Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Estigmetatik ihes egiten

Emozioak eta sentimenduak gure bizitzaren parte dira. Gauza berriak ikasten, beste batzuk ulertzen eta ekintzara bultzatzen laguntzen digute

|

Argazkia: Ariel Sion, Unsplash

Emozioak eta sentimenduak gure bizitzaren parte dira. Sentimenduak emozioen parte dira. Normalean zazpi dira sentitzen ditugun emozio nagusiak, Robert Plutchik psikologo estatubatuarrak sortutako Emozioen gurpilak adierazten duen bezala (ilustrazioa aurrerago). Emozio horiek dira: pozik, gaizki, ikarati, haserre, nazkatuta, triste eta harrituta.

Beste psikologo batzuek bost emozio ezberdintzen dituzte nagusiki (Leire Pinedo psikologo basauriarrak, kasu). Baina, benetan axola al du zazpi edo bost diren? Sentimendu horietako bakoitzak beste sentimendu edo emozio batzuetara garamatza, hala nola, baikor, baketsu, indartsu, jostalari; aspertuta, lanpetuta, estresatuta, nekatuta; urduri, zalantzati, ahul, mehatxatuta; umiliatuta, erotuta, oldarkor; baztertuta, huts eginda, oso gaizki; minduta, etsita, errudun, zaurgarri, bakarrik; nahastuta edota hunkituta.

Usteko duzu ez dagoela beste sentimendurik edo emoziorik, baina bai, askoz gehiago daude: inspiratuta, itxaropentsu, maitekor, eskertuta, adoretsu, balioetsita, arrakastatsu, aske, alai; axolagabe, apatiko, larrituta, gainezka, logaletuta; babesgabe, izututa, kezkatuta, desegoki, baliogabe, baztertuta, jazarrita; traizionatuta, barregarri, higuinduta, bortxatuta, jeloskor, sutan, eszeptiko; epaituta, lotsatuta, lur jota; indargabe, hauskor, biktimizatuta, abandonatuta, isolatuta; atsekabetuta, desengainatuta, irrikaz edo kementsu.

Emozio hauek guztiak —eta gehiago— aurtengo ale monografikoan ikusiko dituzu islatuta. Gurpila txikia da hasieran, eta barneratzen goazen heinean hamaika sentipen mota daude. Emozioek gauza berriak ikasten, beste batzuk ulertzen eta ekintzara bultzatzen laguntzen digute. Emozioak ezinbestekoak dira gizakiarentzat, egokiturik eta bete-betean bizitzeko aukera ematen baitigute.

Robert Plutchik psikologo estatubatuarrak sortutako Emozioen Gurpila // Robert Plutchik

Bakoitzak bere emozioak kudeatzea zaila da. Ez digute irakatsi zelan bideratu gure emozioak. Ez da bide erraza, eta batzuetan hautua egiten dugu gizakiok terapiara joateko, barnean sentimendu bat dugulako eta ez dakigulako zer egin horrekin. Laguntza profesionala behar izaten dugu barnean ditugun emozioei eta sentimenduei irtenbidea emateko.

Osasun mentala diskurtso publiko bihurtu da azken urteetan. Baina oraindik estigmatizatuta dago psikologoarenera joatea. Laguntza psikologikoa bilatzea batzuentzat pertzepzio negatiboa da. Aurreiritziak daude. Osasun mentala azken urteetan onartuago eta ulerkorrago bihurtu den arren, terapiaren eta zainketa psikologikoaren inguruko zenbait estigmak oraindik ere irauten dute. Estigma horiek aldatu egin daitezke kulturaren, hezkuntzaren, sinesmen pertsonalen eta beste faktore sozial batzuen arabera.

Estigma hori egoteko arrazoi batzuk izan daitezke ezjakintasuna, lotsa eta ahulezia hautematea edota estigma soziala. Pertsona askok ez dute argi ulertzen terapia psikologikoak zer dakarren. Osasun mentaleko arazoei buruzko ideia okerrak izan ditzakete, edo laguntza profesionala pertsona “eroek” edo “ahulek” bakarrik behar dutela pentsa dezakete.

