☉ Hego Uribe
Beldur Barik lehiaketak 11. edizioan parte hartzeko epea zabaldu du

Emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen adierazpena onartzea, baloratzea eta bultzatzea helburu duen lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu da. Emakundek eta euskal erakunde guztiek bultzatutako lehiaketa honetan 12 eta 26 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu. Hiru kategoriatan parte hartu daiteke: lehen kategoria: 12-13 urte bitarteko gazteak, bigarren kategoria: 14-18 urte bitarteko gazteak eta hirugarren kategoria: 19-26 urte bitarteko gazteak.
Lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke eta ikus-entzunezko lanak jasotzeko azken eguna azaroaren 5a izango da, eta onartuko den lan orok errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzezpen irmoan oinarritutako jokabideak erakutsi beharko ditu.
Kategoria bakoitzean 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezia banatuko dira eta gainera 300 euroko saria emango da, herri-bozkaketaren bidezkoa. Ikus-entzunezko ekoizpen onenak ere 300euroko saria jasoko du.
Koronabirusaren edizioa
Covid-19ak sortutago egoera dela eta, Beldur Barik programako 11. lehiaketa berezi xamarra izango da, gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri duelako. Horregatik, aurtengoan hiru lelo egongo dira: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Hirurek urte berezi honetan Beldur Barik jarrera bultzatzea dute helburu. Sarien banaketa streaming bidez egingo da BeldurBarik.eus webgunean, azaroaren 20an.
Emakundek antolatutako lehiaketak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta beste erakunde batzuen laguntza dute: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean.
Informazio gehiago Beldur Barik-en webgunean topatu dezakezu.
☉ Hego Uribe
Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean
Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.
Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.
☉ Hego Uribe
Hezur muina ematea ikusarazteko mezua Andaluzian zabaldu dute Ugaoko eta Basauriko txirrindulariek
Arkaitz eta Beñat Santamaria ugaotarrek eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak Leyenda de Tartessos lasterketa gogorrean hartu dute parte, Huelvan

Arkaitz eta Beñat Santamaria anai ugaotarrak, Jose Manuel Rodrigo basauriarrak eta Joseba Urrutikoetxea arrigorriagak pedalkadak ematen jarraitzen dute hezur muina ematearen garrantziaz ohartarazteko.
‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin txirrindulari taldea sortu dute eskualdeko lau herritar horiek, eta iazko urrian Almeriako Titan Desert proban parte hartu ostean, duela egun gutxi Leyenda de Tartessos lasterketa egin dute Santamaria anaiek eta Rodrigo basauriarrak
—Rafa Yurrebaso galdakoztarrak ere egin zuen lasterketa—.
“Proba oso gogorra izan da, gainera, Andaluzian izan diren ekaitzek are gogorrago egin dute”, diote. Hala ere, pozik daude hezur muina ematearen garrantzia ikusarazi dutelako beste behin ere.
Taldearentzat urteko lehen proba izan da Tartessosekoa, baina ez da bakarra izango: hurrengo erronka Leongo Itzulia BTT izango da, maiatzean. Bertan, laurek hartuko dute parte.

☉ Hego Uribe
Arratiako Korua Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da Santa Ageda bezperan
Usansolon goizean izango da Arratiako Korua eta Galdakaon arratsaldean. Ordutegi zehatza jaso dugu albistean

Santa Ageda bezpera izango da bihar, otsailak 4. Eta tradizioa jarraituta, Hego Uribe eskualdean hainbat eta hainbat talde kalera aterako dira koplak abestera.
Era berean, Arratiako Koruaren bisita ere izango dugu eskualdean: Usansolon eta Galdakaon geldialdiak egingo ditu.
Goizeko 08:25ean hasiko du kalejira Koruak Zeanurin eta Arantzazutik, Igorretik, Dimatik, Lemoatik eta Bediatik igaro ostean, Usansolon egingo du geldialdia 10:15ean [2024an Usansolon harrapatu zuen GEURIAk Korua].
Ondoren, Zornotzara joango dira eta handik Bilbora. Bizkaiko hiriburuan 11:30etik 20:00ak arte egongo da Arratiako Korua leku batetik bestera.
Eta, etxerako bidean, 20:40ean eguneko azken geldialdia egingo dute Galdakaon. Iaz Iturrondo plazan ikusi ahal izan genituen [ikusi bideoa].
☉ Hego Uribe
Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk
Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.
Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).
Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.
“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.
Sarratu-Aperribai tartea
Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.
“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.
Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.
Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.
Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.
Aperribai-Galdakao tartea
Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.
“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.
Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.
“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.
Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.
“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.
☉ Hego Uribe
‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte Basaurin eta Galdakaon
Jaialdia martxoaren 21ean izango da Durangon. Sarrerak salgai daude Basaurin eta Galdakaon

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da, eta helburua da “Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzea”.
Musika nagusi izango da jaialdian, eta dagoeneko honako artistek eta taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Ødei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta.
Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza ere izango dira jaialdian. Eta, izen gehiago iragartzeko daudela adierazi dute antolatzaileek.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 edo 25 euroan. “Ekimen honen helburua erresistentzia sustengatzea denez, bi prezio dituzue aukeran. Ez dago alderik sarreran, ekarpen ekonomikoak baizik. Ekitaldi solidarioa izanik, bakoitzak bere ahalmenaren edo nahiaren arabera erabaki dezala zenbatekin lagundu nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta errepresioaren aurkako kutxa”, diote.
Hego Uribe eskualdean Basaurin eta Galdakaon jarri dituzte sarrerak eskuragarri: Fissions eta Berezi tabernetan Basaurin, eta Zurrut tabernan Galdakaon.









