobernu plan berri hau eratzeko lana erraztu eta aberastu du". NOAko Jose Ignacio Fernández zinegotziak alderdi guztien asmoa goraipatu du ere: "Hauteskunde programak gainezarri nahi izan ditugu, gobernu plan berriak aniztasun handiena lortzeko".
Bestalde, eta udal gobernuaren hurrengo helburuei helduz, abenduan 2023ko aurrekontua aurkeztea da Udalaren xedea: "Momentu honetan ere aurrekontuen gaiarekin gabiltza", gehitu du Ibarrak. "Esparru hori dagokion zinegotziak eman beharreko pausuak prestatzen ari da eta alde teknikoari dagokionez abenduan aurkeztu nahi ditugu. Beraz, ateak zabalik ditugu ekarpenak egin nahi dituzten alderdiei, adostasun handiena erdiesteko".
2024ari begira Arrigorriagako HAPO aurkezteko asmoa azaldu dute udal gobernutik. Joan den martxoan behin-behineko zirriborroa aurkeztu zuten eta behin betiko plana datorren urteko apirilean aurkeztea da asmoa, Maitek aurreratu bezala: "Edozein udalerriren beharrezko elementua da HAPO".

Iratxe Rubio (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria
☉ Arrigorriaga
Juan Jose Agirrek XIX. mendeko Arrigorriaga aztertuko du Edurne Garitazelaian
XIX. mendeko arrigorriagako historiaren inguruko hirugarren liburua aurkeztuko du arrigorriagarrak datorren urriaren 19an, 19:00etan, Edurne Garitazelaian

Juan Jose Agirre Jauregi arrigorriagarrak XIX. mendeko historiari buruzko hirugarren liburua kaleratu zuen duela hilabete batzuk, GEURIAn argitaratu bezala: Arrigorriaga en el siglo XIX. Del Trienio Liberal a la II. Guerra Carlista, 1820-1876. Bertan, herriko pasarte historiko garrantzitsuenen errepasoa egiteaz gain, "protagonisten alde gizatiarrenean" jartzen du fokua, kontestu sozial eta politikoan bizilagunen bizipen pertsonalak txertatuz. Datorren urriaren 19an Edurne Garitazelaian eskainiko du liburuaren aurkezpena, 19:00etan.
Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da
Arrigorriagarraren hirugarren liburu hau Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da, eta 2020ko pandemian, konfinamendu ordu luzeek bultzatu zuten liburu honen idazketa. Idazleak ingurua oso ondo ezagutzen duenez, liburu honetan Arrigorriagan eta inguruan XIX. mendean, zehazki 1820 eta 1876 bitartean, jazotako gertakarien kronologia aurkeztu du, batez ere biztanleen bizitzak azpimarratuz, "ezezagunak izan arren, historia hori egin baitzuten".