Beste batzuek senti dezakete laguntza psikologikoa bilatzea ahulezia edo onarpen bat dela, ezin dutela beren arazoak beren kabuz kudeatu. Estereotipo kultural bat dago: gizakiok indartsuak izan behar dugu, eta gure zailtasunak kanpoko laguntzarik gabe konpontzeko gai izan behar dugu.

Osasun mentalaren onarpenean aurrera egin den arren, oraindik badira gizartean errotuta dauden aurreiritziak. Horiek eragina izan dezakete pertsonek laguntza psikologikoa bilatzen dutenak hautemateko moduan, diskriminazioa edo gizarte-arbuioa eraginez.

Garrantzitsua da nabarmentzea laguntza psikologikoa bilatzea sendotasunaren eta norberaren zaintzaren adierazgarri dela. Mediku bat gaitz fisiko baterako bisitatzea bezala, psikologo batengana joatea lagungarria izan daiteke arazo emozionalei aurre egiteko, bizi-kalitatea hobetzeko eta ongizate mentala sustatzeko. Terapiak erronkei aurre egiteko eta pertsona bezala hazteko tresnak eta estrategiak eskaintzen ditu.

Zorionez, laguntza psikologikoa bilatzearekin lotutako estigma gutxitzen ari da pixkanaka, osasun mentalaren garrantziari buruzko kontzientzia eta ulermen handiagoa sortzen den heinean. Gero eta pertsona gehiagok onartzen dituzte terapiaren onurak, eta erosoago sentitzen dira beren arazo emozionalei buruz hitz egiten.

Hego Uribe eskualdea ez da eskualde isolatu bat osasun mentalari buruz hitz egiten dugunean. Aurrerapausoak eman dira azken aldian arlo horretan. Esate baterako, Arrigorriagako eskolako eta institutuko ikasleei laguntza psikologikoa eskainiko diete, Galdakaon ‘Batera’ zerbitzua martxan jarriko dute herriko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei arreta psikologikoa eskaintzeko, Ugaok eta Zeberiok gizarte-hezitzaile eta psikologo bana kontratatuko dituzte, Basaurin arreta psikologikoa emateko doako zerbitzu bat jarri zuten duela hiru urte (pandemia urtean), Ugaoko Institutuan aurten sexualitatearen eta harreman osasuntsuen inguruko tailerrak eskaini dituzte institutuan, eta Etxebarrin nagusien beharrei buruzko ikerketa egin zuten.

Aurtengo ale monografikoan eskualdeko herritarrei egindako elkarrizketak topatuko dituzu: Leire Pinedo psikologoa; Mikel Baza familia medikua; Eneritz Jimenez psikodidaktikan aditua; Karmele Felipe, Beñat Armentia eta Irina Garcia gazteak; Mikel Ipiña Ongizate Fisikoa eta Emozionala ikasgaiko irakaslea; Ane Ariño Basauri Ikastetxeko Filosofia mintegiko irakaslea; Soiartze Unzueta Arrigorriagako Gizarte Zerbitzuetako langilea, Oihane Artetxe Zaintzaileak programako koordinatzailea eta Mari Carmen Zarandona Galdakaoko adinekoen bidaien antolatzailea; Amalia Domingo eta Mari Carmen Kortabarria adinekoak, eta Maria Jesus Espinosa eta Pedro Mari Gorostiaga senideak; eta Itsaso Arranz Death Kafe ekimeneko arduraduna.

Sentimenduak disekzionatzea

Emozioak eta sentimenduak aztergai, Leire Pinedo psikologoarekin elkartu gara. Sentimenduak disekzionatu eta horiek pertsonen ongizatean izan ditzaketen harremanen inguruan aritu gara basauriarrarekin. Pinedok sentimendu guztiak positiboak direla azaldu digu, bakoitzak kutsu atsegin edo desatsegina badu ere, geure buruari eta bizi garen egoerei buruzko informazioa ematen digutelako, besteak beste.

Antsiolitikoak edonon

Nazioartean, Espainiar estatua da (bigarren urtez jarraian) antsiolitikoen eta depresioaren aurkako farmakoen kontsumo handiena daukan herrialdea. Hori da Estupefazienteen Nazioarteko Batzordeak iaz egindako ikerketak erakutsi duena. Farmako hauetako gehienak lehen arretan preskribatzen dira. Hala ere, kontsultorioetako medikuek osasun mentalari lotutako arazoak dituzten pazienteak artatzen dituztenean, kasu askotan, ikusten dute ezinegon horren arrazoia ez dela medikoa. Sintoma fisikoaren oinarria, pazienteek egunerokoan dituzten arazoak dira, gehienetan, gizartearen edo bizitzaren antolakuntzak, logikak eta bete ezin dituzten eskakizunek sortuak (arazo ekonomikoak, familiako kideen egoera zaurgarriak…). Horri medikalizazioarekin ematen zaio erantzuna gizartean; hau da, bizitzaren prozesu normalean gertatzen diren egoeren aurrean farmakoak eta, orokorrean, osasun arreta eskatzea. Preskripzioak, epe laburrerako eta hainbat egoeretarako erremedio ona dira, baina ezin da ahaztu osasun sistemaz harago ere badaudela ezinegon horiek arintzeko moduak (erreibindikazio sozialak, adibidez). Honetaz guztiaz hitz egin dugu Mikel Baza Zeberioko eta Arrigorriagako familia medikuarekin.

Emozioen kudeaketaz

Sentimenduak jaiotzatik ditugu, baina emozioen kudeaketa eta erregulazioa egiteko, lanketa behar dugu txikitatik. Horren inguruan berba egin dugu Eneritz Jimenez psikodidaktikan adituarekin. Familia ingurunean hasten da trebakuntza hori, umeek imitazio bidez ikasten dutenean, bereziki, emozioak kanporatzeko moduak zeintzuk diren. Hezkuntza formala horren osagarria da, eta bereziki garrantzitsua da sare sozialaren edo familiaren babes falta duten umeen kasuan. Zentroetan, hainbat metodologia erabiltzen dira horretarako: lehen, modu ez zuzenean, gehienbat (haurrak ipuin bateko protagonistaren sentimenduekin identifikatzen zirenean, adibidez); orain, modu zuzenagoan (emozioez jarduten duten material espezifikoekin: Koloretako munstroa eta Emoziotegia liburuak zein Adostegia dinamika).

Emozio guztiak dira beharrezkoak, biologikoki helburu jakin batekin dauzkagulako. Baina bi ezaugarri hartu behar dira kontuan, emozioen desoreka batek gure ongizatean txarrera eragin dezakeen jakiteko: batetik, denboran zenbat luzatzen den emozio hori, eta bestetik, nolako intentsitatearekin bizi dugun emozioa. Emozioen kudeaketa egokiak gizartean bizi ahal izatea ahalbidetzen du, baita norbere ongizatea garatzea ere, ildo beretik. Kudeatzen ikasi ezean, erlazionatzeko eta integratzeko arazoak izan ditzakegu, eta ondorioz, autokontzeptuan eta autoestimuan problemak. Ezinegonak baretzeko, emozioak egoki kanporatzeko erreminten faltan, mota guztietako adikzioetara (substantziak, jokoak) jo dezakete batzuek.

Gazteen kezkak

Zein da gazteen egoera? Zelan sentitzen dira gazteak? Zer behar dituzte? Eta zer kezka? Gaztaroan hainbat aldaketa jasaten ditu gizakiak eta emozioak bor-bor ageri dira, baina badakite gazteek emozio horiek kudeatzen? Iaz publikatu zen Euskadi Gazte 2020-2021 ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eta 29 urte bitartean dituzten hamar gaztetatik zazpi pozik daude beren egoera pertsonalarekin. Sentimenduez, emozioen kudeaketaz, laguntza profesionalaz, gazteen kezkez eta etorkizunaz hitz egin dugu Karmele Felipe, Beñat Armentia eta Irina Garcia eskualdeko gazteekin.

Ongizate fisikoa eta emozionala

Ikasketa guztiak jarduera fisikoan oinarritu ditu Mikel Ipiña arrigorriagarrak. Gaur egun irakasle da eta ongizate fisikoa eta emozionala lantzen ditu ikasleekin. Ikasgai berria da ikastetxeetan. Bere hitzetan, esparru horretan bertan sortzen diren sentimenduek eragin zuzena dute gizakion ongizatean, eta horrexegatik da hain garrantzitsua kirola eguneroko bizitza erritmora ekartzea, “argal egotetik edo pisua galtzetik harago”.

Filosofiaren ikuspuntutik

Bizitzaren zentzua norberak aurkitu behar izateak erantzuleago egiten gaitu, ezin diogulako ardura hori beste INORI utzi. Eta horrek, aldi berean, ezinegona sortzen digu, ezer kontrolpean ez daukagula senti dezakegulako zenbaitetan. Gazteei dagokionez, bereziki, ezinegona sortzen duen beste arrazoietako bat teknologia berrien hedapena da. Batetik, sare sozialetan ikusten dituzten “bizitza perfektuak” norbere buruarekin konparatzeak eta idealizazio horretan sinesteak frustrazioak sortzen dizkie, haiek ideal horiek ezin dituztela bete ikusten dutenean.

Bestetik, hainbeste estimulu digitalen aurrean egon izan direnez betidanik, kontzentratzeko gaitasuna gutxitzea, aspertzeko gaitasuna kentzea eta frustrazioak kudeatzeko ahalmena txikitzea eragin du. Askok azken arrazoi hori erabiltzen dute “gizarte ahula” kontzeptua defendatzeko. Baita pandemian eta hauteskundeen bueltan biztanle batzuek izan dituzten jarrerak ere: garagardo bat hartzera irten ezin direlako haserretzea edo agian hautesmahaian egon behar direlako oporrak galduko dituztelako tristetzea. Baina gauza horiek ez onartzeak edo teknologiaren erabileragatik burmuinaren antolaketa aldatu izanak bihurtzen gaitu “ahul”? Ustezko ahultasun horrek ere badu alde ona: tesia defendatzen duten askoren argudioetan ikus daitekeen bezala, ahul bihurtzen gaituena emozioak kanporatzeari garrantzi gehiago ematea dela. Ane Ariño Basauri Ikastetxeko Filosofia mintegiko irakaslearekin berba egin dugu.

Bakardadea eta adinekoak

Biztanleria zahartzearekin, gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak Hego Uriben. Bakarrik bizitzea hautua izan daiteke, baina “azken aukera” denean, egoera berean dauden nagusiak saretu egin behar dira aurrera jarraitzeko. Amalia Domingo eta Mari Carmen Kortabarria Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitzan bizi dira eta eurekin hitz egin dugu. Gainera, Maria Jesus Espinosa eta Pedro Mari Gorostiagarekin ere hitz egiteko aukera izan dugu: eurek senideak dituzte Zeberioko egoitza berean.

Bi egoiliarrak gustura daude egoitzan, bai jasotzen duten tratuarekin, bai gainontzeko egoiliarrekin eta langileekin ere. Bertara joateko arrazoia bakarrik konpontzeko gaitasun eza eta laguntzeko inor ez izatea izan dira (familia duten arren, lanagatik eta abarrengatik, ezin dute haiekin 24 orduz egon). Faltan botatzen dutena norbere etxean egotea da. Hala ere, biak gustura daude egoitzan. Egoiliarren senideei gogorra egiten zaie familiakoak egoitzan ikustea. Maria Jesus Espinosak senarra dauka bertan, iktus baten ostean mugikortasun arazoekin (arazo fisikoak) gelditu zelako, baina burua ondo daukanez, gizona oso kontziente da bere egoeraz, eta ez luke hor egon nahi. Hala ere, gustura dago. Emazteari ez dizkio bere sufrimenduak kontatzen minik ez emateko, eta esaten dio, Maria Jesusi, noizbait gaixotzen bada, emakume bat kontrata dezala Ugaoko haien etxean zaintzeko, ez dadila inolaz ere egoitzara joan. Pedro Mari Gorostiagak bere arreba dauka egoitzan: fisikoki eta psikikoki ezinduta dago, eta ez da kontziente non dagoen. Arrebak egoitza bere etxea dela dio. Ez zaio zaila egiten onartzea, ez delako kontziente. Biek ala biek (egoiliarren senideek) onartu egin dute egoera: “Daukaguna da”.

Heriotzaz, modu naturalean

Posible litzateke heriotza lasaitasuna, maitasuna edo poztasuna bezalako sentimenduekin erlazionatzea? 2011n Death Kafe izeneko fenomenoa jaio zen Ingalaterran eta helburu nagusia gizarteak heriotzarekiko tabua ezabatzea eta normaltasunera ekartzea da. Gaur egun gero eta indar handiagoa duen ekimena dugu Death Kafea nazioarte mailan. Sortu zenetik 4.200 saio baino gehiago egin dituzte 40 herrialde baino gehiagotan. Itsaso Arranz Arrigorriagan antolatutako Death Kafeen dinamizatzailea izan da eta beragaz egin dugu berba.

☉ Hego Uribe

Kirk denboraleak zuhaitzak bota, argi mozketak sortu eta edukiontziak mugitu ditu Hego Uriben

14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak. Euskalmetek haizeagatik abisu laranjak aktibatu ditu eta herritarrei tentuz ibiltzea eskatu die

|

Zuhaitz bat botata, Zaratamoko Madariaga auzoko errepidean // Zaratamoko Udala

Atzo bertan hasi heldu ziren Kirk urakan post-tropikalaren arrastoak, borraska indartsu baten formatuan. Borraska penintsula iberiarreko ipar mendebaldetik heldu zen atzo arrastian eta gaualderako bere ondorioak igartzen hasi ziren Hego Uribe eskualdean.

Borraskaren inpaktu handiena Zeberion izan da, baso ingurunean: Gezala auzoko bidea itxita egon da ordu batzuez, bertan zuhaitz bat jauzi da. Udal ordezkariek gehitu dute Undurraga eta Elorria auzoetan ere zuhaitz batzuk bota dituela haizeak eta edukiontzi batzuk ere eraman dituela. Usansolon ere haizeak zuhaitz batzuk bota ditu.

Zaratamon herria argiteria publikorik eta zuntz optikorik gabe utzi du ekaitzak goizeko lehen orduetan, baina udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez ez da bestelako ezbeharrik egon.

Etxebarrin ezbehar gutxi gertatu direla azaldu dute Udaletik. Iker López alkateak azaldu du haize gogorrek edukiontzi batzuk eraman dituztela herriko auzo jakin batzuetan. Arrigorriagan ere errepide ondoko zuhaitz txiki batzuk bota ditu haizeak eta Edurne Garitazelaia kultur etxe ondoko edukiontziak lekualdatu ditu ere Urgoiti pasealekuan: “Momentu honetan brigadako langileak daude edukiotziak errepidetik kentzen”.

Basaurin, Galdakaon eta Ugaon ez da ezbehar aipagarririk egon momentura arte. Hala ere, 14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak: “Eguerdi inguruan haizea are gehiago zakartuko da, eta lekurik haizetsuenetan haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete”, azaldu dute Euskalmet Agentzia Meteorologikotik.

AEMET: “Arratsaldean fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz”

“Arratsaldean haizeak mendebaldera egingo du kostaldean, gero barnealdean eta pixkanaka indarra galduko du. Orduan, fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz; zaparradak trumoitsuak eta zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize zakarrak tenperatura igoaraziko du, bereziki Kantauri isurialdean”.

Adar zatiak, Basozelaiko errepidean // Geuria

Kostaldeko abisuak laranjak izango dira Atlantikoko kostalde osoan, Beaufort eskalan 8 eta 9 arteko haizeekin eta sei metrotik gorako olatuekin. AEMETek haizeagatik abisu laranjak aktibatuko ditu egunean zehar Galizia osoan eta Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Euskadi eta Nafarroako hainbat eremutan.

Erne ibai eta mendietan

Agentziak ohartarazi duenez, aurreko egunetako prezipitazioei gehituta, urakan ohiarekin lotutakoek arriskuak ekar diezazkigukete, eta, beraz, “kontuz ibiltzea gomendatzen da, ibaien goraldietan eta mendi-hegalen lerraduretan”.

AEMen arabera, ekaitzak daraman hezetasunaren ondorioa da gaur bizi dugun egoera eta “ibai atmosferikoa” bezala definitu dute meteorologoek. Kirkek bultzatutako ibai honek hezetasuna ekarriko du Atlantiko subtropikaletik penintsularaino.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Renfek eskualdeko trenen maiztasuna handitzeko asmoa iragarri du

Zerbitzuaren maiztasuna handitzeko asmoa iragarri dute Renfetik eta egungo trenak irisgarritasun irizpideak betetzen dituztenekin ordeztuko dituztela aurreratu dute

|

Aldiriakeko tren bat, Arrigorriagako geltokian // Geuria

Arrigorriagako udal ordezkariek bilera berri bat izan dute Renfeko arduradunekin, udan zehar herritar batzuek helarazi zituzten kezka batzuen haritik. Herritarren arabera, “Renfeko aldiriakeko trenen zerbitzuak hutsuneak dituzte” eta kezkatuta agertu dira Arrigorriagako udal ordezkarien aurrean.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe zinegotzia Renfeko arduradunekin bildu ziren uztailean herritarren kezkak helarazteko, antzemandako hutsuneak konpontzen eta egoera hobetzen laguntzeko”, azaldu dute Udaletik. “Renfeko arduradunek kezka guztiak jaso zituzten eta zerbitzua hobetzeko hainbat neurri hartuko zituztela adierazi zuten”.

Bilera berri honetan egoeraren eta hartutako neurrien jarraipena eta balorazioa egitea izan da helburua. Erantzun modura, Renfeko ordezkariek zerbitzuaren puntualtasuna hobetu dela azaldu dute eta gaur egun % 95ekoa dela azpimarratu dute.

Gainera, trenen maiztasuna handitzeko asmoa duela iragarri du garraio enpresak, ordutegietan aldaketak eginez. Bestalde, irisgarritasunaren alorrean aldaketak egongo direla iragarri dute eta egungo trenak “irizpideak betetzen dituzten trenekin” ordeztuko dituztela aurreratu dute.

Aldiriakeko tren bat // Geuria

Maite Ibarra: “Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”

“Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”, azaldu du Maite Ibarrak. Hori dela eta, Udaletik herritarrek kalitatezko garraio-zerbitzua jasotzea garrantzitsua dela azaldu diote Renfeko ordezkariei eta “elkarlanean jarraitzeko zein ahal den guztian laguntzeko prestasuna eta borondatea” adierazi dizkie Renferi.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Txulalai Hego Uribeko haur musika talde berriak lehen bideoklipa grabatu du San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean

Kantu Kolore taldea osatzen zuten kide batzuek, Galdakaokoak eta Usansolokoak, eratu dute Txulalai. Urriaren 25ean kaleratuko dute lehen diskoa

|

Galdakaoko eta Usansoloko hiru lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu dute. Lehendik Kantu Kolore taldean ibilitakoak dira eta oraingoan “gogotsu eta ilusioz” aurkeztu dute euren proiektu berria.

“Musikaren bitartez, ondo pasatuz eta gozatuz, hezkuntza munduari haize freskoa eta proposamen didaktiko ederrak eskeintzeko asmoz eratu dugu Txulalai”, diote Miel, Alai eta Xaba taldekideek.

Taldearen lehen bideoklipa gaur bertan, irailak 27, publikatu dute: ‘Makinista’. San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean grabatu dute, bertako ehunka ikaslerekin.

Urriaren 25ean kaleratuko du Txulalaik bere lehen diskoa.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Loraldia Plazak 50 sortzaile baino gehiagoren lanak ekarriko ditu Zaratamo eta Arrigorriagara

Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu dute Loraldia Plazan aurten eta Zaratamo eta Arrigorriagarako bereziki prestatutako proposamenak ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek

|

Loraldia Plazako aurkezpena, gaur, Arrigorriagan // Geuria

Gaur goizean aurkeztu dute datorren urriaren 18 eta 19an eta 23tik 27ra Zaratamon eta Arrigorriagan antolatu duten Loraldia Plazaren hirugarren edizioaren programa. “Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat”, azaldu du Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak.

Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu da eta “herri bi hauentzako bereziki prestatutako proposamenak” direla ziurtatu du Loraldiako komunikazio arduradunak gaurko aurkezpenean.

Urriaren 18an eta 19an Zaratamo izango da Loraldia Plazaren erdigunea: aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori eta aurten erakuslehio bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko Kultur Etxean eta 19koa, Arkotxako elizan.

Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek “Krak” lana aurkeztuko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. “Emanaldi honetan gobidatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza“, azaldu du Ocerinek. “Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatz honek Maite Larbururen “Loti (herrena)” kanta moldatuko du”.

Jon Maia, Basaurin // Geuria

Hilaren 19an Jon Maia bertsolaria egongo da Arkotxako elizan: “Orain arte egindako ibilbidea ikusita argi ikusi genuen Arkotxa auzora ere zabaldu behar genuela Loraldia”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, Estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”.

Horiek horrela, Jon Maiak proposamen propio bat ekarriko du Arkotxara eta Federico García Lorcaren lana Lauaxetarenakin lotuko du ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’ izeneko hitzaldi performatibo eta musikatuaren bidez: “Auzoarekin lotura bat izango du Maiaren ekarpenak”, aurreratu du Zaratamoko alkateak.

Arrigorriaga eta Zaratamoko udal ordezkariak, Maite Ocerinekin // Geuria

Urriaren 23tik 27ra Arrigorriagaren txanda izango da, eta Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’en Izarrak eta Haitzak liburuaren haritik Izar eta haitz artean diziplina anitzeko ekitaldia eskainiko dute, duela egun batzuk GEURIAn aurreratu lez. Txapelekin batera eskualdeko gonbidatu bereziak egongo dira: Irati Anda Villanueva, Estropozu bertso-eskola, Iraia Urraca, Ioritz Benito, Lehian Erromeriako Maitane Etxegarai eta Padura Mendi Taldeko kideak.

Urtez urte, lorak jasoz

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Alberto Ugarriza bat datoz urteek aurrera egin ahala harrera hobeagoa duela Loraldia Plazak Hego Uribe eskualdean: “Ausardiaz jokatu dugu Loraldia Plaza bezalako ekimen hau Arrigorriagara ekartzen”, azaldu du Ibarrak. “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan eta oso modu positiboan baloratzen dugu diziplina ugari lantzen direlako, besteak beste. Espero dugu urteek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago hurbiltzea herriko areto eta plazetara”.

Maite Ibarra: “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan”

“Gure aldetik egiten dugun balorazioa oso positiboa da ere”, gehitu du Zaratamoko alkateak. “Bai herrian izandako harreragatik, bai Euskal Herrian egonkortuta dagoen Loraldia kultura proiektuan parte-hartzegatik. Euskal kultura garaikidea zabaltzeko proposamen handienetakoa da, ezbairik gabe”. Lehen edizioan Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga izan ziren Zaratamon eta “proposamen zoragarria” izan zela nabarmendu du Ugarrizak. “2023an lortutakoa ere zoragarria izan zen eta Olatz Salvador, La Basu, Osterabe eta Lide Hernando izan ziren Kultur etxeko oholtzan. Loraldia gabe ezinezkoa izango litzateke”, aitortu du.

Egitaraua | Loraldia Plaza 2024

Urriak 18, ostirala
19:30 Maite Larburu + Artizarra abesbatza, Zaratamoko Kultur Etxea

Urriak 19, larunbata
19:30 Jon Maia ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’, Arkotxako eliza

Urriak 23, asteazkena
19:00 Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’: ‘Izar eta haitzen artean’, Edurne Garitazelaia

Urriak 24, osteguna
19:00 Haatik Dantza Konpainia: ‘Lau Eme’, Abusuko Zentro Soziokulturala

Urriak 25, ostirala
20:00 ‘Xiberoa Kantuz Loraturik’, Lonbo aretoa

Urriak 26, larunbata
19:30 Andoni Mutiloa: ‘Nire Fantasia Kabareta’, Arrigorriagako udaletxeko Erakusketa gela

Urriak 27, igandea
12:00 Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea: ‘Euskal kantugintzaren tregepedia’, Edurne Garitazelaia
13:30 Ardo dastaketa: Biba Ardoak, Edurne Garitazelaia

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gela bat antolatu dituzte Hego Uriben, Ondarearen Europako Jardunaldietan

Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatu dituzte jarduerak urrian zehar, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan

|

Hego Uribe eskualdean Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatuko dituzte jarduerak / Bizkaiko Foru Aldundia

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan.

Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.

Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, “aurten ere urria da Bizkaiko ondarearen hilabetea. Urri kultural honek, aurten ere, gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die herritarrei, ikuspuntu eta ikusmolde desberdinetatik eta jarduera askotariko eta didaktikoen bidez, ehun bat eragile kulturalen jardueren antolaketari esker. Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko kultura-ondareak herritarrei ateak irekitzeko egunak dira”.

“Bide, sare eta loturen ondarea” izango da aurtengo jardunaldien gaia // Bizkaiko Foru Aldundia

Arrigorriaga

Hitzaldi zikloa: ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez.

Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez

Non: Edurne Garitazelaia Kultur Etxea

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)

Etxebarri

Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea. Bideen bidea’
María López de Haro andreak 1348an berretsi zuen Bilboko Hiribilduaren fundaziorako (1300) herri-gutuna. Bertan, “Echevarritik Ganguren mendilerroraino doan bidea” aipatzen da, baina ba al dakigu zer bide zen? Ba al dago Bilbo eta Etxebarriren arteko muga zehazteko balio izan zuen elementu horren beste konstanterik, orduan Galdakaoko elizateak? Eta zergatik agindu zuen María López de Haro andreak ez erabiltzeko? Urduña eta Bermeo arteko lotura-bidearen zati bat ezagutaraziko dute.

Noiz: urriak 18, urriak 20

Non: Lezama Legizamoneko Irin Fabrika

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: kultura@etxebarri.eus / 944 267 005

Galdakao

Hitzaldiak: ‘Gure erromeriak’
Jai-giroko elkargune gisa, erromeriak parada egokia ziren gizarte-harremanetarako. Oinez, bizikletaz, tranbiaz, trenez, autobusez edo autoz joaten ziren gazteak erromerietara lagun berrien bila, eta harreman hertsiak sortzen ziren komunitateen artean, eta tratuak ere egiten ziren, esaterako, Urkiolan, San Antonio egunean. Arratiako tranbia, Durangorako trena, autobusa eta autoa garraiobideek ohiturak aldatu zituzten eta denborak eraldatu, haiei esker, errazagoa eta azkarragoa baitzen Bizkaitik mugitzea; hala bada, jai handiek, pixkanaka, adiera tradizionalagoa eta folklorikoagoa hartu zuten: “geure erromeriak” .

Urriak 3, 19:00: Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa. Juanjo Olaizola
Urriak 17, 19:00: Erromeria topaleku Gorbeialdean. Juan Manuel Etxebarria

Non: Torrezabal Kultur Etxea

Hizkuntza: euskaraz

Ugao

Kanpoaldeko ihes gela: ‘Errege Bidearen misterioa’
Jarduera horretan, hainbat garai historikotako pertsonaiei lagundu beharko diegu Ugaotik igarotzearekin lotutako arazoa konpontzen. Arazo hori misterio handiago baten parte da, eta konpondu egin beharko dute. Lau proben irtenbideen bidez, Ugaoko lurreko komunikazioekin lotutako azken enigmaren lau zatietako bat lortuko da.

Urriak 18, 18:00-20:00

Non: Jane Jauregia

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: 946 480 704 / kultura.ugao@ortzadar.es

Zeberio

Hitzaldia eta bisita gidatua Juanjo Hidalgoren eskutik: ‘Errege Bidea’
Zeberioko errege-bidearen goiko tartearen gaineko esku-hartze bati esker –Etxebarri eta Undurraga auzoen artetik igarotzen den tokian–, XVIII. mendeko bidarriaren jatorrizko harzolaren zati bat aurkitu da. Bidarri hartatik, Miraballes hiribildutik Arratia haranera joaten zen. Bide haren oroimena gogora ekarriko dute.

Urriak 12, 10:30

Non: Ermitabarri

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: 946 122 695 / turismo@gorbeialdea.com

Osorik irakurri